Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

230. zk., 2012ko azaroaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA
5243

52/2012 EBAZPENA, urriaren 31koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Lurzoruaren Funts Estrategikoa Eratzeko Erakunde arteko hitzarmena, I. eranskinean jasotzen da.

– Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioa Erakundearen eta Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko Eta Bilboko Udaleko Ordezkaritzen arteko lankidetza hitzarmena, artelanak erosteko Bilboko Arte Ederren Museoaren inbertsioak partzialki finantzatzeko 2012-2018 ekitaldietan, II. eranskinean jasotzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 31.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 31KO 52/2012 EBAZPENARENA
LURZORUAREN FUNTS ESTRATEGIKOA ERATZEKOERAKUNDE ARTEKO HITZARMENA

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 17a.

BILDU DIRA:

Gasteizen, Lakuan, 2010eko abenduaren 17an.

Eusko Jaurlaritza ordezkatuz:

Bernabé Unda Barturen jauna, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sailburua, eta

Carlos Aguirre Arana jauna, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko sailburua.

Eta Foru Aldundiak ordezkatuz:

Xabier Aguirre López jauna, Arabako Foru Aldundiaren diputatu nagusia

José Luis Bilbao Eguren jauna, Bizkaiko Foru Aldundiaren diputatu nagusia

Markel Olano Arrese jauna, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diputatu nagusia

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Ekonomia Sustatzeko Euskal Kontseiluak –Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek osatzen dutenak– bere urteko bilkura egin zuen 2010eko urtarrilaren 13an.

Bilera hartan 2009ko otsailaren 12an Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak hartutako erabakia, hots, «Inbertsio Estrategikoen Funtsaren konturako laguntza-programa amaitutzat ematea» eta «2008ko abenduaren 31n programan zegoen soberakin likidoa bana zedin onartzea» aztertu zen.

Gure ekonomiak bizi duen egoera, diru-bilketa publikoaren jaitsiera handia eta lurzoruaren alorrean jardunak –ekonomia berraktibatzeko eta enpresa-proiektu berriak ezartzen eta garatzen laguntzeko estrategikoak direnak– bultzatzeko ildo tradizionalari eusteko premia kontuan hartuta, Kontseiluak aho batez onartu zuen Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari honako proposamen hau aurkeztea:

– Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari eskatzea soberakin horien banaketa ezeztatu ordez soberakin horiek Lurzoruaren Funts Estrategikoa sortzera bideratzeko.

Bigarrena.– Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak, 2010eko otsailaren 12ko bilkuran, Ekonomia Sustatzeko Euskal Kontseiluak egindako proposamena aztertu zuen, eta proposamen horri dagokionez, honako hau erabaki zuen:

1.– 2009ko otsailaren 12ko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren laugarren erabakiaren bigarren atala ondoriorik gabe uztea. Erabaki horren arabera, SOCADEk ordaindu behar zuen Foru Aldundiek kapital sozialean duten partaidetzaren balioa, hots, 18.030.363 euro.

2.– SOCADE osatzen duten erakundeei eskatzea, beren erabaki-organoen bitartez, Lurzoruaren Funts Estrategikoa (30.050.500 euro) era dezaten onartzeko. Funts horretan erakunde horietako bakoitzak SOCADEren kapital sozialean duen partaidetzaren ehuneko berean hartuko du parte.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Administrazio Orokorrek Industria Inbertsio Berriak Sustatzearen alorrean 1992ko azaroaren 24an sinatutako Lankidetza Hitzarmenaren arabera, Inbertsio Estrategikoen Bulegoari dagokio Inbertsio Estrategikoen Funtsaren kargurako jardunak onartzea, eta 2010eko ekainaren 1ean egindako bileran gai horri dagokionez, honako erabaki hauek hartu ditu:

1.– Inbertsio Estrategikoen Bulegoak bere osaera aldatzea eta Ekonomia Sustatzeko Euskal Kontseiluarenarekin berdintzea.

Inbertsio Estrategikoen Funtsean txertatutako laguntza-programa amaitutakoan, Inbertsio Estrategikoen Bulegoaren eginkizun nagusiak hondar-jardunak kontrolatzea eta horiei jarraipena egitea dira.

Inbertsio Estrategikoen Bulegoaren erakunde arteko ordezkaritzaren osaera aldatu da Ekonomia Sustatzeko Euskal Kontseiluaren osaerarekin berdintzeko, eta aldaketa horri esker bilera-deialdiak elkarrekin egin daitezke, baita beste Funts desberdin batzuetako erabakiak elkarrekin hartu ere.

2.– Higiezinen arloko aktiboen kudeaketa Lurzoruaren Funts Estrategikora eramatea.

Gaur egun, SOCADE (Inbertsio Estrategikoen Funtsaren kudeatzailea den aldetik) da higiezinen arloko hainbat aktiboren jabea eta aktibo horiek kudeatzeaz arduratzen da. Aktibo horiek, gainera, hainbat hirigintza-arrazoi direla-eta ez dute dagoeneko erabilera industrial argirik.

Higiezinen arloko aktibo horiek kudeatzeko hirigintza-negoziazio konplexuak egin behar dira Udalekin, baita beste hainbat jardun ere, SOCADEk dituen ezaugarriengatik eta egitura-ezagatik gauzatu ezin dituen jardunak, hain zuzen ere. Ildo horretatik, Sprilur, S.A. enpresara mugitu behar da higiezinen arloko aktibo horien kudeaketa.

Hortaz, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Lurzoruaren Funts Estrategikoa sortzea onartu ondoren, hitzarmen honek honako hauek ahalbidetuko ditu:

– Lurzoruaren Funts Estrategikoa kontrolatzeko eta hari jarraipena egiteko zeregina Inbertsio Estrategikoen Bulegoaren esku uztea.

– Sprilur, S.A. enpresaren esku uztea, formalki, Inbertsio Estrategikoen Funtsean dauden higiezinen arloko aktiboen hirigintza-kudeaketa, Lurzoruaren Funts Estrategikorako ezarritako irizpideekin.

Aurreko guztia dela-eta, bertaratuek, daukaten ordezkaritzaren izenean, hitzarmen hau onartzea erabaki dute

HITZARMENA

Honako hizpaketa hauen arabera:

HIZPAKETAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen xedea Lurzoruaren Funts Estrategikoa eratzea da, eta Funts horren helburua lurzoru industrialaren alorrean jardunak egitea da, berraktibazio ekonomikorako estrategikoak izango diren eta enpresa-proiektu berriak ezartzen eta garatzen lagunduko duten jardunak, betiere 2010eko otsailaren 12an Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak hartutako erabakian eta 2010eko ekainaren 1ean Inbertsio Estrategikoen Bulegoak egindako bileran ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Ezartzen da Lurzoruaren Funts Estrategikoaren hornidura 30.050.500 euro izango dela, eta ekarpen hori honela banatuko da:

I.– Arabako Lurralde Historikoa: 2.704.500 euro (% 9,00).

II.– Bizkaiko Lurralde Historikoa: 9.375.800 euro (% 31,20).

III.– Gipuzkoako Lurralde Historikoa: 5.950.000 euro (% 19,80).

IV.– Euskal Autonomia Erkidegoa: 12.020.200 euro (% 40,00).

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak 2010eko otsailaren 12an hartutako erabakia betez, eta Hitzarmen hau onartu ondoren, SOCADEk 30.050.500 euro transferituko ditu Sprilur, S.A. enpresaren kontura Lurzoruaren Funts Estrategikorako soilik erabiltzeko.

Zenbateko horren kudeaketak sortzen dituen gainbalioak Lurzoruaren Funts Estrategikoaren kontuan sartu beharko dira berriro, lurzorua sortzeko ekimen berriei hasiera emateko.

Hirugarrena.– Higiezinen arloko zenbait aktiboren (gaur egun SOCADE da horien titularra) berregokitzapen industriala ahalbidetzeko, Sprilur, S.A. enpresari ematen zaio 1. eranskinean azaltzen diren higiezinak kudeatzeko ardura.

Laugarrena.– Inbertsio Estrategikoen Bulegoak, hura sortzeko erabakian azaltzen diren eginkizunez gain, Lurzoruaren Funts Estrategikoari dagokionez, honako eginkizun hauek izango ditu:

– Aurkeztutako proiektu bakoitzaren proposamenak onartzea. Baita Lurzoruaren Funts Estrategikoari atxikitako ondasunen eta eskubideen kudeaketari eta antolamenduari dagokionez, egokitzat hartzen dituenak ere.

– Funtsaren funtzionamendu egokia bermatzeko eta Aginduan egin beharreko aldaketak zehazteko komenigarritzat jotzen dituen neurri guztiak onartzea eta erakunde bakoitzeko organo eskudunei proposatzea.

– Funtsaren eskura jarritako Baliabide Ekonomikoak aldatzeko edo banatzeko proposamenak egitea organo eskudunei.

Bulegoa bere esku-hartzea egokitzat hartzen den guztietan bilduko da.

Inbertsio Estrategikoen Bulegoa Akordio honetan aurreikusitakoaren arabera arautuko da, baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluaren II. kapituluan ezarritakoaren arabera ere, kide anitzeko organoen funtzionamenduari dagokionez.

Idazkaritza Teknikoa: Funtsa hobeto garatzeko eta bere eginkizunak behar bezala betetzeko, Bulegoak Idazkaritza Teknikoa izango du. Industria Garatzeko zuzendaria egongo da haren buruan, eta Eusko Jaurlaritzaren bi ordezkari gehiagok eta Foru Aldundi bakoitzeko ordezkari batek ere parte hartuko dute Idazkaritza horretan, kasuan kasu egokitzat jotzen dituzten teknikarien laguntzarekin.

Bosgarrena.– Sprilur, S.A. enpresak kudeatuko du Lurzoruaren Funts Estrategiko hau, lurzoruaren kudeaketaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa baita.

Seigarrena.– Honako hauek izango dira Sprilur, S.A. enpresaren eginkizunak:

– Bitartekotza-lana egitea, erakunde arteko informazioari, komunikazioari eta laguntzari buruzko jardunak betetzen direla bermatzeko.

– Urteko Kudeaketa Plana aurkeztea, aurreikusitako jardunak –Lurzoruaren Funts Estra­tegikoaren kargurakoak– zehaztuta. Aurreikusitako jardunak dagokion Foru Aldundiarekin adostuko dira, jardun horiek egingo diren Lurralde Historikoaren arabera.

– Higiezinen arloko aktiboen balioa optimizatzea, aktibo horien agindutako kudeaketaren arabera, jarduera ekonomiko berriak barne hartzeko, ahal bada.

– Lurzoruaren Funts Estrategikoaren kudeaketa gauzatzea dagozkion ordainketen eta diru-sarreren bitartez.

– Ekitaldi bakoitzaren amaieran, egindako eragiketen Azalpen Memoria aurkeztea: gastuak eta diru-sarrerak identifikatuz eta sortutako egoerak aztertuz. Baita lortutako diru-sarrera eta gainbalioekin jardun berriak proposatuz ere.

Zazpigarrena.– Lurzoruaren Funts Estrategikoarekin finantzatutako proiektuak estrategikotzat hartuko dituzte sinatzaileek; horregatik, sinatzaile horiek dituzten eskumenak baliatuz, ahaleginak egingo dituzte proiektu horien kudeaketa eta hirigintza-izapidetzea hoberenak izan daitezen, proiektu horiek EAEko enpresen edo EAEn aberastasuna sortzeko interesa duten enpresen eskura jartzeko lehenbailehen.

Zortzigarrena.– Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak bermatuko ditu Inbertsio Estrategikoen Bulegoak proposatuta Lurzoruaren Funts Estrategikoan garatzen diren jardunak. Horretarako, Bulego honek Funtsaren egoerari buruzko txosten bat bidaliko dio urtean behin, ekitaldiaren amaieran. Txosten horretan honako alderdi hauek azalduko dira, besteak beste:

– Onartutako proiektuak.

– Egikaritzen ari diren proiektuen bilakaera.

– Hartutako konpromisoak.

– Itzulerak.

– Egindako aurrekontu-kostua.

Bederatzigarrena.– Lurzoruaren Funts Estrategikoaren likidazioa Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak onartuko du, Inbertsio Estrategikoen Bulegoak proposatuta. Haren banaketa Lurzoruaren Funts Estrategikora egindako portzentajezko ekarpenen arabera egingo da.

Eta horrekin guztiarekin ados daudela erakusteko, goiburuan azaltzen den egunean eta tokian sinatu dute bertaratuek hitzarmena.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Arabako Foru Aldundiaren diputatu nagusia,

XABIER AGUIRRE LÓPEZ JAUNA.

Bizkaiko Foru Aldundiaren diputatu nagusia,

JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

I. ERANSKINA
HIGIEZINEN ARLOKO AKTIBOEN ZERRENDA

Higiezinak honako hauetan:

Guascor, S.A. (Zumaia).

Termoelectricidad Bizkaina, S.L. (Bilbao).

Cables y Alambres, S.A. (lehen Franco Española de Alambres y Cables, S.A.) (Erandio).

Mecatecnica, S.A. (Divimek, S.L.) (Mallabia).

Forjas de Lazkao, S.A.L. (Lazkao).

Sacem (Villabona).

Sociedad de Envases, Tubos y Estuches, S.L. (Hernani).

Gama Embuticion del Acero, S.A. (Urduña).

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 31KO 52/2012 EBAZPENARENA
BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA FUNDAZIOA ERAKUNDEAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO, BIZKAIKO FORU ALDUNDIKO ETA BILBOKO UDALEKO ORDEZKARITZEN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, ARTELANAK EROSTEKO BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOAREN INBERTSIOAK PARTZIALKI FINANTZATZEKO 2012-2018 EKITALDIETAN

Bilbon, 2012ko ekainaren 19an.

BILDU DIRENAK

Alde batetik, Javier Viar Olloqui jauna, Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren izenean eta haren ordezkari gisa jardunez, bertako zuzendaria den aldetik

Beste alde batetik, María Blanca Urgell Lázaro andrea, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburua den aldetik.

Eta Jose Luis Bilbao Eguren jauna, Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia den aldetik.

Eta Iñaki Azkuna Urreta jauna, Bilboko Udaleko alkatea den aldetik.

PARTE HARTZEN DUTE:

Lehenengoak, Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren zuzendaria den aldetik, Fundazioaren Patronatuaren 2002ko apirilaren 16ko hitzarmena dela bide, eskritura publiko bihurtu zena Bilboko notario José M.ª Arriola Arana jaunaren aurrean, 928 protokolo zenbakiarekin.

Bigarrenak, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburua den aldetik, Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) dela bide eman zaizkion eskumenak baliatuz.

Hirugarrenak, Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia den aldetik, Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Erakundeen Hautespen, Antolakuntza, Araubide eta Jardunbideari buruzko otsailaren 13ko 3/1987 Foru Araua dela bide dagozkion eskumenak baliatuz.

Laugarrenak, Bilboko Udaleko alkatea den aldetik, toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen arabera (Tokiko Gobernua modernizatzeko neurrien abenduaren 16ko 57/2003 Legeak aldatua) eman zaizkion eskumenak baliatuz.

Alderdi guztiek, euren karguen berezko egitekoetan ari direla, lankidetza hitzarmen hau egiteko erabateko gaitasuna aitortu diote elkarri eta ordezkatzen dituzten erakundeen gaitasun osoa haien gain hartuz,

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– Fundación Museo de Bellas Artes de Bilbao-Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioak (IFK: G95122321), Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 2000ko azaroaren 15ean eratu zutenak (aurrerantzean Museoa Fundazioa), besteak beste jatorrizko xedeen artean du Bilboko Arte Ederren Museoko antzinako artelanen eta artelan moderno eta garaikideen bilduma bildu, gorde, aztertu eta erakustea, aberasten saiatzea, zerbitzuei eustea eta kalitatezko jarduerak sustatzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko kultura balioen proiekzioan eta gizartearen hezkuntzan ekarpen nabarmena egiteko xedez.

Bigarrena.– Hiru erakunde fundatzaileen eskumenen artean daude kultura sustatzea eta hedatzea, horri esker bertako kultura ezagutaraztea eta garatzea ahalbidetuz eta gizartea kultura guztietara zabalduz. Horretarako, Bilbo, Bizkai eta Euskadiren izen ona modu berezian zabaltzeko arte adierazpenak zabaltzea antolatzen dute eta horretan laguntzen dute.

Hirugarrena.– Hala, Museoarentzat garrantzitsua da artelanak erosteko programa mantentzea. Museoa Fundazioak 2001eko abenduaren 26an sustatu zuen BBVArekin kolaboratzeko lehenengo lankidetza hitzarmena, eta horren bidez, artelanak eskuratzeko lehenengo programarako baldintzak artikulatu ziren, 2011ko abenduaren 31n bukatu zen Bildumaren Master Plana izenekoaren barruan.

Une honetan 2012-2018 aldirako lankidetza hitzarmen berria sinatzea planteatu da, Museoa Fundazioaren artelanak eskuratzeko programa nabarmen indartuko duena; oraingo honetan horren finantzaketan BBVA Fundazioak kolaboratzea aurrez ikusi da, kultura fundazio horren gaur egungo nagusia den aldetik.

Hain zuzen ere, Museoa Fundazioak KOI mailegu poliza bat sinatzea aurrez ikusi da, bi milioi eta ehun mila euroko zenbatekoduna eta zazpi urteko epemugaduna (2012-2018); horren finantza kargak BBVA Fundazioak egingo dituen ekarpenen bidez ordainduko dira, museoko gaur egungo nagusi eta erakunde kolaboratzaile den aldetik, eta nagusiaren amortizazioa, ostera, Museoa Fundazioak ordainduko du, eta horretarako museoaren jabe diren hiru erakundeek 7 urte horietan modu alikuotean ekarpen ekonomikoak ordaintzeko konpromisoa hartu dute, 300.000 euroko zenbatekoan urteko, alegia, 100.000 euro erakunde fundatzaile bakoitzeko 7 ekitaldi horietan.

Laugarrena.– Aurrean azaldutako helburua betetzeko, alderdiek ondoren adieraziko diren klausulak dauzkan hitzarmena adostu eta sinatu dute.

HIZPATU DUTENA:

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea 2012-2018 aldian Museoa Fundazioak artelanak eskuratzeko pro­grama finantzatzea da.

Horretarako, Museoa Fundazioak KOI mailegu poliza bat sinatuko du BBVA taldearekin.

Museoa Fundazioa bera izango da eragiketa horretako mailegu hartzailea.

Bigarrena.– Finantzaketa.

Hiru erakundeetako bakoitzak Museoa Fundazioari urteko ehun mila (100.000) euroko diru-laguntza ordaintzeko konpromisoa hartu dute, 2012-2018 aldian, biak barne, artelanak eskuratzeko programa finantzatzeko.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, bakoitzak guztira zazpiehun mila (700.000) euroko zenbatekoa ordainduko du 2012-2018 aldian, eta urteko horiek honela banatuko dira:

– 2012: ehun mila (100.000) euro.

– 2013: ehun mila (100.000) euro.

– 2014: ehun mila (100.000) euro.

– 2015: ehun mila (100.000) euro.

– 2016: ehun mila (100.000) euro.

– 2017: ehun mila (100.000) euro.

– 2018: ehun mila (100.000) euro.

Eusko Jaurlaritzak 2012an egin beharreko ekarpenak 11 4514 11 75401 003 Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioa, inbertsioak museoko ekipamenduetan, liburutegi funtsetan eta funts artistikoetan izeneko partidari egotziko zaizkio.

2013tik 2018rako ekitaldietan egin beharreko ekarpenak dagozkien ekitaldien aurrekontuetako legeetan berariaz ezartzen diren partidei egotziko zaizkie.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2012an egin beharreko ekarpenak dagokion ekitaldiko aurrekontuko 0404 G/450301/75100 2007/0174 partidari egotziko zaizkio.

2013tik 2018rako ekitaldietan egin beharreko ekarpenak dagozkien aurrekontuetako 0404 G/450301/75100 2007/0174 partidei egotziko zaizkie.

Bilboko Udalak 2012an egin beharreko ekarpenak ekitaldi bereko aurrekontuko 2012 21010 45170 7360400 partidari egotziko zaizkio.

2013tik 2018rako ekitaldietan egin beharreko ekarpenak dagozkien ekitaldien aurrekontuetako 21010 45170 73604 partidei egotziko zaizkie.

Erakunde publiko sinatzaileek, Jarraipen Batzordeak aurretiaz balioetsiz gero eta aurrekontu aukeren arabera, artelanak eskuratzeko programa hau finantzatzeko xedez Museoa Fundazioari egin beharreko ekarpenak handitu ahalko dituzte, bakarka zein modu bateratuan. Nolanahi ere, aukera horrek ez du konpromisorik sorraraziko ekarpenak ez handitzea erabakitzen duten erakunde publikoen gainean.

Hirugarrena.– Jarraipen Batzordea.

Alderdi sinatzaileek haien gain hartutako betebeharrak zein antolamendu juridikoak ezarri­takoak betetzen dituztela zaintzea Jarraipen Batzordearen lana izango da, hitzarmen honen xedea zuzen bete dadin eta jasotako funtsak zuzen aplika daitezen; erakunde fundatzaileen ordezkari gisa Museoa Fundazioko patronatua osatzen duten berezko kideek eta zuzendariak eratuko dute aipatutako jarraipen batzordea.

Hartara, hitzarmena zuzen betetzen dela ebaluatzeko, batzordea gutxienez urtean behin eta indarraldia bukatutakoan batzartuko da; fundazioko patronatuko idazkaria batzordeko idazkari ere izango da.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoak zuzenduko du jarraipen batzordea.

Laugarrena.– Justifikazioa eta ordainketa.

2013-2019 aldiko ekitaldi bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen Museoa Fundazioak aurreko ekitaldiari buruzko agiri hauek igorriko dizkie erakundeei:

a) Aurreko ekitaldiaren amaieran artelanek eskuratzeko programaren egoera ekonomiko-finantzarioa jasotzen duten kontabilitate agiriak eta egoeraren balantzea, baita ekitaldiko programaren aurrekontuaren eta gastuen eta diru sarreren aurrekontuen likidazioa ere.

b) Programari egotzita jasotako funts publikoak nola aplikatu diren justifikatzeko memoria.

c) Bidenabar, ohiko jarduerak garatzeko eta programa hau betetzeko bestelako diru laguntzak, laguntzak, diru sarrerak edo baliabideak jaso izana jakinarazi beharko du, horiek ematen dituzten erakunde edo pertsonak edozein izanda ere, publikoak zein pribatuak.

Urteko ekarpenak ordainketa bakarrean ordainduko zaizkio Museoa Fundazioari, aurrekontu ekitaldi bakoitzeko abendua baino lehen. Erakunde onuradunak Ogasun eta Gizarte Segurantza arloetako betebeharrak egunean dituela egiaztatu beharko du.

Hitzarmen honen bidez emandako ekarpenekin batera beste diru laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk jaso daitezke xede berarekin, estatuko, Europar Batasuneko zein nazioarteko edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emanak.

Bosgarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen hau indarrean jarriko da sinatzen den egunean bertan, nahiz eta 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko den ondorioak izaten; indarraldia 2018ko abenduaren 31 arte luzatuko da, diru laguntzen gaineko justifikazioari buruzko xedapenei eta horien ekonomia eta finantza kontrolari dagokienez salbu.

Seigarrena.– Aplika daitekeen araudia.

Hitzarmen honetan ezarri ez diren alderdi guztietarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazioko Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoa aplikatu beharko da, baita, izaera kontuan hartuta, aplikatzekoa den beste edozein arauditan xedatutakoa ere.

Zazpigarrena.– Gatazkak konpontzea.

Alderdi biek Bizkaiko Jaurerriko Abokatuen Bazkunaren arbitrajea onartu dute, hitzarmen honen ondoreen interpretazioaz sortzen diren zalantzak argitzeko.

Lankidetza hitzarmen hau irakurri ondoren, egilesleek adierazitako guztia onartu eta berretsi dute, eta ados daudela frogatzeko lau ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren zuzendaria, Javier Viar Olloqui jauna.

Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburua, María Blanca Urgell Lázaro andrea.

Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia, Jose Luis Bilbao Eguren jauna.

Bilboko Udaleko alkatea, Iñaki Azkuna Urreta jauna.


Azterketa dokumentala