Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2013ko otsailaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
617

EBAZPENA, 2013ko urtarrilaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Plentziako Itsas Estazioaren arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzeko dena.

Konstituzioak 27.10 artikuluan autonomia aitortzen die unibertsitateei, eta hortik datorkie beren burua antolatzeko araubide propioa izatea, beren interesak babesteko. Araubide horren funtsezko osagai bat da unibertsitateek ahalmena izatea beren arautegiak egiteko.

Ahalmen horrez baliatuta, unibertsitateak bere estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen ikergunea (PIE-UPV/EHU) UPV/EHUren beraren egitura da, nortasun juridikorik gabea, egoitza Areatzan (Plentzian) Plentziako Itsas Estazioan duena, UPV/EHUk nortasun juridikorik gabe sortutako egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko arautegiaren 1. eta 2. artikuluetan xedaturikoarekin bat etorrita sortua eta, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuetako 148.2 artikuluaren arabera, estatutuek, gobernu-kontseiluak onetsitako barne arautegiak eta indarrean diren gainontzeko xedapenek arteztuko dituena. Honen arabera, gobernu-kontseiluak, 2012ko abenduaren 20n egindako bileran, erabaki zuen PIE-UPV/EHU ikastegiaren arautegia onestea.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 legea. Lege honek dio bertako 10. artikuluan, bigarren atalean ezen antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, EHAAn argitaratuko dira, eta ez dira indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Horrela, bada, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 legeak, 10.2 artikuluan zehaztutakoa betetzeko, honako hau

ERABAKI DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Plentziako Itsas Estazioa (PIE-UPV/EHU) ikergunearen arautegia, eranskinean jasota bezala.

Leioa, 2013ko urtarrilaren 15a.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

PLENTZIAKO ITSAS ESTAZIOA (PIE-UPV/EHU) IKERGUNEAREN ARAUTEGIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Izaera, eraketa, printzipioak eta araubide juridikoa.

1.– Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentrua, Plentziako Itsas Estazioa (PIE-UPV/EHU Ikergunea) UPV/EHUren egitura bat da, nortasun juridikorik gabea. Haren egoitza Plentziako Areatzan dagoen Plentziako Itsas Estazioa da. Egitura hau eratu da UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko arautegiko 1. eta 2. artikuluei jarraikiz.

2.– PIE-UPV/EHU Ikergunea, funtzionamenduari dagokionez, Ikerketako Errektoreordetzaren menpe dago.

3.– PIE/UPV/EHU Ikerguneak honako printzipio hauetara egokitu ditu egitura eta funtzionamendua:

a) Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorrei men egitea.

b) Ikergunearen barruan, kide anitzeko organoak kide bakarrekoen gainetik egotea.

4.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak honako hauek beteko ditu bere jardunean: arautegi hau, UPV/EHUko Estatutuak, UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko arautegia eta aplikatzea dagokion gainerako arauak.

2. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek dira PIE-UPV/EHU Ikergunearen eginkizunak:

1.– Itsasoaren eta osasunaren arteko interakzioak ikertu eta zientifikoki lantzea, ikuspegi multi eta interdisziplinarretik, eta gai honi buruzko interesa zabaltzea unibertsitateko kideengan eta gizarte osoarengan.

2.– Bere eremuko gaietan lankidetza akademikoan jardutea nortasun juridikorik gabeko beste egitura eta entitate batzuekin eta ikastegiekin, sailekin, ikerketa institutuekin eta doktorego eskolekin. Adibidez, PIE-UPV/EHU Ikergunean masterretako eta berezko tituluetako eskolak eman ahal izango dira. Era berean, proposatu ahal izango du lankidetza akademikorako hitzarmenak egitea beste unibertsitate batzuekin edo UPV/EHUtik aparteko nortasun juridikoa duten entitateekin, betiere UPV/EHUko arautegietan horretarako zehaztutako prozedura, baldintza eta gainerakoak errespetatuz. Edozein modutan, tituluak eskuratzeko ikasketak antolatzea (tituluok ofizialak izan nahiz berezkoak izan) ikastegiei, sailei, unibertsitateko ikerketa institutuei edo doktorego eskolei dagokie.

3.– Irakaslan espezializatuak burutzea UPV/EHUko ikasketen gestiorako arautegiaren esparruan, eta irakaslanak antolatzeko zabaltzen diren deialdi orokorretan parte hartzea UPV/EHUren bitartez.

4.– Parte hartzea UPV/EHUko sailek antolatzen dituzten bere arloko jardueretan.

5.– Bilera zientifikoak, mintegiak eta hitzaldiak antolatzea bere gaien berri zabaltzeko eta gaion gaineko ezagutzan sakontzeko.

6.– Irakasle, ikertzaile eta ikasleen trukea bultzatzea beste ikastegi eta unibertsitate batzuekin, eta elkarlaneko kanpaina eta proiektuetan parte hartzea.

7.– Lankidetzan jardutea nazioarteko eta estatuko erakunde publiko eta pribatuekin, irizpen, txosten eta aholku orokorren bidez, gure inguruan arlo honetan sortzen diren arazoak argitzeko.

8.– Gizarteak PIEren irakaskuntza eta ikerketen onura jaso dezan ahalegintzea, eta horretarako ateak zabaltzea interesa duten pertsona eta erakunde guztiei (administrazio, enpresa, elkarteei).

9.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak unibertsitate hedakuntzako jarduerak burutu ahal izango ditu, arlo horretako arautegiaren barruan.

10.– Indarreko arauek ematen dizkioten gainerako zeregin guztiak.

3. artikulua.– Lankidetza zientifikoa.

1.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak lankidetza zientifikorako harreman iraunkorrak egin ahalko ditu itzal handiko gune teknologikoekin eta ikerguneekin, lankidetza hitzarmenen bidez. Hortik abiatuta, lankidetzazko ikerketarako unitateak sortu ahal izango dira eta hauen jarduna kokatuko da PIE-UPV/EHU Ikergunearen lan programen barruan. Edozelan ere, UPV/EHUren arautegietan horretarako ezarritako prozedura, baldintzak eta gainerakoak errespetatu beharko dira.

2.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak lankidetza zientifikorako lotura iraunkorrak egin ahal izango ditu nazioarteko elkarte zientifikoekin lankidetza hitzarmenen bidez, hartara nazioartean bere izena eta parte hartzea sendotzeko. Edozelan ere, UPV/EHUren arautegietan horretarako ezarritako prozedura, baldintzak eta gainerakoak errespetatu beharko dira.

4. artikulua.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko kideak.

PIE-UPV/EHU Ikerguneko kide dira:

a) PIE-UPV/EHU Ikergunean txertatuta dauden irakasle eta ikertzaile doktoreak.

b) Bertan txertatuta dauden prestatze bideko ikertzaile kontratatuak.

c) Ikergunearen diruaz kontratatutako ikertzaileak.

d) PIE-UPV/EHU Ikerguneari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak edo bere diruaz kontratatutakoak.

5. artikulua.– PIE-UPV/EHUn txertatu eta parte hartzeko araubidea.

1.– Errektoreari dagokio unibertsitateko kideei baimena ematea PIE-UPV/EHU Ikergunean modu iraunkorrean jarduteko.

2.– UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile doktoreek eskaria egin ahal izango dute PIE-UPV/EHU Ikerguneko ikertzaile bihurtzeko, baldin eta bertako ikerketa proiektuetan parte hartzen badute edo bertan ematen diren ikastaroak edo eskolak antolatzen edo ematen badihardute.

3.– Irakasle edo ikertzaile doktore bat PIE-UPV/EHU Ikergunean sartzeko, lehendabizi irakaslea atxikita dagoen sailak txostena egingo du, eta, txosten hori loteslea izango ez bada ere, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak kontuan hartuko du berea egiten duenean. Batzordearen txostena aintzat izanik, Zuzendaritza Kontseiluak proposamena aurkeztuko dio errektoreari, eta beraren esku (edo horretarako eskuordetza daukan pertsonaren esku) egongo da baimena ematea. Ikergunean sartzen diren irakasleen irakats betebeharrak ez dira aldatuko, salbu eta kasuan kasuko sailak horren aldeko txostena egiten badu eta bermatzen badu du irakaslana sailak berak beteko duela, behar den kalitateari eutsita.

4.– Aurreko atalean esandakoa gorabehera, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile doktoreei ez zaie baimenik emango PIE-UPV/EHUn sartzeko, aurretik unibertsitateko beste egitura batean sartuta badaude.

5.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak bost urtetan behin eguneratu behar du bertako kideen zerrenda, bere arautegia indarrean sartzen denetik hasita; horretarako, bertan diharduten UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen zerrenda eman behar dio Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari edo Graduondoko Batzordeari, dagokionaren arabera. Horrekin batera, kide berriak sartzeko eskariak ere aurkez ditzake, nahi izanez gero. Irakasleak betiko txertatzen badira ikergunean, hiru urtean behin eguneratu beharko da zerrenda, bai eta eskumena daukan errektoreordetzari bidali ere.

6.– Aldi baterako kontratatutako ikertzaileak.

a) Unibertsitateak ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu PIE-UPV/EHU Ikergunearen edo diruz lagundutako proiektuen kontura, ikerguneko zereginak betetzeko.

b) Halako kontratuak egiteko UPV/EHUk ezarrita dituen baldintzei eta prozedurei jarraituko zaie.

7.– UPV/EHUkoak ez diren pertsonak PIE-UPV/EHU Ikergunean parte hartzeko, haien erakundeekin egindako lankidetza hitzarmenari jarraituko zaio. Edozelan ere, pertsona batek ikerketarako lankide akademikoaren aitorpena izateko, UPV/EHUko lankide akademikoei buruzko arautegia bete beharko da.

II. KAPITULUA
ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIONAMENDURAKO ARAUBIDEA
LEHENENGO ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

6. artikulua.– Gobernu eta ordezkaritza organoak.

1.– Zuzendaritza Kontseiluak eta zuzendariak gobernatuko dute PIE-UPV/EHU Ikergunea.

2.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko kide anitzeko gobernu eta ordezkaritza organoa haren Zuzendaritza Kontseilua da.

3.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko kide bakarreko gobernu eta ordezkaritza organoak zuzendaria eta zuzendariordea dira.

BIGARREN ATALA
ZUZENDARITZA KONTSEILUA

7. artikulua.– Osaera.

1.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko Zuzendaritza Kontseiluak osakide hauek izango ditu: zuzendaria, zuzendariordea, ikerketako koordinatzaile nagusia, lankidetza akademikoaren koordinatzaile nagusia, eta ardura handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea. Era berean, Zuzendaritza Kontseiluko kidea izango da, zuzendariak izendaturik, PIE-UPV/EHU Ikergunean ikertzen diharduten UPV/EHUko ikertaldeetako ikertzaile nagusietako bat (1).

Gainera, beste hauek ere izango dira PIE-UPV/EHU Ikerguneko Zuzendaritza Kontseiluko kide:

a) PIE-UPV/EHU Ikergunean txertatuta dauden irakasle eta ikertzaile doktoreen ordezkari bat eta ikergunearen diruaz kontratatutako ikertzaileen ordezkari bat.

b) Lankidetzazko ikerketa unitaterik balego, bertan parte hartzen duten kanpoko entitateen ordezkari bat.

c) Ikergunean txertatuta dauden prestatze bideko ikertzaile kontratatuen ordezkari bat.

d) PIE-UPV/EHU Ikerguneari atxikitako edo ikergunearen diruaz kontratatutako administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

2.– Zuzendaritza Kontseiluko kideek lau (4) urteko agintaldia izango dute.

3.– Bermatuko da hauteskundeen gardentasuna eta sufragio eskubideak dituztenek eskubideok gauzatu ahal izatea. PIE-UPV/EHU Ikerguneko zuzendariak egingo du hauteskundeetarako deialdia. Hauteskundeetan talde bakoitzekoek beren kideen artetik hautatuko dituzte beren ordezkariak. Hauteskundeak egon behar direnean Zuzendaritza Kontseiluak horretarako zehaztapenak emango ditu; bestela, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra aplikatuko da, eta, betiere, horrek osatuko du zuzendaritzaren zehaztapenetan aurreikusita ez dagoena.

8. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek dira Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak:

a) Zuzendaria hautatzea, arautegi honetan ezarritakoari jarraiki. Hemen zehaztuta ez dagoen guztirako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra aplikatuko da.

b) Urteko txosten ekonomikoa, irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria eta eginkizunen plana onartzea eta errektoreari bidaltzea.

c) Irakasleen eta ikertzaileen ikerketa jarduerak eta ekimenak bultzatzea.

d) Plaza berriak eskatzea eta bere langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

e) Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak esleitzeari eta kontratuak berritzeari begira.

f) Bere eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiarekin bat, Estatutuetako 97. artikuluan aipatzen diren kontratuak egiteko baimena ematea, zientziaren, teknikaren edo artearen alorreko lanak egiteko.

g) Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak bideratzea ikergunearen jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, bai eta Europako, estatuko eta Euskal Autonomi Erkidegoko programen baitan gestio eraginkorra bermatzeko ere, erakundeek ezarritako ebaluazio prozesuak sustatuz eta haietan parte hartuz.

h) Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektua eta, hala dagokionean, arautegia aldatzeko proiektua aurkeztea.

i) Onartzea bere arloko gaien inguruko koordinazio eta lankidetza programak egitea nortasun juridikorik gabeko beste egitura edo entitate batzuekin, ikastegiekin, sailekin, unibertsitateko ikerketa institutuekin eta doktorego eskolekin.

j) Proposatzea lankidetza akademikorako hitzarmenak egitea beste unibertsitate batzuekin edo UPV/EHUtik aparteko nortasun juridikoa duten entitateekin.

k) Unibertsitate hedakuntzako jarduerak egitea, horretarako ezarritako arautegiaren barruan.

l) Beharrezkoa izanez gero, ikerguneko espazio fisikoak banatzeko irizpideak onartzea.

m) Arautegi honetan jasotako eskumenen esparruan, ordezkarien hauteskundeetarako arauak ematea. Hauteskundeetarako deia zuzendariak egingo du.

n) Ikerguneari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileen arloko politikaz iritzia ematea.

o) Legeriak, UPV/EHUko Estatutuek eta haiek garatzeko arauek eta arautegi honek ematen dizkioten gainerako guztiak, baita eskuordetzan ematen zaizkionak ere.

9. artikulua.– Zuzendaritza Kontseiluaren funtzionamendua.

Zuzendaritza Kontseiluak bere funtzionamendurako arau espezifikoak ezarri ahal izango ditu, kideen gehiengo osoak aldeko botoa emanez gero. Bestela, Sailen Oinarrizko Arautegian kide anitzeko organoentzat ezarritako funtzionamendua erabiliko da, aplikagarri zaionean.

HIRUGARREN ATALA
BATZORDEAK ETA KOORDINATZAILE NAGUSIAK

10. artikulua.– Batzordeak eta koordinatzaile nagusiak.

1.– Lankidetza Akademikorako Batzordea eratuko da, zuzendariari eta Zuzendaritza Kontseiluari proposamenak egin eta aholkuak emateko beste unibertsitate egitura batzuekin lankidetza akademikoan jardutearen inguruan. Lankidetza Akademikorako Batzordeko burua lankidetza akademikoaren koordinatzaile nagusia izango da.

2.– Ikerketa Batzordea eratuko da, zuzendariari eta Zuzendaritza Kontseiluari proposamenak egin eta aholkuak emateko ikerketa gaietan. Ikerketa Batzordeko burua ikerketaren koordinatzaile nagusia izango da.

3.– Zuzendaritza Kontseiluak erabaki baten bidez zehaztuko ditu batzordeon osaera eta funtzionamendua, lankidetza akademikoaren koordinatzaile nagusiaren eta ikerketaren koordinatzaile nagusiaren kargua betetzeko baldintzak, pertsona horiek aukeratzeko modua eta haien eginkizunak. Batzordeok, bestalde, ez dute erabakimenik izango.

LAUGARREN ATALA
KIDE BAKARREKO ORGANOAK

11. artikulua.– Xedapen orokorrak.

1.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko kide bakarreko gobernu eta ordezkaritza organoak zuzendaria eta zuzendariordea dira.

2.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko zuzendari eta zuzendariorde izateko, beharrezkoa da arduraldi osoko kontratua izatea, legeetan xedatutako salbuespenetan izan ezik.

3.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko kide bakarreko gobernu eta ordezkaritza organoko zereginak betetzeagatik kredituak aitortuko dira, horri buruzko arautegiari jarraiki.

12. artikulua.– Zuzendaria.

1.– Zuzendaritza Kontseiluak proposamena eginda, UPV/EHUko errektoreak PIE-UPV/EHU Ikerguneko zuzendaria izendatuko du, UPV/EHUn jardunean dauden itzal handiko irakasle eta ikertzaileen artetik aukeraturik.

2.– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da eta behin baino gehiagotan izan ahalko da hautatua segituan, mugarik gabe.

3.– Zuzendariak Estatutuetako 180.2 artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua. Estatutuetako 172. artikuluan zentsura mozioaz hitz egitean Unibertsitateko Klaustroaz egiten diren aipamenak Zuzendaritza Kontseiluari dagozkiola ulertu behar da.

4.– Hauek dira zuzendariaren eginkizunak:

a) Ikergunearen ordezkaria izatea.

b) Ikerguneko Zuzendaritza Kontseiluko burua izatea, ikerguneko arautegiari jarraiki.

c) Ikerguneko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

d) Ikerguneko administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendari funtzionala izatea.

e) Urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

f) Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakiak betearaztea.

g) Ikerguneak eta bere kideek ikerketa lanak eta bestelako zeregin akademikoak egoki betetzen dituztela bermatzea.

h) Ikerguneak zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko ikerlanak egiteko egin behar diren kontratuak sinatzea.

i) Ikerguneko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak eta legeriak, Estatutuek, Estatutuak garatzeko arauek edo arautegi honek emandako gainerako guztiak.

5.– Era berean, lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

13. artikulua.– Zuzendaririk ez dagoenean.

Ikergunean zuzendaririk ez badago, zuzendariordeak edo, bestela, kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari, eta premiazko deia egingo du Zuzendaritza Kontseilua biltzeko. Bilera horretan behin-behineko zuzendaria izendatuko da baldintzak betetzen dituztenen artetik, baina, bitartean, kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak egingo ditu zuzendari lanak, eta bera izango da bilerako buru. Bestalde, artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez baditu, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta zuzendaririk aukeratu ez bada dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du aldi baterako zuzendaria, alde batera utzi gabe dagokionari erantzukizunak eskatzea.

14. artikulua.– Zuzendariordea.

1.– Zuzendariaren proposamenez, UPV/EHUko errektoreak PIE-UPV/EHU Ikerguneko zuzendariordea izendatuko du. UPV/EHUn jardunean dagoen irakasle eta ikertzaile bat izan beharko da.

2.– Hauek dira zuzendariordearen eginkizunak:

a) Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikergunearen kudeaketa osoari dagozkion zereginak betetzea.

b) PIE-UPV/EHU Ikerguneko idazkari akademikoa izatea. Zuzendariordeak Zuzendaritza Kontseiluaren ekintza eta erabakien fede ematen du, informazioa eta akta liburuak zaintzen ditu eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola ikerguneko dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintza edo gertakarienak.

c) PIE-UPV/EHU Ikerguneko zuzendariari laguntzea.

III. KAPITULUA
ERAKUNDEAREN IRUDIA, JABETZA INTELEKTUALA ETA KUDEAKETA EKONOMIKO ETA ADMINISTRATIBORAKO ARAUBIDEA

15. artikulua.– Erakunde irudia eta jabetza intelektuala.

Ikergunearen jarduera guztietan agerian egongo da UPV/EHUren partea dela, eta unibertsitatearen erakunde irudia errespetatu beharko da. Bereziki:

1.– PIE-UPV/EHU Ikergunean sartzen edo parte hartzen duten langileek argi adierazi beharko dute unibertsitatekoak direla ikerketatik sortutako jakintza hedatzeko edo ustiatzeko egiten dituzten argitalpen guztietan edo bestelako ekimenetan (kongresu, hitzaldi, patente, prototipo edo erabilpen ereduetan).

2.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak bere erakunde irudia erabili ahal izango du, baina horrekin batera beti jarri beharko du UPV/EHUren ikurra, unibertsitateak ezarrita daukan moduan.

3.– PIE-UPV/EHU Ikerguneari atxikitako kideen ardura izango da beren ekoizpena UPV/EHUko ikerketaren datu baseetan sartzea. Hau ezinbestekoa izango da ikergunearekin lan egiten jarraitzeko.

4.– UPV/EHUn sortu edo lortutako jakintza konfidentziala da, bai bertako langileentzat eta bai jakintza horren berri daukaten gainerako pertsonentzat. UPV/EHUri dagokio zehaztea nola eta zein baldintzatan erabil daitekeen jakintza hori.

5.– Ikerketa erakundeekiko hitzarmenetan bestela ezarri ezean, UPV/EHUko kideek lortutako jabetza intelektualeko eskubideak eta jabetza industrialaren titularitatea unibertsitatearenak izango dira, bai eta eskubideon babes juridikorako tituluak eskatzeko eskubidea ere, betiere unibertsitatearen barne arautegian zehaztutako baldintzetan.

16. artikulua.– Ekonomia eta kudeaketarako araubidea.

Honetan aplikatuko da UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen oinarrizko arautegiko 7. artikulua.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Arautegi honetan edo Zuzendaritza Kontseiluak hauteskundeetarako ematen dituen zehaztapenetan aurreikusita ez dagoen guztirako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra aplikatuko da.

Bigarrena.– Ikergunearen indarraldia: eraikinaren emakidaren epea aurretik aldatzen ez bada, ikergunea lekuz aldatu beharko da, edo bestela desagertu, 2022ko abenduaren 14a baino lehen.

XEDAPEN IRAGANKORRA

PIE-UPV/EHU Ikergunea sortzen denetik hilabeteko epean gehienez ere, hauteskundeetarako deia egin beharko da Zuzendaritza Kontseiluko ordezkariak aukeratzeko, eta gero, behin kontseilua eratuta, ikerguneko zuzendaritzarako hauteskundeetarako deia egin beharko da.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala