Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2012ko urriaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
4745

AGINDUA, 2012ko urriaren 2koa, Kulturako sailburuarena, 2012. urtean egiten diren edo hasten diren kategoria absolutuko nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko diru-laguntzak emateko arauak ezartzeko dena.

Agindu honen bidez, nazioarteko goi-mailako kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzea bultzatzeko laguntza-lerro bat ezarri nahi du Kultura Sailak.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, nazioarteko goi-mailako kirol-lehiaketetan parte hartzeak berebiziko garrantzia dauka, nazioartean euskal kirolaren presentzia ziurtatzeko, bai eta kirolaren praktika orokorra bultzatzeko ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da kirol-jarduerek diru-laguntzak jaso ahal izateko baldintzak eta irizpideak finkatzea, bai eta laguntza horiek eskatzeko, izapidetzeko eta emateko arauak ezartzea ere.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honetan, 2012. urtean egiten diren edo hasten diren kategoria absolutuko nazioarteko kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen da, artikulu honetan xedatutako eran.

Agindu honen ondorioetarako, nazioarteko kirol-lehiaketak ofizialtzat hartuko dira nazioarteko federazio baten egutegian, federazio europar batenean edo nazioarteko liga profesional baten egutegian sartuta dauden lehiaketak.

Lehiaketa horiek goi-mailako kirola sustatzera bideratuta egon behar dute. Ez da diru-laguntzarik emango partaidetzako kirola sustatzeko jardueretarako (jolas, aisia eta osasunerako kirola), ezta euskal kirol-selekzioek parte hartzen duten kirol-lehiaketetarako ere.

2.– 2012. urtean hasten diren ekitaldietarako ematen diren diru-laguntzak ezingo dira erabili urtealdi horretatik kanpoko gastuak ordaintzeko.

3.– Onuradunek konpromisoa hartuko dute kirol-lehiaketetan parte hartzearen ondorioz sortzen diren zabalkunde-moldeetan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza agerrarazteko eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari deialdia egiteko kirol-gertakariarekin loturiko ekitaldi publikoetan ager dadin, salbu eta ekitaldiaren ondoren ematen bada diru-laguntza, orduan gorabehera horren berri jaso beharko baitute, laguntza ematen duen ebazpenaren jakinarazpenak sortarazitako dokumentazioan.

4.– Ezingo dituzte inola ere diru-laguntza hauek eskatu, eta, hortaz, deialditik kanpo geratuko dira, bi sexuen arteko berdintasuna bermatzen ez duten egitasmoek.

2. artikulua.– Aurrekontu-baliabideak.

Deialdia agindu honen 7. artikuluan ezarritako lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da eta guztira hirurehun eta hirurogeita hamar mila (370.000) euro erabiliko dira; horietatik, 244.200 euro 2012. urtean ordaintzeko kreditukoak dira, eta gainerako 125.800 euroak 2013. urteko konpromisozko kreditukoak.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Dagokien erregistroan legez sortu eta inskribatuta dauden eta egoitza soziala Euskadiko Autonomia Erkidegoan duten kirol-klubek, kirol-elkarteek eta helburutzat kirola duten nortasun juridikoko entitateek eskatu ahal izango dituzte agindu honetako diru-laguntzak. Kirol-federazioek ezingo dituzte laguntza hauek eskatu.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko.

3.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

4. artikulua.– Eskabideak.

1.– Agindu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio (Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistro Orokor Zentralean edo erregistro osagarrietan aurkeztuko dira (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, 2008ko maiatzaren 30eko EHAAn, 102. zenbakian, argitaratua), zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetatik edozein erabiliz. Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskabide-inprimakia (I. eranskina) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzan bertan eskura daiteke, edo Kulturako Lurralde Ordezkaritzetan. Erakunde eskatzailearen izenean eskabidea sinatzen duen pertsona fisikoak eskabidea egiteko baimena duela egiaztatzen duen dokumentua behar da.

b) Jardueraren gaineko txostena (II. eranskina). Honako alderdi hauei buruzko azalpen-txostena aurkeztu beharko da:

– Lehiaketa-eremua.

– Lehiaketan sartzeko modua: aurresailkapenik dagoen ala ez; aurreko txandarik badago, horien emaitzak egiaztatzea.

– Lehiaketa-egutegia, eskabideak egiteko unean publikoa bada. Bestela, argitara eman orduko bidaliko da egutegi hori Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzara.

– Dena delako proba programa olinpikoan sartuta dagoen ala ez.

– Kirol-lehiaketaren maila edo kategoria.

– Mugiarazitako kirolari eta langile teknikoen kopurua.

– Azken hamar urteotan nazioartean izandako parte hartzeak.

– Lehiaketa modua: jardunaldi kopurua eta non izango diren.

c) Diruz lagundu nahi den proba sartuta dagoen nazioarteko federazioaren, europar federazioaren edo liga profesionalaren egutegi ofiziala, bai eta ekitaldia antolatu duen entitatearen eta kasuan kasuko nazioarteko federazioaren, europar federazioaren edo liga profesionalaren harremanetarako kontaktu baten helbidea.

d) Diruz lagundu nahi den jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu orekatua (III. eranskina).

e) Erakunde eskatzailearen IFZren kopia eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.

f) Hirugarrenaren altari buruzko dokumentu normalizatua (IV. eranskina). Eusko Jaurlaritzaren beste laguntzarik jaso baina beren helbideratze/banku datuetan aldaketarik sartu nahi dutenek «Hirugarrenaren datuetan aldaketak sartzeko eskabide orria» izeneko inprimaki normalizatua bete beharko dute (V. eranskina).

g) Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren NANren fotokopia, baita ordezkari horrek eskaera egiten duen egunean duen boterearen kreditazioa ere, bai ahalordearen eskrituraren kopiaren bidez bai, hala badagokio, dagokion organo eskudunak emandako ziurtagiriaren bidez.

h) Onuradunek konpromisoa hartuko dute Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari deialdia egiteko kirol-gertakariarekin loturiko ekitaldi publikoetan ager dadin, salbu eta ekitaldiaren ondoren ematen bada diru-laguntza, orduan gorabehera horren berri jaso beharko baitute laguntza ematen duen ebazpenaren jakinarazpenak sortarazitako dokumentazioan.

i) Diruz lagundu nahi den jarduerari begira eskatu diren bestelako laguntzen zerrenda. Zein entitateri -pribatu edo publikoa- eskatu zaion adierazi beharko da, eta eskaera horren egoera zein den -ezetsiak, erantzunaren zain, emanak- eta diru-kopurua. Horrelakorik eskatu ez bada, hori adierazten duen dokumentua aurkeztu behar da.

j) Burututako jarduerei dagokienez, jada egindako gastuak justifikatzeko agindu honetan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharko dira.

k) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik (VI. eranskina).

l) Espainiako kasuan kasuko federazioaren ziurtagiria, modalitateko horretako euskal kirol-federazioa Espainiakoan integratuta dagoela egiaztatzen duena, betiere kirol-modalitate horretako Espainiako federaziorik baldin badago.

m) Azken hamar urteetan nazioartean lehiatu diren aldiei buruzko ziurtagiria, dagokion nazioarteko federazioak emana.

2.– Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak diru-laguntza emateko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango du.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Agindu honen 4. artikuluaren arabera aurkeztutako eskabidea eta dokumentazioa aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak ikusten badu zerbait falta dela edo errakuntzak dituztela, erakunde interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horretarako hamar egun balioduneko epea emango zaio, dagokion jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik kontatuta. Era berean, ohartarazi egingo zaie ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

7. artikulua.– Eskaerak aukeratzeko eta baloratzeko irizpideak.

Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen den baremoaren arabera ondoren zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu:

1.– Lehenengo fasea. Probaren maila baloratzea (40 puntu arte):

1.1.– Probaren lehiaketa-eremua: 10 puntu arte.

– Mundukoa: 10 puntu. Mundu-eremuko probatzat hartuko da, gutxienez hiru kontinentetako parte hartzaileak baditu.

– Kontinentekoa: 5 puntu.

1.2.– Lehiaketan sartzeko sistema: 10 puntu arte.

– Lehiaketan sartzeko sailkapen-sistema bat badago: 10 puntu arte, finkatutako sistema horren zailtasun-mailaren arabera.

Taldekako kirola:

– Europako goren mailako lehiaketan parte hartzen dutenak: 10 puntu arte.

– Europako bigarren edo hirugarren mailako lehiaketan parte hartzen dutenak: 5 puntu arte.

– Lehiaketan beren kabuz parte hartzen dutenak: 0 puntu.

Kluben bitartez parte hartzen den banakako kirolak:

– Nazioarteko federazioak ezarritako aurresailkapen bidez edo nazioarteko federazioak baimenduta sartzeko era: 10 puntu arte.

– Nazio federazioak ezarritako aurresailkapen bidez edo nazio federazioak baimenduta sartzeko era: 5 puntu arte.

– Nor bere kabuz sartzeko era: 0 puntu.

1.3.– Proba programa olinpikoan sartuta egotea: 15 puntu arte.

– Proba olinpikoa: 15 puntu.

– Nazioarteko Batzorde Olinpikoak onarturiko modalitate ez-olinpikoa: 7,5 puntu.

– Nazioarteko Batzorde Olinpikoak onartzen ez duen modalitate ez-olinpikoa: 0 puntu.

1.4.– Nazioarteko parte-hartzearen jarraitutasuna: 5 puntu arte.

– 7 parte-hartze baino gehiago azken 10 urteotan: 5 puntu.

– 4tik 7ra parte-hartze azken 10 urteotan: 2,5 puntu arte.

– 1etik 3ra parte-hartze edo gutxiago azken 10 urteotan: 1 puntu.

Lehenengo fase honetan gutxienez 21 puntu lortzen ez duten eskabideak deialditik kanpo geratuko dira, eta ez dira bigarren fasean baloratuko.

2.– Bigarren fasea. Aurrekontu-faktoreak (60 puntu arte). Honako alderdi hauek baloratuko dira:

– Mugiarazitako kirolari eta langile teknikoen kopurua (30 puntu arte): 2 puntu pertsona bakoitzeko, 30 puntuko mugaraino.

– Lehiaketa-modua (30 puntu arte). Jardunaldi kopurua baloratuko da (10 puntu arte) eta proben jokalekurainoko distantzia (20 puntu arte).

– Europa: 5 puntu.

– Afrika, Amerika, Asia: 10 puntu.

– Ozeania: 20 puntu.

Lehiaketaren batean parte hartzeko kontinente batetik bestera mugitu behar bada, proben jokalekurainoko distantziaren arabera baloratu beharrekoa toki-aldaketa horiei dagozkien puntuen batez bestekoa izango da.

8. artikulua.– Kuantifikazioa.

1.– Laguntzen zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionalaren irizpidea erabiliko da. Alegia, agindu honen 2. artikuluan adierazitako diru-kopuru osoa eskabideek, aurreko atalean ezarritako irizpideak aplikatuta, balorazio fasean lortu duten puntuazioaren arabera banatuko da proportzionalki, betiere errespetatuta ezarritako gehienezko diru-kopurua edo, txikiagoa bada, eskatutako kopurua.

2.– Jarduera bakoitzeko eman litekeen kopurua ezin da laurogeita hamar mila (90.000) eurotik gorakoa izan.

3.– Futboleko Liga Profesionalen, Asobalen, ACBn eta Ruta UCI Pro-Teams gizonezkoen txirrindularitzan parte hartzen duten entitate onuradunek ezin izango dute jaso, oro har, agindu honetako aurrekontuaren % 40 gainditzen duen kopururik.

9. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gain-finantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, aurkeztutako aurrekontuaren orekaraino.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak -Kiroletako zuzendaria izango da batzordeburu, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatutako bi teknikari batzordekide, horietako bat idazkari- ebazpen-proposamen arrazoitu bat emango du, aurrez finkatutako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkeztuko dio. Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Batzordekideak nortzuk izango diren erabakitzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluak xedatutakoa errespetatuko da.

Aldi berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio-batzordeen bileretan parte har dezakete, bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin bai baina botorik ezin izango dute eman.

2.– Egindako proposamenak ikusita, deialdia ebatziko du Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, eta esleitutako diru-kopuruak zehaztuko ditu.

3.– Ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia argitaratzen denetik kontatzen hasita. Epea igaro eta interesatuek ebazpenik jaso ez badute, eskabidea ezetsi dela ulertuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusi bezala, nahiz eta horrek ez salbuetsi lege horrek Administrazioari ebazpen adierazia emateko ezartzen dio betekizunetik.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, agindu honetako 6. artikuluan adierazitakoa gertatuz gero, erabakia hartzeko epea etenda geratuko da tramite hark behar duen beste denboraz, jakinarazpen-egunaren eta erantzuteko epearen arabera.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie esleipendunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

11. artikulua.– Ordainketa.

Diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da: lehen zatian, diru-laguntzaren kopurutik ehuneko hirurogeita sei ordainduko da, interesdunak diru-laguntza onartu duen edo onartu duela ulertzen den datatik aurrera zenbatzen hasita bi hilabeteren barruan; bigarrenean, gainerako kopurua ordainduko da, kirol-jarduera edo egitaraua bukatu eta emandako diru-laguntzaren diru kopuru osoa behar bezala justifikatu ondoren.

12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetako diru-laguntzen onuradunek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-araubidea konplitu beharko dute (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), eta, zehazkiago, betiere honako hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren gastuak ordaintzeko erabiliko da diru-laguntza, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpenarekin bat.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

d) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak programaren exekuzioari buruz eskatzen dion informazio guztia eskuratzea.

e) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari deialdia egitea kirol-gertakaria aurkezteko egiten diren ekitaldi publikoetan ager dadin eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza toki ageri batean agerraraztea, salbu eta ekitaldiaren ondoren ematen bada diru-laguntza, orduan gorabehera horren berri jaso beharko baitute laguntza ematen duen ebazpenaren jakinarazpenak sortarazitako dokumentazioan.

f) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, gizon eta emakumeen rolei dagokienez, eta erabilera estereotipatuak ez direla erabiliko bermatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipatuak ez direla erabiliko bermatuko da.

13. artikulua.– Programa kudeatzeko eskumena duen organoa.

Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritza da agindu honetako diru-laguntzen programa kudeatzeko eskumena duen organoa.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Entitate onuradunek honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzan, diruz lagundutako jarduera -edo hala badagokio, partaidetza- amaitu eta handik hiru hilabeteko epean:

a) Diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzeari buruzko txosten zehatza, egindako jarduerak eta lorturiko emaitzak adierazita.

b) Egindako gastuen jatorrizko ziurtagiriak edo fotokopia konpultsatuak, emandako diru-laguntzaren kopuruaren adinakoa.

c) Diru-laguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzen arabera, Kultura Sailaren babesa berariaz jasotzen duen dokumentazio guztiaren aleak (dokumentu grafikoak, fotografikoak edo ikus-entzunezkoak).

d) Ekitaldian parte hartzeak izan duen kostu-kontuen behin betiko balantzea, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita; bereziki jaso beharko dira helburu berarekin eskuratutako beste laguntzak, eskabideak aurkezteko unean haien eraginkortasunaren berri ez baldin bazegoen.

15. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira -betiere diru-laguntzaren xedea bete bada- edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Beste xedapenen batek izaera orokorrez ezarritako beste edozein obligazio betetzen ez denean.

2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 2a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala