Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

208. zk., 2012ko urriaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4744

EBAZPENA, 2010eko otsailaren 2koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Fundiciones de Elorrio SL enpresari ingurumeneko baimen bateratua ematen diona, Elorrioko udalerrian (Bizkaia) burdinurtzeko jarduera gauzatu dezan.

AURREKARIAK

2006ko abenduaren 29an, Javier Azcarate Arregui jaunak, La Industrial Cerrajera SA enpresaren izenean eta ordezkaritzan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2006 Legeak xedatutakoaren arabera, Elorrioko (Bizkaiko lurralde historikoa) udalerrian «Galdaketa eta sarrailagintza» jarduerarako. Eskaerarekin batera ondorengo agiri teknikoak erantsi ziren:

● Oinarrizko proiektua, laburpen ez-teknikoa eta eranskinak (2006/12/29).

Erreferentziako baimena eskatzeko unean, La Industrial Cerrajera SA enpresak, besteak beste, jarduerarako 1999ko abenduaren 30eko baimena zuen «Galdaketa eta sarrailagintza» jarduerarako. Era berean, enpresa sustatzaileak kolektorera isurtzeko 2001eko apirilaren 25eko baimena zuen, uren arloan indarrean den araudian xedatutakoari jarraiki.

2007ko urtarrilaren 30ean, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak prozeduran esku-hartzea duten hainbat organori txostenak eskatu zizkion, Ingurumen Organoaren bidez proiektua jendaurrean jartzeko izapidetzea adosteari dagokionez. Zehazki Elorrioko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari eskatu zien txostena.

2007ko martxoaren 1ean, 2007ko uztailaren 2an, 2008ko otsailaren 18an eta 2008ko uztailaren 3an Ingurumen Organoak agiri osagarriak txertatzeko eskatu zion sustatzaileari.

2008ko otsailaren 18an, La Industrial Cerrajera SA enpresak proiektuak Elorrioko hirigintza-plangintzarekin duen bateragarritasunari buruzko 2007ko urtarrilaren 16ko udal-txostena bidali zuen.

Beranduago, 2008ko maiatzaren 23an, La Industrial Cerrajera SA enpresak zatitze-fase batean zegoela adierazi zuen, eta Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresari eskualdatu ziotela galdaketa-dibisioa, bai instalazioak bai makinak, burdinurtzeko jarduera burutzeko. Bi aldeek 2008ko apirilaren 22an sinatutako kontratua aurkeztu zen. Horrela, uztailaren 1eko Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 5. artikuluan ezarritakoari jarraiki, Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi zitzaion jardueraren zati baten (galdaketa-dibisioa) transmisioa.

2009ko urtarrilaren 28an, ingurumen-organoak titulartasun berri horren mende egongo diren jardueraren zatiari eta instalazioei buruzko informazioa eskatu zion Fundiciones de Elorrio SL enpresari. Eskaera horri erantzunez, 2009ko martxoaren 5ean, José Ramón Zárate jaunak, Fundiciones de Elorrio SL enpresaren izenean eta ordezkaritzan, bereizketarako gatazkatsuak izan daitezkeen alderdiei dagokienez, Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresara zer elementu doazen eta La Industrial Cerrajera SA enpresan zein geldituko diren definitzen zuen agiria aurkeztu zuen.

Ingurumeneko sailburuordeak 2009ko martxoaren 11n emandako ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2009ko apirilaren 15ean. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi egunkaritan argitaratu zen 2009ko apirilaren 12an, eta ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegazio bat aurkeztu dela egiaztatu da eta agiri honi erantsi zaio.

Eskaeraren izapidetzearekin jarraitzearren, 2009ko ekainaren 25ean eta irailaren 23an agiri osagarriak txertatzeko eskatu zitzaion sustatzaileari, eta 2009ko urriaren 19an osatu ziren agiriak.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2009ko abuztuaren 21ean Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Elorrioko Udalari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, espedientean ageri den emaitza jasoz.

2009ko azaroaren 25ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresaren esku utzi zen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egindako ebazpen-proposamena gehituta.

2009ko abenduaren 15ean sustatzailearen jakinarazpena jaso zen. Jakinarazpen horretan hainbat ohar egiten ziren Ingurumeneko Baimen Bateratuaren ebazpen-proposamenari buruz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta -lerro guztiak; 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusia dutenak.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 9. artikuluari jarraituz, ingurumeneko baimen bateratua behar dute 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua, berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten Herri Administrazio desberdinen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen araudiaren araberako administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi izan dira. Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresaren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: kolektorera isurtzeko baimena, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuak sortzeko baimena, eta ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkion baimenak eta lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak igorriz.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak Jarduera Gogaikarri, Osasungaitz, Kaltegarri eta Arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuak aurreikusten duen jarduera sailkatuetarako udal-baimenaren prozedura ordezkatzen du; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal-agintarientzat loteslea izango da baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko; baita aipatutako arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak; horiez gain, espedientean sartu dira Elorrioko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak.

Instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den arloko legerian ezarritako baldintzak. Zehazki, Europako Batzordearen agiri hauen edukiak hartu dira kontuan: 2005eko maiatzeko Reference Document on Best Available Techniques in the Smitheries and Foundries Industry BREF agiria, 2001eko abenduko Reference Document on the application of Best Available Techniques to Industrial Cooling Systems agiria, eta 2006ko uztaileko Reference Document on Best Available Techniques for Emissions from Storage agiria. Gainera, araudi sektorialei dagokienez, kasu honetan bereziki aplikatzekoa da ontziei eta ontzi-hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legea garatzen eta betetzen duen Araudia onartzen duen apirilaren 30eko 782/1998 Errege Dekretua.

Espedienteko txostenak aztertu ondoren, ebazpen-proposamena sinatu eta Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da. Ildo horretan, kontuan hartu behar da organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek sustatzaileak izapidetze honetan egindako oharrak aztertu dituztela, eta guztiak kontuan hartu direla ebazpen hau lantzeko orduan.

Organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako legearen 13. artikuluan eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Ondorengo araudia ikusi da: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2009ko azaroaren 25ean emandako ebazpen-proposamena; otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzkoa; 16/2002 Legea, uztailaren 1ekoa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoa; urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, proiektuen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa ezartzen duena; azaroaren 26ko 26/ Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, eta aplikatzeko den gainerako araudia,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Egoitza soziala Elorrioko udalerriko (Bizkaia) Urkizuaran kaleko 10. zenbakian eta IFK: B95526232 zenbakia duen Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea, Elorrioko udalerrian burdinurtzeko jarduerarako, ebazpen honen bigarren atalean ezarritako baldintzekin.

Jarduera Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean jasota dago. Hain zuzen ere, 2.4 kategorian, «Burdina-metalen galdaketa, eguneko 20 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena duena».

Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresaren ekoizte-prozesuak ondorengo etapak ditu:

● Lingotea, enbutizio-txatarra, itzulerak eta ferroalezioak erabiliz, maiztasun ertaineko eta 6 t/orduko ahalmeneko urtzeko bi labe elektrikotan galdatzea. Galda zali batera isurtzen da eta horren konposizioa doitzeko gehigarriak gehitzen dira.

● Harea-lanak. Itzulerako harea uhal garraiatzaileen bidez iristen da desmoldekatzeko gunetik, eta horretan eragiketa hauek egiten dira: metal zati txikiak kentzea, bahetzea, hoztea (hozkailuan) eta siloetara eramatea. Prozesurako, harea toberara igarotzen da eta bertan pisatu eta harrikatza, bentonita, harea berria eta ura gehitzen dira.

● Argintza. Arrak fabrikatzeko bi prozesu mota daude: kutxa hotza eta kutxa beroa. Gaur egun kutxa beroko ekipoekin baino ez da lan egiten.

○ Kutxa hotzeko arrak fabrikatzeko, harea, erretxina formo-fenolikoak, isozianatoa eta amina erabiltzen dira.

○ Kutxa beroko arren kasuan, harea aurrestalia (erretxina formo-fenolikoarekin eta hexametilaminarekin nahastutako harea) erabiltzen da, eta metalezko tresna bero baten barruan sartzen da.

Bi kasuetan, ondorengo pintaketa murgilketaz egiten da.

● Moldekatzea. 300 lubeta/ordutik gorako ahalmeneko lubeta-moldekatze bertikaleko lerroan egiten da. Arrak automatikoki sartzen dira lubetaren barruan ar-jartzaile baten bidez, eta ondoren galdaz betetzen dira lubetak (aldi berean inokulatzailea gehituz). Isurketaren ondoren, hoztu egiten da.

● Desmoldekatzea. Disacool motako danbor desmoldekatzaile baten bidez egiten da.

● Granailatzea. Taulako granailatzeko bi makinatan egiten da, gainazaletik itsatsitako harea-hondarrak ezabatzeko eta piezen gainazalaren kalitatea hobetzeko. Granailatzeko makinek granaila ezabatutako hareatik bereizten duen bahe bat dute.

● Piezak azpikontratistetara bidaltzen dira Galdaketako Eragiketa Osagarriak (GEO) direlakoak egiteko.

Hona 2008ko ekoizpena:

● Grafito esferoidalaren galdaketa (burdina nodularra): 5.662 t gordin (3.103 t garbi).

● Grafito orritsuaren galdaketa (burdina grisa): 49 t gordin (22 t garbi).

Hala ere, gehienezko ekoizte-ahalmena 20.500 t gordinekoa izango da (11.500 t garbi).

Enpresan energia hauek erabiltzen dira:

● Gas naturala: zaliak berotzeko eta airez lehortzeko xurgapen- eta iragazte-ekipoan.

● Gasolioa: Erregai gisa orgatilen funtzionamendurako eta larrialdietarako sorgailuan.

● Energia elektrikoa makina eta instalazioen jardun orokorrerako.

Enpresak isuri atmosferikoen 9 foku ditu. Horietatik 4 foku ez-sistematikoak dira, horien jardun-erregimena kontuan hartuta. Bideratutako isuriak eragiketa hauetakoak dira: galdaketa, nodulizazioa, isurketa, harea-lanak, desmoldekatzea, hoztea, lerroko granailatzea, kutxa beroko argintza, kutxa hotzeko argintza, laborategiko granailatzeko makina, soldadura eta multzo elektrogenoak.

Hondakin-uren isurketari dagokionez, fluxu hauek sortzen dira:

● Ur sanitarioak.

● Hozteko industria-urak, zehazki labeak hozteko lurruntze-hozkailuaren purgak eta hustuketak.

● Euri-ur «garbiak» (kutsatuta egon ez daitezkeenak).

● Euri-ur «zikinak» (patiokoak, kutsagarriak arrasta ditzaketenak).

Fluxu guztien helmuga Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorea da, euri-urena izan ezik; horiek Iturrigorri errekastora isurtzen dira zuzenean.

Proiektuak, 2005eko maiatzeko «Reference Document on Best Available Techniques in the Smitheries and Foundries Industry» BREF agirian adierazten denez, Teknika Erabilgarri Onenak (TEO) izan daitezkeen ondorengo neurriak ditu, besteak beste:

● Txatarra biltegiratzea: estalkipean biltegiratzea, lurzorua iragazgaiztea.

● Galdaketa eta nodulizazioa: labeen baterako xurgapena eta mahuka-iragazki bidez araztea; txatarra garbia kargatzea; maiztasun ertaineko labeak erabiltzea; galdaketa-ziklo guztian xurgapena eta labeetan, nodulizazioan eta isurtzeko unitatean estalkiak izatea; bitarteko lehorrean araztea.

● Moldeetara isuri eta hoztea: erauzketa-sistema tratamendurik gabeko hozte-lerroetan.

● Moldekatze berdea: harea-lanetan eta desmoldekatzean mahuka-iragazki bidez xurgatzea; hauts gehien duten uhal garraiatzaileak karenatzea.

● Granailatzea: xurgapena eta arazketa (kartutxoak) lerroko granailatzeko makinan.

● Zarata murriztea: gau-ordutegian garraioa murriztea, ateak ixteko politika.

● Isuri barreiatuak murriztea: kanpoko biltegiratzerik ez egotea; zorua ekortzeko makinaz garbitzea; pasaguneak eta patioak garbitzea.

● Isurketen kontrola: kanpoko biltegiratzerik ez egotea.

● Bestelakoak: prozesuan ingurumena kudeatzeko sistema ezartzea.

Bigarrena.– Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak Elorrioko udalerrian sustatutako burdinurtzeko jarduera ustiatzeko ondorengo baldintzak eta eskakizunak ezartzea.

A) Administrazioarekiko harremanen arduradunari buruz emandako datuetan aldaketarik badago, Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak aldaketa horien berri emango du Ingurumen Sailburuordetzan.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak.

Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresaren instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isuriek ez dituzte ebazpen honetan ezarritako muga-balioak gaindituko.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren. Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango isuri zarratuak biltzea teknikoki edota ekonomikoki bideragarria ez denean, edo ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurriak hartuko dira ustekabeko isuririk ez egiteko, eta egiten direnak giza osasunerako eta gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Fundiciones de Elorrio, S.L. instalazioak ondorengo fokuak ditu, atmosfera babestearen arloan indarrean dagoen araudiaren arabera katalogatuta:

(Ikus .PDF)

Sustatzaileak «Laborategiko granailatzeko makina» foku ez-sistematikoaren garaiera aurkeztu beharko du.

Foku ez-sistematikoei dagokienez, horien jardun-erregimena aldatzen bada, hots, instalazioaren funtzionamendu globalaren % 5 baino gehiago funtzionatzen hasten badira, edo ordubete baino epe luzeagoetan urtean 12 aldiz baino gehiago isurtzen hasten badira, foku gisa erregularizatzeko eskatuko da.

Gainera, isuri barreiatuak daude karga/deskarga, zepa-kentzea, galdaketa... prozesuetan. Ildo horretan, horiek biltzeko eta murrizteko proposamen bat aurkeztu beharko dute.

B.1.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isuriek ez dituzte isurtzeko muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

Muga-balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-eko tenperatura, 101,3 kPa-eko presioa eta gas lehorra.

Neurtutako parametroek ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko arauz egingo diren aldizkako ikuskapenetan (ordubeteko hiru neurketa gutxienez), zortzi ordutan zehar neurtuta. Neurketa-tolerantzia gisa, kasu guztien % 25ean gainditu ahal izango da muga-balioa, % 40 gainditzen ez duen zenbatekoa baldin bada. Tolerantzia hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi horretako tolerantzia global gisa, kasuen % 6an gehienez onar daitezkeen mailak gainditzea onartuko da, % 25a gainditzen ez duen zenbatekoa denean. Tolerantzia horiek izanda ere, gai kutsatzaileak isurtzen dituen fokuaren eraginpeko zonaldean ezin izango dira inoiz higienikoki onar daitezkeen balioak gainditu.

B.1.4.– Gasak biltzeko eta husteko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo B.1.2 atalean ezarritako goreneko kotatik behera. Tximiniek Industria Ministerioaren 1976ko urriaren 18ko Agindua, industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzekoan ezarritako baldintzak beteko dituzte; horrela, besteak beste, laginak hartzeko puntuetara sarbide seguruak eta errazak jarriko dituzte.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusitako zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, gas-fluxuak laginketa-puntutik neurketa-puntura bitartean, bere norabidean zehar nahiz aurkakoan, edozein asaldu izan dezakeen gunera bitarteko distantziak (L1 eta L2 parametroak) 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean xedatutakoa beteko dute. L1 = 8D eta L2 = 2D distantziak betetzen ezi diren fokuetarako inoiz ez dira L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak onartuko. Kasu horietan, neurketen txostenean laginketa-planoaren baliotasuna justifikatzea eskatuko da.

Isuri barreiatuak murrizteko, isuriak biltzeko, husteko eta arazteko sistema guztien mantentze-lan zuzenak egingo dira, eta gainera, beste jarduera hauek: instalazioak egunero eta astero garbitzea, kanpoko ateak ixtea, pabiloia orokorrean ixtea, etab., isuri horiek minimizatzea bermatzeko. Aipatutako informazio guztia agiri honen D.3 ataleko prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan jaso eta erregistratuko da.

B.2.– Saneamendu-sarera eta ibilgura isurtzeko baldintzak.

B.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: burdinurtzea.

Jarduera-taldea: 2.

Mota-taldea-EJSN: 1-2-27.51.

(Ikus .PDF)

B.2.2.– Isurtzeko emariak eta bolumenak.

a) 1. isurketa: Ur sanitarioak.

(Ikus .PDF)

1. isurketa: Lurruntze-hozkailuaren purgak.

(Ikus .PDF)

B.2.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Isurketek Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera isurtzeko erregelamenduan agertzen diren mugak eta baldintzak bete beharko dituzte.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.

B.2.4.– Araztu eta husteko instalazioak.

Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak instalazioko euri-ur guztien kalitateari buruzko azterlan bat aurkeztu beharko du, kutsadura arrastatzen duten euri-urak diren zehaztearren. Ildo horretan, Administrazioaren erakunde laguntzaile batek fluxu bakoitzari buruz egindako analisi bat aurkeztuko da. Laginak euria hasten den lehen unean hartuko dira, eta gaur egun dauden euri-uren sareak, horiei lotutako isurtze-puntuak eta ingurune hartzailea erakusten dituen plano bat ere aurkeztuko da. Era berean, egokitze-plan bat aurkeztuko da, euri-ur kutsatuen fluxu bakoitzaren burutze-epe zehatzak aurreikusten dituena, isuri aurretik horiek tratatzeko, eta geroko egoera erakusten duen plano bat ere bai, ezarri beharreko tratamendu-sistemak, euri-uren geroko drainadura-sareak eta isurtze-puntuak aurreikusten dituena.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan, isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Kontrol-kutxeta bat jarriko da baimendutako hondakin-ur mota bakoitzarentzako; kutxeta horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezko ezaugarriak izango dituzte. Kutxetak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala dagokionean.

Zerbitzuko aire-konpresoreek galdaratxoak purgatu ondoren sortutako olioak ezabatzeko ekipamendu berezia izan behar dute nahitaez.

B.3.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoa den berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hala badagokio, hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helburu egokiena erabakitzeko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro baliotu egin behar da eta horretarako balioztagune baimendu batera eraman behar dira. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek baliotzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira baliotzeko beste modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Baimendutako zabortegian ezabatzea aurreikusita dagoen hondakinen karakterizazioa, 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz gauzatuko da. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dira. Bestela, erabaki hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako jarraibideekin bat etorriz gauzatuko da.

Hondakinak biltzeko guneak edo guneek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen jarioak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da; behar izanez gero, estali egingo da.

Hondakinak desagertu, galdu edo ihes eginez gero, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Elorrioko Udalean.

B.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak hauek dira:

● 1. prozesua: Galdaketa.

○ 1. hondakina: «Xurgapeneko xehekiak».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/1/1.

– Hondakinaren kodea: Q9//R4//S25//C7//H14//A231//B3109.

– EHZ: 100909.

– Urtean sortutako kantitatea: 100 t.

Galdaketa-, nodulizazio- eta isurketa-guneetako xurgapen- eta iragazte-sistemek bildutako materiala da. 1.000 kg-ko big-bagetan biltzen da. Astero erretiratzen da.

● 2. prozesua: Argintza.

○ 1. hondakina: «Fenol-erretxinak».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/2/1.

– Hondakinaren kodea: Q8//D15//P12//C39//H5//A231//B3109.

– EHZ: 080111.

– Urtean sortutako kantitatea: 200 kg.

Argintza-instalazioko hauspo-biltegian sortutako hondakina da. 200 litroko metalezko bidoietan biltzen da. Urtero erretiratzen da.

● 3. prozesua: «Zerbitzu orokorrak».

○ 1. hondakina: «Olio erabilia».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/1.

– Hondakinaren kodea: Q8//R13//L09//C51//H5//A231//B3109.

– EHZ: 130205.

– Urtean sortutako kantitatea: 1.000 l.

Ekipoetan olioa aldatzean sortutako olio erabilia da (moldekatzeko unitateak, orgatila jasotzaileak, etab.). 1.000 litroko plastikozko bidoietan biltzen da. Urtero erretiratzen da.

○ 2. hondakina: «Lohi oliotsuak».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/2.

– Hondakinaren kodea: Q8//D15//P09//C51//H5/14//A231//B3109.

– EHZ: 130502.

– Urtean sortutako kantitatea: 300 kg.

Biltegiratzeko sistemetan sortutako olio erabiliak edo olio agortuak dira. 1.000 litroko plastikozko ontzietan biltzen da. Urtero erretiratzen da.

○ 3. hondakina: «Metalezko eta plastikozko ontzi kutsatuak».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/3.

– Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41//H5//A231//B3109.

– EHZ: 150110.

– Urtean sortutako kantitatea: 400 kg.

Izaera arriskutsuko gai osagarrien ontziak dira. 1.000 kg-ko big-bagean biltzen da. Urtero erretiratzen da.

○ 4. hondakina: «Aerosolak».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/4.

– Hondakinaren kodea: Q14//R13//L-S36//C41//H6//A231//B3109.

– EHZ: 160504.

– Urtean sortutako kantitatea: 30 kg.

Aerosol erabilien ontziak dira. 200 litroko metalezko bidoietan biltzen dira. Urtero erretiratzen da.

○ 5. hondakina: «Kutsatutako materiala».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/5.

– Hondakinaren kodea: Q5//D15//S35//C41//H14//A231//B3109.

– EHZ: 150202.

– Urtean sortutako kantitatea: 500 kg.

Airea arazteko sistemetako iragazkiak eta olioz bustitako mantentze-lanetako materialak dira. 200 litroko metalezko bidoietan eta 1.000 kg-ko big-bagetan (xurgapeneko mahuken kasua) biltzen dira. Hiru hilero erretiratzen da.

○ 6. hondakina: «Produktu kimiko iraungiak eta produktu kimikoen nahasketa».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/6.

– Hondakinaren kodea: Q8//D15//S20//C23/24//H6/8//A231//B3109.

– EHZ: 160506.

– Urtean sortutako kantitatea: 10 kg.

Laborategiko nahasketa agortuak dira. 25 litroko bonbilletan biltzen dira. Urtero erretiratzen da.

○ 7. hondakina: «Berunezko bateriak».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/7.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C18/23//H8//A231//B3109.

– EHZ: 160601.

– Urtean sortutako kantitatea: 100 kg.

Barne-garraioko ekipoetako bateria agortuak dira. Palet gainean biltzen dira zumitzetan. Urtero erretiratzen da.

○ 8. hondakina: «Hondakin biokutsatuak II. klasea».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/8.

– Hondakinaren kodea: Q12//D13//S1//C35//H9//A231//B3109.

– EHZ: 180103.

– Urtean sortutako kantitatea: 10 kg.

Higieneko eta lehen sendaketetako materiala da. Plastikozko edukiontzietan biltzen da. Hiru hilero erretiratzen da.

○ 9. hondakina: «Fluoreszenteak/deskarga-lanparak».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/9.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H6//A231//B3109.

– EHZ: 200121.

– Urtean sortutako kantitatea: 25 kg.

Argi-ekipo ordeztuak dira. Plastikozko edukiontzietan biltzen dira. Urtero erretiratzen da.

○ 10. hondakina: «Sailkatu gabeko pilak».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/10.

– Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C11/16//H6//A231//B3109.

– EHZ: 200133.

– Urtean sortutako kantitatea: 30 kg.

Pila agortuak dira. Plastikozko edukiontzian biltzen dira. Urtero erretiratzen da.

○ 11. hondakina: «Baztertutako ekipo elektriko eta elektronikoak».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/11.

– Hondakinaren kodea: Q14//R4//S40//C6/18//H6//14//A231//B3109.

– EHZ: 160213.

– Urtean sortutako kantitatea: 300 kg.

Ekipo informatiko ordeztuak eta osagai elektriko ordeztuak dira. Palet gainean biltzen dira zumitzetan. Urtero erretiratzen da.

○ 12. hondakina: «Konpresoreen purgak».

– Identifikazioa: 48/007231/48/00244/3/12.

– Hondakinaren kodea: Q8//D15//L9//C51//H5/14//A231//B3109.

– EHZ: 130501.

– Urtean sortutako kantitatea: 20 kg/urte.

Konpresorearen olio-bereizgailuan sortzen da. Bertan, elementu bereizlearen ikatz aktiboaren bidez atxikitzen da olioa. Hondakina bereizketa-sisteman bertan biltzen da erretiratu arte, erabilera-epea agortu ondoren, eta urtero erretiratzen da.

a) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, jarioren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

b) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

c) Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa izango da.

d) Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta gordetzeko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuan eta hori garatzeko araudietan ezarritakoak izango dira.

e) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora biltegiratu.

f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

h) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

i) Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak industriako olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoan olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuaren arabera kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

j) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzko otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Kudeatzaile baimenduak egindako onarpen-agiria izateari, aurretiazko jakinarazpena egiteari eta kontrolerako eta jarraipenerako agiria betetzeari buruzko neurriak ez dituzte bete beharko kudeaketa-sistema bateratuen kudeaketa-azpiegiturara entregatutako hondakinek, edo udal-hondakinekin eta gaika bildutako izaera berekoekin bateratu daitezkeenekin batera kudeatzeko udal-erakundeetara entregatutakoek, betiere dagokion udal-erakundearen aldetik entrega hori egiaztatzen baldin bada. Entrega horiek udal-erakundeei egin izanaren egiaztagiriak bost urtez gorde beharko dira gutxienez.

Nolanahi ere, hondakinak sortzeko kontrol-erregistroan ekipo elektriko eta elektronikoen sortutako hondakinen kantitateak adieraziko dira.

k) Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak poliklorobifeniloak eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen 1999ko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuaren baldintzak eta errege dekretu hori aldatzen duen 2006ko otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

l) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 EE Arautegian ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.

m) Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda.

n) Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, jasotzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa betez, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, Ingurumen Sailburuordetzari kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko dio.

o) Hondakin arriskutsuen kudeaketako funtsezko oinarriak bete daitezen, hau da, hondakin horiek ahal den gutxiena sortzeko, Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak prebentziozko neurriak erabiliz hondakin arriskutsuen sorrera gutxitzeko plana egin eta aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetza honetan, gutxienez lau urtean behin.

p) Aurreko f) eta g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m) eta n) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

q) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 1991ko otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) «Moldekatzeko harea», «arretako harea», «harea-lanetako eta desmoldekatzeko xurgapeneko xehekiak», eta «galdaketako zikloi anitzeko xehekiak» hondakinek ispilu-sarrera dute gaur egun indarrean dagoen EHZ zerrendan. Bada, horiek hondakin ez-arriskutsutzat hartuko dira, baldin eta hondakin horiek lehenengo aldiz hustu baino lehen karakterizatzen badira; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Karakterizazio horretan sartu beharreko parametroak zehaztearren, Ingurumen Sailburuordetzarekin harremanetan jarri beharko dute.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztagune baimendu batera.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebetetik gora biltegiratu. Hondakinen azken helburua baliotzea denean, 2 urtez biltegiratu ahal izango dira.

d) Oro har, hondakinak hustu aurretik, baimendutako kudeatzaile batek onartzen dituela dioen agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak artxibategian erregistratu eta gorde beharko ditu onarpen-agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, derrigorrezkoak direnean, bost urtean gutxienez.

e) Halaber, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.

f) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.

g) Aipatutako d) eta e) (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta f) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

B.4.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako betebeharrak betez, Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak jarduera hauek gauzatuko ditu:

● Hormigoizko zola hondatuta dagoen guneetan hondakinak edo lehengaiak biltegiratzea saihestu.

● Hormigoizko zola hondatuta dagoen guneetan zola berritzeko aukera aztertu.

● Fuel-olioaren lurpeko andelei dagokienez, erabiltzen ez direnez, horiek geldotzea eta gasgabetzea gomendatzen da, eta ondoren andel horiek kudeatzea.

● Hautsezko gaiak ahalik eta gutxien arrastatzea ondoko neurri orokorrak aplikatuz:

○ Hautsezko gaiak siloetan, pabiloi barruan, edo horrelakorik ezean, haizetik hobekien babestutako tokietan gorde.

○ Haize gogorra dabilenean hautsezko solidoak manipulatzea saihestu.

○ Materialak deskargatzeko garaiera mugatu.

● Isurketek, jarioek edo ihesek kaltetu ditzaketen lur zatiko gainazal guztiak zolatuak eta iragazgaiztuak egongo dira.

● Isurketak, jarioak edo ihesak eragozteko moduan biltegiratuko dira lehengaiak, erregaiak eta produktuak.

Era horretan, ontzi mugikorretan zein finkotan gordetako produktu kimiko likido guztiek (batez ere gai eta prestakin arriskutsuak) eta biltegiratutako erregai likidoek jarioak biltzeko sistema izango dute.

● Hondakin metalikoak barruan edo, hala ezin bada, estalkipean biltegiratuko dira, lixibiatuak lurzorura eta uretara ahalik eta gutxien heltzeko.

Era berean, ezohiko jarduneko prebentzioari eta esku-hartzeari buruz ebazpen honen D.3 atalean jasotako neurriak, eta hondakinak biltegiratzeari buruz B.3 atalean jasotako neurriak hartuko ditu Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak.

Gainera, instalazioa abian jarri ondoren, edozein arrazoirengatik lurzoruak induskatzea eragingo duten obrak aurreikusten direnean, induskatu behar diren materialak karakterizatu behar dira sor daitekeen kutsaduraren ondorioak prebenitzeko eta material horiek behar bezala kudeatzeko bideak zehazteko. Karakterizazioaren emaitzak eta aurreikusitako helmuga zehatza Ingurumen Sailburuordetza honetara igorri behar dira material horiek atera aurretik, onartu ahal izateko. Igorpena eta onarpena, hala badagokio, ebazpen honetako H atalean jasotako aldaketa-erregimenaren esparruan egingo dira.

B.5.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB (A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB (A) ere.

a.2) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB (A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB (A) ere.

a.3) Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

c) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Isuri atmosferikoak kontrolatzea.

a) Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak isuriak kontrolatu beharko ditu, ondorengo informazioaren arabera:

(Ikus .PDF)

b) Aurreko atalean aipatutako aldizkako neurketa guztiak kontrol-erakunde baimendu batek (KEB) egin beharko ditu (ordubeteko hiru neurketa, gutxienez, zortzi orduan zehar neurtuta; eta dioxinak eta furanoak ere neurtzen direnean, 6-8 orduko neurketa bat), eta aldizkako kontrol horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek prestatutako «KEBen gutxieneko txostenean» ezarritakora egokitu beharko du. Nolanahi ere, isurtzeko kontrolek eta baldintzek Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoetan eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

c) Arestian eskatutako parametro guztien neurketen KEB txostenak bidaliko dira. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak ebazpen honetan ezarritako kontrol-maiztasunaren aurretik egindakoak badira. Isuri atmosferikoen isurtzeen ondorengo kontrolak egindako azken neurketarekiko adierazitako maiztasunarekin egingo dira.

d) Erregistro bat egin beharko da euskarri informatikoan edo, horrelakorik ezean, paperean. Dokumentazio gaurkotua erabilita gauzatuko da erregistroa, eta industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzeari buruzko 1976ko urriaren 18ko Aginduak 33. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko du. Erregistro horretan adieraziko dira egindako neurketen emaitzak, mantentze-lanak, garbiketa, aldizkako ikuskatzeak, matxuraren ondorioz gertatutako etenaldiak, egiaztapenak, edozein motako gorabeherak, eta abar. Dokumentazio horrek eguneratuta egon beharko du, eta ingurumen-ikuskatzaileek eskuragarri izango dute.

C.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoan egiten den kontrol bakoitza, laginak hartzea zein ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoaren 255. artikulua), edo saneamendu-sarea kudeatzeko erakunde arduradunak, eta aurreko puntuetan aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira laginak hartzen direnetik hilabete bateko (1) epean.

c) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

d) Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, B.2.3 atalean ageri diren parametro guztiek ezarritako mugak betetzen badituzte.

C.3.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

(Ikus .PDF)

C.4.– Zarataren kontrola.

a) Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru hilero. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak egiteko maiztasuna.

b) Aurreko atalean adierazitako ebaluazio guztiak ENAC erakundeak espazio- eta denbora-laginketarako egiaztatutako akustikaren esparruko entsegu-laborategiek egin beharko dituzte. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

c) Ebaluazio-metodoak eta –prozedurak, eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek landutako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.5.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, beti martxoaren 30a baino lehen, ingurumenean aditua den erakunde aske batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan adieraziko dira neurri zuzentzaileen funtzionamendua, eta prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

C.6.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Ingurumena zaintzeko programan jardueraren ohiko adierazleak eta horiek analizatzeko sistematika sartuko dira, ingurumen-hobekuntza ziurtatzeko enpresak berak ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatzeko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere bai.

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (27.52 epigrafea Altzairu-galdaketa), eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela eta, Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak hasiera eman beharko dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

D.3.– Ezohiko jardunean aplikatzeko prebentziozko neurriak eta jarduerak.

Aurkeztutako dokumentazioan egindako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa mota), eta lurzoruaren gaineko jarioak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Goian aipatutako prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan, atmosferaren kutsadurari aurrea hartzeko eta zuzentzeko (arazketa, minimizazioa, eta abar) sistemen egoera ona bermatuko duten neurriak gehitu behar dira.

d) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

e) Besteak beste, olioak, erregaiak, eta orokorrean, fabrikan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isurketak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu egin beharko da biltegiratzeko instalazio horiek bete egiten dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

h) Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

i) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura; eraginkortasunean eragin dezaketen produktuen jarioak ez dira tratamendu-instalaziora eramango.

j) Hidrokarburo-bereizgailuak aldian-aldian ikuskatuko dira, hondakinak pilatu ez daitezen; dekantagailuetan eta bereizgailuetan metatutako flotatzaileak eta lohiak aldian-aldian kendu behar dira. Hondakin horiek kudeatzaile baimendu bati emango zaizkio.

k) Andel edo putzuen hondoan pilatzen diren solidoak ez dira ibilgura hustuko aldizkako garbitze-lanetan zehar; behar bezala kudeatuko dira edo zabortegi baimendura eramango dira.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

m) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari.

n) Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isurketa bat edo isuri atmosferikoren bat eginez gero, Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazteaz gain, SOS Deiak eta Udalari ere jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, datu hauek agertuko dira:

● Gertakari mota.

● Gertakaria non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

● Iraupena.

● Ustekabeko isurketa izanez gero, emaria eta isuritako gaiak.

● Mugak gainditu badira, isuriei buruzko datuak.

● Eragindako kalteen balioespena.

● Hartutako neurri zuzentzaileak.

● Prebentziozko neurriak berriro gerta ez dadin.

● Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.

o) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu egin beharko da. Abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua aplikatu behar bada, egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak. Hori egin ezean, egindako eskaeraren kopia aurkeztu beharko da eskumena duen erakundearen aurrean.

Bestela 2267/2004 Errege Dekretu hori zergatik ezin den aplikatu justifikatu beharko da. Gainera, instalazioek suteen aurkako babesaren arloan ezarritako exijentziak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute. Egiaztapen hori egiteko Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaio enpresa instalatzaileak egindako ziurtagiria, «suteen aurka babesteko instalazioen araudia onartzen duen azaroaren 5eko 1942/1993 Errege Dekretuan» ezarritakoarekin bat etorrita. Halaber, tresna, ekipo eta sistemen mantentze-lana Errege Dekretu horretan finkatutakoaren arabera gauzatzen dela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute. Agiri horiekin batera, baimendutako instalazio- edo mantentze-enpresen industria-erregistroan inskribatzeko ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

E) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara botatako kutsagarriei, uretara egindako isurketei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi, botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuaren, E-PRTR Araudiko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duenari jarraituz.

Informazio hori osatzen duten datuak ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dira, Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-eeM Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www.eper-euskadi.net web-orrian eskuragarri): Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko Ingurumen-informazioa Kudeatzeko Sistema. Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.

Halaber, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatutako Ingurumenari buruzko Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.

Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) 2007ko apirilaren 21eko 509/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. atalari jarraituz, lehendik dauden instalazioen titularrek agintaritzari jakinarazi beharko diote 1907/2006 EE araudian aurreikusitako erregistratu eta ebaluatzeko prozesuan identifikatu diren instalazio horietan erabiltzen eta ekoizten diren substantziek giza osasunerako eta ingurumenerako izan dezaketen arriskua.

H) Ingurumeneko baimen bateratu honen mendeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.

Hirugarrena.– Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak ingurumen-organoaren aurrean egiaztatu beharko du ebazpen honetako bigarren ataleko ondorengo puntuetan ezarritako baldintzak betetzen dituela, ebazpen hau jakinarazten denetik gehienez 6 hilabeteko epean: B.1.2 (Isuri barreiatuak biltzeko proposamena); B.1.4 (Isuri barreiatuak murrizteko neurriak gauzatzearen ziurtagiria); B.2.4 (Euri-uren kalitateari buruzko azterlana eta euri-ur kutsatuen fluxu bakoitzaren egokitze-plan bat aurkeztea); B.3.1 f) eta B.3.2 d) (Hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen onarpen-agiriak); B.3.1 n) eta B.3.2 f) (Hondakin arriskutsu eta ez-arriskutsuen erregistro-eredua); B.3.2 a) (EHZen ispilu-sarrera duten hondakinen karakterizazioa); B.4 (Lurzorua babesteko neurriak); C.1 (Isuri atmosferikoen kontrola), (isuri atmosferikoen erregistro-eredua); C.6 (Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina); D.1 (Mantentze-lanetako isuri eta hondakinen balioespena); D.3 a) (Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua); D.3 g) (Produktu kimikoen biltegiratzeen egiaztagiria); D.3 h) (Larrialdietarako materialen zerrenda); D.3 i) (Kubetak husteko maniobraren protokoloa); D.3 o) (Suteen aurkako babesari buruzko egiaztagiriak).

Era berean, baldintza horiek bete ote diren egiaztatzeko, ingurumen-organo honi atxikitako zerbitzu teknikoek egin beharreko ikuskapen-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta ekipatu direla. Horretarako, aipatutako ikuskapen-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari aditu batek eginda.

Laugarrena.– Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urtez egongo da indarrean. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.

Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Edonola ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.

Seigarrena.– Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresak ebazpen honen xede den burdinurtzeko jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori jakinarazi beharko du, Ingurumen Sailburuordetzak onar dezan.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:

● Epearen barruan ebazpen honetako hirugarren atalean ezarritako baldintzak betetzen direla ez egiaztatzea, baldin eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

● Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Fundiciones de Elorrio, S.L. enpresari, Elorrioko Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 2a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.


Azterketa dokumentala