Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

206. zk., 2012ko urriaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4685

AGINDUA, 2012ko irailaren 26koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Esne-behien Ekoizpen Integraturako Arau Teknikoa onartzen duena.

Ekoizpen integratuari buruzko otsailaren 13ko 31/2001 Dekretuaren 3. artikuluak (EHAA, 219. zk., 2003ko azaroaren 10ekoa) xedatzen duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak, oraingo Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, sailburuaren aginduz eta Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordeak proposatuta, nekazaritzako edo elikagaigintzako produktu bakoitzerako arau tekniko bat onartuko du. Arau teknikoak ondorengoak zehaztuko ditu: ateratako produktua ekoizpen integratukotzat jotzeko nahitaez bete behar diren ekoizpen-, lantze- edo erabiltze-jarduerak. Era berean, kaltegarri direlako debekatuta dauden jarduerak jasoko ditu, bai eta, gomendagarritzat joak izanik, epe ertainean nahitaezko bihurtuko diren beste jarduera batzuk ere. Era berean, produktuaren trazabilitatea bermatzeko behar den informazio guztia zehaztuko dute arau teknikoek, eta, bereziki, landa-koadernoetan jaso beharrekoa, eta koadernook betetzeko eskakizunak.

Halaber, aipatutako dekretuaren 9. artikuluaren 3. paragrafoko a) idatz-zatiak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2002ko otsailaren 5eko Aginduaren 1. artikuluak jasotzen dutenaren arabera, batzorde horren eginkizunen artean dago nekazaritzako edo elikagaigintzako produktu bakoitzaren arau teknikoak proposatzea, onetsiak izan daitezen. 2002ko otsailaren 5eko Agindu horrek Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordearen osaera eta funtzionamendu-araubidea zehazten ditu (EHAA, 48. zk., 2002ko martxoaren 8koa).

Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordeak, 2012ko apirilaren 23an egindako bileran, Lantalde Teknikoak proposatuta, Esne-behien Ekoizpen Integraturako Arau Teknikoa onartu zuen, eta arau hori Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari helarazi zion, agindu baten bidez onartua izan dadin.

Azaldutako guztiarengatik, hau

XEDATZEN DUT:

Esne-behien Ekoizpen Integraturako Arau Teknikoa eta arauaren eranskina, behiak jezteko planari buruzkoa, onartzea. Agindu honen eranskin moduan argitaratu da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Etiketetan ekoizpen integratuko sistemari erreferentzia egiten dioten aipamenak jarri gura dituzten operadoreek, ekoizpen integratuari buruzko otsailaren 13ko 31/2001 Dekretuaren 8. artikuluarekin bat etorriz, dagokion eskabidea eta etiketa-modeloa aurkeztu beharko dituzte. Horren onespena etiketatzeari buruzko arau orokorraren eta aplikatu beharreko gainerako araudiaren arabera egingo da.

Bigarrena.– Euskadiko Ekoizpen Integratuko Operadoreen Erregistroan izena eman nahi duten operadoreek, agindu honetan xedatutakoaz gain, aplikatzekoak zaizkien arau orokorrak bete beharko dituzte.

Hirugarrena.– Otsailaren 13ko 31/2001 Dekretuaren 6. artikuluko 4. paragrafoko c) idatz-zatian xedatutakoa betez, Jarraipen eta Egiaztapenerako Entitateak, bere funtzioetan diharduela, ikusten badu operadoreak ez dituela betetzen aplikatzekoak zaizkion arauak, bai orokorrak bai agindu honetan jasotako berariazkoak, jakinarazi egin beharko dio, lehenbailehen, eskumena duen agintaritzari.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egiten da 2005eko apirilaren 11ko Agindua, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena, Esne-behien Ekoizpen Integraturako Arau Teknikoa onartzen duena, bai eta agindu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren edo agindu honetan ezarritakoarekin kontraesanean dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 26a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala