Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2012ko abenduaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
5471

AGINDUA, 2012ko azaroaren 14koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2013. urteko EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) azterketa-eredua finkatzen duena.

Euskararen Gaitasun Agiriaz 1982ko irailaren 20an emandako Aginduak (EHAA: 1982-11-06) bere 1. atalean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari berari egozten dio azterketaren programa eta azterketaren eredua jakinarazteko ardura.

Horren ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– EGAren izaera.

1.– EGAk (Euskararen Gaitasun Agiria) honako gaitasun hauek ditu ardatz: gaitasun linguistikoa, gaitasun diskurtsiboa, gaitasun funtzionala eta gaitasun soziolinguistikoa.

2.– Europako ALTE erakundearen kide osoa den aldetik, haren kalitate-esparruko estandarrak aplikatzen ditu EGAk. Horrekin batera, Europako Kontseiluaren hizkuntzen ebaluaziorako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailako irizpideak kontuan hartzen ditu, atazak eraikitzeko eta ebaluatzeko orduan.

3.– Hizkuntzaren barne-osaeraz Euskaltzaindiak 2011ra arte eskaini dituen arau-erabaki nagusiak kontuan hartuko ditu EGAk 2013ko azterketan.

2. artikulua.– EGA azterketak hiru fase ditu:

Sarrerakoa: atariko proba.

Bigarren fasea: proba idatzia.

Hirugarren fasea: ahozko proba.

3. artikulua.– Atariko proba.

1.– EGA azterketako proba idatzian eta ahozkoan parte hartu ahal izateko, atariko proba gainditu behar da.

2.– Atariko proba aukera anitzeko test bat da, 85 item dituena.

3.– Atariko probak ordubeteko iraupena du.

4.– Atariko probako itemek hizkuntzaren erabilera egokia eta zuzena neurtuko dute.

5.– Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.

6.– Gainditzeko langa 60 erantzun zuzenekoa da; muga hori berdintzen edo gainditzen duten azterketari guztiak azterketaren hurrengo fasera aurkeztu ahal izango dira, inolako numerus claususik gabe.

7.– Atariko proba gainditu dutenen kopurua aurkeztutakoen % 50era iristen ez bada, azter­ketari onartuen multzoa era honetan zabalduko da: 60ko langara iristen ez direnen artetik, 60tik hurbileneko puntuazioak ere onartuko dira, azterketa horren gainditze-ehunekoa % 50era iritsi arte. Puntuazio hori hartuko da gainditze-langatzat.

4. artikulua.– Proba idatzia.

Proba idatzia bi ataletan egiten da eta sei ariketa ditu.

Lehenengo atala:

– Elkarrizketa-testua.

– Lexikoa.

– Irakurriaren ulermena.

Bigarren atala:

– Idazlan luzea.

– Idazlan laburra.

– Esaldiak berridaztea.

Bi atalak jarraian egiten dira. Lehenengo atala egiteko 65 minutu izango dira. Bigarrenerako, 110 minutu. Guztira, proba idatziak 2 ordu eta 55 minutu iraungo du.

1.– Elkarrizketa-testua.

Elkarrizketa-testu batean 10 hutsune izango dira, eta erantzunak aukera anitzeko moldean (a-b-c). Testuaren hariari ongien egokitzen zaizkionak aukeratzea da ariketaren funtsa.

2.– Lexikoa.

Testu labur batean txertaturik, markatutako 10 hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira, aukera anitzeko moldean (a-b-c-d). Hitzek testuinguruan duten esanahia kontuan harturik aukeratu behar da baliokidea.

3.– Irakurriaren ulermena.

Testu batzuk eskainiko dira, azterketariek horiei buruzko 10 galderari erantzuteko. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzekoak, testu-zatiei dagozkien ideiak aukeratzea edo lotura egokiak egitea.

4.– Idazlan luzea.

Bi gai eskainiko dira aukeran, dosier eran, eta horietako bat garatu beharko da. Gutxienez 250 hitz idatzi behar dira. Idazlanaren kalifikaziorako honako hiru alderdi hauek hartuko dira kontuan: a) atazaren helburua zehaztasunez betetzea; b) hizkuntza-aberastasuna eta egokitasuna; c) zuzentasuna.

5.– Idazlan laburra.

Idazki bat ondu behar da: hipotesi bat, gutun bat, informe bat edo gertakari baten kronika laburra. Gutxienez 150 hitz idatzi behar dira. Bi aukera eskainiko dira, bat hartzeko.

6.– Esaldiak berridaztea.

Emandako 10 esaldi moldatu egin behar dira; hots, esaldi baliokideak sortu behar dira, beste egitura batzuk erabilita, beti ere esaldi bakarra osatuz. Berridazketa bideratzeko eta gauzatzeko, elementu batzuk eskaintzen dira erreferentzia gisa.

5. artikulua.– Ahozko proba.

Bi atal ditu:

– Entzutezkoaren ulermena.

– Mintzamena.

1.– Entzutezkoaren ulermena.

Grabazio-zati batzuk entzun eta horiei buruzko galderak erantzun behar dira.

Grabazio-zati bakoitza behin entzungo da eta, entzun baino lehen, azterketariek denbora-tarte bat izango dute galderak eta erantzunak irakurtzeko.

Ordu-erdiko ariketa izango da. 20 item izango dira gutxienez.

2.– Mintzamena.

Atal honek bi ariketa ditu: lehenengoa, gai baten ahozko azalpena; bigarrena, bat-bateko elkarrizketa-saioa. Epaimahaia bi aztertzailek osatzen dute. Azterketariek binaka jardungo dute epaimahaiaren aurrean.

a) Ahozko azalpena.

Azterketari bakoitzak gai bati buruzko informazioa jasoko du. Euskarria testu idatzia, audioa edota bideoa izan daiteke. Azterketari bakoitzak egokitu zaion informazioaren azalpena egin beharko du bost minutuan.

b) Elkarrizketa-saioa.

Aztertzaileek gai bat eskainiko diete azterketariei, baina bakoitzari gaiaren alderdi batzuk nabarmenduta. Azterketariak elkarrizketan arituko dira, egokitu zaien ikuspuntuaren alde egiteko. Tarteka, elkarrizketa edo eztabaida bideratzeko, aztertzaileek parte hartu ahal izango dute, galderak eginez. Azterketariak, bien artean, hamar bat minutuz arituko dira.

6. artikulua.– Puntuazioak.

1.– Proba idatzian eta ahozko proban, puntuazioak eta denborak honako hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

2.– Proba idatzian, gutxieneko puntuaziorik eskatzen ez duten lau ariketetan, puntuazioek elkar konpentsatzen dute.

3.– EGA lortzeko, azterketaren hiru faseak gainditu behar dira: atariko proba, proba idatzia eta ahozko proba. Azken emaitza Gai edo Ez Gai izango da.

4.– Deialdi bateko proba baten puntuak ez dira gordeko hurrengo deialdi baterako.

7. artikulua.– Baldintzak.

EGA azterketa egin ahal izateko 17 urte edo gehiago bete behar dira 2013an. Deialdi berean beste erakunderen batean EGArako matrikulatuta egonez gero, ezingo da honetan parte hartu.

8. artikulua.– 1.– Matrikula egitean, azterketariak onartzen du EGA probetako prozedura errespetatu behar duela eta azterketa-tokian agintari akademikoen aginduak bete behar dituela. Horrela egin ezean, EGAko arduradunek eskumena dute beharrezko neurriak hartzeko (azterketaria beste gela batera aldatzeko, gelatik kanporatzeko edo azterketa baliogabetzeko). Azterketaren funtzionamendu normala oztopatzen den kasu larrietan, proben aplikazio zuzena eragozten duen azterketariari EGAko hurrengo deialdietarako matrikula ez onartzeko ahalmena du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak.

2.– Aurreikusitako neurriak hartzea EGAko lurraldeburuari dagokio, bertan dauden batzordekideen proposamenez, interesatuari entzun ondoren.

9. artikulua.– Erreklamazioak.

Erreklamazioa egin dezake, idatziz, edozein azterketarik, EGA azterketaren edozein fasetako kalifikazioak jakinarazi eta biharamunetik hasita. Bost eguneko epea du horretarako.

10. artikulua.– Balio-urritasunak.

Balio-urritasunen bat duten azterketariek EGA azterketa egitean, gainerakoen aukera berdinak izan ditzaten, Azterketa Batzorde Ofizialak beharrezko egokitzapenak ezarriko ditu, denboran nahiz baliabideetan, baldin eta horrela azterketaren edukia indargabetzen ez bada edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez bada.

11. artikulua.– Agindu honek araupetu gabekoetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legeari eutsiko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik hasita jarriko da agindu hau indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 14a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala