Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

252. zk., 2012ko abenduaren 31, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
5936

AGINDUA, 2012ko azaroaren 20koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, kongresuak eta zientzia-bilerak egiteko laguntzetarako deia egiten duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren iritziz, ideia eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko ez ezik, baita Euskadiko zientzia arloaren ikuspegi orokorra izateko ere tresna egokiak dira Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kongresuak. Horregatik uste du interes handikoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, horien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, Espainiako eta atzerriko ospe handiko ikertzaile eta irakasleen partaidetzaren bitartez.

Kontuan hartuta Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituena (2009ko maiatzaren 9ko EHAA).

Kontuan hartu dira, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26 zk.); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko den gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa arautzen duen Ekonomia eta Herriogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta,

Horren ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da diru-laguntzak arautzea eta dei egitea, 2013. urtean zientzia-ikerketaren eremuan kongresuak eta bilerak antolatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan.

2. artikulua.– Laguntzen finantzazioa.

Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, guztira, 600.000 euro bideratuko dira: 300.000 euro urtearen lehen seihilekoan antolatzen diren jardueretarako eta gainerako 300.000 euroak, berriz, bigarren seihilekorako. Lehenengo deialdiko ebazpenean geldikinik izanez gero, bigarren deialdirako izendatutako kredituari gehituko zaio.

Laguntza horiek finantzatzera zuzendutako diru-kopurua handitu ahal izango da deialdia ebatzi baino lehenago deialdi bietan, indarrean dagoen legerian aurreikusita dauden kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen bitartez. Aldatuz gero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bitartez.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak dira deialdi honen erakunde onuradunak, agenteon kategoria gorabehera, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera Teknologiarako Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituena, parke teknologikoenak eta CEISenak izan ezik.

2.– Erakunde onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ezin izango dira onuradun izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko bide penaletik edo administratibotik zigortuak edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean dauden erakundeak,ezta sexu-diskriminazioaren ondorioz zigortuak izan direnak, otsailaren 18ko 4/2005 Legearen -Gizonen eta Emakumeen Berdintasunaren aldekoaren- azken xedapenetatik seigarrenean arabera.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren arlo publikokoak ez diren erakunde onuradunek zerga-eginbeharrak beteta izan beharko dituzte, hala xedatzen baitu Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.). Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko betebehar horiek, horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Diru-laguntzarekin honako gastu arrunt hauek ordaindu ahalko dira, osorik edo zati bat:

a) Antolatze- eta hedatze-lanak (webguneak sortzea eta laguntza-zerbitzuak barne), jardueraren osteko argitaratze-gastuak eta bileren arteko atsedenaldi kostuak.

b) Hizlarien bidaia-, ostatu- eta otordu-gastuak ez ezik, baita haien ordainsariak ere.

c) Ikertzaileentzako diru-laguntzak, deialdian aurreikusitako ekimenetara joan ahal izan daitezen.

2.– Honako hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Gastu sozialak, hala nola parte-hartzaileen otorduak, ekintza ludikoak, dietak eta protokolo-gastuak.

b) Jarduerari dagozkion gastuak, erakunde onuradunaren elementuak erabiltzeagatik.

c) Erakunde onuraduneko langile finkoen ordainsariak, bai estatutuz bai kontratuz lan-lotura dutenenak, eta ikertzaile bekadunen dotazioak.

d) Enpresa hornitzailea eta entitate onuraduna lotuta dauden kasuetako gastuak, Zientziarako Politika Zuzendaritzak, berariaz justifikatuta egonda, onartu eta baimentzen dituenak izan ezik. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 68. artikuluko 2 puntuan zehazten direnetako egoeraren bat emanez gero, eta oinarri hauen ondorioetarako, ulertuko da bi erakundeei edota enpresei eragiten diela.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

1.– Unibertsitateak eta ikerketa atalean, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net helbidean kokaturiko aplikazioko bide telematikoan eskura izango den formularioaz bete beharko dira eskabideak. Hartarako, eskabide-egileak erabiltzaileari doakion alta hartu beharko du, eta aipatu aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete beharko ditu.

2.– Behin eskabidea egoki betetakoan, eskabide-egileak aukera egin beharko du izapideak bide elektronikotik egitearen edo paper-euskarriaren bidetik egitearen artean.

3.– Izapidetzea papearen bitartez egiaren aldeko hautu egiten bada, aplikazioak sortzen duen eskabide-formularioa inprimatu beharko da, eta eskabidea egiten duen erakundearen ordezkari legezkoak sinatu beharko du. Paper-euskarrian, eskabidea eta beharrezko dokumentazioa honela aurkeztu beharko dira: artikulu honetako 6. eta 7. paragrafoan zehaztu epean eta lekuan.

4.– Izapidetze elektronikoaren hautua egiten bada, artikulu honetako 8. paragrafoan zehaztu dokumentuak erantsi beharko dira, hain justu ere eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoan.

5.– Edonola ere, eskabideak honako deklarazioa izan beharko du: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatutako erantzukizunezko deklarazioa. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura. Deklarazio horren barruan honako puntu hauek sartuko dira:

– Eskatzaileak xede bererako beste diru-laguntza, sarrera edo baliabiderik eskatu dituen edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutan, eta, behar izanez gero, halakorik eskuratu duen ere bai.

– Diru-laguntzen esparruan hasitako inongo itzultze- edo zehatze-prozeduratan sartuta dagoen eskatzailea.

– Eskatzaileari diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik dagoen, edo horretarako legezko inolako debekurik jaso duen.

6.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.

a) 2013ko lehenengo seihilekoan egiten diren jardueren eskabideak aurkezteko epea hilabeteko izango da Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

b) 2013ko bigarren seihilekoan egiten diren jardueren eskabideak aurkezteko epea 2013ko apirilaren 24an amaituko da.

7.– Aurkezteko lekua.

Eskaera paperean, dagokien dokumentuekin batera, honako leku hauetan aurkeztu ahal izango da:

– Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko erregistroan: Donostia 1 – Lakua I, 3. solairua – 01010 Vitoria-Gasteiz.

– Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza ofizialeko erregistro lagungarrian: Kale Nagusia 85– 48001 Bilbao.

– Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitza ofizialeko erregistro lagungarrian: c/ Andia 13 – 20004 Donostia.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko bestelako erregistroetan (72/2008 Dekretoa, apirilaren 29koa, 102 zbko EHAA, 2008ko maiatzaren 30ekoa).

– Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideen bitartez (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Eskabideak Correos-eko bulegoetan aurkezten badira, gutun-azala irekita dutela aurkeztuko dira, eskutitzetarako goiburuan Correos-en zein egunetan eta ordutan jaso ziren ager dadin.

Eskabideak eta agiriak helbide honetara bidaliko dira:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

Zientzia Politikarako Zuzendaritza

Erreferentzia: Kongresuak eta Ikastaroak Antolatzea.

Donostia-San Sebastián kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz.

8.– Eskabideak egiteko eskatzen diren agiriak.

Eskabidea honako agiri hauekin batera aurkeztuko da:

a) Jardueraren memoria zientifikoa. Ondoko puntu hauek azalduko ditu:

– Ekimenaren garrantzia.

– Behin-behineko edo behin betiko egitaraua, egutegia eta hizlariak, eta jakitera ematen den orri elektronikoaren esteka.

– Batzorde Antolatzailea, Batzorde Zientifikoa eta Hautaketa Batzordea nork osatzen duten, baldin eta osatzen badira.

b) Eskatutako zenbatekoaren justifikazioa: kontzeptua, unitateak, helburua, zenbatekoak, aurrekontuak. Proforma fakturak erantsi beharko zaizkio, ahal den heinean.

c) Entitate dei-egile edota antolatzailearen saileko kontseiluaren edo maila goragoko batzordearen akta: beren-beregi adierazi beharko da kongresua, zientzia-bilera, ikastaroa, mintegia edo nazioarteko ekitaldietako zientzia-hedapenerako jarduerak deitzeko eta antolatzeko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena.

d) Eskabidea paperean eginez gero, zuzenbidean baliagarri den dokumentazioa, eskaria sinatu duena ikastetxearen legezko ordezkari dela ziurtatzeko. Erakunde berak eskaera bat baino gehiago egiten badu, nahikoa da behin bakarrik ziurtatzea hala dela.

6. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.

7. artikulua.– Eskabideetan egin diren hutsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die, agindutakoa bete ezean, eskaera bertan behera utzi dutela esan nahiko duela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).

Zuzenketa eskatzeko jakinarazpena, 12. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera egin beharko da.

8. artikulua.– Ebaluazioa.

1.– Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Batzorde hori Zientzia Politikarako zuzendariak (batzordeburua izango da), Unibertsitate zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari batek osatuko dute. Teknikaria Zientzia Politikarako zuzendariak izendatuko du eta Batzordeko idazkaria izango da. Ebaluazio Batzordeak laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena aurkeztuko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.

2.– Irizpide hauek erabiliko dira, pisu berberaz, eskabideak ebaluatzeko:

a) Ekitaldiaren tipologia. Kongresuak 40 puntuz baloratuko dira. Gainerako bilerei, aldiz, 20 puntu emango zaizkie.

b) Ekitaldiaren eragin-eremua: nazioartekoa 20 puntu, Espainiakoa 10 puntu.

c) Txostengileen kopurua. 0,5 puntu pertsonako, eta gehienez ere 10 puntu emango dira.

d) Parte-hartzaile kopuruaren aurreikuspena. Puntu bat hamabost pertsonako, eta gehienez ere 10 puntu emango dira.

e) Iturri pribatuetatik noraino finantzatzen den: bertaratzen direnen kuotak eta diru-laguntza pribatuak. Puntu bat emango da adierazitako iturrietatik datozen laguntzetako lauko portzentaje-puntuko multzoko. Gehienez ere, 20 puntu.

9. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Agindu honetan aurreikusitako laguntza lehiaketa bidez ebatziko dira 5.1 artikuluan jasotzen diren bi deialdietan. Horretarako, deialdi bakoitzean aurkeztutako eta onartutako eskabide guztiak konparatuko dira, eta horien arteko lehentasuna ezarriko da 8. artikuluan aipatu diren irizpideak kontuan hartuta; balorazio altuena lortu dutenei baino ez zaie esleituko laguntza, agindu honen 2. artikuluan finkatzen den aurrekontu-kreditua agortu arte.

10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Agindu honen babesean emango diren laguntzen zenbatekoak hauek izango dira, gehienez ere:

a) Kongresuak: 20.000 euro edo 10.000 euro. Kopurua zehazteko, kontuan hartuko da Espainiakoak edo nazioartekoak diren.

b) Zientzia-bilerak, ikastaroak eta mintegiak: 9.000 euro edo 5.000 euro. Kopurua zehazteko, kontuan hartuko da Espainiakoak edo nazioartekoak diren.

2.– Emandako laguntzak muga bat izango du, gainditu ezinekoa: diruz lagundutako jardueraren aurrekontuaren herena (agindu honen 4. artikuluan zehazten dira jarduerok).

Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, Agindu honen 15. artikuluan aipatzen diren dokumentuak dituelarik, laguntza jasotzeko beharrezkoak, berriro egiaztatuko du emandako diru-laguntzak ez duela gastuaren herena gainditzen.

3.– Ondorio hauetarako, kongresutzat joko dira zientzia-sozietateen aldizkako bilerak, non gutxienez bi saio-mota egongo diren: batetik, txostenak aurkeztekoak eta bestetik, ikertzaileek unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Batzorde Antolatzailea, Batzorde Zientifikoa eta Hautaketa Batzordea egongo dira, bilera horien maila zientifikoa bermatzeko, eta deialdi publikoa egingo da, jendeak parte har dezan eta izena eman dezan.

4.– Ekimena nazioartekoa, naziokoa edo erkidegokoa izango da, erakunde dei-egilearen edo/eta antolatzailearen jardute-eremuaren arabera.

5.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.4 artikuluan ezartzen denez, diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

11. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira kongresu, zientzia-bilera, ikastaro edo mintegi bera egiteko ematen den beste edozein laguntzarekin, funts publikokoa nahiz pribatukoa izan. Hala ere, baldin eta helburu bererako jasotako laguntzen zenbatekoa, guztira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako laguntza baino handiagoa bada, gutxitu egingo da soberan emandakoa.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak esleitu eta jakinaraziko du, bai eta laguntzen zenbatekoak zehaztu ere, ebazpen baten bidez eta batzorde ebaluatzaileak proposatuta. Ebazpen hori hiru hileko epean hartuko du, eskabideak aurkezteko epeak amaitu ondoren zenbatzen hasita.

2.– Aipatu ebazpena ondoko web-orrian argitara emanez egingo da jakinarazpena: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarena: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa).

Bide horretatik egiteaz aparte era honetan ere egingo da: www.Euskadi.net egoitza elektronikoko iragarki-oholean ediktu bat argitaratuaz, nahiz eta, epea zenbatzeari dagokionez, baliozko jakinarazpena honako hau izango den: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Web-orriaren bidez egindakoa.

3.– Goragoko 2. paragrafoaren aurka egin gabe, egindako argitarapenei buruzko abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei Zientzia Politikako Zuzendaritzak, hain zuzen ere SMS edo posta elektronikoaren bitartez. Edonola ere, jakinarazpena praktikatzeari dagokionez, abisu horiek ez dute izango eraginik.

4.– Aurreko 1. paragrafoan ezarritako epean berariazko ebazpenik hartzen eta jakinarazten ez bada, interesdunek euren eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dituzte.

5.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita.

6.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, erakunde onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, guztien ezagutzarako.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Izan ere, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek, beren-beregi eta idatziz, laguntzari uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dutela esan nahiko du.

b) Diru-laguntza eman den xede horretarako propio erabiltzea.

c) Uko egiteak, atzerapenak eta beste edozein motatako gorabeherak jakinaraztea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, hala behar izanez gero, baimendu ditzan.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak gauzatuz– eskatzen dieten beste agiri eman beharko diete.

14. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan.

Lehen zatia, emandako laguntzaren % 75a, aurretiaz ordainduko da kontuan 13.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean, baldin eta laguntzari ukorik egin ez bazaio.

Bigarren zatia 2014. urtean ordainduko da, jarduera bukatutakoan, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoaz; ordaintzeko, ordea, datorren artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.

15. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea eta segimendua.

1.– Diruz lagundutako ekintza gauzatu dela justifikatu beharko dute agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek. Horretarako, ekintza bukatu eta sei hileren buruan, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Zientzia Politikarako Zuzendaritzan, Agindu honekin batera doan eranskinean:

a) Emandako laguntzaz egindako gastua ziurtatzea eta kontzeptuka banatzea 7. datu-orrian Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du agiria eta, gainera, zigilua izan beharko du.

b) Ekonomia-balantze xehatua (sarrerak eta gastuak), 8. datu-orri normalizatuaren arabera. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du agiria eta, gainera, zigilua izan beharko du.

c) Kongresua dela-eta egiten diren akten ale bi, edo bestela, agiri baliokideena. Behin-behinekoz, akten edo agiri baliokideen zirriborroak onartuko dira, argitaratzea pentsatzen denean.

2.– Erakunde onuradunean artxibatu beharko dira jatorrizko fakturak, gehienez bost urtez artxibatu ere, arestian adierazitako justifikazio-epea hasten denetik aurrera, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku egongo dira, egiaztapenik egin nahi badute edo.

3.– Norbere ibilgailuarekin egindako joan-etorriak justifikatzen badira, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira.

4.– Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.

Halaber, diruz lagunduko den jardueran egindako guztizko gastuaren herenetik gorakoa bada diru-laguntzaren zenbatekoa, hori murriztu egingo da.

16. artikulua.– Jarraipena.

Zientziarako Politika Zuzendaritzari dagokio ekimenaren jarraipena egitea –hartarako prozedurak ezarri ahal izango ditu–, eta organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, jarraipena egiteko, laguntza eman den helbururako erabili dela ziurtatzeko, eta informazio osagarria eskuratzeko, Aginduan zehazten denaz gain, egoki baderitzo.

17. artikulua.– Ikuskatzea eta jarraipena egitea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak ikuskatze-eta jarraipen-lanak egin ahal izango ditu, Agindu honek xede duena betetzen dela ziurtatzeko.

18. artikulua.– Oinarriak ez betetzea, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea eta emandako laguntzea itzultzea, hala badagokio.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko herriogasuntza nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bategina onartu zen (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA). Testu horren 53. artikuluan ezartzen denez, laguntza edo diru-laguntza ordain dadila eskatzerik ez da izango eta, behar izanez gero, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira eta laguntza edo diru-laguntza eman zenetik sortutako legezko interesak ordaindu, baldin eta:

a) Onuradunek, guztiz edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.

b) Diru-laguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.

c) Egintza proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat etorri gabe garatzen badute, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik gabe.

d) Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, gastua proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin bat ez datorrela egiaztatzen badu.

2.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu nahiz publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira edo helburu bererako beste diru-iturri edo baliabide batzuk jasotzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, betiere, diru-laguntzei buruzko arauan entitate onuradun izateko ezarritako gutxienezko betekizunak konplituz gero.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak deklaratuko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.

4.– Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

19. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Ikerketa» izeneko fitxategi batean sartuko dira (fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututa dago, 2010eko azaroaren 5eko EHAA), diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi honen organo arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Aurka egin, sartu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ekonomi eta Ogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotzen diren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beraren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 20a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala