Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

217. zk., 2012ko azaroaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
4949

EBAZPENA, 2012ko urriaren 23koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2012-2013 ikasturteko bigarren lauhileko euskara-ikastaroetarako deia egiten duena. Deialdi honetan parte hartu ahalko dute bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileek, bai IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileek.

EBAzten DUT:

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileentzako eta IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileentzako euskara-ikastaroetarako deialdia onartzea, I. eta II. eranskinetan ezarritakoaren arabera. Deialdi honek 2012-2013 ikasturteko bigarren lauhilekoa arautzen du, eta hirugarren hizkuntza-eskakizuna arteko ikastaroak eskaintzen ditu.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 23a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARiA ENCARNACIÓN ECHAZARRA HUGUET.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal administrazio publikoetako langileen hizkuntza-gaikuntza eragin eta bultzatzea.

Bigarrena.– Nori zuzendua.

Deialdi hau zuzenduta dago bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileei, bai IVAPekin lankidetza hitzarmena duten herri erakundeetako langileei.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskara erabiltzeko normalizazio-prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretuaren ildotik:

1.– Deialdi honetan parte hartzerik izango dute:

– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autono-moetako langileak.

– IVAPekin lankidetza hitzarmena sinatuta duten erakundeetako langileak, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30ean eman zuen Aginduaren arabera. Agindu horren bidez, batetik, arautzen da IVAPek Euskal Autonomia Erkidegoko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua; eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak (EHAA: 2005-12-19).

– Uraren Euskal Agentziako langileak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako langileak.

2.– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira: Hezkuntzako irakasleak, ertzainak, Justizia Administrazioko langileak eta Osakidetzako langileak.

Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. Aurrekontua nahikoa ez balitz, IVAPek indarrean dagoen araudian aurreikusitako lehentasun irizpideak jarraituko ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen kasuan, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren 2004ko maiatzaren 27ko Instrukzioan zehaztutako irizpideak jarraituko dira, eta IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten erakundeetako langileen kasuan, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideak jarraituko dira.

Hirugarrena.– Arau orokorrak eta ikastaroetan parte hartzeko baldintzak.

Ondoren zerrendatutako gaiak arautzeko 2012-2013 ikasturteko deialdi nagusietako oinarriak aplikatuko dira:

– Ordu-kredituari buruzko araubidea.

– Mailaketa probak.

– Administrazioko taldeak osatzea.

– Matrikula orriaren bitartez eskolatzea.

– Eskolara joatea eta asistentzia kontrolatzea.

– Eskolan berandu hastea.

– Eskola behin betiko uztea.

– Ikastaroen aprobetxamendu irizpideak.

Aipatutakoak arautzeko, bi ebazpenok hartuko dira kontuan:

Batetik, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileei dagokienez, erreferentzia moduan hartuko da IVAPeko zuzendariaren 2012ko apirilaren 16ko Ebazpena, 2012-2013 ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten duena (2012-05-08ko EHAA, 89. zenbakia).

Bestetik, IVAPekin lankidetza-hitzarmena duten herri-erakundeetako langileei dagokienez, ordea, erreferentzia moduan hartuko da IVAPeko zuzendariaren 2012ko martxoaren 26ko Ebazpena, 2012-2013 ikasturteko euskara-ikastaroetara dei egiten duena (2012-04-26ko EHAA, 82. zenbakia).

Oraingo deialdi honetan otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:

a) Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek, salbuespen oso berezirik ezean, ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnak, beraz, otsailean bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa egin beharko dute.

b) Urrian hasi diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.

Modulu aldaketei dagokienez, oraingo deialdi honetan ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi.

Ikastaroek, betiere, HABEk homologatuak izan behar dute, eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan behar dute.

Laugarrena.– Lanorduetako ikastaroak.

4.1.– Ikastaroen eskaintza lanorduetan.

Ebazpen honen II. eranskinean adieraziko dira deialdi honetan, lanorduetan, egin daitezkeen ikastaroak.

Deialdi hau 2012-2013 ikasturteko bigarrena da, eta bertan egiten den ikastaro-eskaintza mugatua da; gorago aipatu diren 2012ko apirilaren 16ko Ebazpenean eta 2012ko martxoaren 26ko Ebazpenean iragarri bezala.

Eskabideak modulu eta ordutegi bakarrerako izan beharko dira. Horrezaz gain, HABEk homologatuak izan behar dira eta otsailetik ekainera arteko iraupena izan behar dute.

Otsailean ezin izango da lanorduetan autoikaskuntza ikastarorik egin.

IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.

4.2.– Eskabideak nola egin, lanorduetako ikastaroetarako.

4.2.1.– IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeak (udalak, foru aldundiak, EHU, etab.).

IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeetako langileek IVAPen inprimakia erabili ahalko dute. Inprimakia eskura egongo da helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.net (behin hemen, bide honi jarraitu behar zaio: euskara / euskara ikastaroak / 1-2-3HE prestatzeko ikastaroak / beste administrazio batzuk / izena emateko inprimakia).

Eskatzaileak erakundeko langile-arduradunaren baimena beharko du eskaera onartua izateko. Horretarako, eskabide-orrian bertan arduradunaren sinadura eta erakundearen zigilua agertu beharko dira.

Erakundeek helbide honetara bidali behar dituzte onartu dituzten eskabideak: IVAP (Euskalduntze Zerbitzua), Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

4.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak.

Eusko Jaurlaritzako langileek bi bide izango dituzte eskabidea egiteko: paperezkoa edo telematikoa.

a) Paperezko eskabidea: IVAPek beren beregi prestatutako inprimakia erabili beharko da. Inprimaki hori eskura egongo da helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.net (behin hemen, bide honi jarraitu behar zaio: euskara / euskara ikastaroak / 1-2-3HE prestatzeko ikastaroak / Eusko Jaurlaritza > izena emateko inprimakia).

Eskatzaileak bere sailean entregatu behar du eskabidea. Sail bakoitzak sailean bertan grabatu eta kudeatuko ditu bere eskabideak, aplikazio informatikoaren bidez. Baimena sail bakoitzak eman edo ukatuko die eskatzaileei, IVAPek horretarako adieraziko duen epean.

b) Eskabide telematikoa norberaren ordenagailutik egin ahal izango da, intraneten bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako intraneteko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da:

www.ivap.jakina

Sistema hau erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasuneko sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.

Eskabide telematikoak sail bakoitzak kudeatuko ditu aplikazio informatikoaren bidez. Baimena sail bakoitzak eman edo ukatuko die eskaerei, IVAPek horretarako adieraziko duen epean.

4.3.– Lanorduetako eskabideak IVAPen entregatzeko epeak.

IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeetako langileen kasuan: azaroaren 30a izango da azken eguna IVAPen entregatzeko herri-erakunde bakoitzak baimendu dituen eskabideak.

Eusko Jaurlaritzakoak diren langileen kasuan: ebazpen hau argitaratu eta 15 egun balioduneko epea izango dute eskabideak euren saileko Zerbitzu Zuzendaritzan aurkezteko, hala paperezko eskabideak, nola eskabide telematikoak.

Epe horretatik kanpo bidalitako eskabideak ez dira onartuko; eta, horretarako, eskabideak bidaltzeko ofizioaren irteera data hartuko da kontuan.

Bosgarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroak.

5.1.– Ikastaroen eskaintza eta baldintzak.

Lanorduz kanpoko ikastaroak eskatzeko baldintzak eta ezaugarriak deialdi honen hirugarren oinarrian ezarri dira.

Ikastaroek, betiere, HABEk homologatuak izan behar dute eta otsailetik ekainera bitarteko iraupena izan behar dute.

Otsailean ez da onartuko lanorduz kanpo autoikaskuntza egiteko eskaerarik.

5.2.– Eskabideak nola egin, lanorduz kanpoko ikastaroetarako.

5.2.1.– IVAPekin lankidetza hitzarmena duten erakundeetako langileek. Erakunde horietako langileek IVAPen inprimakia erabili ahalko dute. Inprimakia eskura egongo da helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.net (behin hemen, bide honi jarraitu behar zaio: euskara > euskara ikastaroak > 1-2-3HE prestatzeko ikastaroak > beste administrazio batzuk > izena emateko inprimakia).

Inprimakian ezinbestean jaso behar da erakundeko langile-arduradunaren baimena. Horretarako, eskabide-orrian bertan arduradunaren sinadura eta erakundearen zigilua ipini behar dira.

Erakundeek helbide honetara bidali behar dituzte onartu dituzten eskabideak: IVAP (Euskalduntze Zerbitzua), Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

5.2.2.– Eusko Jaurlaritzako langileen eskabideak lanorduz kanpoko ikastaroetarako. Eusko Jaurlaritzako langileek bi bide izango dituzte eskabidea egiteko: paperezkoa eta telematikoa.

a) Paperezko eskabidea. IVAPek beren beregi prestatutako inprimakiaren bidez egin behar da. Inprimakia eskura egongo da helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.net (behin hemen, bide honi jarraitu behar zaio: euskara / euskara ikastaroak / 1-2-3HE prestatzeko ikastaroak / Eusko Jaurlaritza > izena emateko inprimakia).

Eskatzaileak helbide honetara bidali behar du eskabidea: IVAP (Euskalduntze Zerbitzua), Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

b) Eskabide telematikoa. Norberaren ordenagailutik egin ahal izango da, intraneten bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako intraneteko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da:

www.ivap.jakina

Sistema hau erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasuneko sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.

5.3.– Lanorduz kanpoko eskabideak IVAPen entregatzeko epea.

Epea abenduaren 3tik 22ra bitartekoa izango da, bai Eusko Jaurlaritzako langileentzat, bai beste herri-erakundeetako langileentzat.

Epe horretatik kanpo bidalitako eskabideak ez dira onartuko. Horretarako, eskabideak IVAPera bidaltzeko ofizioaren irteera data hartuko da kontuan.

5.4.– Aldi baterako langileak lanorduz kanpoko ikastaroetan.

Aldi baterako langileek egiaztatu beharko dute lan-hitzarmena dutela beren administrazioarekin, ikastaroak dirauen bitartean.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzako langileen kasuan, kontratuaren hasiera eta bukaera egunak adieraziko dituen agiria bidali beharko dute IVAPera. Agiri hori Zerbitzu zuzendariak sinatu beharko du, betiere, eskabide-epe barruan.

Eusko Jaurlaritzakoak ez diren langileen kasuan, berriz, eskaera orrian bertan adierazi beharko dituzte lan-hitzarmenaren hasiera eta amaiera egunak.

5.5.– Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzea.

Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala badagokio, onartu ondoren, IVAPek matrikula orria bidaliko du langilearen erakundera, honek langile bakoitzari berea helarazi diezaion.

Matrikula orriaren bitartez langilea edozein euskaltegi publiko edo pribatu homologatutan matrikulatu ahal izango da.

Matrikulatzeko ezinbestekoa izango da langileak matrikula orria euskaltegian entregatzea.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du bere matrikula orria IVAPera.

Langileak egin duen matrikulak honako baldintza hauek betetzen baditu, IVAPek matrikularen kostu osoa ordainduko du:

1) Matrikula orria garaiz entregatzea euskaltegian: ikastaroa hasi baino lehen aurkeztu beharko da.

2) Aurreko 5.1 oinarrian ezartzen diren ikastaroen ezaugarriak betetzea.

Langileak egin duen matrikulak aurreko baldintzak betetzen ez baditu, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, ukapenaren berri emango du langilearen erakundean.

Seigarrena.– Ikastaroen hasierari buruzko arau orokorrak.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. IVAPek bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

Moduluz aldatzen diren ikasleen kasuan, hasiera-dataren erreferentea ikastaro trinkoa izango da:

– Ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzen diren ikasleek lehenik eta behin ikastaro trinkoa bukatu behar dute, eta ondoren aldatuko dira 2 orduko ikastarora.

– 2 orduko ikastarotik trinkora aldatzen diren ikasleek 2 orduko ikastaroan jarraituko dute harik eta ikastaro trinkoa hasi arte.

Zazpigarrena.– Datu pertsonalak jasotzea eta tratatzea.

Euskara ikastaroak kudeatzeko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion sailari lagatzea. Hartara, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo ari diren ikasleen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu, eta erakunde bakoitzari bere ikasleei dagozkienak jakinaraziko dizkio. Halaber, IVAPek Eusko Jaurlaritzako sailen eskura jarriko ahalko ditu lanorduetako ikasleen aprobetxamenduari buruzko txostenak.

Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua arau hauen arabera egingo da:

– 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa.

– 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.

– 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, 15/1999 Lege Organikoa garatuko duen erregelamendua onartzen duena.

Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Hori dela eta, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien erakundeei jakinaraztea, bai euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez, bai euren aprobetxamenduari buruzko txostenei dagokienez ere. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, txostenak egin ditzan normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua). Onartu egiten dute, azkenik, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari –HABE- aipatutako apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).

Ikasleei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek Fitxategiko datuetara sartzeko, datuok zuzentzeko, ezerezteko edo aurka egiteko eskubidea erabili ahal izango dute. Horretarako, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTAROAK

1.– Barnetegiko ikastaroak.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako Aurten Bai barnetegian edo Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira ondorengo egutegien arabera:

Maizpide (Lazkao): otsailak 4-ekainak 21.

Aurten Bai (Zornotza): otsailak 4-ekainak 28.

Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daitezke.

IVAPek matrikularen eta egonaldiaren gastuak hartuko ditu bere gain.

2.– Bost orduko ikastaroak.

Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak izango dira. Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatuko du; izan ere, eskola orduez gain, ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora ere gehitu beharko da.

Bost orduko ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena izango dute. Deialdi honi dagokion bost orduko ikastaroa bigarren lauhilekoan egingo da eta honako iraupena izango du:

otsailak 18-ekainak 21 (hiru ebaluaketa egingo dira).

2013ko martxoaren 28tik apirilaren 5era arteko egunak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

IVAPek matrikula gastuak hartuko ditu bere gain.

3.– Modulu-aldaketak.

3.1.– Bost orduko ikastarotik bi orduko ikastarora:

Bost orduko ikastarotik IVAPeko goizeko bi orduko talde batera aldatzen diren ikasleek ondorengo egutegiak eta ordutegiak izango dituzte: otsailak 18-maiatzak 31.

IVAPeko bi orduko taldeen ordutegia 08:00-10:00 izango da Bilbon eta Gasteizen. Donostian egitea eskatzen dutenei matrikula orria emango zaie.

Matrikula orriarekin eskolatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko dute.

3.2.– Bi orduko ikastarotik bost orduko ikastarora:

Bi orduko ikastarotik IVAPeko bost orduko taldera aldatzen diren ikasleek eranskin honen 2. puntuan adierazitako egutegia izango dute.

Aldiz, matrikula orriarekin eskolatzen diren ikasleek euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko dute.


Azterketa dokumentala