Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

226. zk., 2012ko azaroaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5153

AGINDUA, 2012ko azaroaren 7koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bidez, beka-deialdia egiten da, 2012-2013 ikasturtean nautikako eta arrantzako irakaskuntzen arloko ikasketak egiteko Pasaia eta Bermeoko Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastegietan eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean.

Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza-politika egokiari eustea da, besteak beste, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren helburuetariko bat. Horregatik, arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuna emateko, beharrezkoa da itsas langileei eta, oro har, merkatuaren betekizunetara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten eta aipatutako arrantza-sektorearen mesedetan.

Lurralde Politika eta Herri Administrazio Ministerioaren azaroaren 5eko 1442/2010 Errege Dekretuaren eta Jaurlaritzaren Lehendakaritzako azaroaren 9ko 288/2010 Dekretuaren bidez (azaroaren 16ko EHAA, 220. zk.) onartu egin zen, besteak beste, Itsasoko Gizarte Institutuak hezkuntza, enplegu eta enplegurako lanbide-heziketaren arloan dituen zereginak eta zerbitzuak eskualdatzea. Horren ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eskualdatzen zaizkio zerbitzu eta funtzio horiek, Bermeoko Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastegia eta bere lurralde esparruko instalazioak, Itsasmendikoi Sozietate Publikoari atxikitzen zaizkionak, hori arduratzen delako zerbitzu horretaz (85/2011 Dekretua, 2011ko maiatzaren 3koa). Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko azaroaren 29an hartutako Erabakiaren bidez, Itsasmendikoi-k izen hau hartu zuen: «Hazi Landa eta Itsas Ingurunearen Garapenerako Korporazioa, S.A.»

Abuztuaren 21eko 156/2012 Dekretuaren bidez, aldatu egiten da abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena. Bestalde, lanbide-heziketako sistema integral bat osatzeko asmoz, nautika- eta arrantza-arloko prestakuntza eta arlo horretako prestakuntza-ikastegiak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitzen zaizkio, eta, ondorioz, batetik indargabetu egiten dira azaroaren 28ko 249/2006 Dekretua eta maiatzaren 3ko 85/2001 Dekretua, nautika- eta arrantza-arloko prestakuntza-zerbitzuaren kudeaketa Itsasmendikoi S.A. sozietate publikoari atxikitzen diona, eta, bestetik, aldatu egiten da 629/2009 Dekretuaren 1. artikuluko s) idatzi-zatian jasotako eskumena, eta, horren ordez, honako hau onartzen da: «itsas eta arrantzaren eta nekazaritzaren arloan prestakuntza sustatzea». Aldaketa horren ondorioz, halaber, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren 19.p) artikulua ere aldatzen da, eta honela geratzen da: «itsas eta arrantza arloan prestakuntza sustatzea».

Eskumen-esparru berri horren barruan, eta lehen paragrafoan aipatutako helburu hori lortzeko, hain zuzen, egin dugu beken deialdi hau, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraikiz. Horri dagokionez, 2011ko ekitaldian, 2011ko urriaren 7ko Agindua argitaratu zen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Horren bidez, Pasaiako ItsasMendikoin eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean itsasoari eta arantzari buruzko ikasketak 2011-2012 ikasturtean egiteko bekak deitu ziren (2011ko azaroaren 11ko EHAA, 214. zk.).

Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan ezarritakoarekin bat (abuztuaren 21eko 156/2012 Dekretuak aldatu zuen 629/2009 Dekretua; 2012ko abuztuaren 31ko EHAA), eta Nekazaritza eta Arrantza Sailak proposatuta, honako hau

EBAzten DUT:

Lehenengoa.– Pasaiako eta Bermeoko Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastegietan eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean nautikari eta arrantzari buruzko ikasketak egiteko beken deialdia egitea, 2012-2013 ikasturterako.

Bigarrena.– Hona bekak zein gastutarako erabili ahalko diren.

– Ohiko bizilekutik kanpo bizitzeak eragindako gastuak.

– Ikastetxerako joan-etorriek eragindako gastuak.

– Mantenu-gastuak.

– Ikasketa-materialetarako gastuak.

Hirugarrena.– Hautagaiek lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira bekak, eta horretarako izendatuko den balorazio batzorde batek ezarriko du puntuazioa. Hautagai bakoitzari puntuazio esleitzeko, irizpide hauek baliatuko dira:

– Egin beharreko ikasketen maila:

* A maila.– Arrantzako kapitaina

Goi-mailako graduko prestakuntza-zikloak.....................8 puntu.

* B maila.– Gradu ertaineko prestakuntza-zikloak............6 puntu.

* C maila.– Itsasbazterreko patroi balioaniztuna...............2 puntu.

– Ohiko bizilekuko herritik ikastetxea dagoen herrirako distantzia:

* 1. taldea: 50 kilometrotik gorakoa.................16 puntu.

* 2. taldea: 30 eta 50 kilometro artekoa............8 puntu.

* 3. taldea: 10 eta 30 kilometro artekoa............4 puntu.

* 4. taldea: 5 eta 10 kilometro artekoa..............2 puntu.

– Eskatzailearen inguruabar pertsonal eta familiarrak:

* Bizikidearengatik (ez badu ordaindutako lanik egiten)...........................2 puntu.

* Seme edo alaba bakoitzarengatik..........................................................2 puntu.

* Anaia-arreba bakoitzarengatik (baldin eta adingabekoak eta ezkongabeak badira, edo langabezian badaude eta euren familia-unitatean ezkontide bakarrak egiten badu lan ordaindua).......................................................................puntu 1.

– Eskatzaileak aurreko urtean lortutako diru-sarrera gordinak, alde batera utzita nondik datozen, edo haren familiak lortutakoak, baldin eta eskatzailea ekonomikoki familiaren mende bizi bada.

* 0 eta 6.000 euro arteko diru-sarrerak:..............................................8 puntu.

* 6.001 eta 12.000 euro arteko diru-sarrerak:.....................................4 puntu.

* 12.001 eta 18.000 euro arteko diru-sarrerak:..............................................2 puntu.

Laugarrena.– Balorazio Batzordeak esleituko die puntuazioa hautagaiei, aurreko puntuan azaldutako irizpideei jarraikiz egiten duen balorazioaren arabera.

Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

Presidentea:Pasaiako Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastegiko zuzendaria.

Idazkaria: Pasaiako Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastegiko irakasle-koordinatzailea.

Bokala: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako teknikari bat.

Gainera, Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean eta Bermeoko Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastegian ikasi nahi dutenek aurkeztutako eskabideak baloratzeko, ikastetxe horietako idazkaria eta irakasle-koordinatzailea izango dira Balorazio Batzordeko kide.

Bosgarrena.– Aurkeztutako eskabideak aztertu ostean, Balorazio Batzordeak eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten lagunak hautatuko ditu, dagokien puntuazioa esleituko die, eta ebazteko proposamena igorriko dio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari, zeinek ebazpen bidez eta hilabeteko epean esleituko baititu agindu honen bidez deitutako bekak. Onartutako hautagaien zerrenda, puntuazio zehatza eta esleitutako bekaren zenbatekoa: hori guztia jasoko du aipatu ebazpenak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpen baten bidez egingo zaie jakinarazpena interesdunei. Ebazpena hilabeteko epean argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarota, eskabideak ezetsitzat jo ahalko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako; nolanahi ere, aipatu legearen arabera, Administrazioak berariaz ebazteko obligazioa dauka. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean.

Seigarrena.– 1.– Gehienez ere, 126.000 euro baliatuko dira 2012-2013 ikasturterako deitutako bekak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera.

2.– Puntu honetan ezarritako zenbatekoa aldatu ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, betiere Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekontu-baliabiderik izanez gero eta laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordearen ebazpen batek emango du horren berri.

3.– Agindu honetan azaldutako baldintzak betetzen dituzten hautagai guztiek izango dute beka jasotzeko eskubidea. Bekak 150,25 eurokoak izango dira, gutxienez, eta 2.404,05 eurokoak, gehienez, eta bekadun bakoitzari esleitutako puntuen arabera eta proportzioan kalkulatuko dira. Puntuaren balioa honela kalkulatuko da: bekei esleitutako balioa zati bekadun guztiek lortutako puntu guztien kopurua. Beken balioa aurreko puntuan ezarritakoari jarraiki kalkulatuko da, eta bekadun guztien puntu guztiak, berriz, agindu honen 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera.

Zazpigarrena.– Bekaldiak ikasturte bat iraungo du.

Zortzigarrena.– 1.– Beka eskatzeko inprimakia ikastetxeetan jasoko da, eta eskatzaileak ikasten duen ikastetxeko idazkaritzan aurkeztu beharko da, honako agiri hauek gehituta:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan administrazioauzotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia. Baldin eta familia-unitateko kideren batek ez badu aipatutako aitorpena aurkezten, aurkeztera behartuta ez dagoelako, horixe egiaztatu beharko du Foru Ogasunaren ziurtagiri baten bidez, eta, era berean, egiaztatu beharko ditu, nominen edo ordainagirien bidez, lanagatik, langabezia-subsidioarengatik, pentsioarengatik edo antzeko kontzeptuengatik jasotako zenbatekoak.

d) Familia-elkarbizitzaren ziurtagiria.

Datuak egiaztatzeko sistemaren bidez kontsultatu daitezkeen agiriak aurkeztu beharrik ez dago, hala ezarrita baitago Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan. Hala ere, horretarako, interesdunak baimena eman beharko du, Herritarrek zerbitzu publikoak eskuratzeko sarbide elektronikoari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 6.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Bekaren gehieneko zenbatekoa diruz lagun daitezkeen gastuen batura izango da eta onuradunak gastu horiek benetan egin dituela egiaztatu beharko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren, 51.1 artikuluko e) eta g) letretan ezarritakoaren arabera.

3.– Beka-eskabideak honako ikastetxe hauetan aurkeztuko dira:

● Pasaiako Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastegia.

Marinos 2, 20110 Pasaia (Gipuzkoa)

● Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxea (Bizkaia).

San Inazio, 21 – 48700 Ondarroa (Bizkaia)

● Bermeoko Lanbide Heziketako Itsasketa eta Arrantza Ikastegia.

Ongintza z.g. - 48370 Bermeo (Bizkaia)

Bederatzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Hamargarrena.– Emandako diru-laguntza, bekak edozein zenbateko duela ere, bi zatitan ordainduko da: lehenengo ordainketa, guztizko zenbatekoaren % 35, ikasturteko lehenengo hiruhilekoa amaitzean egingo da; eta bigarrena, guztizko zenbatekoaren % 65, ikasturtea amaitzean, betiere ikasleak probetxua atera badio eta matrikulatutako modulu edo ikasgai guztiak gainditu baditu.

Diru-laguntza jasotzeko, Hirugarrenaren Alta-agiria aurkeztu beharko du bekadunak.

Hamaikagarrena.– Beka-eskabidea aurkezteak berekin dakar bekak deitzeko agindu honetan ezarritakoa formalki onartzeko konpromisoa. Bekadunak arau honetan ezarritakoa urratuz gero, onartu eta eman zitzaion zenbatekoa bueltatu beharko du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere.

Behar bezala justifikatutako arrazoi bat dela-medio, bekari uko eginez gero, bekagatik kobratutako eskubide ekonomikoen parte bat bueltatu beharko du. Garatzeke geratzen den bekaldia eta bekaren zenbatekoa kontuan hartuta kalkulatuko da zenbat diru itzuli behar duen.

Hamabigarrena.– 1.– Eskolara joan ezean, beka jasotzeko eskubidea galduko du ikasleak. Ez-bertaratzea honelaxe neurtuko da:

– Ikaslea ez badoa eskolara, justifikatu gabe, eskolaldiaren % 15ean baino gehiagotan, beka galduko du, eta jasotako kopuruak bueltatu beharko ditu.

– Justifikatutako falten kasuan, falta-kopuruak eskola-orduen % 30etik gora egiten badu, goiko lerroaldean zehaztutako ondorioak izango dira. Nolanahi ere, klasera bueltatzen den unean bertan aurkeztu beharko du ikasleak eskolara joan ez izanaren justifikazioa.

2.– Ikasturtea errepikatzen ari diren ikasleek, hala balegokie, ohiko bekaren % 50eraino lortu ahalko dute, baldin eta aurreko ikasturteari probetxua ez ateratzeko arrazoia behar bezala justifikatzen badute, eskolaz kanpoko arrazoi larriengatik; arrazoi horiek kasuan kasu baloratuko ditu agindu honen ebazpen-zatiaren 4. paragrafoan ezarritako batzordeak.

Hamahirugarrena.– Ezin da aldi berean baliatu ikasteko beka hau eta helburu bererako funts publikoen kontura ematen den beste edozein laguntza, eta, horrenbestez, eskatzaileak, agindu honetan deitutako beketako bat esleitzen badiote, laguntzetako bati uko egin beharko dio.

Hamalaugarrena.– Bekadunak beka galduko du eta jasotako zenbatekoa gehi dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bueltatu beharko dizkio, gehienez bi hilabeteko epean, baldin eta agindu honetan eskatutako baldintzaren bat, edozein ere, bete ez duela egiaztatzen bada, onuradunak aurkeztu zuen dokumentazioan jasotako datuak okerrak edo faltsuak badira, eskolari probetxurik atera ez badio eta/edo ez bada klasera joan; edo beste ez betetzeren bat egin badu, bai bekaren xedeari dagokionez, bai eta laguntza emateko eskatutako baldintzei dagokienez ere. Horrelakorik gertatzekotan, ikastetxeko zuzendaritzek ziurtatu beharko dute, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aurrean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 7a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala