
226. zk., 2012ko azaroaren 22a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (255 KB - 9 orri.)
- EPUB (241 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
5147
AGINDUA, 2012ko azaroaren 6koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikastetxe publikoetan eskolatuta dauden hezkuntza-premia berezietako ikasleentzat eskola-garraiorako banakako diru-laguntzak deitzen dituena. 2012-2013ko ikasturtea.
Irakaskuntzaren zerbitzu osagarri gisa antolatzen du, ikasturte bakoitzean, eskola-garraioa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak. Zerbitzu hori ibilbideen kontratazioan konkretatzen da eta, ibilbide horiek zehazteko, ikasleen helbidearen eta ikastetxearen arteko distantzia eta ikasleen kopurua hartzen dira kontuan.
Ikasle zehatz batzuen kasuan, alternatiba bat bilatu behar zaie, egunero ikastetxera joateko. Ohiko garraioa erabiltzea galarazten dien elbarritasun fisikoari, psikikoari edo zentzumenekoari lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek, edo elbarritasun horiengatik ezarritako ibilbideetara egokitzen ez direnek, osatzen dute kolektibo espezifiko hori. Horretarako, banakako diru-laguntzen deialdi hau egiten da.
Horregatik guztiarengatik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren eremuko diru-laguntzak arautzeari buruzko Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratuak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak, VI. tituluan azaltzen dituen xedapenen arabera,
Eta, Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren konturako gastu-espedienteen aldez aurreko tramitazioa arautzen duenak, xedatutakoaren arabera, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
2012-2013ko ikasturtean ikastetxe publikoetan matrikulatuta dauden eta elbarritasunari lotutako hezkuntza-premia bereziak (aurrerantzean HPB) dituzten ikasleentzat eskola-garraiorako banakako diru-laguntzak deitzea du agindu honek helburu.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan jasota agertzen diren aurrekontu-kredituetatik etorriko dira aurreko artikuluaren helbururako erabiliko diren baliabide ekonomikoak. Deialdi honetarako, zenbateko hori 2.127.000 eurokoa da. Ekitaldi bakoitzean eman beharreko diru-laguntzen kopuru osoak ez du aipatutako zenbateko hori, edo berau gaurkotzearen ondoriozkoa, gaindituko, indarreko legeriak aurreikusten duen kreditu-loturaren edo aurrekontua aldatzeko erregimenak xedatutakoaren arabera, eta, behar izanez gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu ez diren aurrekontu-kopuruen arabera. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da zirkunstantzia horren berri.
2.– Aurrekontuan sartutako fondoak nahiko ez badira, fondo horiek ezarritako epean aurkeztutako eskaera guztien artean banatuko dira, eskaera horiek exijitutako baldintzak betetzen badituzte eta guztiz betetzeko behar den zenbateko osoari begira haietako bakoitzerako hasieran kalkulatutako kopuruen proportzio berean.
3. artikulua.– Baldintza orokorrak.
Ondorengo baldintzak betetzen dituzten hezkuntza-premia berezietako ikasleek izango dute deialdi honetan parte hartzeko aukera:
a) 2012-2013ko ikasturtean ikastetxe publiko batean matrikulatuta egotea.
b) 21 urte baino gehiago ez izatea 2012ko abenduaren 31n.
c) Lurralde mailako organo eskudunak emandako elbarritasun-ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagiri horrek elbarritasun mota eta maila adierazi beharko ditu.
d) Eragin-eremuaren arabera helbidetik hurbilen dagoen ikastetxera joatea.
e) Ohiko eskola-garraioa erabili ezin izatea, berritzeguneko hezkuntza-premia berezietako aholkularitzak egindako balorazioaren arabera.
f) Dohainikako eskola-garraioa, edo erakunde publiko edo pribatuek guztiz diruz lagundutakoa, erabiltzeko aukerarik ez izatea.
g) Salbuespen gisa, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzak espresuki horrela esan duelako, itunpeko ikastetxe pribatu batean eskolatuta egotea, bizi den tokiaren eragin-eremuan ikaslearen hezkuntza-premia berezietara egokitutako ikastetxe publikorik ez badago.
4. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Helbidearen eta ikastetxearen artean ikaslearen elbarritasunera egokitutako garraio-zerbitzu publikoa (autobusa, trena, tranbia, taxia...) badago, ematen zaion diru-laguntzak garraio merkeenaren kostua ordainduko du.
2.– Ikasleak garraiatzeko ibilgailu partikularrak erabiltzen badira, diru-laguntzaren zenbatekoa, bidaia bakoitzerako, kalkulatzeko horrela egingo da: ikastetxearen eta helbidearen arteko kilometroen kopurua bider 0,29 euro. Ikasleari garraiatzen zaion bidaiak besterik ez dira diruz lagunduko.
3.– Ikastetxeak eskola-jantokia duen kasuetan, ez dira egunean bi bidaia baino gehiago diruz lagunduko; lau baino gehiago inoiz ere ez.
5. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
6. artikulua.– Kudeaketa Batzordea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, edo eskuordetzen duen pertsona, izango da Kudeaketa Batzordearen buru eta kide hauek batzorde hori osatuko dute:
– Hezkuntza Bereziaren arduraduna.
– Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari nagusia edo eskuordetzen duen pertsona.
– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde teknikariak.
7. artikulua.– Eskaerak: dokumentazioa eta bateraezintasuna.
1.– Diru-laguntza eskaerek, agindu honen I. eranskinean agertzen den ereduaren arabera, aitorpen arduratsua sartuko dute, eskatzaileak baldintza hauek betetzen dituela egiaztatuko duena:
a) Ez zaio, zigor edo administrazioaren bidetik, diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea ondorio duen zigorra ezarri eta, halaber, ez du diru-laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekurik, ezta otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunarenak, seigarren azken xedapenean zehaztutakoaren arabera sexu-diskriminazioa egiteagatik dauden debekuak ere.
b) Ez dago diru-laguntzak itzultzeko inolako prozeduratan, ezta inolako zigor-prozeduratan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek ematen dituzten diru-laguntzen eremuan hasi eta oraindik tramitatzen ari diren prozeduretan, alegia.
c) Bere gain hartzen du diru-laguntza emateko exijitu eta kontuan hartzen diren baldintzetako bati eragiten dion edozein zirkunstantzia Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinarazteko konpromisoa.
2.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak ez dira beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berbererako eman ahal dituzten beste batzuekin bateragarri.
3.– Diru-laguntzak itzultzeko edozein prozedurak, edo edozein zigor-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek helburu berbererako ematen dituzten diru-laguntzen eremuan hasi eta oraindik tramitatzen ari badira, bukatzearen menpe egongo da diru-laguntzak eman eta haien zenbatekoa onuradunei ordaintzeko prozesua.
4.– Abenduaren 13ko 15/1999 Legeak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legeak, Titularitate Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia Sortzeari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, deialdi honen tramitazioan jasotzen diren datu pertsonalak, parte-hartzaileek ematen dute tratatu eta argitara emateko baimena, Hezkuntza Berezia izeneko fitxategi batean sartuko dira. Diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta parte hartzen duten pertsonei informazioa ematea izango ditu fitxategi horrek helburu. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira datuak sartu, zuzendu, itxi eta aurkatzeko aukera eta, horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste organismo publiko batzuetan aurkeztutako agiriak egiazkoak diren edo ez egiaztatzeko baimena.
8. artikulua.– Eskaerak: prozedurak eta epeak.
1.– Aitak, amak, tutoreak, legezko ordezkariak edo, adinez nagusia bada, ikasleak berak I. eranskineko ereduaren arabera eskatuko du laguntza eta, horretarako, elbarritasun-ziurtagiriaren kopia gaineratu beharko du, hilabeteko epean, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Ikasleak ikasten duen ikastetxeko zuzendariari egin beharko zaio eskaerari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4. artikuluan adierazitako edozein egoitzatan, edo Herritarrei Arreta Emateko Eusko Jaurlaritzako Zuzenean elkartearen edozein bulegotan, helbide hauetan: Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao Bizkaian; Andia kalea 13, 2003 Donostia Gipuzkoan eta Ramiro de Maeztu 10, behea, Vitoria-Gasteiz Araban. Halaber, Herritarrei Arreta Emateko Zuzenean-eko bulego horietan telefono-zenbaki hauetan egin ahal izango da informazioa eta arreta telefonoz jasotzeko eskaera: 012 Euskal Autonomia Erkidegotik, 945 01 80 00 Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpotik eta 00 34 945 01 80 00 atzerritik.
2.– Ikastetxeetako zuzendariek tokian tokiko Hezkuntza Ordezkaritzari bidaliko dizkiote I. eta II. eranskinak. 10 eguneko epean, eskaerak aurkezteko epeak bukatzen duen egunetik kontatzen hasita.
9. artikulua.– Diru-laguntzen ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko (Hezkuntza Berezia) lurralde teknikariek ebaluatuko dute ikastetxeek aurkeztutako dokumentazioa eta, behar izanez gero, berritzeguneetako hezkuntza-premia berezietako aholkularitzen eta Hezkuntza Ikuskaritzaren laguntza eskatuko dute. Proposamenak, behar bezalako txostena egin ondoren, Kudeaketa Batzordeari helaraziko dizkiote.
2.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira, arrazoia emanez, agindu honetan araututako diru-laguntzak eta ebazpen hori sei hilabeteko gehienezko epe batean jakinaraziko da, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
3.– Deialdi honen ebazpena jakinarazteko, Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzetan emango da argitara.
4.– Hezkuntzako sailburuordeari gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio administrazio-bideari amaiera ematen ez dion ebazpen horren kontra, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
5.– Berariazko ebazpena eman ezean, eskaera atzera bota dela interpretatu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 44.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horrek administrazioei ezartzen dien espresuki ebazteko eginbeharraren kalterik gabe.
10. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Emandako diru-laguntzak onuradunari aldez aurretik egingo zaion ordainketa bakar baten bidez ordainduko dira, ikasketak egiten dituen ikastetxearen bidez. Ikastetxeak Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzan justifikatu beharko ditu diru-laguntza horiek ordaindu izanaren arrazoiak, Ordezkaritza horretatik jasotzen dituen argibideen arabera.
11. artikulua.– Onuradunaren eginbeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek, betiere, baldintza hauek bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateratuak 50.2 artikuluan azaltzen dituen eginbehar orokorren kalterik gabe:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu honetan, hamar eguneko epean, onuradunen zerrendak argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, ez badiote diru-laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartu dela interpretatuko da.
b) Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea.
c) Diruz lagundutako jardueraren helburua edo izaera funtsean aldatzen duen edozein gertakari jakinaraztea, baita eskatzen zaion edozein informazio Lurralde Ordezkaritzei, Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari helaraztea, deialdi honetan jasotako diru-laguntzei begira erakunde horiek beren funtzioak betetzen dituztenean.
12. artikulua.– Diru-laguntzaren kontrola.
1.– Ikastetxeetako zuzendariek egingo diete onuradunei, ikasturtearen bukaeran eta 2013ko irailaren 15a baino lehenago, diru-laguntzen zenbatekoa justifikatzeko eskaera, garraioaren ordainagirien bidez. Justifikatzeko dokumentazio hori (txartelak, fakturak, zinpeko aitortza norberaren ibilgailuaren kasuan...) ikastetxean artxibatuko da, geroago agian egin beharko diren egiaztapenetarako.
2.– Ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako zuzendariek Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzaren kontuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren kontu zentraletan, hurrenez hurren, sartuko dituzte justifikatuta ez dauden eta erabili ez diren diru-laguntzen zenbatekoak, ikaslearen asistentzia-faltarengatik edo ikastetxean bajan eman izanagatik eta, diru-laguntza eman den kasuetan, erabat edo zati batez itzultzeko eskaera egingo zaio onuradunari.
3.– Diru-laguntza itzultzeko espedientea hasi den kasuetan, abenduaren 27ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzak bermatu eta itzultzeko erregimen orokorra arautzen duenak, bigarren tituluan xedatutakoaren araberakoa izango da espediente hori.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Agindu honek arautzen ez dituen puntuetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatuak, xedatzen duena aplikatuko da.
Bigarrena.– Agindu honen diru-laguntzak arautzeko, aginduan bertan xedatutakoaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen legearen testu bateratuak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak, ezartzen duena hartuko da kontuan.
Hirugarrena.– Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 27ko Aginduak, gastu-espedienteak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura aldez aurretik tramitatzeko prozesua arautzen duenak, 5.3 artikuluan xedatutako ondorioetarako, 2013. urterako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan behar adina kreditu aldez aurretik egotearen menpe geratzen da agindu honen bidez emandako diru-laguntzen ebazpena.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari administrazio-bideari amaiera ematen dion agindu honen kontra, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agerkari ofizial berean argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 6a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
RSS