Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2013ko urtarrilaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA
381

EBAZPENA, 2012ko azaroaren 19koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez, baliogabetu egiten da Neotek Nervion, S.L. enpresari aitortutako homologazioa, enpresa eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa ematekoa.

Ikusi dugu Neotek Nervion, S.L. enpresari buruzko espedientea, enpresa eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa emateko homologazioari dagokiona.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren bidez, enpresa eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa emateko aholkularitza-entitateen homologazioa arautu zen, batetik, gizarte-eragileen bidez enpresetan ekintza positiboko neurriak prestatzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzearren, eta bestetik, aholkularitza-zerbitzuen kalitatea, eraginkortasuna eta profesionaltasuna bermatzeko.

Bigarrena.– Idoia Echave Acha andreak, Neotek Nervion, S.L., enpresaren ordezkaritzan, hainbat dokumentu aurkeztu zuen emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa emateko aholkularitza-erakundearen homologazioa lortzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2005eko apirilaren 8ko Ebazpenaren bitartez (2005eko maiatzaren 9ko EHAA, 85. zk.), eta dokumentazioa aztertu ostean, Neotek Nervion, S.L. enpresa homologatu zen, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan laguntza teknikoa eman dezan.

Hirugarrena – Enpresak ez du jardueren jarraipenaren inguruan dokumentaziorik igorri (105/2004 Dekretuaren 10 artikuluan dagoen betebeharra).

Laugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2012ko abuztuaren 20ko Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Neotek Nervion, S.L. enpresari emandako homologazioa baliogabetzeko prozedurari (enpresa eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa emateko homologazioa), eta enpresari 15 egun balioduneko epea eman zitzaion alegazioak aurkez zitzan.

Bosgarrena.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 30eko 30/1992 Legearen 59.5 artikuluan ezarritakoa betez, ebazpen hau jakinarazi da, Leioako Udaleko iragarki-oholean jarritako eta 2012ko urriaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (207. zk.) argitaratutako iragarki baten bidez.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Homologatzeaz eta baliogabetze-prozedura hasteaz eta amaitzeaz arduratzeko eta horri ekiteko eskumena Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari izendatu zaio, ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren 7.1 eta 11. artikuluetan ezarritakoaren arabera (105/2004 Dekretua, aholkularitza entitateen homologazioa arautzen duena, enpresa eta erakundeei gizon eta emakumeen berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa emateko).

Bigarrena.– 105/2004 Dekretuaren 11. artikuluak zera ezartzen du: «Aholkularitza enpresa homologatuek homologazioaren oinarrizko baldintza edo betebeharretako bat betetzen ez badute, edo eskatzen zaizkien dokumentuak aurkeztu ezean, Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak homologazio hori baliogabetu ahal izango du».

Oinarri horiek eta oro har eta kasu honetan aplikatzekoak diren xedapenak ikusi ondoren, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Neotek Nervion, S.L. enpresari aitortutako homologazioa, enpresa eta erakundeei emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa ematekoa, baliogabetzea.

Bigarrena.– «Homologatu» izendapen hori enpresaren dokumentu guztietan erabiltzeko eskubidea galdu dela eta kasu bakoitzean ezartzen diren diru-laguntzak eta gainerako onura ekonomiko eta administratiboak galdu direla adieraztea.

Hirugarrena.– Ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren 8. artikuluari jarraituz, homologatutako aholkularitza enpresen erregistroan dagoen Inskripzioa ofizioz indargabetzea (105/2004 Dekretua, aholkularitza entitateen homologazioa arautzen duena, enpresa eta erakundeei gizon eta emakumeen berdintasunaren alorrean laguntza teknikoa emateko).

Laugarrena.– Ebazpen hau interesdunari jakinaraztea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.5. artikuluan ezarritakoa betez. Iragarkia jarriko da interesdunak azken bizileku ezaguna izan duen Udaleko iragarki-oholean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jakinaren gainean egon dadin eta dagozkion ondorioetarako.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraz, ebazpenaren aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera; izan ere, halaxe dago ezarrita Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluaren 1. eta 4. paragrafoetan.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 19a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA SILVESTRE CABRERA.


Azterketa dokumentala