Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2012ko abenduaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
5775

EBAZPENA, 2012ko abenduaren 4koa, Trafikoko zuzendariarena, 2013. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko trafikoa arautzen duten neurri bereziak ezartzeko dena.

Martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Trafikoari, Motordun ibilgailuen zirkulazioari eta Bide segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuaren 16. artikuluan azaltzen denez, trafiko arloko agintaritzari eratxiki zaio trafikoa erregulatzeko neurri bereziak hartzeko ahalmena, segurtasuna edo zirkulazioaren arintasuna bermatzeko kariak gertatzen direnean. Zirkulazio Araudi Orokorrari buruzko azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuaren 37. eta 39. artikuluetan, besteak beste, neurri horietako batzuk zehazten dira eta berauek hartzeko prozedura arautzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eremuan, Trafikoko zuzendariari dagokio arestion aipatu diren neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoari ibilgailuen trafiko eta zirkulazioari buruzko estatu-legeriaren betearazpena transferitu dion urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuaren eranskinaren B.1.g) idatzi-zatian eta Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezarri duen abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuaren 11.3.e) artikuluan xedaturik dagoenarekin bat etorriz.

Ebazpen honen bidez trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarri nahi dira, hainbat ibilgailu edo ibilgailu-multzotarako, zirkulazioaren segurtasunari eta arintasunari eragiten dioten egun zehatzetan. Egun horiek aukeratu dira hainbat faktore kontuan hartuz, esaterako Euskal Autonomia Erkidegoko jai egutegia, asteburuak, urtealdien araberako oporren hasiera edo amaierako epealdiak, zubiak edo bestelako gertakariak.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zirkulazio murrizketak.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ondoren zerrendatuko diren zirkulazio murrizketak ezarri dira 2013. urterako:

1.– Kirol-probak, txirrindularien lasterketak eta bestelako gertakariak.

Azaroaren 21ean 1.428/2003 Errege Dekretuak onartutako Zirkulazioari buruzko Araudi Orokorreko 55. artikuluak eta Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren II. eranskinak xedatzen duenaren arabera, Trafikoko Lurralde Zerbitzuetako arduradunek ez dute inolako kirol-probarik baimenduko (norgehiagokakoa izan ala ez izan) ezta horien aldeko iritzirik emango ere, baldin eta kirol-proba horiek ebazpen honen I. eranskinean zehaztutako egunetan eta orduetan egitekoak badira, eta horiek egiteko herri barruko galtzadak eta bazterbideak bete behar badituzte, beren ezaugarriak direla-eta, salbuespen gisa onar daitezkeenak izan ezik.

2.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak.

2.1.– Debekatuta dago EAEko bide publiko guztietan, edozein norabidetan, ondoko egun eta orduetan, arriskuaz ohartarazteko arauzko panel laranjak eduki behar dituzten ibilgailuak ibiltzea, Salgai Arriskutsuen Errepidezko Garraioari buruzko Europako Akordioaren (ADR) arabera:

– Igandeetan eta Euskal Autonomia Erkidego osoan jaiegun diren egunetan, goizeko 08:00etatik gaueko 24:00ak arte; aipatutako jaiegun horien bezperetan, larunbatak ez badira, eguerdiko 13:00etatik gaueko 24:00ak arte.

– uztailaren 31, 08:00etatik 24:00etara.

Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten 7.500 Kg-tik gorako BGM duten ibilgailuei, atal honetan ezarritako murrizketez gain, edozein salgai garraiatzen duen 7.500 Kg-tik gorako BGM duten ibilgailuei buruzko ebazpen honen hirugarren murrizketak dituenak ere aplikatuko zaizkie.

2.2.– Aurreko puntuan ezarritako debekuetatik salbu daude ebazpen honen III. eranskinean jasotzen diren salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak, bertan xedatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Aurreko puntuan ezarritako debekuak ez dira aplikatuko salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetakoren baten arabera egiten denean, eta salbuespenaren arrazoia zama mota, kopuru mugatua edo garraio mota direnean.

2.3.– Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek egin beharreko ibilbideak. Espainiar lurraldeko errepideetatik gauzatutako salgai arriskutsuen garraioak arautzen dituen maiatzaren 5eko 551/2006 Errege Dekretuaren 5.2 artikuluaren arabera, eta Salgai Arriskutsuen Errepidez Garraiatzeari buruzko Europar Hitzarmen, ADR delakoren arabera salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek ondoko ibilbide hauek erabili beharko dituzte:

A) Banaketarako joan-etorriak: salgai arriskutsuak erabiltzaileei edo kontsumitzaileei banatzeko egiten diren joan-etorrietan, ibilbiderik egokiena erabiliko da, bide-segurtasunari eta trafikoaren arintasunari dagokienez. Errepide arruntetan zehar ahalik eta distantziarik laburrena egingo da salgaia eman behar den lekuraino.

Biztanle-guneetatik kanpo ingurabiderik, saihesbiderik edo biribilgunerik badago, derrigor erabili beharko ditu. Horrelako aukera bat baino gehiago izatekotan, biztanle-gunetik urrutien dagoena erabili beharko da. Hirigunean zama-lanak egiteko soilik sar daiteke, eta betiere, salgaiak emateko lekutik hurbilen dagoen sarrera erabiliz, ezinbestekoren bat gertatu ezik.

B) Bestelako joan-etorriak: Joan-etorriaren jatorria eta helmuga Salgai Arriskutsuen Ibilbideen Sarearen –SAIS- barruan badaude (ebazpen honen V. eranskinean dago), salgai arriskutsuak daramatzaten ibilgailuek derrigor erabili beharko dituzte euren ibilbidean.

Joan-etorriaren jatorria edo helmuga (edo biak) SAISetik kanpo badaude, sare horretan hurbilen dagoen sarreratik sartzen uzten duten errepide arruntetatik egin beharko dira joan-etorriak, galtzada bakarreko bideetan egiten den ibilbidea ahalik eta laburrena izatea bermatze aldera. Arrazoi berbera dela bide, salgaien helmugatik hurbilen dagoen irteera erabiliko da SAISetik irteteko.

SAISetik kanpo dauden ibilbide-zatietan biztanle-guneetatik kanpo ingurabiderik, saihesbiderik edo biribilgunerik badago, derrigor erabili beharko ditu. Horrelako aukera bat baino gehiago izatekotan, biztanle-gunetik urrutien dagoena erabili beharko da. Hirigunean zama-lanak egiteko soilik sar daiteke, eta betiere, salgaiak eman behar diren lekutik hurbilen dagoen sarrera erabiliz, ezinbestekoren bat gertatu ezik.

Hemen aipatu diren bideez bestelakoetan ibiltzeko, baimen berezia beharko da, ebazpen honen 3. idatzi-zatian xedatutakoarekin bat etorriz emango dena.

SAISetik irten daiteke gidariaren ohiko bizilekura edo handik egindako joan-etorrietan, eguneroko edo asteroko atsedenaldiak egiteko edo egitetik, eta ibilgailua konpontzeko edo mantentzeko lanetarako, betiere ADRn zehaztutako aparkatze-baldintzak betetzen badira. SAIS uzten den kasu hauetan, gidariaren helmuga den tokitik hurbilen dagoen irteeratik irtengo da.

2.4.– Aurreko puntuan xedatutakoa ez da aplikatuko baldin eta, zama mota, kopuru mugatua edo garraio mota dela-eta, salgai arriskutsuen garraioa ADRn jasotako salbuespenetakoren baten arabera egiten bada.

3.– Salgaiak garraiatzen dituzten 7.500 Kg-tik gorako BGM duten ibilgailuak.

3.1.– Debekatuta dago 7.500 Kg baino gehiagoko BGMko ibilgailuak ibiltzea, EAEko bide publikoetan, II. eranskinean jasotzen diren egun eta orduetan.

3.2.– Aurreko debekua ez zaio aplikatuko ebazpen honen IV. eranskinean jasotzen diren saigaiak garraiatzen dituzten ibilgailuak ibiltzeari.

4.– Euren ezaugarri teknikoak edo zamaren ezaugarriak direla-eta, errepidean ibiltzeko baimen berezia behar duten ibilgailuak.

Debekaturik izango dute bide publikoetatik ibiltzea, ondoren adieraziko diren egun eta orduetan, Ibilgailuei buruzko Araudi Orokorrak (2822/1998 Errege Dekretua, abenduaren 23koa) 14. artikuluan aipatzen duen baimen berezia behar duten ibilgailuak, legeak ezarritako gehieneko masak edo tamainak gainditzeagatik:

– Larunbatetan, 13:00etatik 24:00etara, eta igandeetan, 00:00etatik 24:00etara,

– Euskadiko Autonomia Erkidego osoan jaiegun diren egunetan, 00:00etatik 24:00etara, eta jai egun horien bezperetan, 13:00etatik 24:00etara, eta

– uztailaren 31, 08:00etatik 24:00etara.

5.– Murrizketa osagarriak.

5.1.– Ibilgailuei buruzko Araudi Orokorreko 37. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera, ezusteko kasuetan edo aparteko gorabeherak izan direnean, zirkulazioa seguruagoa edo arinagoa izateko beharrezkoa denean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen den agintaritzaren agenteek zehaztuko dituzte murrizketok behar den denbora guztirako, eta, horretarako, beharrezko erabakiak hartuko dituzte.

5.2.– Eguraldi txarra dagoenean, 3.500 kilo baino gehiagoko BGM duten kamioiak, autobusak, autobus artikulatuak eta ibilgailu-taldeak bideko eskuineko erreitik joan behar dira. Izotza edo elurra badago, ezin izango dituzte aurreratu ezta aurrea hartu ere abiadura txikiagoan zirkulatzen duten ibilgailuak, aurreko paragrafoan aipatutako 37. eta 39. artikuluetan adierazitakoaren arabera.

Bigarrena.– Salbuespenak.

Zerbitzu bat nahitaez egin beharra dagoela behar bezala justifikatuta dagoenean, aldi baterako edo bidaia bakarra egiteko baimen bereziak eman ahalko dira, ebazpen honetan murriztutako egunetan eta aldietan zirkulatzeko, Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren 39.5 artikuluak xedatutakoaren arabera.

Baimen berezi hauetan matrikula, ibilgailuaren ezaugarri nagusienak, garraiatutako salgaia, ukitutako bideak eta garraioaren baldintzak agertuko dira.

Hirugarrena.– Baimen bereziak.

Trafikoko Lurralde Bulegoetako arduradunei dagokie 1. eta 2. artikuluetan xedatutako baimen bereziak ematea, horretarako duten ahalmenaz baliatuz.

Laugarrena.– Zehapenak eta kautela- neurriak.

Ebazpen honetan dauden arautzeko neurriak ez betetzea zehatu egingo da, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuan xedatutakoaren arabera.

Era berean, trafikoaren zaintzaz eta diziplinaz arduratzen diren agenteek ibilgailua ibilgetzeko neurri osagarria ezar dezakete, zirkulazioa arriskutsua denean edo zirkulazioari oztopo larriak sortzen badizkio. Gainera, beharrezkoa balitz errepidetik kendu edota gordailuan utziko dute, debekua amaitu arte edo berriz abiatzeko baimena eman arte, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatuaren arabera.

Bosgarrena.– Zirkulazioaren murrizketak kentzea.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendaritzak 1. artikuluko hirugarren murrizketan dauden ibilgailuen zirkulazioa baimendu dezake, ebazpen honetan ezarritako murrizketei dagozkien denboraldietan. Neurri hori salbuespenezko moduan hartuko da, zirkulazioaren baldintzak aintzakotzat hartuta, eta ondorioz, jarraibide egokiak emango zaizkio Ertzaintzari.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea eta indarraldia.

Ebazpen hau 2013ko urtarrilaren 2an jarriko da indarrean eta indarraldia 2013. urte osoan luzatuko da. Dena den, indarraldia luzatuko da 2014. urterako trafikoa arautzeko neurri bereziak ezarriko dituen ebazpena indarrean sartu arte, I eta II. eranskinetako data zehatzei dagozkien murrizketak izan ezik.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 4a.

Trafikoko zuzendaria,

AMPARO LÓPEZ ANTELO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala