
226. zk., 2012ko azaroaren 22a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (222 KB - 6 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA SAILA
5154
235/2012 DEKRETUA, azaroaren 13koa, Vitoria-Gasteizko Santa Maria kaleko 5eko higiezina (Araba) partzialki desafektatzea erabakitzen duen Dekretua aldatzeko dena (abenduaren 23ko 312/1997 Dekretua, Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumento Multzo izendapenaz kalifikatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko dena).
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Eta aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.
Lege hori garatzeko, azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua eman zen: Kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzko Dekretua (azaroaren 26ko EHAA, 226 zk.).
Vitoria-Gasteizko Udalak bidezko desafektazio-espedientea hasteko jabeen eskaera bidali zuen Euskal Kultura Ondarearen Zentrora, lehen aipaturiko 306/1998 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
Higiezin hori oinarrizko babesa duen elementutzat jotzen du abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuak, alegia, Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatzeko denak (1998ko urtarrilaren 15eko EHAA, 9 zk.).
Baimendutako birgaitze lan batzuetan eraikina eraitsi egin zen. Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren urriaren 29ko 412/2008 Foru Aginduaren bitartez, ezetza eman zitzaion oin berriko eraikina altxatzeko proiektuari, dagokion udal lizentziaren izapideen ondorioetarako, bai eta Santa Maria 5eko higiezina eraisteko legeztatzeari ere, eraikitzeko esku-hartze hori debekatua baitago oinarrizko babesa duten eraikinetan. Higiezinaren jabeak, «Proyecto 1983, S.L.U.» enpresak, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen foru-agindu horren aurka.
Bidezko izapideak egin ondoren, maiatzaren 17ko 99/2011 Dekretuaren bidez (2011ko maiatzaren 25eko EHAA, 98 zk.), higiezina partzialki desafektatu zen, baina lursailaren afektazioari eutsita, alegia, eraikin berria altxatzeko abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuan aurreikusitako ordezte-arauak errespetatzeko betebeharra ezarriz (Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatzeko den 312/1997 Dekretua), besteak beste lehendik zeuden teilatu-hegalerainoko eta gailurrerainoko altuerei eustea. Dekretu horren aurka berraztertze errekurtsoa aurkeztu zen, baina Gobernu Kontseiluak ezetsi egin zuen 2011ko irailaren 6ko erabaki baten bitartez. Eta erabaki horren aurka, era berean, administrazio-bidea amaitzen baitu, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen higiezinaren jabeak Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan.
2011ko urriaren 6ko 635/2011 epaiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebazpena eman zion «Proyecto 1983, S.L.U.» enpresak jarritako 524/2009 administrazioarekiko auzi-errekurtsoari, zeinaren bitartez zuzenean aurkaratu baitzen urriaren 29ko 412/2008 Foru Agindua, ezetza eman ziona oin berriko eraikina altxatzeko proiektuari eta higiezina eraisteko legeztatzeari ere. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoan, zuzenean aurkaratu zen 412/2008 Foru Aginduaren kontrako berraztertze errekurtsoaren presuntziozko ezespena, eta zeharka abenduaren 23ko 312/1997 Dekretua, Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoaren sailkapena ezarri zuena, zeren eta dekretu horrek Santa Maria 5eko eraikina sartu baitzuen oinarrizko babesa duten elementuen multzoan.
Aipaturiko epaiak ezetsi egin zuen 312/1997 Dekretuaren zeharkako aurkaratzea, eta 412/2008 Foru Agindua zuzenbidearekin ez datorrela bat adierazi zuen, bai eta «Vitoria-Gasteizko Santa Maria kaleko 5eko eraikina 2008ko urtarrileko proiektuaren arabera berreraikitzeko bidezkotasuna» ere.
«Proyecto 1983, S.L.U.» enpresak berrikusteko errekurtso berezia aurkeztu zuen higiezina partzialki desafektatzea erabakitzen duen 99/2011 Dekretuaren aurkako berraztertze errekurtsoa ezesten duen Gobernu Kontseiluaren 2011ko irailaren 6ko Erabakiaren aurka. Izan ere, beraren aburuz, 635/2011 epaia funts-funtsezkoa da errekurritutako ebazpenaren errakuntza erakusteko.
Kultura Sailak, ikusirik urriaren 6ko 635/2011 epaiak jadanik adierazi duela eraikina proiektu jakin baten arabera berreraikitzea bidezkoa dela («2008ko urtarrileko eraikitze proiektua»), zeinean eraikinaren altuerak eta gainerako ezaugarriak ezartzen diren, eta, gainera, era irmo batez adierazita daudela horiek, ondorioz, erabaki zuen ez direla bidezkoak 2008ko urtarrileko Dekretuari eragin diezaioketen errekurritutako dekretuan eta egintzan jasotzen diren mugak. Orobat, kontuan harturik ez dela bidezkoa jadanik ez dagoen zerbaiten desafektazioa deklaratzea, errekurritutako dekretuan esaten den moduan, Kultura Sailak erabaki zuen dekretua aldatzea, ebazpen judizialak emandako aginduetara egokitzeko.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2012ko ekainaren 12ko Ebazpenaren bidez, Vitoria-Gasteizko Santa Maria kaleko 5eko higiezina (Araba) desafektatzea erabakitzen duen maiatzaren 17ko 99/2011 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera eman zitzaion eta interesdunei entzunaldia eman eta jendaurrean jarri zen.
Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Iván Miguel Segurado Echeverría jaunak alegazio-idazki bat aurkeztu zuen, Gasteizko Santa Maria kaleko 3 zenbakiko etxejabeen elkartearen izenean eta ordez.
Lehenik eta behin, alegazio-egileak dio sustatzaileak legez kanpo eraitsi zuela higiezina, eta eraikin berriak gainditu egiten duela 312/1997 Dekretuak ezarritako gehienezko garaiera, alegia, Gasteizko Erdi Aroko Herrigunearen Birgaitze Integralerako Plan Berezian ezarritako garaiera.
Eraispena legez kanpokoa den ala ez, bada esan beharra dago epaiaren arabera ezin dela legezkotzat jo eta, hortaz, hortik zehapen administratiboak etor daitezkeela.
Garaiera-muga gainditu den ala ez, epaiak ondorioztatzen du, espedientea osorik ikusita eta txosten perizialen argitan, ezen, Santa Maria kalera jotzen duen fatxada nagusiari dagokionez, berez baimenduta dagoen gehikuntza bat izango litzatekeela, hots, honako arau hauetan oinarri hartuta: 855/2006 eta 101/2007 Foru Aginduak, birgaitzeko oinarrizko proiektua onartu zutenak, eta exekuzio-proiektuaren II. eranskina; izan ere, arau horietan aurreikusita dago garaiera-gehikuntza hori, bai eta Erdi Aroko Herrigunearen Barne Erreformako Plan Berezira egokitzea ere.
Bigarrenik, 99/2011 Dekretua dela eta, uste du lursaila desafektatu egin beharko litzatekeela bertan berreraiki ahal izateko, eta berreraikitze horri aplikatu beharko litzaizkiokeela 312/1997 Dekretuak Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko Herrigunearen monumentu-multzoari aplikatzen dion araudiaren mugak.
99/2011 Dekretua dela eta, esan behar da beraren bitartez higiezina desafektatu zela, baina lursailaren afektazioari eutsita, alegia, eraikin berria altxatzeko abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuan aurreikusitako ordezte-arauak errespetatzeko betebeharra ezarriz, besteak beste lehendik zeuden teilatu-hegalerainoko eta gailurrerainoko altuerei eustea. Gorabehera horri dagokionez, epaiak dio ezen, babestutako eraikina jadanik ez dagoenez, eztabaidaren zentzu bakarra justifikatzen dela bakarrik berreraikitze edo birjartzearen bidezkotasunari erreparatzen bazaio, hau da, jatorrizko eraikina zegoen tokian eraikin berri bat altxatzen bada. Epaiak erabat baztertzen du espazioa hutsik uztea; beraz, irtenbide bakarra Foru Aldundiak proposaturikoa zen: birjartzea. Kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aburuz arestian aipatutako foru-aginduek zilegitzat jotzen dutela garaiera-gehikuntza, komenigarria iruditu zaigu 99/2011 Dekretutik ezabatzea lehendik zeuden teilatu-hegalerainoko eta gailurrerainoko altuerei eusteari buruzko pasartea.
Hirugarrenik, alegazioan esaten da epaiak ez duela inolako eraginik 312/1997 eta 99/2011 Dekretuetan, eta proposatzen duen gauza bakarra dela Arabako Foru Aldundiaren egintza administratibo bat baliogabetzea, berreraikitzeko baimenari ezetza eman baitzion izapideen ondorioetarako. Uste du, gainera, epaiak ez duela eraginik Eusko Jaurlaritzak alor horretan eman ditzakeen arau juridikoetan, ezta ere monumentu-multzoaren elementuak arautzeko duen ahalmenean.
Horri erantzunez, esan beharra dago 635/2011 epaiak ezetsi egiten duela abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren zeharkako aurkaratzea, eta ez duela inon ere aipatzen maiatzaren 17ko 99/2011 Dekretua, ez baitzuen dekretu hori aurkaratu. Guztiarekin ere, gogorarazi behar da epaiak adierazi duela bidezkoa dela eraikina 2008ko urtarrileko proiektuaren arabera berreraikitzea eta, bestalde, bistakoa da epaian argitu egiten direla bi dekretuetan araututako alorrean eragin zuzen-zuzena duten zenbait kontu, esate baterako: Aldundiak xedatutako berreraikitze edo birjartzearen bidezkotasuna; garai batean egon zen baina jadanik ez dagoen eraikin babestu baten desafektazioa izapidetzerik ez dagoela, eta eraikin berriaren garaiera-gehikuntza legeztatzea. Ondorio judizial horiek ikusita, segurtasun juridikoaren printzipio konstituzionala aintzat hartuta, eta auzigaia gauza epaitua denez gero, 99/2011 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera eman zaio, epaian xedatutakoari egokitu ahal izateko.
Alegazioak, azkenik, dio eraikin berriari abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuko 16. artikulua aplika dakiokeela, eta arau-hauslearen mesedetan garaiera handitzeari baimena ematen bazaio dispentsa-erreserba bat baimenduko litzatekeela –hain zuen Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak debekatu egiten du figura hori–, eta gainera lege horrek aurreikusten duen berreraikitzeko obligazioa urratu egingo litzatekeela.
Abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren 16. artikulua elementu ordezkagarriei aplikatzekoa da, hau da, arkitektura, historia edo artearen aldetik baliorik ez duten eta, horrenbestez, edozein jarduketa egitea posible den elementuei; jarduketa horien artean ordezkatzea ere sartzen da, baldin eraikin berria aurretik dagoen multzoarekin egokiro uztartzen edo integratzen bada. Kasu honetan 15. artikulua izango litzateke aplikagarria, zeren eta Santa Maria 5eko eraikina oinarrizko babesa duten elementuen artean baitzegoen, eta kategoria hori aplikatzen zaie arkitektura, historia edo artearen aldetik balio berezirik ez izan arren ikuspegi tipologikotik edo ingurumenetik ondare eraikiaren alderdi interesgarriak diren higiezinei. Artikulu horrek oinarrizko babesa duten higiezinetan egin daitezkeen jarduketak zerrendatzen baititu, hari jarraiki eman zuen Foru Aldundiak baimena eraikina birgaitzeko, eta baimen horrek ahalbidetu zituen geroko eraispena egiteko lanak, auzigai honen sorburuan daudenak.
Dispentsa-erreserba dela eta, argitu beharra dago Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 4.5 artikuluak honako hauek aipatzen dituela: «...hirigintzako plangintzan eta hirigintzako gainerako arauetan salbuespenak egiteko ezarritako erreserbak, eta orobat herri-administrazio eskudunek lege honetan xedatutakoa kontuan hartu gabe emandakoak». Bistan da kasu honetan ezin dela artikulu hori aplikatu. Izan ere, desafektatzeko erabili beharreko legedi aplikagarria, eta gerora desafektazioa aldatzekoa ere bai, kulturaren alorrekoa da, ez hirigintzaren alorrekoa. Gainera, gogoratu behar da Kultura Sailak ez duela hirigintzaren alorreko eskumenik, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean aipatutakoak izan ezik.
Alegazioan aipatzen den berreraikitzeko obligazioari dagokionez, hizpidera ekarri behar dugu Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 219. artikuluak dakarren ezkutuko jarreren definizioa: «administrazio-titulu legitimatzailerik gabe edo horiek alde batera utzita nahiz horien aurka egin direnak edo egiten ari direnak». Jarrera horiek direla eta, Legeak dio ezen, jarduera ezin dela legeztatu adierazten bada, edo legeztatzeko eskaera epez kanpo aurkeztu bada, bidegabe eraitsitakoa berriro eraikitzeko aginduko dela (221.6.c artikulua). Gagozkion kasuan, azpimarratu behar da birgaitzeko lanak udal-baimena zuela; beraz, nekez pentsa liteke legeak «ezkutukotzat» jotzen dituen horietako baten aurrean gaudenik. Gainera, ezkutuko jarduketa izango balitz ere, udalarena izango litzateke legeztatzeko eskabidearen gaineko ebazpena emateko eskumena, bai eta ekintza legezkoa den ala ez erabakitzea ere. Alegia, administrazio honek ez luke esatekorik batere, ez baitauka horretarako eskumenik.
Hori guztia kontuan hartuta, ezetsi egiten dira aurkeztu diren alegazioak.
Ondorioz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Kulturako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2012ko azaroaren 13ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea Vitoria-Gasteizko (Araba) Santa Maria kaleko 5eko higiezina partzialki desafektatzea erabakitzen duen maiatzaren 17ko 99/2011 Dekretuaren aldaketa. Higiezin hori abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren eraginpean dago, hau da, Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa kultura-ondasun gisa monumentu-multzo izendapenaz kalifikatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko den Dekretuaren eraginpean. Aldaketaren funtsa da Dekretua egokitzea Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren urriaren 6ko 635/2011 epaian xedatutakora, dekretu honen eranskinean azaltzen den testuaren arabera.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Kultura Sailak dekretu honen berri emango du Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta, horrekin batera, honako erakunde hauei jakinarazi: Vitoria-Gasteizko udalari (Araba), Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari.
Bigarrena.– Kultura Sailak eskaera egingo dio Vitoria-Gasteizko udalari udal hirigintza-araudia egokitu dezan monumenturen babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak hala xedatzen duelako.
Hirugarrena.– Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn, jende guztiak horren berri izan dezan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Eragindako lursailean egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, aurretik haren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena.– Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2012ko azaroaren 13an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Kulturako sailburua,
maría BLANCA URGELL LáZARO.
azaroaren 13ko 235/2012 dekretuaren ERANSKINA
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Aldatzea maiatzaren 17ko 99/2011 Dekretuaren artikulu bakarra. Honako hau esaten duenean:
«Vitoria-Gasteizko (Araba) Santa Maria kaleko 5eko higiezina partez desafektatzea, zeina abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuan sartuta baitago (Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko den Dekretua), eta lursailaren afektazioari eustea, alegia, eraikin berria altxatzeko 312/1997 Dekretuan aurreikusitako ordezte-arauak errespetatzeko betebeharra ezarriz, besteak beste lehendik zeuden teilatu-hegalerainoko eta gailurrerainoko altuerei eustea.»
Hau esan behar du:
«1. artikulua.– Vitoria-Gasteizko (Araba) Santa Maria kaleko 5eko higiezineko lursailaren afektazioari eustea, zeina abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuan sartuta baitago (Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatzeko eta hura zaintzeko babes arauak ezartzeko den Dekretua), eta eraikin berria altxatzeko 312/1997 Dekretuan aurreikusitako ordezte-arauak errespetatzeko betebeharra ezartzea.»
2. artikulua.– Aldatzea Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendapenaz kalifikatzeko den abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuko V. kapituluko 3. zerrenda. Honako hau esaten duenean:
«Santa Maria, 1, 3, 5, 7, 9, 15, 17 eta 19»
Hau esan behar du:
«Santa Maria, 1, 3, 5 zenbakiko lursaila, 7, 9, 15, 17 eta 19»
3. artikulua.– Bere horretan uztea aldaketatik kanpo geratzen diren maiatzaren 17ko 99/2011 Dekretuaren eta abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren gainerako xedapenak.
RSS