Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

15. zk., 2013ko urtarrilaren 22a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
401

AGINDUA, 2012ko abenduaren 12koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren kanpoko kontrola arautzeko dena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko abenduaren 16ko 2002/91/CE Zuzentarauaren bidez, eraikinen energia-ziurtagia ezartzen da, Europako Batasuneko erakinen eraginkortasun energetikoa sustatzeko asmoz. Zuzentarau horretan zenbait aldaketa egin eta gero, zuzentarau horren testu bategina egin da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko abenduaren 16ko 2010/31/UE Zuzentarauaren bidez. Zuzentarau hark Europar Batasuneko estatu-kide bakoitzean kontroleko sistema independiente bat ezartzea exijitzen zuen, eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kanpoko kontrolaren kalitatea bermatzeko.

Eraikin berrien eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko Prozedura onartzen duen urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuan aurreikusten da Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren kanpoko kontrola egitea badagoela. Autonomia-erkidegoko organo eskudunak ezarriko ditu kanpoko kontrol horrek duen eragina eta betetze-modua.

Eraikin berrien eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria arautzen duen azaroaren 22ko 240/2011 Dekretuan araututa dago nola gauzatu behar dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura behar bezala aplikatzeko behar diren administrazio-funtzioak.

Dekretu horren IV. kapituluak eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kanpoko kontrola arautzen du, zer den, nortzuek gauzatuko duten, bai eta zein diren kanpoko kontroleko prozeduraren oinarrizko ildoak ere, eta bertan xedatuta dago agindu batean jasoko dela modu teknikoago eta zehatzago batean kontrol horren nondik norakoak.

Helburu hori betetzeko, agindu honek ezartzen du zer ezaugarri izan behar dituzten kontrola egingo duten eragileek, bai eta 240/2011 Dekretuaren IV. kapituluan aurreikusitakoarekin bat etorriz zer prozedura erabili behar den ere.

Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kanpoko kontrolaren helburua hauxe da: ziurtagirian ematen den informazioa ondo dagoela ziurtatzea; horretarako, zorrotz egiaztatu behar da datuak zuzenak direla, prozedura betetzen dela eta ziurtagirian azaltzen den kalifikazio energetikoa zuzena dela.

Helburu horrekin, arau honek arautzen du, alde batetik, zer baldintza bete behar dituzten egiaztatutako eragileek –zein dagokien arau-eremuan behar bezala egiaztatuta egongo diren entitate edo erakunde izango baitira–, bai eta, lan hori egitean, zer eskubide eta betebehar izango dituzten ere. Bestalde, kanpoko kontrola gauzatzeko erabiliko den tresna ere zehazten da, bai proiektua ziurtatzekoa, bai bukatutako erakinaren ziurtatzekoa, eta zehaztuko da zer eduki izan behar duen kanpoko kontrolaren txostenak, eta txosten horiek aurkakoak badira, erreklamatzeko modua ere egituratzen du.

Azaldutakoa kontuan izanik, 240/2011 Dekretuarekin bat etorriz, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuak emandako eskumena baliatuta, eta Euskadiko Kontsumoko Batzordeari entzunda, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Eraikin berrien eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria arautzen duen azaroaren 22ko 240/2011 Dekretuaren IV. kapituluan aurreikusitakoaren arabera, agindu honek ziurtagiri horren kanpoko kontrola arautzen du, egiaztatutako eragileek egin behar dutena.

2. artikulua.– Kanpoko kontrolaren kontzeptua eta eragina.

1.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kanpoko kontrolak honako hauek egiaztatzen ditu: ziurtagirietan emandako datuak, prozedura eta aplikatutako kalkulu metodologiaren arabera esleitutako kalifikazio energetikoa.

2.– Kanpoko kontrola ez da nahitaez egiten eraginkortasun energetikoaren ziurtagiri guztietan, bai proiektuei buruzkoetan, bai bukatutako eraikinei buruzkoetan, baldin eta A, B edo C kalifikazioa badute, urtarrilaren 19ko 47/2007 Dekretuan xehatutakoa betez (dekretu horren bidez, eraikin berrien eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko Prozedura onartzen da), eta kalifikazio horrekin ados dagoen edo ez adieraziko du. Kanpoko kontrola borondatezkoa da gainerako kalifikazio energetikoetarako.

II. KAPITULUA
EGIAZTATUTAKO ERAGILEAK

3. artikulua.– Kontzeptua.

Kanpoko kontrola egitea honako hauen ardura izango da:

  • Urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuan ezarritako kanpoko kontrolean baimendutako erakundeak (dekretu horren bidez, eraikin berrien eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko Prozedura onartzen da), baldin eta egiaztatzeko erakunde batek aurretiaz egiaztatu baditu, Kalitate eta segurtasun industrialerako azpiegiturari buruzko Araudia onartzen duen abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuan ezarritako moduan.
  • Eraikinaren kalitate-kontrolerako erakundeak, baldin eta beren jardueretako bat martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretuan exijitutako baldintzak betetzen dituzten eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria ikuskatzea bada, beren jarduera kontrolatzeko. 410/2010 Errege Dekretuaren bidez, eraikinen kalitate-kontrolerako erakundeek eta entsegu-laborategiek eraikinen kalitate-kontrolerako bete beharreko baldintzak garatzen dira.
  • Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko laborategia.

4. artikulua.– Eragileen betebeharrak.

Egiaztatutako eragileek laguntza teknikoa eman beharko dute, eta beren jardueraren emaitzak helarazi beharko dizkiote lan hori egiteko eskatu dienari, eta bere lanen eta emaitzen zuzeneko erantzukizuna izango dute.

5. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

1.– Independentzia-, inpartzialtasun- eta zuzentasun-printzipioen menpe egongo dira egiaztatutako eragileak.

2.– Nolanahi ere, eragileen eta beren menpeko langileen jarduerak bateraezinak dira beste edozein lotura tekniko, komertzial edo finantzazkoren edo bestelakoekin, baldin eta lotura horiek beren independentzian eragiten badute edo eraginkortasun energetikoa kontrolatzeko jardueren emaitzetan eragina badute.

3.– Egiaztatutako eragileek ziurtatu behar dute konfidentziala dela beren jarduerak egiterakoan lortutako informazioa.

6. artikulua.– Kreditutako eragileen zerrenda.

Energia gaien eskumena duen zuzendaritzak sartuko du eta eguneratuta eduki du, Interneteko atarian (www.euskadi.net), eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko kanpoko kontrola egiteko egiaztatutako eragileen zerrenda.

7. artikulua.– Sustatzailearen edo jabearen obligazioak.

Sustatzaileak edo, hala badagokio, jabeak, egiaztatutako eragilearekin batera egin behar du lan, eta erraztu egin behar du kanpoko kontroleko lana; eta, batik bat:

a) Bermatu egingo du kanpoko kontrolaren enkargua egiaztatutako eragile bati egiten bazaio, enkargu hori epe barruan egin beharko dela, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari buruzko egiaztapena egitea posible izan dadin.

b) Bermatu egingo du egiaztatutako eragileak sarrera librea izan dezan Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirirako garrantzizkoak diren agirietara.

c) Bermatu egingo du egiaztatutako eragileak sarrera librea izan dezan, bere ardurapean dagoen kanpoko kontrolera.

III. KAPITULUA
KANPOKO KONTROLAREN PROZEDURA

8. artikulua.– Eraikuntza-proiektuaren eta bukatutako eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriei buruzko kanpoko kontrola.

1.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kanpoko kontrola sustatzailearen eskariz eta kontura egiten da.

2.– Eraikuntza-proiektuaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kanpoko kontrola behar besteko aurrerapenaz egin beharko da, txostena egin dadin lortutako kalifikazioaren emaitzei lotutako eraikuntza-elementuei buruzko lanei ekin aurretik. Kanpoko Kontrolaren Txostena gehienez ere kontratazioa egin eta bi hilabetera egingo da.

Bukatutako eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kanpoko kontrolaren kasuan, behar besteko aurrerapenaz egingo da, proiektuaren ziurtagiriaren kanpoko kontrolaren txostenean adierazitako elementuei eta egiaztatutako eragileak beharrezko ikusten dituen elementu gehigarriei ekiteko ere. Txostena gehienez ere bi hilabeteko epean emango da, bukatutako eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria ematen den egunetik hasita.

3.– Egiaztatutako eragileak proiektua ziurtatzeko prozedurari buruzko dokumentazio guztia aztertzen du, eta kalkulatzeko metodologiaren aplikazioari buruzko bere egiaztapenak eta balorazioak egiten ditu. Aztertzen ditu, orobat, eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko agiriak, II. eranskinean ezarritako prozedurarekin bat etorriz. Bukatutako eraikinaren ziurtagiriaren kanpoko kontrolaren barruan sartuta dago etxebizitzari bisita egitea eta proba teknikoak eta neurketak egitea.

4.– Azterketa horren ondorioz, egiaztatutako eragileak kanpoko kontrolaren txostena ematen du, eta txosten hori onartua izango da honako hauek egiaztatzen direnean: ziurtagirian emandako datuak zuzenak direla, prozedura betetzen dela eta aplikatutako kalkulu-metodologiaren arabera emandako kalifikazio energetikoa zuzena dela. Bestela, txostena aurkakoa izango da.

5.– Proiektuaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eta kanpoko kontrolari buruzko txostena kanpoko kontrolaren txostenarekin eta bukatutako eraikinaren txostenarekin batera eransten zaizkio eraikinaren liburuari, urriaren 21eko 250/2003 Dekretuan xedatutako eran.

9. artikulua.– Eraikuntza-proiektuaren ziurtagiriaren kanpoko kontrolari buruzko txostenaren edukia.

1.– Proiektua ziurtatzeko kanpoko kontrolaren txostenak III. eranskineko ereduarekin bat etorri beharko du eta kontrolaren emaitza adierazi beharko du. Bertan, nahitaez, honako datu hauek jaso beharko dira:

a) Kontroleko ziurtagiriaren gaia den eraikina identifikatzea, bai eta jabeak eta errentariak ere, halakorik bada.

b) Kanpoko kontrola duen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren erantzulea identifikatzea.

c) Egindako egiaztapenak deskribatzea, egiaztapen horien data, erabilitako metodoak, aplikatutako prozedurak eta emaitza adierazita. Nolanahi ere, agindu honen II. eranskinean aipatutako prozeduran aipatutakoak ere jaso beharko dira.

d) Egindako kontrolaren erantzulearen izena eta sinadura.

e) Txostena non eta noiz eman zen.

2.– Onarpen-txostena bada, honako puntu hauek jaso behar dira bertan:

– Eraikinaren jokabide energetikoan eragin nabarmena duten elementuak, Bukatutako Eraikinaren Ziurtagiria lortzeko kontrolatu behar direnak.

– Egiaztatutako eragilearen iritziz proiektuaren eraginkortasun energetikoa dezente hobetu dezaketen aldaketak, bai eta proiektuaren ziurtagirian izan dezaketen eragina ere.

3.– Txostena aurkakoa bada, bertan balorazio horren justifikazioa sartu behar da, bai eta onarpen-txosten bat lortzeko behar diren zuzenketak ere.

10. artikulua.– Bukatutako eraikinaren ziurtagiriaren kanpoko kontrolari buruzko txostenaren edukia.

1.– Bukatutako eraikinaren ziurtagiriaren kanpoko kontrolaren txostenak beraren emaitza adierazten du, eta bertan nahitaez adierazi behar dira 9.1 artikuluan jasotako datuak, bai eta egindako egiaztapenak ere; horien artean daude eraikuntza-proiektuaren ziurtagiriaren kanpoko kontrolaren erantzukizuna duen egiaztatutako eragileak egindako egiaztapenak.

2.– Egiaztapenen emaitza kontroleko txosten batean agertzen da, III. eranskineko ereduarekin bat etorri beharko duena. Txostena aurkakoa bada, bertan balorazio horren justifikazioa sartu behar da, bai eta onarpen-txosten bat lortzeko behar diren zuzenketak ere.

11. artikulua.– Erreklamazioak.

Energia gaien eskumena duen zuzendaritzak konponduko ditu kanpoko kontrolaren txostenak direla-eta sortzen diren eztabaidak.

12. artikulua.– Proiektuaren eta bukatutako eraikinaren ziurtagiriaren aurkezpena.

Hala badagokio, sustatzaileak Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan aurkeztu beharko du proiektuaren eta bukatutako eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, eta ziurtagiri horrek bat etorri beharko du I. eranskineko ereduarekin, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroa arautzen duen Aginduan aurreikusitako eran.

13. artikulua.– Bukatutako eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria berritzeko eta eguneratzeko kanpoko kontrola.

Eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren berritzeak eta eguneratzeak kanpoko kontrolaren menpe egongo dira, aurreko artikuluetan ezarritakoa betez.

14. artikulua.– Kanpoko kontrolaren txostenen erregistro-liburua.

1.– Egiaztatutako eragileak erregistro-liburu bat elikatuko du, eta hor jasoko dira kanpoko kontrolari buruz emandako txosten guztiak, gutxienez informazio hau jasoko dutenak:

– Txosten-zenbakia.

– Eraikina identifikatzea.

– Enkarguaren eta txostenaren data.

– Egiaztapenaren xedea.

– Egiaztapenaren erantzulea den teknikaria identifikatzea.

2.– Orobat eragileak artxibatuta eduki beharko du txostenen kopia bana, harik eta bost urte igaro arte, txostena eman zenetik.

3.– Erregistro guztiak leku seguruan gorde eta isilpean tratatu behar dira, erregistro horiek kontratatu dituzten pertsonen interesak zaintzeko.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Behin-behinekoz egiaztatutako eragilearen izaera izatea.

Gaur egun Egiaztatzeko Erakunde Nazionalak eraikinen instalazio termikoen araudi-eremuan egiaztatuta dauzkan erakundeak eta antolakundeek, Egiaztatzeko Erakunde Nazionalaren aurrean erakundeen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria berrikusteko jarduera-eremuan egiaztatuak izateko eskatu dutenek, egiaztatutako eragile gisa jokatu ahal izango dute, agindu honetako 3. artikuluan aurreikusitako eran, behin-behinekoz kanpoko kontrola egiteko, urtebeteko epean, agindu hau indarrean jartzen den egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabetera hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 12a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala