Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2012ko azaroaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
5106

EBAZPENA, 2012ko urriaren 7koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Laneko zuzendariarena, Aquagest, PTFA, S.A. (EAE), enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailatu eta argitaratzea (86000012011997 hitzarmen-kodea).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Negoziazio Batzordeko ordezkariek REGCON-ean 2012ko uztailaren 18an aurkeztu zuten aipatutako hitzarmenari buruzko derrigorrezko dokumentazioa.

Bigarrena.– 2012ko abuztuaren 15ean, eskatu zizkioten Negoziazio Batzorderi hainbat zuzenketa, REGCON-ean bete zirenak 2012ko irailaren 28an.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Langileen Estatutu Legearen 90.2 artikuluak, martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu Legegilea (1995-03-29ko BOE) aurreikusten duen eskuduntza lan agintaritza honi dagokio, martxoaren 22ko 42/2011 Dekretuko 17.h artikuluak –Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena (2011-03-25eko EHAA)– dionarekin bat etorriz eta urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuarekin (2011-02-15eko EHAA) eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuarekin (2010-06-12ko BOE) –hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzkoak– lotuta.

Bigarrena.– Sinatutako hitzarmen kolektiboak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85, 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.

Honen ondorioz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hitzarmena Euskadiko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailatzeko agintzea, eta aldeei jakinaraztea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 7a.

Laneko zuzendaria,

KATRIN BEGOÑA ITURRATE ZAMARRIPA.

LAN-HITZARMEN KOLEKTIBOA (2011-2014), AQUAGEST, PTFA, S.A. ENPRESAREN (EAE-RAKO) ETA LANGILEEN ARTEKOA
ATARIKOA

2012ko apirilaren 18an, Bilbon bildu ziren, batetik, Aquagest, PTFA. S.A. enpresaren Zuzendaritza, eta, bestetik, enpresa horretako langileen legezko ordezkariak (ELA), hauteskunde sindikalen ondorioz ateratako ordezkarien % 100 ordezkatzen duten erakunde sindikal gisa –eta, beraz, zilegitasun nahikoa dutenak–, eta hitzarmen hau sinatzea erabaki zuten Langileen Estatutuaren 82. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutakoaren babesean.

I. KAPITULUA

1. artikulua.– Eremu funtzionala.

Arau hauek Aquagest, PTFA. S.A. enpresarako dira, eta euretan berariaz aurreikusten ez denari dagokionez, honako hauek aplikatuko dira: Langileen Estatutua, Ura hartu, azaleratu, bideratu, tratatu, araztu eta banatzeko industrien Estatuko hitzarmen kolektiboa edo horren ordezko araua, eta unean-unean indarrean dagoen laneko arautegia.

2. artikulua.– Lurralde eta langile eremua.

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, enpresan lanean diharduten langile guztiak eraenduko dira hitzarmen honen bitartez. Udalerriren baten ur-horniketaren kudeaketa osoari buruzko kontratu berriak direla-eta, aipaturiko lurraldeetan, hitzarmen hau indarrean den bitartean, lantegi berririk irekiko balitz, berorretan ere hitzarmen hau aplikatuko da.

3. artikulua.– Denbora-eremua. Indarraldia eta amaiera.

1.– Aldeek sinatzen duten eguna edo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den eguna zeinahi delarik ere, 2011ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra hitzarmen honek, eta 2014ko abenduaren 31ra arte iraungo du. Epe hori luzatu egingo da –berariaz eta behin-behinean–, hurrengo hitzarmena indarrean sartu arte.

2.– Alde biek zera hitzartu dute: 2014ko urriaren 15ean hitzarmena amaitutzat joko dela, hitzarmen berriaren gaineko eztabaidak eta negoziazioak hasi ahal izateko.

3.– Aldeko aplikazioa. Hitzarmenean ezarritako baldintzei dagokienez, zentzuaren eta irismen-mailaren aldetik, iluntasunik, anbiguotasunik eta zalantzarik izanez gero, langileentzako modu mesedegarrienean interpretatu eta aplikatu beharko dira aipatutako baldintzak, hain zuzen ere, Batzorde Misto Paritarioari kontsulta egin ostean.

II. KAPITULUA
LANALDIA, ORDUTEGIA, TXANDAKAKO LANAK, ZAINTZAK, ZERBITZU-ERRETENA, JAIEGUNAK ETA OPORRAK

4. artikulua.– Lan-taldeentzako lanaldia benetako laneko 1.688 ordukoa izango da urteko.

Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluan xedatutakoan oinarrituz, eguneko lanaldia era erregularrean banatuko dela adostu dute alde biek.

Jaiegunak hauek izango dira: Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkionak (12 egun), tokian tokiko jaiegun bi eta zaindariaren eguna.

Adierazitako kopurutik gorako lanorduak badaude, tarteko egunak hartu ahal izango dira lanordu horien ordain gisa; egun horiek hartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

– 15 egun lehenago abisatzea.

– Ustiategi bereko bi pertsonak edo gehiagok ez eskatzea egun berean.

– Langileak eta enpresak aldez aurretik hitzartzea.

5. artikulua.– Ordutegia. Lan-taldeentzako ordutegia honako hau izango da:

Teknikarien eta administrariena: astelehenetik ostegunera, astero: 08:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; ostiraletan: 08:30etatik 14:00etara; salbu eta ekainaren 15etik irailaren 15era, biak barne, egun hauetan ordutegia hauxe izango da: 08:00etatik 14:00etara bitartekoa, astelehenetik ostiralera, astero.

Beharginena, txandetan lan egiten dutenena izan ezik: astelehenetik ostiralera, astero: 08:30etik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; salbu eta ekainaren 15etik irailaren 15era, biak barne, egun hauetan ordutegia hauxe izango da: 08:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, astelehenetik ostiralera.

Hala eta guztiz ere, urteko egutegia prestatzen denean, langileak eta enpresa bat etorriz gero, ordutegi hau aldatu egin daiteke, betiere, artikulu honetan zehazten den ordutegia erreferentziatzat hartuta.

Lan egutegia prestatzeko orduan, udako egutegiko lau hilabeteak aintzat hartuz zenbatuko dira oporrak, alegia, ekaineko, uztaileko, abuztuko eta iraileko hilak kontuan hartuz.

Egitura-arrazoiak direla-eta lantegiren batean beste ordutegiren bat komenigarriagoa bada, enpresaren eta enpresan legez eratutako langile-ordezkaritzaren artean hitzartu beharko da ordutegi hori.

Pertsonentzako, eurentzako, baldintza mesedegarrienak, hain justu ere, hitzarmen hau indarrean izan aurretik direnak, errespetatu egin beharko dira.

Ordutegiak finkoak edo «txanden» araberakoak izango dira.

6. artikulua.– Txandetan lan egitea eta gauez lan egitea.

Urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan txandetan jardutea edo era alternatiboan 16 ordutan jardutea eskatzen duten lanak dira horiek. Beraz, lan-txandak finkatzen dira, langileek egin beharreko txanda aldatu egingo da astero, eta aldatzen den lanaldiari dagokion asteko atsedena izango dute langileok; aste barruko jaiegunetan eta igandeetan lanean egiten dituzten orduak ez dira aparteko ordutzat joko.

Txandetan lan egiten duten langileek, asteko atsedenaldia edo ordutegia aldatzen bazaie, hileko 33,03 euro gordin jasoko dituzte ordainetan 2011. urtean zehar.

Hitzarmen honen indarraldiaren osteko urteetarako, zenbateko hori handitu egingo da hitzarmen honen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Gaueko lanarengatiko plusa, hau da, 22:00etatik 06:00etara egiten den lanarengatiko plusa, egunez egiten den lanarengatiko oinarrizko soldataren % 20 izango da.

Gaueko lanarengatiko plusa soldata osagarria bada ere, ezin da finkatu, halaxe xedatzen baitu Langileen Estatutuen 26.3 artikuluak.

7. artikulua.– Zaintzak.

Jaiegunetan, igandeetan eta larunbatetan, herrietan jazo daitezkeenei aurre egin ahal izateko, lantegi bakoitzean, langile bat egongo da, zaintza-zereginak betetzeko. Zaintza-zereginetarako, ezinbestekoa izango da lanari ekiteko gertu egotea, leku jakinean eta telefonoa eskura duela egotea, eta zaintza-lanak dirauen artean ohiko jarduerari ekitea eta, behar izanez gero, ahalik azkarren zaintza-lanerako gertu egotea ordubete baino lehen.

Asteburuko zaintza egitearren enpresak 154,33 euro ordainduko du 2011. urtean.

Bestalde, 2011. urtean aurrera langileak lanegunetan (larunbatak kenduta) ere betetzen badu zaintza zerbitzua, ohiko lan-jardunetik kanpo, astean 47,33 euro kobratuko du, eta, matxurak konpontzen lan egiten badu, aparteko orduen moduan kobratuko du.

Euren garrantzia dela-eta, hurrengo egun baliodunerako utzi ezin diren matxurak konpontzea ere, zaintza-zereginetan sartuko da. Eguneko zaintza-zereginak ordaintzeari dagokionez, aipaturiko konponketetan egindako 3 ordu ere sartuko dira, gainontzekoak aparteko ordu moduan ordainduko dira, salbu langileak enpresarekin hitzartuta izan disponibilitate-plusa, hau da, hilero egindako aparteko orduak hartzen dituena.

Enpresak eskaintzen duen zerbitzua publikoa denez, zaintza-zerbitzua burutzea beharrezkoa izango da langile ororentzat, baldin eta, euren eginkizunak direla-eta, zeregin horietarako izendatzen badira.

Hitzarmen honetako 20. artikuluan ezarritakoa gehituko zaio hurrengo urteetan.

Zaintzak egiten emandako egunaren barruan, matxurak konpontzen emandako denborari dagokionez, langileek zein enpresak datu fidagarriak izatearren, langileek, batetik, zenbatu egin beharko dituzte larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan konponketak egindako lanorduak, eta, bestetik, horren berri eman beharko diete ustiategi buruari zein enpresan legez eraturiko langile-ordezkariei. Eta hala jokatuz gero, geroko utzi ezin izan diren matxurak konpontzen emandako orduak jakinda, hau da, urtean zenbat eta lantegi bakoitzean zenbat diren jakinda, honako hauek ere zehaztu ahal izango dira: zaintzak egiten diren egunetan, matxura bakoitzean bataz beste emandako orduak.

8. artikulua.– Zerbitzu-erretena.

Herrietako banaketa sareetan –zeinetan zaintza pertsona bakar batek egiten baitu banaketa sarean– jazo daitezkeenei aurre egin ahal izateko, lantegi bakoitzean, langile bat egongo da txandaka– erreten-zeregina betetzeko. Taldearen zereginetarako, ezinbestekoa izango da lanari ekiteko gertu, leku jakinean eta telefonoa eskura duela egotea, eta zaintza-lanak dirauen artean ohiko jarduerari ekitea eta, behar izanez gero, ahalik azkarren zaintza-lanerako gertu egotea ordubete baino lehen.

Enpresak eskaintzen duen zerbitzua publikoa denez, erreten-zerbitzua burutzea beharrezkoa izango da langile ororentzat, baldin eta, euren eginkizunak direla-eta, zeregin horietarako izendatzen badira.

Enpresako pertsonala gertu egote hori da, izan ere, sareetan eta instalazioetan matxurak izatearen ondorioa gehienbat, eta bere helburua zerbitzu normaltasunez betetzea da.

Zer jotzen da erretentzat: edozein unetan zerbitzua betetzeko gertu ematen den denbora, ohiko ordutegitik kanpo eta ohiko lanaldiaren amaieratik hurrengo eguneko lanaldia hasi arte.

Euren garrantzia dela-eta, hurrengo egun baliodunerako utzi ezin diren matxurak konpontzea ere, erreten-zereginetan sartuko da. Eguneko zaintza-zereginak ordaintzeari dagokionez, aipaturiko konponketetan egindako orduak ez dira sartuko, gainontzekoak aparteko ordu moduan ordainduko dira, salbu langileak enpresarekin hitzartuta duen disponibilitate-plusa, hau da, hilero egindako aparteko orduak hartzen dituena.

Asteko erretena burutzeagatik, enpresak erreteneko 37,48 euro ordainduko dizkio langileari 2011n. Ondoko urteetan, hitzarmen honen 20. artikuluan xedatutakoaren arabera igoko da.

9. artikulua.– Jaiegunak.

Hitzarmen hau indarrean den artean, errekuperatu beharko ez diren jaiegunak, hauexek izango dira: Eusko Jaurlaritzaren jaiegunen egutegian ezarritakoak, tokiko jaiegun bi, hitzartutako zubiak eta ekainaren 1eko zaindariaren eguna. Tokiko jaiak direla-eta, zubiren bat balego, toki horretan zubi hori egin egingo da.

Halaber, behar hainbateko aurrerapenaz ohartaraziz gero, behargin guztiek izango dituzte ordaindutako baimen egun bi.

10. artikulua.– Oporrak.

Hitzarmen kolektibo honek hartzen dituen langileek 26 laneguneko oporrak izango dituzte, urteko (larunbata laneguntzat joko da).

Oporren egutegia enpresaren eta enpresan legez eratutako langile-ordezkaritzaren artean akordioaren bitartez zehaztuko da, urte bakoitzeko lehen hiru hilabeteetan. Aipaturiko egutegia ezartzeko, kontutan hartuko dira langileek egindako eskariak; hala ere, subsidiorioki, Langileen Estatuaren 38. atalean ezarritakoa izango da indarrean.

Oporrak etenik gabe hartu beharko dira. Hala ere, langilearen eta enpresaren artean akordiorik bada, bi zatitan hartuko ahal izango dira, gehienez ere.

Hala ere, zerbitzuaren beharrizanak direla-eta, langileren baten presentzia beharrezkoa bada, eta, ondorioz, langile horrek, ekainaren 2tik urriaren 31ra bitartean –biak barne–, ezin badu hartu etenik gabeko oporrik, aipaturiko epe horretan 13 lanegun hartu ahal izango ditu, eta, gainontzekoak (beste 13 lanegun), berak aukeratzen dituenean, betiere, enpresari behar hainbateko aurrerapenaz ohartarazita.

Justifikatutako premiatzat edo larrialdi-egoeratzat jo daitezkeen aurreikusi gabeko laneko beharrizanak direla-eta, langileren batek edo langile talderen batek bertan behera utzi behar badu bere oporraldia, etendako lehen hiru egun bakoitzeko egun bateko bonifikazioa izango du, eta egun bat gehiago aste edo zatiki bakoitzeko. Era berean, oporraldia eteteak sortzen dizkion kalteen ordaina izango du, justifikatuz gero, betiere.

Langileen oporrak gutxienez bi hilabeteko aurrerapenez onartzeko konpromisoa hartzen du enpresak.

Urtean zehar, enpresara sartzen den zein enpresa uzten duen langileak, lanean egindako denboraren arabera dagozkion oporrak hartuko ditu.

Lan egin ez den lehen lanegunetik lan egin den lehen egunera arte izango da oporraldia.

Oporretako lehen eguna larunbata edo igandea bada, oporren zenbaketa hurrengo lehen astelehenean hasiko da.

11. artikulua.– Baimenak.

Langileak, aldez aurretik ohartarazi eta egoki justifikatuz, ondoko baimen ordainduak izateko eskubidea izango du:

● Langilearen ezkontzarengatik: hamabost egun natural.

● Lehen graduko ahaideen ezkontza-eguna.

● Senar/emaztearen, izatezko bikotekidearen edo seme-alabaren heriotzagatik hiru egun natural, eta bi egun gehiago luzatu ahal izango da langilea 400 km baino gehiago mugitu behar baditu.

● Senar/emaztearen, izatezko bikotekidearen, gurasoen edo seme-alabaren, edo 2. mailako odoleko senideen ebakuntza kirurgikoa, ospitaleratzea edo gaixotasun larria: hiru egun natural, eta bi egun gehiago luzatu ahal izango da langilea 400 km baino gehiago egin behar baditu.

● Ohiko etxebizitzaz aldatzea: egun natural bat.

● Ezinbesteko betekizun publiko eta pertsonala betetzea: behar beste denbora.

● Senide politikoaren edo 2. mailako odoleko senideen heriotza: bi egun natural, eta bi egun gehiago luzatu ahal izango da langilea 400 km baino gehiago egin behar baditu.

● Senide politikoaren edo 3. eta 4. mailetako odoleko senideen heriotza: egun natural bat.

● Erditzeko prestaketa-ikastaroetan parte hartzea: behar beste denbora.

● Seme-alaba jaiotzea edo adoptatzea: hiru egun natural, eta bi egun gehiago luzatu ahal izango da langilea 400 km baino gehiago egin behar baditu.

III. KAPITULUA
PRESTAKUNTZA ETA SAILKAPEN PROFESIONALA

12. artikulua.– Prestakuntza.

Prestakuntzaren helburua langile guztien prestakuntza hobetzea da.

Prestakuntza-planak enpresak berak egingo ditu, eta langileen ordezkariei emango zaie horien berri. Planok, aipatu bezala, langile guztien prestakuntza etengabe hobetzea dute helburu. Planok, halaber, teknologiaren bilakaera eta lan-sistemak hartuko dituzte aintzat. Horiek horrela, langileek hutsik geratu diren kategoria eta ardura handiagoko lanpostuak bete ahal izango dituzte.

Prestakuntza lanalditik kanpokoa bada, bertaratzea borondatezkoa izango da. Kasu bietan, langilearen desplazamenduak eragindako gastuak enpresak ordainduko ditu.

Langileak honako eskubide hauek izango ditu:

a) Azterketak egitera joateko beharrezko baimenak izateko eskubidea, baita, enpresaren araubideak hala onartzen badu, txanda aukeratzeko eskubidea ere, langilea titulu akademiko edo profesionalen bat lortzeko ikasketa arautuak egiten ari denean.

b) Prestakuntza ikastaroetara joateko lanorduak norbere beharrei egokitzeko eskubidea. Enpresak egokitzapen horiek onartu egin beharko ditu, baldin eta prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko eskabidea era egokian eta epean egin bada. Horrez guztiaz gain, enpresak lanpostua gorde beharko dio.

13. artikulua.– Sailkapen funtzionala.

Hitzarmen honen eraginpeko langileak egiten duten lanaren arabera eta Ura hartu, azaleratu, bideratu, tratatu, araztu eta banatzeko industrien estatuko hitzarmen kolektiboan edo horren ordezko arauan zehaztutako definizioen arabera sailkatuko dira. Horretarako, kategoria profesionalak finkatutako taldeei eta talde horietako arlo funtzionalei egokituko zaizkie.

14. artikulua.– Talde profesionalak.

1.– Hemen zehaztutako talde profesionaletan betetzen dituzten eginkizunen arabera sailkatuko dira hitzarmen honen eraginpeko langileak.

2.– 2. eta 3. talde profesionalen barruan, arlo funtzional teknikoa eta administratiboa ezartzen dira, agindutako lana betetzeko langileek duten gaitasuna eta egokitasuna zehazteko.

1. talde profesionala:

a) Irizpide orokorrak: argi eta garbi ezarritako jarraibide zehatzen arabera eta inoren esanei jarraikiz egiten diren lanak, lan fisikoa edo arreta eskatzen dutenak, eta lan horiek burutzeko prestakuntza berezirik behar ez dutenak –egokitzapen-aldia izan ezik–.

b) Prestakuntza: antzeko lanbideren batean hartutako eskarmentua, eta eskola-graduatua, eskola-ziurtagiria edo parekoren bat.

c) Talde horretakoak dira, besteak beste, garai bateko lan-ordenantzako peoiak, peoi espezialistak eta garbiketako langileak.

2. talde profesionala:

a) Irizpide orokorrak: langileak bakarka egiteko lanak, langilearen ekimena eskatu ohi dutenak. Erantzukizuna langileena eurena bada ere, lan horiek ikuskatuak izango dira, eta langileek lan horietarako beste langile batzuen laguntza izango dute.

b) Prestakuntza: Batxilergo Bateratu Balioanitzeko, Lanbide Heziketako 2. mailako edo pareko titulua edo lanean lortutako ezagupenak –titulazio horren parekoak–. Ezagupen horiek lanerako eskainitako prestakuntza bereziarekin osatuko dira.

c) Administrariei dagokienez, talde horren barruan, besteak beste, garai bateko lan-ordenantzan onartutako kategoria hauek sartuko dira: biltegietako laguntzaileak, administrari laguntzaileak, lehen eta bigarren mailako ofizial administrariak, biltegien arduradunak, irakurgailuen arduradunak, irakurleak, horniduretako ikuskatzaileak eta telefonistak.

Ekoizleei dagokienez, talde horren barruan, besteak beste, ondoko kategoria hauek sartuko dira: tailer eta araztegietako hirugarren mailako ofizialak; tailer eta araztegietako bigarren mailako ofizialak eta B motako gidariak; tailer eta araztegietako lehen mailako ofizialak eta C/D mailako gidariak; eta langilezain-ordeak.

Teknikariei dagokienez, talde horren barruan, besteak beste, ondoko kategoria hauek sartuko dira: teknikari laguntzailea, kalkatzailea, delineatzailea.

3. talde profesionala:

a) Irizpide orokorrak: langile-talde batek egindako zenbait lan homogeneo bateratzea, koordinatzea eta ikuskatzea eskatzen duten lanak –antolakuntza-maila txikiagoa–.

Erabateko aginte-lanak ez badira ere, jarduera intelektuala eta talde-lana eskatzen dute. Aginte-lan horiek erdi-mailako zailtasuna dute, eta autonomia osoa dute zehaztutako prozesuaren barruan.

b) Prestakuntza: Lanbide Heziketako 2. mailako titulua edo lanean lortutako ezagupenak –titulazio horren parekoak–, eta lanean lortutako urteetako eskarmentua.

c) Administrariei dagokienez, talde horren barruan, besteak beste, garai bateko kategoria profesional hauek sartuko dira: delineatzaile proiektistak, laborategietako analistak eta 1. mailako topografoak.

Ekoizleei dagokienez, talde horren barruan, besteak beste, ondoko kategoria hauek sartuko dira: langilezaina, tailer arduraduna, mekanika muntatzailea eta langilezain-ordea.

4. talde porfesionala:

a) Irizpide orokorrak: laguntzaile-talde batek egindako zenbait lan bateratzea, koordinatzea eta ikuskatzea eskatzen duten lanak.

Lan zail baina homogeneoak. Erabateko aginte-lanak ez badira ere, jarduera intelektual eta talde-lan handia eskatzen dute. Aginte-lan horiek goi-mailako zailtasun teknikoa izango dute.

b) Prestakuntza: erdi-mailako unibertsitate ikasketen titulazioa edo lanean egindako urteen poderioz lortutako ezagupenak –titulazio horren parekoak–. Ezagupen horiek lanerako beharrezkoa den prestakuntza bereziarekin osatuko dira.

c) Talde horren barruan, besteak beste, ondoko kategoria hauek sartuko dira: zerbitzuburua, atalburua eta erdi-mailako tituludunak.

5. talde profesionala:

a) Irizpide orokorrak: lan tekniko zail eta heterogeneoak. Helburu nagusi zehatzak eta goi-mailako autonomia, ekimena eta ardura eskatuko dituzte.

Unitate funtzional bereko lan-talde batek egindakoa bateratzea, koordinatzea eta ikuskatzea eskatzen duten lanak.

Halaber, enpresako zuzendaritza nagusiak zuzenean emandako irizpideen arabera, enpresako arlo funtzional bat edo batzuk kudeatzeagatik egin beharreko egitekoak ere talde profesional horren ardura dira.

Zailtasun handiko lan teknikoak egitea. Era berean, arlo horretan lortu beharreko helburuak zehazten parte hartuko da. Norbere ardurapeko arlo teknikoan autonomia, ekimen eta ardura handia izan beharko da.

b) Prestakuntza: goi-mailako unibertsitate-ikasketak, edo lanean egindako urteen poderioz lortutako ezagupenak –titulazio horren parekoak–. Ezagupen horiek lanerako beharrezkoa den prestakuntza bereziarekin osatuko dira.

Talde horren barruan, besteak beste, ondoko kategoria profesional hauek sartuko dira: departamentu-buruak eta goi-mailako tituludunak.

15. artikulua.– Kargu hutsak betetzea eta maila igoerak.

Ura hartu, azaleratu, bideratu, tratatu, araztu eta banatzeko industrien estatuko hitzarmen kolektiboaren 20. artikuluak edo horren ordezko arauak, eta Langileen Estatutuen 24. artikuluak zehaztutakoa beteko da.

IV. KAPITULUA
EKONOMIA-ARAUBIDEA

16. artikulua.– Ekonomia-araubidea.

Langileen eta enpresaren artekoetarako erabiliko den ekonomia-araubidea, hitzarmen kolektibo honetan ezarritakoa izango da. Eta kapitulu honetan zehazten direnez aparte, ez da izango beste ordainsaririk, eta hauetan lehendik eta kontzeptu guztiengatik ordaintzen ziren guztiak sartzen dira; hala ere, eskuratutako eskubideak eta banan-banan egin daitezen itunak ere errespetatu egingo dira.

17. artikulua.– Aplikatzeko arau orokorra.

Hitzarmen honetan itundutako ordainsari guztiak, hau da, arauz ezarritakoak edo hitzartutakoak, norbanakoei zein taldeei dagokienez, gordinak dira. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokion atxikipena, Gizarte Segurantzako kotizazioaren langile-kuota eta bai ordainsariaren gainean ezar dadin beste edozein edo dagoen beste edozein ere enplegatuaren kontura izango dira.

Lanaldi osoaren arabera finkatzen dira aurreko lerroaldean aipatzen diren ordainsariak. Beraz, lanaldi zati bati dagokion erregimena duten langileek ondokoaren arabera jasoko dituzte euren ordainsariak: euren lan-kategoriari dagokion lanaldi osoarekin konparatuta, egiten duten asteko lanaldiaren arabera hain zuzen ere.

18. artikulua.– Ordainsarien taula.

1.– Kategoriaren arabera langile bakoitzari dagokion urteko ordainsariaren hileroko banakatzea da ordainsarien taula.

2.– Ordainsarien taulan ordainsari-kontzeptu hauek sartzen dira:

a) Oinarrizko soldata.

b) Mozkinetan parte hartzea; oinarrizko soldataren eta antzinatasunaren baturari % 15 aplikatuz kalkulatuko da.

3.– Hitzarmen kolektibo honek indarra har dezanean, indarra izango duen ordainsarien taula, kategorien araberakoa, eranskinean zehazten da.

4.– Ordainsarien taula hau aldatuko bada, hitzarmen kolektibo honen 17. artikuluan ezarritako eran aldatuko da.

19. artikulua.– Urteko ordainsari-mailak.

1.– Urteko ordainsari-maila, lanbide-taldearen araberakoa. Aipaturiko mailaren urteko zenbaketan honako hauek sartzen dira: oinarrizko soldata eta horren araberako mozkinak.

2.– Banakako urteko ordainsariaren maila kalkulatzeko, honako hauek batu behar zaizkio enplegatu batek bere kategoriaren arabera duen urteko ordainsari-mailari –baldin eta baditu–: urteko antzinatasun-saria, horren araberako mozkinak, osagarri pertsonala eta prestasun-plusa.

20. artikulua.– Banakako ordainsaria gehitzea.

2011. urterako, % 1,2 gehituko dira 2010. urteari dagozkion soldatako honako kontzeptu hauek: oinarrizko soldata; osagarri pertsonala, errekonozitua duenari; eta disponibilitate-plusa, aitortua duenari.

2012rako, soldata-igoera % 1,8koa izango da.

2013rako, soldata-igoera % 2koa izango da.

2014. urterako, soldata-igoera aurreko urteko KPI errealari dagokiona izango da.

21. artikulua.– Oinarrizko soldata.

Hitzarmen honen eranskineko lehen zutabea oinarrizko soldatatzat hartuko da, hain zuzen ere, Langileen Estatutuaren 26.3 atalean xedatutakoarekin bat eginez. Eta oinarrizko soldata horiek, ohiko hamabi ordainsaritan eta aparteko lau ordainsaritan jasoko dira.

22. artikulua.– Antzinatasuna.

Antzinatasun-saria osagarri pertsonal bat da, Langileen Estatutuaren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Aquagest, PTFA, S.A. enpresako langileek, zerbitzuan egindako hiru urteko aldi bakoitzeko (antzinatasuna), ondoren zehazten den eskalaren araberako zenbatekoak jasoko dituzte:

(Ikus .PDF)

Hitzarmen honetako 20. artikuluan ezarritakoaren arabera gehituko dira zenbateko horiek 2012., 2013. eta 2014. urteetan.

Langile batek 65 urte betez gero, ez du sortuko antzinatasun-sari berririk; sari horren zenbatekoa adin horretara arte lortutakoan geratuko da.

Hileko ordainsarietan eta aparteko ordainsarietan jasoko da antzinatasun-saria.

23. artikulua.– Mozkinetan parte hartzea.

Langileen Estatutuaren 26.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, soldataren osagarri bat da.

Hileko antzinatasunaren eta oinarrizko soldataren batuketaren ehuneko hamabosta jasoko du mozkin gisa.

Hileko ohiko hamabi ordainsarietan jasoko dira mozkinak; ez, ordea, aparteko ordainsarietan.

24. artikulua.– Osagarri pertsonala.

Langileen Estatutuaren 26.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, soldataren osagarri bat da.

Osagarria banan-banan finkatu edo aldatuko du enpresak, eta bakoitzarentzat finkatu beharko da bere zenbatekoa, kontrakoa idatziz hitzartzen ez bada behintzat.

25. artikulua.– Lan toxikoengatiko plusa.

Lan toxikoengatiko plusa soldatako osagarri bat da, halaxe baitago xedatuta Langileen Estatutuaren 26.3 artikuluan.

Lan toxikoengatiko plusa hauxe izango da: plus hori jaso behar duen enplegatuaren kategoriari dagokion oinarrizko soldataren % 20.

Honako kasuetan jasoko da lan toxikoengatiko plusa: isuri gaseosoa duten produktuak maneiatzeagatik, ingurune toxikoetan lan egiten denean.

Plus hori ez da sistematikoki jasoko, ondoren zehazten diren lan edo txandetan bakarrik jasoko da: kloro botilak edo kontainerrak aldatzea, dekantagailuak purgatzea, hipokloritoa prestatzea, klorodun giroan deposituak garbitzea, gasa garraiatzeko lineetan edo dosifikagailuetan izandako matxurak konpontzea, aipaturiko aparailuak erabiltzea, produktu pozoitsuak zabaltzen dituzten sulfatatzeko makinak edo antzekoak erabiltzea.

Lan toxikoengatiko plusa proportzionalki ordainduko da, hau da, aurreko paragrafoan zehazturiko egoeretan lanean egindako denborari erreparatuta.

Ez dira sartzen honako hauek: hipokloritoa dosifikatzea edo maneiatzea, produktu toxikoak garraiatzea, gasaren dosifikagailuen dosifikazioak doitzea eta abar; eta edozein langilek, ingurune toxikoan sartu gabe, produktu toxikoak maneiatzen egiten dituen lan guztiak ere ez.

Kasuren batean, lan toxikoengatiko plusa ordaintzearen gainean dudak sortzen badira, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren Lurralde Ordezkaritzari egin ahal izango zaizkio kontsultak.

26. Artikulua.– Aparteko ordainsariak.

Aparteko lansariak soldatako osagarriak dira, halaxe baitago xedatuta Langileen Estatutuaren 26.3 artikuluan.

Indarrean den lan-ordenantzak ezartzen dituen aparteko lau lansarietako bakoitzaren zenbatekoa hauxe izango da: hileko oinarrizko soldata gehi hileko antzinatasuna.

Aparteko lansariak ordaintzeko egunak honako hauek dira:

a) Martxoko azkenaurreko laneguna.

b) Ekaineko azkenaurreko laneguna.

c) Iraileko azkenaurreko laneguna.

d) Abenduaren 15a.

27. artikulua.– Aparteko lanorduen balioa.

Jaiegunetan egindako aparteko lanorduak honelaxe ordainduko dira: ohiko lanorduaren balioa gehi horren % 140ko errekargua. Eta lanegunetan egindakoak honelaxe ordainduko dira: ohiko lanorduaren balioa, gehi horren % 50eko errekargua.

Ohiko lanorduaren balioa honelaxe kalkulatuko da: langileari jasotzea dagokion urteko soldata finkoaren guztizkoa (ordaintzen den kasuetan disponibilitate-plusa kenduta), zati urteko lanorduen kopurua. Portzentaia kalkulatzeko, oinarrizko orduaren kalkulua %2 gehituko da.

Aparteko lanorduaren balioa honelaxe kalkulatuko da: ohiko lanorduaren balioa x dagokion errekargua –egindako aparteko lanordu motaren araberakoa–.

Enpresaren zuzendaritzak enpresa komiteari, langileen ordezkariei eta ordezkari sindikalei ondoren zehazten denaz hilero emango die informazioa: egindako aparteko lanorduen kopuruaz, beti ere kausak zehaztuaz eta, beharrezkoa bada, sekziokako distribuzioa ere zehaztuaz. Halaber, informazio horren eta gorago zehaztutako irizpideen arabera, enpresak eta langileen legezko ordezkariek zehaztu egingo dute, aparteko lanorduen izaera, betiere, hitzarmenean itundutakoaren arabera.

Langileen Estatutuaren 35.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, egindako aparteko lanorduak egunero erregistratuko dira eta asteko guztizkoak ere aterako dira, eta asteko laburpena emango zaio langile bakoitzari.

Indarreko legerian xedatutakoaren arabera, aparteko lanorduengatiko kotizazio osagarria gehitu egiten da. Bada, enpresa komiteak edo langileen ordezkariek, beharrezko bada, batera eta hilero eman beharko diote dagokien kalifikazioa zehaztuta, egindako aparteko lanorduen berri lan-agintaritzari, Gizarte Segurantzako kotizazioen gaineko indarreko arauetan ezarritakoa konplitzeko.

28. artikulua.– Dieten zenbatekoak.

Enpresaren beharrak direla-eta, lantegia dagoen herritik ateratzen den langileak dietak jasoko ditu, hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera:

* Bazkariaren edo afariaren dieta: 22,97 euro gordin.

* Ostatu-gaua eta gosaria: 51,15 euro gordin.

* Dieta osoa: 94,97 euro gordin.

Nork bere etxebizitzan eta ohiko orduan, bazkaldu, afaldu edo lo egin ezin denean sortuko dira dietak. Eta ustiategiko buruak edo langilearen zerbitzuak kontrolatuko ditu; hala ere, langileak egoki deritzonean bere etxebizitzan egin dezake gaua, baldin eta enpresari gasturik ez bazaio sortzen eta lan egiten dueneko ustiategian edo lantegian ezarritako ordutegia konplitzen badu.

Baliabideak emateko enpresak duen obligaziotik edo enpresak baliabide horien zenbatekoak ordaintzeko duen obligaziotik aparte, sortzen dira dietengatiko kopuruak. Hitzarmen hau sinatzen denetik hara izango dira indarrean kopuru horiek.

Langileek hornikuntzei dagozkien instalazioetara joan behar badute lanera, ez da emango dietarik.

Hitzarmen honetako 20. artikuluan ezarritakoaren arabera gehituko dira zenbateko horiek 2012., 2013. eta 2014. urteetan.

29. artikulua.– Prestasun plusa.

Prestasun plusa soldatako osagarri bat da, halaxe baitago xedatuta Langileen Estatutuaren 26.3 artikuluan.

Lanpostuaren berariazko zirkunstantziak direla-eta, ohiko lanaldia burutzen ari den langileak lanaldi hori aparteko orduekin luzatzea beharrezkoa edo urgentziazkoa bada, aparteko lanaldi hori ordaintzea itundu egin daiteke, betiere, 135,72 euro baino gutxiago ez. Epea amaitutakoan, berritu edo ez erabaki ahal izango dute parte biek, eta berritzea erabakitzen badute, hartutako obligazio guztietatik libre geratuko dira.

Beharrak direla-eta egin beharreko aparteko lanordurik ez du hartuko prestasun-plusak.

Hitzarmen honetako 20. artikuluan ezarritakoaren arabera gehituko dira zenbateko horiek 2012., 2013. eta 2014. urteetan.

30. artikulua.– Lan-kopuruaren osagarria.

Langileen Estatutuaren 26.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, soldataren osagarri bat da. Langilearen eta enpresaren artean hitzartutakoaren bitartez ordainduko da, baina ez da izango 90,04 eurotik beherakoa hileko.

Hitzarmen honetako 20. artikuluan ezarritakoaren arabera gehituko dira zenbateko horiek 2012., 2013. eta 2014. urteetan.

31. artikulua.– Gidatze-prima.

Enpresak, batetik, uren horniketak egiten ditu, eta, bestetik, udalen zerbitzu publikoak kontserbatzen ditu. Eta ematen dituen zerbitzuen funtzionamendu eta irudi ona izateko, aldioro egoera onean egon behar duten ibilgailuak behar ditu. Honela, ibilgailuak egoera on horretan izateko, ibilgailuen erantzukizuna dutenek honako hauek burutu behar dituzte: ibilgailuaren garbitasuna eta kontrol mekanikoa zaintzea, ibilgailuaren segurtasuneko elementuak zaintzea, kontsumoari eta kilometrajeari erreparatzea, eta ibilgailua egoera onean izateko beharrezko ikusten den oro jagotea.

Ibilgailua gidatzeko, mantentzeko eta ondo erabiltzeko ardura zuzena duten langileek gidatzeagatik, 50,68 euroko prima gordina jasoko dute hilero. Sari hau jasotzea idatziz jaso behar da langilearen eta enpresaren artean egindako hitzarmen baten bitartez; urtebeteko iraupena izango du, eta urtebeteko epeetan luzatu ahal izango da, 15 egun baino gehiagoko lan-istripuarengatiko edo aldi baterako ezintasunarengatiko bajaren kasuan, prima horren parte proportzionala ez da jasoko.

Hitzarmen honetako 20. artikuluan ezarritakoaren arabera gehituko dira zenbateko horiek 2012., 2013. eta 2014. urteetan.

IV. KAPITULUA
LAGUNTZA-ARAUBIDEA

32. artikulua.– Aldi baterako ezintasunarengatiko prestazioak hobetzea.

Gizarte Segurantzak edo gaixotasun profesionaletarako eta istripuetarako mutua batek behar bezala kreditatutako aldi baterako ezintasuna izanez gero –izan gaixotasun arruntaren edo profesionalaren ondoriozkoa, edo laneko nahiz lanetik kanpoko istripu baten ondoriozkoa–, enpresak egoera horretan dagoen langileari honako diferentzia hau ordainduko dio: baja jazotako unean jasotzen zuen soldata errealaren guztizkotik, egoera horretan egoteagatik Gizarte Segurantzatik edo mutuatik jasotzen duen prestaziora dagoen diferentzia.

33. artikulua.– Gaixotasun arruntarengatiko eta lanetik kanpoko istripuarengatiko bajak.

1.– Gaixorik egoteagatik enplegaturen bat lanera ezin bada joan, bere lanaldiko lehenengo hiru orduetan, atxikita dagoeneko burutzari jakinarazi beharko dio. Hori egiten ez badu, enpresak justifikatu gabekotzat kontsideratu dezake lanera ez agertze hori. Jakinarazpen hori ez egitea, ezinezko egiten duten arrazoiak daudenean bakarrik onartuko da.

2.– Gaixoaldiak bi egun natural baino gehiago irauten badu, interesdunak familia-medikuak emandako baja eskuratu eta bere gainetik dagoen lehen nagusiari bidali beharko dio, hain zuzen ere, nagusi horrek pertsonalaren zerbitzura bidali eta izapideak egin daitezen. Bajari buruzko jakinarazpenak ez badira aurkezten, lanera ez etortzea ez dela justifikatu ulertuko da.

34. artikulua.– Bizitza-aseguru kolektiboa.

Ondoren zehazten diren kopuruak eta kontingentziak hartzen dituen hitzartutako bizitza-aseguru bat izango du enpresak, bere kontura, 2011. urterako:

a) Heriotza naturala, 65 urtera arte: 15.000 euro, aseguratuak libreki izendaturiko onuradunei ordainduko zaizkienak, heriotza gertatu eta berehala.

b) Istripuarengatiko heriotza, 65 urtera arte: 38.000 euro, aseguratuak libreki izendaturiko onuradunei ordainduko zaizkienak, heriotza gertatu eta berehala.

c) Trafiko-istripuarengatiko heriotza: 65 urtera arte: 76.000 euro, aseguratuak libreki izendaturiko onuradunei ordainduko zaizkienak, heriotza gertatu eta berehala.

d) Laneko istripu edo heriotzarengatiko heriotza, 65 urtera arte: 76.000 euro, aseguratuak libreki izendaturiko onuradunei ordainduko zaizkienak, heriotza gertatu eta berehala.

e) Lan-istripu edo gaixotasunarengatiko ezintasun iraunkor osoa edo erabatekoa, 65 urtera arte: 76.000 euro, aipaturiko ezintasuna deklaratzen denean ordainduko direnak.

f) Ezintasun iraunkor osoa edo erabateko iraunkorra, 65 urtera arte: 40.000 euro, aipaturiko ezintasuna deklaratzen denean ordainduko direnak.

Enplegatuek, euren kontura, hobetu egin ditzakete aipaturiko oinarrizko prestazioak.

35. artikulua.– Bizitza-aseguruarekiko lotura.

Aseguratuak enpresan jarraitzeari lotuta dago aurreko atalean aipatzen den bizitza-asegurua. Enpresa uzteak –arrazoia edozein izanik ere– honako hau dakar: aseguratuak aseguruaren polizan baja egitea, eta enplegatuak ez du izango kapitalaren zenbatekoa jasotzeko eskubiderik, lehen bermatua bazuen ere.

36. artikulua.– Erretiroa eta txanda-kontratua.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 166.2 artikuluan eta Langileen Estatutuen 12.6 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, langileei aitortzen zaie erretiro partzialerako eskubidea eta legezko gehieneko lanaldia murrizteko eskubidea, baldin eta baldintza guztiak betetzen badira. Enpresari jakinarazi beharko zaio, aurreikusitako epea baino hiru hil lehenago.

V. KAPITULUA
MAILEGUAK

37. artikulua.– Maileguak.

Lehenengo etxebizitza eskuratzeko edo jabetzan izateko den lehen etxebizitza eraikitzeko, eta horri dagozkion gastuei aurre egiteko, maileguak eman ahal izango ditu enpresak; kasu bakoitzean, gehienez, 9.015 euro emango ditu, betiere, funts-kontuak horretarako aukera ematen badu.

Halaber, beste zenbait ekintzetarako ere maileguak eman ahal izango ditu enpresak; kasu bakoitzean, gehienez, 3.005 euro emango ditu, betiere, funts-kontuak horretarako aukera ematen badu.

38. artikulua.– Maileguak emateko baldintzak.

Mailegu horiek eskuratzeko ezinbesteko baldintza dira honako hauek:

1.– Enpresan gutxienez bi urteko antzinatasuna izatea. Langile batek betekizun hori konplitu, baina enpresari behin-behineko kontratuaren bitartez lotua badago, mailegu horiek ematea enpresaren irizpideen arabera egingo da, eta, betiere, delako mailegua kontratua bukatu baino lehen amortizatu beharra kontutan izanda.

2.– Lehenago emandako maileguen amortizazioetako zenbatekorik ordaindu gabe ez izatea, mailegu berria eskatzen duen enplegatuak. Halaber, mailegu bat bukatzen denetik beste berri bat eskatzen den arte, urtebete igaroko da.

3.– Emandako maileguengatik enpresari zor zaion saldoa ezin daiteke izan hirurogei mila ehun eta bat eurotik gorakoa.

4.– Lehenengo etxebizitza eskuratzeko edo jabetzan izateko den lehen etxebizitza eraikitzeko mailegua, behin bakarrik eman ahal izango zaio langile eskatzaileari.

39. artikulua.– Maileguak ematea.

Lehenengo etxebizitza eskuratzeko edo jabetzan izateko den lehen etxebizitza eraikitzeko mailegua ematea obligazioa izango da, baldin eta mailegu hori emateko aurreko artikuluan xedaturiko baldintzak konplitzen badira, eta egin nahi den eskuratzea behar bezala justifikatzen bada.

Bestelako laguntzetarako maileguak eskuratzeko, beharrezkoa izango da legez eraturiko langile-ordezkaritzaren aldeko txostena izatea, eta baita mailegua emateko aurreko atalean xedaturiko baldintzak betetzea ere.

Hil bukaera guztietan, enpresan legez eraturiko langile-ordezkaritzari honako hauen berri eman beharko dio enpresak: maileguak emateko eskura dagoen fondoa, hilaren barruan zenbat eta zer motako maileguak eman diren, eta baita mailegua itxaroten daudenen zerrenda ere.

40. artikulua.– Interesak, amortizatzeko era eta epea.

Maileguek urtean % 3ko interesa sortuko dute.

Lehenengo etxebizitza eskuratzeko edo jabetzan izateko den lehen etxebizitza eraikitzeko maileguak amortizatzeko epea lau urtekoa izango da, gehienez; eta gainontzekoena, bi urtekoa.

Ohiko soldatetatik edo aparteko soldatetatik egindako kenketaren bitartez amortizatuko dira emandako maileguak. Amortizatzeko epe, interes eta zenbatekoa kontuan izanda finkatuko da aipatutako kenketa.

VI. KAPITULUA
LANGILEEN ORDEZKARIEN BERMEAK ETA FUNTZIOAK

41. artikulua.– Arau orokorra.

Enpresan legez eraturiko langileen ordezkarien, berme eta funtzioei dagokienez, martxoaren 24ko Langileen Estatutuari buruzko 1/1995 LED-an xedatutakoa aplikatu beharko da.

Honako berme hauek ere izango dituzte:

Ezarritako ordezkaritza-funtzioak burutzeko, urteko gehienez laurehun eta laurogei ordu ordaindu izango ditu bakoitzak, baina funtzio horiek burutzeko, ezin erabili izango dituzte berrogeita hamar ordutik gora, hileko. Enpresak antolatutako batzarretan egindako orduak eta hitzarmen kolektiboa negoziatzen egindako orduak, ez dira sartuko goian aipaturiko orduen zenbaketan. Enpresa komiteko hainbat kideren edo langileen delegatuen orduak eta ordainsariak bere horretan utziz, pertsona batean edo gehiagotan metatu ahal izango dira, betiere guztizko gehienezkoa gainditu gabe.

Enpresak ordainduko dizkie enpresako ordezkariekin hitzarmen kolektiboa negoziatzeko batzarretan izateko egindako bidaiak.

Honako funtzio hau ere izango dute:

Enpresak hutsegite oso larri, larri edo arinengatiko ezarritako zigorrei buruzko informazioa jasoko dute, hain zuzen ere, zigortutako langileei jakinarazi baino lehen.

42. artikulua.– Ordezkari sindikala.

Sindikatu batek edo zentral sindikal batek duen langile afiliatuen kopurua, hitzarmen kolektiboaren eraginpeko enplegatu kopuruaren % 20tik gorakoa bada, ordezkari sindikal batek izango du sindikatuaren edo zentral sindikalaren ordezkaritza. Enpresan legez eraturiko langile-ordezkari bat izango da ordezkari sindikala, badin eta delako sindikatuan edo zentral sindikalean afiliatuta badago.

VII. KAPITULUA
KONTRATAZIOARI BURUZKO ARAUDIA

43. artikulua.– Lan-baldintzak aldatzea.

Arrazoi teknikoak zein antolamenduaren edo produktibitatearen arloko arrazoiak direla-eta, lan-baldintzetan funtsezko aldaketak egin behar badira, aldaketek eragiten dioten langilearen baiezkoa izan beharko da; eta langilearen erantzuna ezezkoa bada, ezin izango da bere kontrako neurri diskriminatzailerik erabili.

44. artikulua.– Aldi baterako kontratuak.

Hitzarmen kolektibo hau sinatzen denetik aurrera, hitzarmen honen eraginpeko langileen kontratuen iraupena, indarrean diren legeek, momentu bakoitzean, zehazten dutenaren araberakoa izango da.

45. artikulua.– Aldi baterako kontrataturiko langilearen bermeak.

Behin-behineko edo aldi baterako kontratuei dagokienez, Langileen Estatutuan eta indarrean diren gainontzeko xedapenetan bildutako eskubideak eta betebeharrak izango ditu langileak. Aipaturiko kontratuko baldintzak ezin dira izan haietan hitzartutakoaren kontrakoak.

Bestalde, enpresak uste badu behin-behinean edo aldi baterako kontratatutako langile batek betetako lanpostua finkoa izan behar duela, langile horrek berak beteko du delako lanpostua, baldin eta kontratatu zeneko lanpostuari dagozkion zereginak betetzeko balio duela era-kusten badu.

46. atala.– Lan-kontratua onartzea.

Kontratazio berriei dagokienez, hitzarmen hau sinatzen denetik aitzina, kontratua sinatu aurretik 48 orduko epea izango du langileak kontratuaren edukiari buruzkoak nahi duenarekin kontsultatzeko.

Hitzarmen honetako 46. artikuluan aipatzen diren lan-baldintzak aldatzen direnean ere goian aipaturiko epea kontuan izan beharko da.

Behin aipaturiko epea igarota, langileak ez badu lan-kontratua behar bezala sinatuta entregatzen, langileak enpresaren plantillako izateari edo enpresak lan-baldintzen gainean proposatutako aldaketei uko egiten diela ulertuko da.

Halaber, hitzarmen honek duen datatik aurrera, egin daitezen kontratu guztiak seilatu beharko ditu enplegu-bulego egokiak. Behin betekizun hori konplituta, enpresan legez eratutako langileen ordezkariei kopia bat entregatuko zaie.

VIII. KAPITULUA
BESTE XEDAPENAK

47. artikulua.– Ibilgailu partikularra erabiltzea.

Enpresako lanak egiteko ibilgailu bat erabili behar bada, langileek ez dute zertan beren ibilgailua erabili behar. Erabiliz gero, berriz, kilometroko ondorengo taulan zehaztutako zenbatekoa jasoko dute. Zenbateko horrek erregaia ez ezik, ibilgailua erabiltzetik datozen gastuak ere hartzen ditu bere gain: matxurak, amortizazioa...

Zenbateko hori hiru hilabeterik behin aztertuko da, eta erregaiak unean-unean duen prezioaren arabera handitu ala txikitu egingo da. Hori guztia ondoko taularen arabera egingo da:

(Ikus .PDF)

48. artikulua.– Gidabaimena kentzea.

Langile bati, enpresaren aginduetara lanean diharduela, bere edo enpresaren autoa gidatzerakoan egindako zerbaitegatik gidabaimena kentzen badiote, soldata ordaindu eta kategoria errespetatuko zaio gidabaimenik ez duen bitartean. Salbuespen bakarra mozkortuta egotea izango da.

49. artikulua.– Laneko arropak.

Beharginen taldeko langileei, urtean behin, laneko honako jantzi hauek emango zaizkie:

– Negurako jertsea.

– 2 buzo.

– Segurtasuneko 2 bota pare.

– Uretarako 2 bota pare.

– 2 alkandora.

– 2 praka.

– Ur-jantzi 1.

– Eskularru pare 1.

Enpresako irakurleei anorak bat eta uretarako bota pare bat emango dizkie enpresak.

50. artikulua.– Gabonetako lotea.

Gabonetako lotea 172,87 eurokoa izango da 2011. urtean, eta langileen ordezkariek erabakiko dute lote horretan zer sartu. Langileak, hala eskatuz gero, goian aipaturiko loteari dagokion zenbatekoa abenduko nominan jaso dezake eskudirutan. Abenduaren 15ean entregatuko dira loteak.

Hitzarmen honetako 20. artikuluan ezarritakoa gehituko zaio hurrengo urteetan.

X. KAPITULUA
AZKEN KLAUSULAK

51. artikulua.– Zaintza eta interpretaziorako bitariko batzordea.

Hitzarmen hau zaintzeko eta interpretatzeko bitariko batzorde bat sortzen da, enpresaren bi ordezkarirekin eta langileen legezko bi ordezkarirekin osatua. Aipaturiko ordezkaritzek euren aldeen errepresentazioaren % 100 izango dute.

Unean-unean indarrean dauden legezko arauak –bere arloari buruzkoak– bete beharko ditu bitariko batzorde horrek.

Batzordeak sei hilean behin ohiko bilera egingo du, eta ezohikoa alderdietako batek ahal eskatzen duenean, hamabost eguneko epean; berau osatzen duten alderdietako edozeinek deitu ahal izango du. Hitzarmen honetan aurreikusitako ordainketen taulak berrikusteko –behin betiko edo behin-behinean– ere bilduko da.

Dena den, kontsultak erakunde sinatzaileen bidez eta haiek adostutako ereduan aurkeztu beharko dira.

Hitzarmen hau aplikatzeak eta interpretatzeak sortzen dituen dudak batzorde horri aurkeztuko zaizkio, eta batzorde horrek berak ebatziko ditu aurkez litezkeen errekurtsoak.

Halaber, hitzarmen kolektibo hau izenpetzen duten aldeek konpromiso sendoa hartzen dute hitzarmen honen ondorioz sor daitezkeen interpretazio- edo aplikazio-arazoak bideratzeko, gatazka kolektiboei buruzko erabakiak hartzeko borondatezko prozeduren Konfederazio Arteko Akordioko prozeduren bitartez; behin bitariko batzordearen bidea amaitu denean egin ahal izango da hori, hala xedatzen baita aipaturiko akordioan.

52. artikulua.– Arauen lehentasuna.

Hitzarmen kolektibo honek lehentasuna du lan arloko beste xedapenekiko, eta hitzarmen honetan aurreikusten ez diren alderdiei eta hitzarmen honetan berariaz itundutakoaren aurka ez dauden alderdiei dagokienez bakarrik izango dute indarra xedapen horiek.

Eta guzti hori, zuzenbide absolutu beharrezkoan bildutako aginduak hausten ez badira, hitzarmen kolektibo honek, behartzeko legezko indarra izanik, zuzenbidezko beharrezko eta berezko balio juridikoa duelako.

53. artikulua.– Absortzio-klausula.

Hitzarmen kolektibo honetan itundutako ekonomia-araudiak, urteko zenbaketaren balorazioari dagokionez, bildu egingo ditu zuzenean edo zeharka soldatakoak diren ordainsari-gehikuntzak, zehazki, indarrean den artean, legezko edo araubidezko xedapenekin ezarri daitezen ordainsari-gehikuntzak.

54. artikulua.– Aldi baterako klausula.

Hitzarmen hau sina dadin egunetik harako 30 eguneko epean ordaindu beharko dira honako atzerakin hauek: hitzarmen kolektibo honek indarra hartu eta argitaratua izan bitartean gauzatutako atzerakinak.

55. artikulua.– Berdintasuna.

3/2007 Lege Organikoan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarriari buruzkoan xedatutako betetzeko, enpresaren «Emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunerako plana» agiria berresten dute bi alderdiek –2012ko maiatzaren 16an sinatua–

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hitzarmenean ezarritako lan-baldintzak funtsean aldatzeari buruzko eta soldata-erregimena ez aplikatzeari buruzko negoziazioan gerta litezkeen desadostasunei era eraginkorrean irtenbidea aurkitzeko prozedurak.

Soldata-erregimena ez aplikatzeari buruzko negoziazio-prozesuetan eta lan-baldintzen aldaketa nabarmen batean akordiorik ez bada lortzen, desadostasun hori PRECOn –Euskal Autonomia Erkidegoko Gatazka Kolektiboak Konpontzeko Lanbide arteko Akordioa– aurreikusitako prozedura aplikatuko da, adiskidetzeari edo bitartekotzari dagokionez.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala