
230. zk., 2012ko azaroaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (167 KB - 2 orri.)
- EPUB (95 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA
HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
5241
227/2012 DEKRETUA, urriaren 30ekoa, Perualde Elkartea (GGKE) onura publikokoa dela aitortzeko dena.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.
Lege horren babesean, Perualde Elkarteak (GGKE) aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, gizarte-bazterketaren aurka egiten duen lanagatik.
Eskaria egiten duen elkartea, abenduaren 1997ko urtarrilaren 20an eratu zen, eta, Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Araubide Juridikoaren zuzendariaren 1997ko otsailaren 12ko Ebazpenaz inskribatu zen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (erregistro-zenbakia: AS/B/06561/1997).
Elkarteak batik bat Bizkaiko Lurralde Historikoaren eremuan garatzen du bere jarduera.
Eratu zenetik, Perualde Elkarteak (GGKE) bere helburua lortzeko behar diren ekintza guztiak burutzen ditu. Hau du helburu nagusia: garapen bidean edo biztanle gehienentzat oso kaltegarri diren hondamen-gertaeratatik sortutako egoeratan dauden herrialdeetako garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala. Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.
Aipatu 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu baten bidez aitortuko du elkartea onura publikokoa dela. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek (gaiaren arabera) eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, Perualde Elkartea (GGKE) onura publikokoa dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak, bai instituzioak.
Ondorioz, Lehendakariaren eta Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 30ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Perualde Elkartea (GGKE), Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/06561/1997 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.
Horrekin batera, aitormen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan jasota daudenak.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 30ean.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
RSS