Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2012ko abenduaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA
5773

EBAZPENA, 2012ko abenduaren 4koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, 2013an euskal etxeei emango zaizkien diru-laguntzetara biltzeko deia egiten duena.

Euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera (2008ko apirilaren 11ko EHAA), diru-laguntza horietarako deia urtero egingo da ebazpen bidez. Hori dela eta, bidezkoa da 2013. urteko dirulaguntzetarako deia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoari jarraituta.

Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen urtarrilaren 12ko 1/2010 Dekretuaren 15.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari dagokio bere eskumen-esparruari buruzko diru-laguntzetarako deialdia egitea.

Horrenbestez, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da 2013. urtean euskal etxeei, etxeon federazioei eta konfederazioei emango zaizkien diru-laguntzetara biltzeko deia egitea, martxoaren 18ko 50/2008ko Dekretuan araututako baldintzetan.

Bigarrena.– Diru-laguntza jaso dezaketen jardueren denbora eremua.

Deialdi honetara biltzen diren programa eta jarduerak 2013. urtean gauzatu beharko dira eta abenduaren 31rako amaitu beharko dira.

Hirugarrena.– Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen gastu eta jarduerak.

1.– Ohiko gastuak eta jarduerak antolatzekoak. IV. kapitulua: diruz lagundu ahal izango dira funtzionamendu gastuak eta baita irabazi asmorik gabeko urteko programa eta jarduera zehatzak ere, honako jarduera eremu hauetan:

– Gazteria.

– Emakumea.

– Kanpo irudia eta komunikazioa.

– Memoria historikoaren berreskurapena.

Euskal etxeen funtzionamendu eta mantentze gastuak (langileen soldatak, gizarte segurantza, bidaia gastuak, ura, argindarra, berogailua, zergak, aseguruak, alokairuak eta antzekoak) diruz lagundu ahal izango dira, baina ezingo dira jarduera gastuak baino handiagoak izan eta esleitutako diru-laguntzaren % 50eko muga dute.

2.– Azpiegitura eta ekipamendu gastuak. VII. kapitulua: diruz lagundu ahal izango dira euskal etxeetako azpiegitura eta ekipamendu gastuak, honako hauei lehentasuna emanez:

– Katastrofeek eragindako kalteak konpontzeari.

– Hesi arkitektonikoak kentzeari.

– Euskal etxeen egoitza berriak eraikitzeari.

– Gazteentzako guneak egokitzeari.

– Gazteen eta emakumeen jarduerak aurrera eramateko teknologiak sartzeari.

3.– Kapitulu bakoitzean esleitzen diren diru-laguntzen gutxieneko kopurua 300 eurokoa izango da. Zenbatekoa zehazteko ezarritako formula erabilita ateratzen den zenbatekoa gutxieneko zenbateko hori baino txikiagoa ateratzen bada, ez da dirulaguntzarik emango.

4.– IV. kapitulurako emango diren diru-laguntzen gehieneko kopurua 50.000 eurokoa izango da. Gehienezko kopuru hori ez zaie ezarriko euskal etxeen federazioei.

Laugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2013ko aurrekontuetan berariaz ezarritako aurrekontu kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru baliabideak milioi bat eta berrehun eta hogeita hamalau mila seiehun eta hirurogeita zazpi (1.234.667) euro dira guztira, honela banatuta:

IV. kapitulurako:701.000 euro ordainketa-kredituetan eta 233.667 euro konpromiso-kredituetan.

VII. kapitulurako: 225.000 euro ordainketa-kredituetan eta 75.000 euro konpromiso-kredituetan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako, prozedura ebatzi eta deitutako bekak esleitzeko, kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2013. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko tokia, modua eta epea.

Deialdi honetako diru-laguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskinean edo www.euskadi.net web orrian jasotako ereduan egingo dira.

Eskabideak helbide honetara zuzendu eta igorriko dira: Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Nafarroa kalea, 2, 01007 Vitoria-Gasteiz. Euskadik dituen ordezkaritzetara ere zuzendu eta igorri ahal dira, ordezkaritzak dituzten herrialdeetan.

Eskabideak, halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein eratan aurkeztu daitezke, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazketaren arabera.

Eskabideak aurkezteko epea 2013ko otsailaren 28an amaituko da.

Seigarrena.– Eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko irizpideak.

Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako Ebaluazio Batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko:

A) Ohiko gastuetarako eta jarduerak antolatzeko (IV. Kapitulua):

1.– Euskadirekiko eta beste herrialde batzuetan errotutako euskal gizataldeekiko harreman sozial, ekonomiko eta kulturalak indartzea, Aholku Batzordeak onartutako lau urterako Planarekin bat etorriz (30 puntu gehienez):

a) Inguruko euskal etxeekiko harremanak: 10 puntu gehienez.

b) Euskadirekiko harremanak: 10 puntu gehienez.

c) Beste herrialde batzuetako euskal etxeekiko harremanak: 10 puntu gehienez.

2.– Sendotzeko edo indartzeko garrantzia, barne-kohesioa bultzatuz (35 puntu gehienez):

a) Bazkide kopurua: puntu bat 100 bazkideko: 15 puntu gehienez.

b) Programatutako jardueraren maila, aurkeztutako ekitaldi kopurua eta garrantzia kontuan izanik: 20 puntu gehienez.

3.– Erakunde eskatzailearen jardun-ibilbidea (25 puntu gehienez):

a) Jarduerak kanpoan duen garrantzia edo oihartzuna: komunikabideak, publikoa, etab.: 10 puntu gehienez.

b) Jarduerak aurrera eramateko azpiegituren egokitasun maila (egoitza, web orria, etab.): 5 puntu gehienez.

c) Azken urterako jardun-kurba: 10 puntu gehienez.

4.– Aurrera eramango diren programa, ekintza edo jardunen genero-ikuspuntua (10 puntu gehienez):

a) Emakumeen parte hartzea zuzendaritza batzordeetan berdintasun baldintzetan: 5.

b) Diskriminazio positiboko jardunak: 5 puntu gehienez.

B) Azpiegitura eta ekipamendu gastuetarako (VII. kapitulua):

1.– Sendotzeko edo indartzeko garrantzia (30 puntu gehienez):

a) Bazkide kopurua: puntu bat 100 bazkideko: 7,5 puntu gehienez.

b) Ekitaldiak eta kultura zabaltzea: 7,5 puntu gehienez.

c) Hartzen duen eremu geografikoaren garrantzia: herria, hiria, eskualdea, herrialdea: 7,5 puntu gehienez.

d) Premiazko konponketak eta martxan dauden obra edo ekipamendu proiektuak: 7,5 puntu gehienez.

2.– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (35 puntu gehienez):

a) Ibilbide ekonomikoa ekipamendu eta obretan, kontuan izanik aurreko urteetako espedienteen justifikazio maila: 10 puntu gehienez.

b) Norbere baliabideak: 15 puntu gehienez, ondoko epigrafeen arabera (ehunekoak zenbaki oso hurbilenera borobilduko dira):

– % 0-25 bitarteko ekarpena: 0 eta 3 puntu artean.

– % 26-50 bitarteko ekarpena: 4 eta 7 puntu artean.

– % 51-75 bitarteko ekarpena: 8 eta 11 puntu artean.

– % 76-100 bitarteko ekarpena: 12 eta 15 puntu artean.

c) Egoitza mota: jabegoan,10 puntu; edo alokairuan, 5 puntu.

3.– Proiektuaren premia eta egokitasuna (35 puntu gehienez):

a) Obra edo ekipamenduaren premia maila: 20 puntu gehienez.

b) Premia horri aurre egiteko, aurrekontuaren egokitasun maila, aurrekontuak duen oreka baloratuz euskal etxeak oro har duen garrantziaren arabera: 15 puntu gehienez.

Zazpigarrena.– Ebaluaketa batzordea.

Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluaketa batzordeak honako kide hauek izango ditu:

– Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako zuzendaria, batzordeburua.

– Andoni Martin Arce jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusikoa, bokala.

– Benan Oregi Iñurrieta jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusikoa, bokala.

– Isabel Etxabarria Perez andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusikoa, batzordearen idazkaria.

Zortzigarrena.– Prozedura ebaztea.

Ebaluaketa Batzordeak egindako proposamena kontuan hartuta, deialdia ebatziko du Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak.

Bederatzigarrena.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Erakunde onuradunek diru-laguntza jaso duen ekintzak sortutako gastuak justifikatzeko agiriak errazago aurkez ditzaten, eta ahal den neurrian erakunde horiei argibideak eskatzen ibili behar ez izateko eta esleitutako diru-laguntzaren azkeneko ordainketa ez atzeratzeko, informazio-orri baten eredua jaso da II. eranskinean; hor adierazi beharko dira aurkeztutako gastuen faktura eta frogagiriak, behar bezala zenbakituta, identifikatuta eta sailkatuta.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 Erregelamenduarekin (EE) bat etorriz, diru-laguntza hauek minimis laguntzen barruan daude, pertsona juridiko edo fisiko zehatz bati emandako diru-laguntza osoak ez duelako 200.000 eurotik gora egiten, hiru zerga-ekitalditan zehar. Uste da muga horren azpitik diru-laguntzek ez diotela merkataritzari eragiten edota ez dutela lehia desitxuratzen; beraz, ez dira EBren Tratatuaren 87. artikuluaren lehen idatzi-zatiaren aplikazio-eremukoak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honetan aurreikusita ez dagoen guztian, euskal etxeentzako diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretua eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Lehendakaritzako idazkari nagusiari hilabeteko apean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko apean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 4a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

GUILLERMO ECHENIQUE GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala