Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

252. zk., 2012ko abenduaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
5939

AGINDUA, 2012ko abenduaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikertzaileentzako mugikortasun-programetarako deia egiten duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ustez, ikertzaileentzako mugikortasun-programak tresna egokiak dira komunitate zientifiko eta teknologikoa prestigio handiko ikertzaileekin harremanetan jartzeko eta unibertsitateko irakasleen ezagupenak eguneratzeko.

Kontuan hartu da Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituena (2009ko maiatzaren 9ko EHAA).

Kontuan hartu dira, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26 zk.); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko den gastu espedientearen aurreratutako tramitazioa arautzen duen Ekonomia eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da ikerketa-zentroetan aldi batean egoteko laguntzetarako deialdia egitea norgehiagoka-erregimenean, I+G+b jarduerei lotutako irakasleen eta ikertzaileen mugikortasun geografikoa bultzatzeko eta ikerketa-taldeen gaitasuna eta lehiakortasuna hobetzeko.

Egonaldian zehar, ikertzaileek ikerketa-proiektu bana garatu beharko dute, eta proiektu horiek talde hartzailearen lan-lerroaren barruan kokatuta egon behar dute, edo goi-mailako elkartrukeak edo lotura zientifikoak ezartzen laguntzen duten bestelako jardueretan.

2. artikulua.– Egin beharreko proiektuak.

1.– Mugikortasunezko egonaldian egin beharreko proiektuak deialdi honetako modalitate bakoitzerako adierazitako xedera egokitu beharko dira.

2.– Proiektuek printzipio hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea eragiten duten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan, araututakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira giza enbrioia jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den legezko araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan, esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan, ezarritakoa.

e) Bestalde, genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzea xede duten proiektuek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute: apirilaren 25eko 9/2003 Legea, genetikoki eraldatutako organismoak modu itxian erabiltzeari, nahita askatzeari eta komertzializatzeari buruzkoa, eta urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua, hori garatzen duen erregelamendu orokorra onartzen duena.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan, eta hori garatzen duten errege-dekretuetan araututakoaren arabera egokitu beharko dira, agente biologikoak edukitzeari dagokionez izan daitezkeen arriskuak direla-eta.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Landaretegiko Haziei eta Landareei nahiz Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

3. artikulua.– Destinoko zentroak.

1.– Destinoko zentroa izateko, beharrezkoa izango da zentroek ikerketa-funtzioak esleituta edukitzea, bai eta aitortutako prestigio akademikoa eta ikerketa-arlokoa izatea lanbide-eskaeran aurkeztutako proiektuaren esparru zientifikoan, horrek guztiak berma dezan lortu egingo direla proiektuaren helburuak, bai zientifikoak bai hobekuntza profesionalaren arlokoak.

2.– Destinoko zentroek, betiere, berekin ekarriko dute hautagaiak nahitaez eta iraunkorki beste bizileku bat behar izatea, eman zaion mugikortasun-aldi guztian.

3.– Destinoko zentroak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egongo dira.

4. artikulua.– Laguntzen finantzazioa.

Agindu honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko 150.000 euro jarriko dira. Horietatik, 75.000 euro 7.1 artikuluan adierazitako lehen aldian hasten diren egonaldietarako erabiliko dira, eta, gainerakoa, 75.000 euro, bigarren aldian hasten diren egonaldietarako. Lehenengo deialdiko ebazpenean geldikinik izanez gero, bigarren deialdirako izendatutako kredituari gehituko zaio.

Laguntza horiek finantzatzera zuzendutako diru-kopurua handitu ahal izango da deialdia ebatzi baino lehenago deialdi bietan, indarrean dagoen legerian aurreikusita dauden kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen bitartez. Aldatuz gero, horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak dira deialdi honen erakunde onuradunak, agenteon kategoria gorabehera, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera (221/2002 Dekretua, 2002ko urriaren 7ko EHAA, 190. zk., Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituena).

Edozelan ere, entitate onuraduna izango da hautagaia integratzen duen eta nortasun juridiko propioa duen entitatea.

Eskabidean eta deialdiaren ebazpenean beren beregi izendatuta agertzen diren jardueretarako eta ikertzaileentzat baino ez dituzte erabiliko laguntzak erakunde onuradunek.

2.– Ezin izango dira onuradun izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko bide penaletik edo administratibotik zigortuak edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean dauden erakundeak, ezta sexu-diskriminazioaren ondorioz zigortuak izan direnak, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunaren aldeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean arabera.

6. artikulua.– Laguntzen, parte-hartzaileen eta jardueren ezaugarriak.

1.– Laguntzen ezaugarriak.

a) Egonaldiek 2013ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra bitarte hasi beharko dute.

b) Egonaldiak, gutxienez, bi hilabetekoak izango dira eta, gehienez ere, hamabikoak.

c) Egonaldiak emate-ebazpenean adierazitako egunetan hasi beharko du. Salbuespen gisa eta egonaldia hasi baino lehen, egonaldia hasteko eguna atzeratzeko eskatu ahal izango da. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak aztertuko du egonaldiak atzera daitezkeen, eta onartu ahal izango ditu, salbuespentzat jotzen baditu. Egonaldia hasteko data berria inoiz ere ezingo da izan 2012ko abenduaren 31tik aurrerakoa.

d) Ikertzaile bakoitzeko egonaldi-proiektu bat baizik ez da lagunduko diruz.

2.– Hutsegiteak, aldaketak, etenak eta ukoak.

a) Zentro hartzaileko egonaldiek etenik gabekoak izan behar dute, eta proiektuari lotutako arrazoiengatik gertatzen den edozein hutsegite edo ez agertze (betiere talde hartzaileko arduradunaren adostasunarekin gertatuta) jakinarazi egin beharko zaio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari erakunde onuradunaren bidez, ez agertzeko arrazoiak eta hura zer egunetan gertatuko den zehaztuta.

b) Arrazoiak justifikatuta badaude, baimena eman ahal izango da egonaldia tarte batez eteteko, betiere egonaldia, guztira, ez bada erabakitako gutxienekoa baino laburragoa. Etenaldia (gehienez ere hiru hilabete) berreskuraezina izango da.

Etenaldia egiteko eskaera entitate onuradunaren bitartez aurkeztuko da, eta talde hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasunezko txostena izan beharko du.

c) Diru-laguntzak emateko hasierako baldintzetan eta egonaldiak egiteko epeetan gertatzen den edozein aldaketak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimena jaso beharko du.

Aldaketa-eskabidea erakunde onuradunaren bidez aurkeztu beharko da, eta zentro hartzailearen adostasuna jaso beharko du. Eskaerok beti behar bezala arrazoituta egon beharko dute, bai eta, hala egokituz gero, dokumentatuta ere. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak bidezkotzat jotzen dituen txostenak eskatu ahal izango ditu proposamen egokia egiteko. Aldaketek ezingo dituzte funtsean bestelakotu emakidaren baldintzak, ez egonaldia hasteko epeetan, ez eta egonaldiari, proiektuari, ikertzaileari eta zentro hartzaileari dagozkienetan ere, behar bezala egiaztatutako salbuespenezko kausak egon ezean.

3.– Ikertzaileak.

Ikertzaile hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kreditutako lan-harremanean aktibo izatea. Hautagai den pertsonaren eta entitate eskatzailearen arteko lan-loturak egonaldia bukatu arte iraun beharko du.

b) Laguntza eskatzen denean doktore izatea.

c) Erakunde onuradunen lanpostu-zerrendan kontratu mugagabea izatea, bi urteko antzinakotasunaz.

d) Ikertzaileak ez du lortua izango inolako laguntzarik, ez programa honetatik, ez antzeko ezaugarriak dituen beste edozeinetatik, hamar hilabetetik gorako aldi metatu batean, 2010eko urtarriletik kontatzen hasita. Egindako/lortutako egonaldien aldi metatua 10 hilabetekoa edo laburragoa bada, laguntza eskatu ahal izango da, baina 12 hilabetera arteko gainerako hilabeteen kopuruagatik baino ez. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren ikertzaileak egiten badu edo ematen bazaio laguntza-eskaeran jakinarazita ez dagoen ikerketa-egonaldi bat, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri. Aldi horren kalkuluak, hala egokituz gero, emandako aldia laburtzea ekarri ahal izango du, bai eta hautagaia izateko aukera galtzea ere.

e) Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, betiere ikerketa-talderen batean badaude eta talde horrek jaso eta indarrean badu «A» edo «B» taldea delako aitorpena, EAEko unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzetarako deialdiari dagokion ebazpen bidez.

f) Baldintza guztiak bete beharko dira eskaera egiten denean, eta egonaldia hasten den egunean ere hala bete beharko dira.

4.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Eskatzaileentzako laguntza 1.800 eta 2.400 euro bitartekoa izango da. Kontuan hartuta Barne Produktu Gordinari buruzko datuak (BPG per capita $ ppp), herrialdeetakoak, Nazioarteko Diru Funtsekoak, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den momentuan.

2.– Laguntza gehigarri bat ezarri ahal izango da, bestalde, jatorrizko ikastetxetik helburu-ikastetxera eta alderantziz egiten diren joan-etorrietarako. Bidaia-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, honako taula honi begiratuko zaio:

(Ikus .PDF)

Agindu honen ondorioetarako, lan-zentroa duen probintziako hiriburua hartuko da jatorrizko hiritzat.

Sei hilabetetik gorako egonaldietarako, bikoiztu egingo da aurreko taula hori aplikatuta joan-etorrietarako irteten den laguntza.

Bidaia egiteko bisatua izapidetu behar izanez gero, 300 euroko diru-osagarri bat emango da.

3.– Deialdi honek finantzaturiko jardueretan parte hartuko duten erakunde onuradunen ikertzaileek istripu eta osasun-laguntza asegurua izango dute. Interesatuaren ezkontidea eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin eta onuradunak eskatuz gero, aseguru hori eurentzat ere luzatu ahal izango da. Aseguru hori antolamendu juridikoak edozein frogagirien bitartez onartutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabidea eta gainerako agiriak aurkezteko epe hauek jartzen dira:

a) Hilabeteko epea izango da 2013ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30a bitartean hasten diren egoitzetarako, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) 2013ko uztailaren 1etik 2013ko abenduaren 31 bitartean hasten diren egoitzetarako, berriz, epea 2013ko apirilaren 23an amaituko da.

2.– Eskabideak eta gainerako agiriak helbide honetan aurkeztu beharko dira:

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.

Zientzia Politikarako Zuzendaritza.

Erreferentzia: Ikertzaileak hobetzea eta mugitzea.

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz.

Eskabidea Zuzenean herritarrentzako arreta-zerbitzuaren bulegoetan ere aurkeztu ahal izango da: Bizkaian, Kale nagusia 85, 48011, Bilbao; Gipuzkoan, Andia kalea 12, 20003, Donostia; eta Araban, Ramiro de Maeztu 10 behea, 01008, Vitoria-Gasteiz. Telefono bidezko laguntza 012 telefono-zenbakian eskatu ahal izango da.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideen bitartez ere bidal daitezke (Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).

3.– Eskaera elektronikoa http://www.hezkuntza.net/o08/o08AccesoUsuario.do helbideko aplikazioan egingo da. Horretarako, eskaera egiten duen ikertzaileak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aipatutako helbidean ageriko diren jarraibideak bete.

Behin eskabidea beteta, orria inprimatu eta eskabide-agiri hori aurkeztuko da, ikertzaileak eta erakunde onuraduneko legezko ordezkariak sinatuta, 1. eta 2. artikuluetan aipatzen diren toki eta epeetan. Eskabideari 8. artikuluan zehazten den dokumentazioa erantsiko zaio.

8. artikulua.– Eskabideak egiteko eskatzen diren agiriak.

1.– Eskabidea hautagaiak eta erakunde onuradunaren legezko arduradunak sinatuko dute. Ondorio horietarako, eta Unibertsitatetik datozen eskabideen kasuan, Ikerketa erretoreordeak sinatuko du. Ikerketa erretoreorderik ez badago, kargu baliokide batek sinatu beharko du.

Eskabideak erantzukizunezko adierazpena barne hartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50. artikuluaren seigarren atalean aipatzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena. Jakinarazpenak honako hauek hartuko ditu:

– Eskatzaileak xede bererako beste diru-laguntza, sarrera edo baliabiderik eskatu duen edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutan, eta, behar izanez gero, halakorik eskuratu duen ere bai.

– Eskatzailea diru-laguntzen esparruan hasitako inongo itzultze- edo zehatze-prozeduratan sartuta dagoen.

– Eskatzaileari diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik dagoen, edo horretarako legezko inolako debekurik jaso duen.

2.– Eskabidearekin batera ere honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Hautagaiaren curriculum vitae-a.

b) Zerbitzu-orria edo enpresaren ziurtagiria, antzinatasuna eta eskatzaileak erakunde onuradunarekin duen lan-lotura zehaztuz.

c) Talde hartzailearen curriculum zientifikoa eta akademikoa, talde hartzaileko arduradunaren curriculum vitae-a barne.

d) Ikerketa-talde hartzailearen arduradunak hautagaia, laguntza lortuz gero, bere taldean onartuko duelako konpromisoa.

e) Eskatzaileak diru-laguntza jasotzen badu, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak hautagaiari lizentzia emateko konpromisoa.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak ez diren onuradunek zerga-betebeharrak ordainduta dituztela egiaztatu beharko dute, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoaren arabera (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.), bai eta urteari dagokion eguneratzea.

g) Eskabidea izenpetzen duenak ikastetxearen legezko ordezkaritza duela egiaztatzeko agiria, zuzenbidearen arabera balioduna. Erakunde berak hainbat eskabide aurkezten baditu, nahikoa da agiri hori behin aurkeztea.

Deialdiaren testua eta eskabide-agiriak lortzeko interneteko helbidea: «http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net».

9. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa.

10. artikulua.– Eskabideetan egin diren hutsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskaerak termino guztietan beteta ez badaude edo derrigorrezko dokumentazioarekin batera aurkezten ez badira, 10 eguneko epean akatsak zuzendu edo derrigorrezko agiriak aurkezteko eskaera egingo die Politika Zientifikoko Zuzendaritzak eskaera horiek izenpetzen dituzten pertsonei, hau adieraztearekin batera: horrela egin ezean, eskaerari uko egiten diotela interpretatuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 legearen bidez aldatuak, 71.1. artikuluan xedatutakoaren arabera.

13. artikuluaren bigarren atalean ezarritako prozeduraren arabera egingo da akatsak zuzentzeko jakinarazpena.

11. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak: Zientzia Politikarako zuzendariak -buru izango da- eta Unibertsitate zuzendariak osatuko dute batzorde hori, eta Zuzendaritzako teknikari baten laguntza izango dute. Batzordeak laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena egingo dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.

Batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie hautagaiek diharduten arloetan itzal handia eta ebaluazioan esperientzia duten ikertzaileei.

Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari helaraziko dio eskatutako laguntza onartzeko edo ukatzeko proposamena.

2.– Laguntzen esleipendunak hautatzeko, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, denak ehuneko beraz baloratuta:

a) Hautagaiaren merezimendu zientifiko eta akademikoak.

b) Egin beharreko proiektuaren edo jardueraren interes zientifikoa eta bideragarritasuna, destinoko zentroa eta proposatutako egutegia kontuan hartuta.

c) Hautagaia sartuko den ikerketa-taldearen curriculum zientifiko-akademikoa.

12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Laguntza-eskabideak lehiaketa bidez ebatziko dira agiri honen 7. artikuluan jasotzen diren bi deialdietan. Horretarako, deialdi bakoitzean aurkeztutako eta onartutako eskabide guztiak konparatuko dira, eta horien arteko lehentasuna ezarriko da 11. artikuluan aipatu diren irizpideak kontuan hartuta; balorazio altuena lortu dutenei baino ez zaie esleituko laguntza, agindu honen 4. artikuluan finkatzen den aurrekontu-kreditua agortu arte.

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Emandako laguntzak esleitu eta interesatuei jakinaraztea, bai eta laguntzen zenbatekoak zehaztea ere, Batzorde Ebaluatzailearen proposamenez egingo da, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez. Ebazpen hori hiru hileko epean emango du, eskabideak aurkezteko epeak amaitu ondoren zenbatzen hasita.

2.– Jakinarazpena ebazpen hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian argitaratuz egingo da www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitate eta ikerketa).

Gainera, jakinarazpena www.euskadi.net egoitza elektronikoaren iragarki-taulan ediktu bat jarriz ere zabalduko da, baina epeak zenbatzeko orduan, bakar-bakarrik hartuko da kontuan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketaren web-orriaren egiten den jakinarazpena.

3.– 2. idatzi-zatiak dioena gorabehera, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei bidali ahal izango die kaleratutako argitalpenen abisua, SMS mezuen bidez edo mezu elektronikoak igorriz. Abisu horiek ez dute inolako egindako jakinarazpen-ondoriorik izango.

4.– 1. idatzi-zatian adierazitako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, interesdunek ulertu ahal izango dute ezetsi egin zaizkiela aurkeztutako eskabideak.

5.– Ebazpen horren aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita.

6.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

14. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek beren-beregi eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dutela ulertuko da.

b) Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.

c) Emandako diru-laguntzak ordaintzea eta beharrezko kopuruak aurreratzea, PDIek kargu-sariei dagokien zatia jaso dezaten destinoko zentroan hasten direnetik.

d) Gertatu eta gehienez ere 15 eguneko apean jakinaraztea zer alta izan diren destinoko zentroetan, zer jardueren etenaldi edo aldi baterako hutsegite gertatu diren, hala nola beste edozein gorabehera, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak haien berri izateko eta, hala egokituz gero, berariazko baimena emateko.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kontura eskuratutako diru-laguntzen gainekoa, eman beharko diete.

15. artikulua.– Ikertzaileen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betekizun hauek izango dituzte:

a) Destinoko zentroan emate-ebazpenean adierazitako egunean hastea, eta egonaldia etenik gabe egitea, 6. artikuluan jasotako salbuespenak gertatu ezean.

b) Jarduerak deialdi honetan adierazitako arauen arabera egitea, bai eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak lana gainbegiratzeko eta haren garapena ebaluatzeko erabaki ditzakeen arauak kontuan hartuta ere.

c) Destinoko zentroan hasi direlako ziurtagiria igortzea, bai eta beste edozein dokumentu igortzea ere, baldin eta, laguntza baliatzeko, eskatu egiten bazaie.

d) Egonaldi osoa egitea, dedikazio esklusiboko jarduerarako laguntzaren xedea lortzeko, bizilekua aldatzea, eta betiere harrerako zentroaren arauak errespetatzea.

e) Bateraezintasuna ekar dezakeen edozein jarduera edo laguntza jakinaraztea organo eskudunari, haren gaineko iritzia eman dezan.

f) Kide diren erakundeko legezko ordezkariari edo organo eskudunari jakinaraztea zer hutsegite edo eten egin dituzten, nahita edo nahi gabe eginda ere; jakinarazpena jasotzen duenak, gero, hura Zientzia Politikarako Zuzendaritzara helaraziko du.

g) Programa honen barruan egindako jardueren emaitzak argitaratzean edo zabaltzean, berariaz adieraztea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren finantzaketa jaso dela, Ikertzaileen Hobekuntza eta Mugikortasunerako Programen bidez.

16. artikulua.– Laguntzaren ordainketa.

1.– Laguntzaren ordainketa erakunde onuradunaren alde gauzatuko da.

2.– Laguntzak bi zatitan ordainduko dira.

Lehen zatia, emandako laguntzaren % 75, erakunde onuradunak zentro hartzailearekin elkartu delako ziurtagiria Zientziarako Politika Zuzendaritzan aurkezten duenean ordainduko zaio, 14.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean, baldin eta laguntzari ukorik egin ez bazaio.

Bigarren zatia jarduera bukatutakoan ordainduko da, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoaz. Ordainketa egiteko, ordea, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.4 artikuluaren arabera, diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzultze- edo zehatze-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

Eskaera horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen legearen testu bateratuaren, azaroaren 11ko 1/1997 legegintzako dekretuaren bidez onartuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011rako Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 5/2010 legearen bidez sartuaren, 50. artikuluaren 6. atalean aipatzen den adierazpen arduratsua sartzen du.

17. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea eta segimendua.

1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzen erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute diruz lagundutako ekintza gauzatu dutela. Horretarako, ekintza bukatu eta bi hilabeteren buruan, honako dokumentu hauek bidali beharko ditu Zientzia Politikarako Zuzendaritzara:

a) Egonaldiaren ziurtagiria, ikerketa-talde hartzaileko arduradunak egina, hasierako eta amaierako datuak berariaz adierazita.

b) Egindako lana deskribatzen duen txosten labur bat, argitalpenen, patenteen edo ikerketaren beste edozein emaitzaren erreferentzia jasoko duena, eta erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritzia izango duena.

c) Bidaia-gastuei dagozkien fakturak edo dokumentu baliokideak.

2.– Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira eta ez-betetzerik ez badago, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen bat emanda, eta horrek hasierako ebazpena aldatuko du.

3.– Egoki iritziz gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta horrez gain, emandako laguntzaren segimendua egiteko ardura emango dio zuzendaritza horri atxikitako pertsona bati edo batzuei, laguntza zertan erabili den ikusteko.

4.– Segimenduaren emaitzak diru-laguntza berri baten eskabideetan hartu ahal izango dira kontuan.

18. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren diru-laguntzekin.

19. artikulua.– Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bategina onartu zen (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA). Testu horren 53. artikuluan ezartzen denez, erakunde onuradunak ezin izango du eskatu laguntza edo diru-laguntza ordaintzeko, eta, behar izanez gero, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko ditu, eta, laguntza edo diru-laguntza eman zenetik sortutako legezko interesak ordaindu, baldin eta:

a) Onuradunek, guztiz edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.

b) Diru-laguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.

c) Egintza proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat etorri gabe garatzen badute, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik gabe.

d) Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, gastua proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin bat ez datorrela egiaztatzen badu.

2.– Diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu nahiz publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira edo helburu bererako beste diru-iturri edo baliabide batzuk jasotzen badira, betiere, diru-laguntzei buruzko arauan entitate onuradun izateko ezarritako gutxienezko betekizunak konplituz gero.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen baten bidez deklaratuko du laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurako izapideak bete beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.

4.– Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

20. artikulua.– Datuak babestea.

1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, inprimakian jasotako datu pertsonalak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan jasoko dira.

2.– Eskabidea sinatu duten pertsona fisikoak ez diren hirugarren pertsonen datu pertsonalak fitxategi automatizatu horretan bertan jasoko dira eta, beraz, haiek halaxe jakinarazi behar diete datuak eskaera-inprimakian adierazi aurretik.

3.– Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak eta indarrean dagoen legeriak pertsona fisiko interesdunei aitortzen dizkien gainerakoak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan erabili ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomi eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotzen diren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 4a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala