Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

10. zk., 2013ko urtarrilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
268

AGINDUA, 2012ko azaroaren 26koa, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Fundación Moraza fundazioaren azkentzea eta likidazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi da, eta aztertu, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2012ko azaroaren 19an, aipatu fundazioaren ordezkari gisa José Luis Orella Unzue jaunak izenpetutako eskari bat sartu zen Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Erregistroan, fundazioaren azkentzea eta likidazioa inskribatzeko zena.

Eskabidearekin batera, Moraza Fundazioaren azkentzearen eta likidazioaren eskritura publikoaren bi kopia baimendu aurkeztu dira; eskritura, Donostiako notario Diego María Granados de Asensio jaunaren aurrean egiletsi zuen fundazioaren likidatzaile José Luis Orella Unzue jaunak (protokolo-zenbakia.: 2.362)

Eskritura publiko horri erantsita, José Luis Orella Unzuek, idazkari gisa eta Patronatuko lehendakariaren onespenaz, 2012ko martxoaren 30ean egindako biileraren agiria dator, 2012ko maiatzaren 31n egina. Bilera horretan, besteak beste, honako erabaki hauek hartu ziren, aho batez:

– Moraza Fundazioaren azkentzea.

– Likidazio Balantzea onestea.

– Honako hauek Fundazioaren likidatzaile izendatzea: Julián David Hernández Báez, Fundazioaren lehendakaria, eta José Luis Orella Unzue, Fundazioaren idazkaria.

– Jarduketa-programa onartzea.

– Fundazioa likidatu eta azkendu ondoren geratzen den ondarearen azken destinoa onartzea.

– Ekintza Fundazioaren Patronatuak eginiko bileraren agiria, Ekintza Fundazioak egina, non Moraza Fundazioak likidazioa egin ondoren utzitako soberakina onartzen duen.

Halaber, entregatze-eginbidea eransten zaio, 2012ko urriaren 12koa, non jasotzen baita nola Moraza Fundazioak «Símbolos para el Respeto» artelanak entregatu dizkion Ekintza Fundazioari.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu, eta ondoren, erabaki-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan hala ezarrita baitago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Lehendakariak 2009ko maiatzaren 8an Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko eman zuen maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 9.1.e) artikulua; eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4.1 artikulua.

Bigarrena.– Espedienteari, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeko 35. artikuluan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 47. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 36. artikuluan, eta Fundazioaren estatutuetan.

Hirugarrena.– Legitimatuta dagoen pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako betekizunak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 33. eta 34. artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 35. artikuluan, eta, ondarea azkentzeari eta likidatzeari dagokionez, fundazioaren estatutuetan jasotakoak.

Laugarrena.– Fundazioen Babeslaritzak onartu eta Fundazioen Erregistroan inskribatu beharreko agirietan ikusten denez, Moraza Fundazioaren Patronatuak 2012ko martxoaren 30ean fundazioa azkentzeko hartutako ebazpena baliozkoa da, estatutuen eta Euskal Autonomia Erkidegoan fundazioei buruz indarrean dauden arauetan ezarritakoaren arabera. Agiri horietan, bestalde, behar bezala jasota dago fundazioak ezin izan dituela bete zituen helburuak, eta, horixe izan da, hain zuen, fundazioa azkentzeko arrazoia,

Patronatuak, Fundazioa azkentzeko hartutako erabakiaren ondorioz, erabaki du, halaber, Fundazioaren ondare-gerakina Ekintza Fundazioari entregatzea.

Ondarearen destinoa, berez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko 12/1994 Legearen 35.2 artikuluari atxikitzen zaiola jo behar da.

Bosgarrena.– 100/2007 Dekretuko 36. artikuluak xedatzen duenez, azkentzeko erabakiak edo fundazioaren ohiko jarduerak amaitutzat jotzen dituen ebazpen judizialak, hala gertatuz gero, hasiera emango die likidatzeko eragiketei.

Fundazioko gobernu-organoak egingo du azkendutako fundazioaren likidazioa, betiere Babeslaritzaren kontrolpean. Horretarako, fundazioaren gobernu-organoak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.

100/2007 Dekretuko 36.6 artikuluak ezartzen du zein elementu izan behar dituen Fundazioa likidatzeko eskritura publikoak.

Ikusirik aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Baietsi egiten dut Moraza Fundazioaren Patronatuaren erabakia, bai eta 2012ko maiatzaren 31ko ziurtagirian jasotako likidazioaren ondoriozko likidoaren destinoa ere; erabaki hori publiko egin da 2012ko urriaren 11n, Diego María Granados de Asensio Donostiako notarioaren aurrean baimendutako notariotza-eskrituraren bidez (protokolo-zenbakia: 2.362).

Bigarrena.– Fundazioa azkentzeko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

Hirugarrena.– Moraza Fundazioaren likidazio-prozesua amaitutzat jotzea eta beraren erregistro-orria ezeztatzeko agintzea.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 26a.

Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala