
224. zk., 2012ko azaroaren 20a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (516 KB - 11 orri.)
- EPUB (243 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
5103
AGINDUA, 2012ko azaroaren 13koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak finantzatutako ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko programako bekak aplikatzeko zentroez bestelakoetan egonaldi laburrak egiteko laguntzetarako deialdia egiten da.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko ekainaren 26ko Aginduaren bitartez (ekainaren 28ko EHAA) 2012-2013 ikasturtean doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko programako ikertzaileak prestatzeko eta laguntza berrietarako deia egin eta laguntza horiek arautu ziren. Agindu horrek egonaldi laburrak egiteko aukera ematen du aplikaziokoak ez diren zentroetan; horrela, erantzuna ematen die ikertzaileak hobeto prestatzeko egonaldiok duten interesari bai eta nazioarteko doktoregoa lortzeko.
Kontuan hartu da Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituena (2009ko maiatzaren 9ko EHAA).
Kontuan hartu dira, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak; era berean, horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26 zk.); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen.
Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko den gastu- espedienteen aurretiazko tramitazioa arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta,
Horren ondorioz,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Beka aplikatzen den zentroetan ez, beste batzuetan doktoretza-aurreko egonaldiak egiteko dei egitea prestatzen ari diren ikertzaileei. Egonaldi horien helburua izango da ikertzaileak zientzia- eta teknika-ikerketan hobeto prestatzea, eta horretarako laborategi edo ikerketa-zentroetan ikerketa-lanak egitea, ikerketa-proiektuari aplikatzeko teknika berriak ikastea, bibliografia- eta ikerketa-fondoetan kontsultatzea eta beste edozein ikerketa jarduera egitea esku artean duen tesi-proiektuaren testuinguruan, ikertzailearen zientzia- eta teknika-prestakuntza hobetzeko eta tesiaren garapena bultzatzeko.
2.– Egonaldiak egin ahal izango dira unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+iko jarduera duten enpresetan, atzerrikoetan zein estataletan, betiere egonaldiak aplikatzeko zentroan bertan barik beste hiri batean egiten badira eta aldi baterako egoitza aldatzeak justifikatu egiten badu agindu honetan zehazten diren osagarri ekonomikoak ematea.
3.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren arabera aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat ez badatoz, bazter uzten dira biltzarretara, batzar zientifikoetara edo beste era batzuetakora joateak eta ohiko aplikazio-zentroa atzerrian izan eta prestatzen ari diren ikertzaileek Espainian dauden zentroetan egiten dituzten egonaldiak.
2. artikulua.– Diru-baliabideak eta bekak emateko prozedura.
1.– Agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko 200.000 euro erabiliko dira 2013. ekitaldian. Nolanahi ere, kopuru hori eguneratzea gerta daiteke, indarrean dagoen legerian aurreikusitako kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen bitartez. Baldin eta aurrekontu-aldaketen ondorioz aurreko paragrafo horretan aipatutako kopurua gehitzen bada, hori jendaurrean jakinarazi beharko da Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.
Aurreko artikuluan aipatutako xede horretara zuzendutako diru-baliabideak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren kasuan kasuko aurrekontu-kredituetatik etorriko dira, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritakoetatik.
2.– Bekak ordena jakin bati jarraiki emango dira, espedientea noiz aurkeztu den kontuan hartuta eta ezarritako diru-baliabideak agortu arte. Laguntzok egotzi beharreko aurrekontuan ez badago xede horretarako kreditu nahikorik eta egokirik, ezetsi egingo dira laguntza eskabideak, administrazio-ebazpenaren bitartez. Hori dela eta, programa hau indarrean dagoen bitartean diru-laguntzak emateko izendatuta dagoen kreditua agortuz gero, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak administrazio-ebazpen bat emango du, hori jendaurrean jakinarazteko, eta ebazpen horretan, kreditu hori zein egunetan agortu den adieraziko du; ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
1.– Diru-laguntza horiek eskatu ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 2012-2013 ikasturtean doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko programaren onuradunek (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko ekainaren 26ko Agindua, ekainaren 28ko EHAA).
2.– Laguntza hauetaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa da ikertzaileek jardunean egotea, eta lehenengo, bigarren eta hirugarren programa beka-berritzean.
3.– Ezin izango dute onuradun izan zigor administratibo edo penala jasotzeagatik laguntza edo diru-laguntza publikorik eskuratzeko aukera galdu duenek edo laguntza publikoak eskuratzeko lege-debekurik dutenek, ezta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik debeku horrekin zigortutakoak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean jasotakoaren arabera.
4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.
1.– Laguntza hauen gai diren egonaldiak 2013. urtean hasi beharko dira.
2.– Egonaldi bakoitzaren gutxieneko iraunaldia bi hilabetekoa izango da eta gehien jota hiru hilabetekoa, eta, justifika daitezkeen salbuespenak izan ezik, egonaldi horiek joan nahi den zentroetako aldi akademikoekin edota ohiko jardunarekin bat etorriko dira.
Bekaz baliatzeko aldi osoan zehar egin daitezen egonaldi guztien iraupena ez da 4 hilabetetik gorakoa izango.
5. artikulua.– Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.
1.– Egonaldia hasi baino bi hilabete lehenago aurkeztu beharko dira eskabideak, oro har.
2013ko martxoaren 1a baino lehenago hasten diren egonaldiei dagokienez, eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Edonola ere, eskabideak aurkezteko epea 2013ko urriaren 16an amaituko da.
2.– Eskabidea bide telematikoz bete behar da, Interneteko http://www.hezkuntza.net/o08/o08AccesoUsuario.do helbidean berariaz jasotzen den aplikazioa erabilita. Eskabide horretan zinpeko deklarazio bat egin beharko da, eta behar bezala betetzeko, jaso egin beharko du azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak -Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak- eta, gerora, abenduaren 23ko 5/2010 Legeak -Euskadiren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak- aldatu zuenak 50. artikuluko 6. paragrafoan arautzen duena. Eskaera hori egin ahal izateko, erabiltzaileak alta hartu beharko du eta web orri horretan azaltzen diren jarraibideak bete beharko ditu.
Hala ere, eskabidea formalizatzeko, eskabidea bete eta inprimatu beharko da, eta eskatzaileak izenpetu egingo du inprimatutako alea; gero, artikulu honetako 1. eta 6. paragrafoetan adierazten diren leku eta epeetan aurkeztu beharko du.
3.– Eske-idazki bidez aurkeztuko da laguntza horietarako eskabidea eta, horrekin batera, zentro hartzailearen eskutitz orijinala, eskatutako egunetan bekaduna hartzeko gertu dagoela egiaztatzen duena.
4.– Prestakuntzan jardun eta praktiketako kontratua duten ikertzaileek, gainera, beste dokumentu orijinal bat aurkeztu beharko dute, honako hau adierazteko: euren zentroko ikerketa errektoreordea zein, behar izanez gero, legezko ordezkaria ados dagoela egin beharreko egonaldi horrekin.
5.– Eske-idazkiak hartzen du Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatutako erantzukizunezko deklarazioa. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura. Deklarazio horren barruan honako puntu hauek sartuko dira:
– Eskatzaileak ez du diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik jaso, eta ez dauka horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.
– Eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren batean.
– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu nahiz publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen baditu edo helburu bererako beste diru-iturri edo baliabide batzuk jasotzen baditu, jakinaraziko dio Zientziarako Politika Zuzendaritzari.
6.– Eskabide-orriak eta bestelako agiriak ondorengo posta helbidera bidaliko dira:
Eusko Jaurlaritza
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.
Zientzia Politikarako Zuzendaritza.
Erreferentzia: Doktoretza-aurreko Egonaldiak
Donostia-San Sebastián kalea, 1
01010 Vitoria-Gasteiz.
Eskaera toki hauetan ere aurkeztu ahal izango da, baita informazioa eskatu ere: Zuzenean herritarrei arreta emateko bulegoetan: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araba (Ramiro Maeztu 10 behekoa., 01008 Vitoria-Gasteiz). Telefono bidezko arreta 012 zenbakira deituz eskuratu ahal da.
Ikertzaile nagusia Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanez gero, erregistro-bulego hauetan formalizatu ahal izango da eskaera:
1.– Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui koman-dantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz).
2.– Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia-San Sebastián).
3.– Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z.g., 48940 Leioa).
4.– Bizkaiko 84 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).
Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Eskabideak apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak - Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenak- aipatzen dituen lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira deialdian eskabideak aurkezteko adierazten den epean.
6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntza-eskabidea guztiz betetzen ez bada edo arauzko agiriak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean hutsak bete ditzala edo arauzko agiriak aurkez ditzala eskatuko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzak unibertsitate eskatzailearen legezko ordezkariari; orobat ohartaraziko dio, hala egin ezean, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).
Eskabide-zerrendak eta zuzentzeko hutsak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (Unibertsitate eta Ikerketa).
7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.
8. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta asegurua.
1.– Mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa eguneko 25 eurokoa izango da.
2.– Bidaia norbere ibilgailuan egin ahal izango da. Bidaia-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, honako taula honi begiratuko zaio:
(Ikus .PDF)
Bidaia egiteko bisatua izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.
Bidaia-gastuetarako laguntzak ez du toki-garraiorik hartuko barruan.
3.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak esleitu eta gero, justifikatuta dauden kasuetan, aldaketak onartu ahal ditu egonaldien ezaugarrietan; dena den, horrek ez du eragingo onartutako gastua handitzea.
4.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimenduta, atzerrian egiten diren egonaldietarako istripu eta osasun-laguntza asegurua kontratatuko da. Interesatuaren ezkontidea eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin eta onuradunak eskatuta, aseguru hori eurentzat ere luzatu ahal izango da. Aseguru hori antolamendu juridikoak edozein frogagirien bitartez onartutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.
9. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.
Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bera duten beste diru-laguntza batzuekin, salbu doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko programako laguntza bera.
10. artikulua.– Ebazpena.
1.– Zientzia Politikarako zuzendariaren ebazpenaren bidez esleituko dira agindu honetan araututako laguntzak; eskabideak aurkeztean hasitako espedienteak betetakoan emango da ebazpena.
Ebazteko proposatutako lote bakoitzean lehentasun-ordena ezarriko da, eskabidearen sarrera-erregistroko dataren arabera. Erregistro-data bera duten eskabideak, eskabideak betetzeko aplikazioak eskabide bakoitzari esleitzen dion ausazko zenbakiaren arabera ordenatuko dira, txikienetik handienera. Zenbaki hori, aplikazio telematikoak sortzen duen eskabide-orrian jasota geratuko da.
2.– Ebazpena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitate eta ikerketa) webgunean argitara emango da. Eusko Jaurlaritzaren atari elektronikoan ediktu bat txertatuz ere emango da jakitera, baina epeak zenbatzeko orduan, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net webgunean egiten den argitalpenak baizik ez du baliorik izango. Ebazpen hori ez bada eskabideak jasotzeko egunetik harako 6 hilabeteko epean ematen eta jakinarazten, ezetsitzat joko dira eskabideak, administrazio-isiltasuna dela-eta hain zuzen ere.
3.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari hilabeteko epean, jakinarazten denetik aurrera.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako diru-laguntzen barruan diru-laguntzak itzultzeko edo zehatzeko edozein prozedura tramitatzen ari bada, prozedura hori bukatu egin beharko da diru-laguntza eman eta ordaintzeko.
5.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.
11. artikulua.– Onuradunen betekizunak.
Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Hain zuzen ere, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak ez badio berariaz eta idatziz uko egiten, onartu egin duela pentsatuko da.
b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Kontrol Ekonomiko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen duten informazioa eman behar diete.
d) Helburu bererako lortu den beste edozein laguntza deklaratzea.
e) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epearen barruan, ondorengo artikuluan zehazten diren agiriak bidali beharko dituzte bekadunek Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.
12. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Laguntza hauen ordainketa behin batez egingo da, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Gainera, eta ahal izanez gero betiere, egonaldia hasi baino lehenago ordainduko da.
2.– Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epearen barruan, honako agiri hauek bidali beharko dituzte bekadunek Zientzia Politikarako Zuzendaritzara:
a) Burutu den egonaldiari buruzko ziurtagiria, lankide izandako ikertzaile arduradunak eta zentroko legezko arduradunak izenpetutakoa. Egonaldiaren hasiera- eta amaiera-egunak aipatu beharko dira bertan.
b) Egindako lanaren memoria zientifiko-teknikoa, diru-laguntzaren baldintzak bete direla justifikatzen duena, eta egindako jarduerak eta jasotako emaitzak zehazten dituena.
c) Bidaiaren kostua eta bisatua izapidetzeak dakarren kostuen memoria ekonomikoa, honako dokumentuekin batera:
– Garraio publikoan egindako bidaien jatorrizko txartel eta fakturak.
– Bisatua tramitatzean egindako tasa-gastuen eta garraio publikoan egindako joan-etorrien jatorrizko txartel eta fakturak.
Bidaian norberaren garraiobideak erabiliz gero, justifikatutako kilometroak kilometroko 0,29 eurotan ordainduko dira.
3.– Egonaldia esleitutakoa baino txikiagoa bada, mantenurako emandakoaren zati proportzionala –egin gabeko aldiari dagokiona– itzuli beharko du onuradunak, betiere indarrean den legediarekin bat etorriz.
4.– Bidaia-gastuetarako emandako laguntza bidaiaren benetako kostua baino handiagoa gertatzen bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.
13. artikulua.– Ez betetzeak.
Egonaldia ezin bada egin edo justifikatu, emandako laguntza osoa itzuli beharko du onuradunak eta baita aplikagarriak izan daitezkeen legezko interesak ere. Izan ere, hori xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren pentzutan ordaindu beharreko diru-laguntzen berme eta itzulerei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA).
14 artikulua.– Emandako diru-laguntza aldatzeko, eta, beharrezkoa bada, hura itzultzeko prozedura.
Prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 12. artikuluaren 3. eta 4. ataletan adierazten diren kasuetan:
a) Prozedura hasi eta ebazteko ardura Zientzia Politikarako zuzendariarena izango da.
b) Zientzia Politikarako zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta egutegiko 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari Zientzia Politikarako zuzendariaren ebazpen bidez.
Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.
Ebazpenak baiesten badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du, eta, behar izanez gero, bekadunari adieraziko dio EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola jasotako kopuruak eta laguntza ordaindu zenetik sortutako legezko interesak, eta itzultzeko epea bi hilabetekoa izango dela, ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jarduteko.
15. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz,deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren 3. zenbakidun fitxategian, «Bekadunentzako diru-laguntzak» izenekoan, jasoko dira , eta deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena. Fitxategi hori arau honen xedapen-esparruan sartzeko da: 2010eko urriaren 4ko agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena (azaroaren 5eko 213 zenbakidun EHAA).
Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 13a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
RSS