
204. zk., 2012ko urriaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (200 KB - 5 orri.)
- EPUB (102 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
UNIBASQ-EUSKAL UNIBERTSITATE SISTEMAREN KALITATEA EBALUATU
4644
EBAZPENA, 2012ko irailaren 12koa, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendariarena, irailaren 11n Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako Adituen Batzordeak onartutako Kontratatutako Irakasleak eta Ikerlariak, Unibertsitate Pribatuetako Irakasle doktoreak eta Irakasle Lankideak Kontratatu Aurreko Txostena Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Protokoloa jakinarazten duena.
I.– Lege-esparrua.
1.– Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak -II. kapituluko 3. eta 4. sailak- jardueraren aurretiazko ebaluazioa agintzen du irakasle kontratatuak (irakasle osoak, irakasle agregatuak eta atxikiak) hartzeko. Irakasle lankideak kontratatzeko ere aurretiazko txostena egiteko agintzen du. Azkenik, doktore-tituludun unibertsitate pribatuetako irakasleen hezkuntza- eta ikerketa-jardunaren kanpoko ebaluazioa ere agintzen du. Lege horrek Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari (Unibasq) esleitzen dio paragrafo horretan aipatutako ebaluazio-funtzioak eta txostenak egitea.
2.– Unibertsitate ez-publikoek Agentziarekin hitzarmenak egin behar dituzte beren irakasleen kanpo-ebaluazioa egiteko, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 113. artikuluak eta abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 72.2 artikuluak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren idazkeran) agintzen dutenez.
3.– 2011ko ekitaldirako Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriko hirugarren atalean (2010-12-30eko EHAA) aipatzen da kontratatutako irakasle eta ikertzaileen kategoriak (agregatua, atxikia, elkartua, laguntzailea eta lankidea) -otsailaren 25eko 3/2004 legearen (Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoa) 14. artikuluarekin lotura dutenak- abenduaren 21eko 6/2001 Unibertsitatearen Lege Organikoak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua) erregulatutako unibertsitate-eremuko lan-kontratazioen modalitate espezifikoekin xede guztietarako parekatutzat hartuko direla.
4.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak araudiaren arabera garatzen ditu Euskadiko Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legean ezarritako aurreikuspenak, azaroaren 13ko 192/2007 Dekretuaren 19. artikulutik 23.era bitartekoetan eta 27. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu horren bidez, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren ebaluazioa eta akreditazioa lortzeko prozedura erregularizatzen da; (2007-11-23ko EHAA) -abenduaren 28ko 350/2010 Dekretuak aurrekoa aldatu du (2011-01-24ko EHAA).
5.– Unibasqek ezarri ditu ebaluazio-irizpide orokorrak, bere administrazio-batzordearen hitzarmen bidez, 2010eko abenduaren 15ean, eta 228/2011 Dekretu gisa onartu ziren. Dekretu horretan daude Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak erabili behar dituen irizpideak kontratatutako irakasleak eta ikertzaileak eta unibertsitate pribatuetako irakasleak ebaluatzeko eta akreditatzeko, Euskadiko Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak dioenari jarraikiz.
II.– Protokolo honen xedea.
1.– Agentziaren Irakasleak Ebaluatzeko Programak, alde batetik, bere gain hartzen du irakasle kontratatuak eta ikertzaileak hartzeko, irakasle- eta ikerlari-lana ebaluatzea edo aurretiazko txostena egitea. Bestalde, unibertsitate ez-publikoei dagokienez, Agentziaren ebaluazioa irakaslea kontratatu aurretiazkoa izan daiteke, edo, bestela, lehendik kontratatuta dauden eta irakasle- edo ikertzaile-lanetan dabiltzan irakasleena.
2.– Unibertsitateek eurek zehaztu behar dituzte irakasleak eta ikerlariak kontratatzeko prozesuan aplikatu beharreko baldintzak, irizpideak eta prozedurak. Agentziak egindako ebaluazioa ez da sarrera-prozesuaren lehen fasea besterik, ondoren unibertsitateen berezko hautaketa- eta kontratazio-prozesua baitator. Agentziaren Etika Kodea hartu behar du aintzat ebaluazio-prozesuak. Etika Kodea Agentziaren webgunean dago (www.unibasq.org).
III.– Ebaluazio-organoak.
1.– Agentziak Ebaluazio Batzordeen bidez ebaluatuko ditu eskaerak. Organo horietako kideek independentziaz eta erabateko inpartzialtasunez jardun behar dute, ager daitezkeen interes-gatazkak jakitera eman behar dituzte eta, hala badagokie, ez dute parterik hartu behar prozesuan (osoan edo zati batean).
2.– Konfidentziala da ebaluazio-prozesuan eskuratzen den informazio guztia.
3.– Ebaluazio-batzordeak.
a) Ebaluazio-batzordeak organo zientifiko-teknikoak dira, eta horien bidez garatzen ditu agentziak ebaluazio-prozesuak, Unibasqi buruzko ekainaren 28ko 13/2012 Legearen 10. artikuluan ezarritakoari jarraiki.
b) Batzordeen osaerari eta funtzionamenduari dagokienez, Protokolo honetan zehaztuta ez dagoenean, Unibasqen Estatutuetan bildutako araudia ezarriko da.
c) Agentziako Zuzendariak izendatu behar ditu, batzorde bakoitzeko kideen artetik, haietako buruak eta idazkariak, zeinek kargu horiei dagozkien lanak egin behar dituzten organo horietan.
d) Ebaluazio-batzordeak jakintza-esparru eta arloka antolatuko dira. Aurreko deialdietan jaso den eskaera-kopurua handia izan denez, ebaluazio-batzorde hauek osatuko dira:
– Zientzia Esperimentalak.
– Gizarte, Zuzenbide eta Ekonomia Zientziak.
– Medikuntza eta Osasun Zientziak.
– Irakaskuntza Teknikoak.
– Giza Zientziak.
e) Prozesu bakoitzaren berariazko egoeren arabera, ebaluazio-batzordeen kopurua aldatzeko aukera dago.
f) Ebaluazio-batzorde bakoitzak bost eta hamar kide artean izango ditu, aurreko deialdietan batzorde bakoitzak ebaluatu behar izan duen eskaera-bolumenaren arabera. Salbuespen gisa, ebaluazio-batzordeak Agentziari espezialisten aholkularitza eskatu ahal dio, egoki baderitzo.
g) Batzordeko kideen izendapena, hiru urtekoa izango dena, baliozkoa izango da Agentziaren Zuzendaritzak izendapenaren ebazpena sinatzen duen egunetik aurrera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Agentziaren webgunean argitaratu behar dira batzordeko kideen izenak.
IV.– Prozesuaren deskribapena.
1.– Prozesua hasten da deialdia -Agentziako Gobernu kontseiluak onartuta- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean. Urtero egin behar da ohiko deialdia, behar diren ohiz kanpoko deialdien kalterik gabe.
2.– Deialdi bakoitzak ezarri behar ditu horretan parte hartzeko bete beharreko formak, epeak eta dokumentazioa.
3.– Eskaerak nola formalizatu.
a) Interesdunak telematikoki egin behar du eskaera, Agentziaren webgunean horretarako txertatutako aplikazio informatikoa erabilita (www.unibasq.org).
b) Eskaeran, datu hauek sartu behar dira:
– aplikazio informatikoan eskatutako datu pertsonalak.
– ebaluatu behar den edo txostena egin behar zaion kontratu-mota.
– zein jakintza-arlori esleitu nahi zaion.
– zein batzordek ebaluatu behar duen.
– eskatzailea ebaluatzeko beharrezkoak diren meritu akademikoak eta profesionalak. Argitalpenen eta kongresuetan parte-hartzeen atalean, gehienez eskatzaileak hautatutako hamar ekarpen nabarmenenak sartu behar dira.
– eskatzailearen curriculum vitae osoa.
c) Aurkeztu beharreko ziurtagiriak eskaneatuta erantsi behar dira:
– ebaluatzea eskatu den postua eskuratzeko baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioa.
– adierazitako merituak akreditatzen dituzten dokumentuak. Merituak akreditatzen dituzten dokumentuak fitxategi informatikotan eta ebaluatu beharreko atalen arabera antolatu behar dira.
d) Eskaera betetzeko erabiltzen den aplikazio informatikoak eskaeraren laburpena jasotzeko aukera ematen du. Eskatzaileak laburpena behar bezala sinatu eta postaz bidali behar du Agentziara, deialdian ezarritako epearen barruan; bestela, eskaera osagabetzat hartuko da.
e) Deialdian zehaztutako lekuetan aurkeztu behar da eskaeraren laburpena den dokumentua, ezarritako epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritakoari kalterik egin gabe. Agentzian jasotzen den laburpen bakoitza identifikazio-zenbaki batekin erregistratu behar da, identifikazio-zenbakia jarriz eskatzaile eta postu-mota bakoitzeko, eta espedientea ireki behar da sarrera-data adieraziz.
f) Abenduaren 22ko 5/2011 Legearen 17. artikuluari jarraikiz (5/2011 Legea, Euskal Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legea aldatzeko dena), irakasleak egiaztatzeko egindako ebaluazio eskabide bakoitzaren izapidetzeagatiko tasa ezarri da. Horregatik, eskabidearekin batera, tasa ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, Agentziaren web-orrialdean (www.unibasq.org) adierazitako prozedurari jarraituz.
g) Ebaluazio-eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkez daitezke.
4.– Eskaerak nola egiaztatu.
a) Eskaera bakoitzean, datu hauek begiratu behar dituzte Agentziako langileek:
I) Eskatutako kontratu-modalitateetarako legeak aurrez ezarritako baldintzak betetzen diren.
II) Dokumentazioak deialdian ezarritako baldintza formalak betetzen dituela egiaztatzea.
b) Agentziako Zuzendariaren erabakiaren bitartez jakinarazi behar zaie interesdunei ebaluazioa edo txostena eskatu den kontratu-modalitaterako hautagai izateko legez ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenen artxibatzea.
c) Epeen barruan aurkeztutako eskariek azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70. artikuluan ezarritako eta deialdian jasotako baldintzak betetzen ez badituzte edo baldintzak edo merituak, zuzengarriak direnean, justifikatzeko beharrezko dokumentazioa aurkeztu gabe geratu bada, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluak agintzen duenez, interesdunari eskatu behar zaio falta diren dokumentuak ekartzeko, hamar laneguneko epean, eskaera jaso eta hurrengo egunetik hasita. Interesdunak aipatutako epean falta diren dokumentuak aurkeztu ezean, eskatzaileak atzera egin duela joko da. Agentziako zuzendariak hartu behar du erabakia, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak agintzen duenez.
5.– Eskaerak nola ebaluatu.
a) Ebaluazio-batzordeak, deialdi bakoitzaren hasieran, ebaluazio-prozesuaren planifikazio orokorra egin behar du. Batzorde bakoitzak bere ebaluazio-zereginak egiteko dituen epeak zehaztu behar dira planifikazioan, interesdunek Agentziaren erabakia deialdian zehaztutako gehienezko epeen barruan jasotzen dutela ziurtatzeko.
b) Oro har, aurkeztutako eskaerak eskatzaileak zehaztutako jakintza-arloari eta esparruari dagokion ebaluazio-batzordeari esleitu behar zaizkio. Hala ere, eskatzaileak zehaztutako esparrua ez den beste bati esleitu ahal zaio eskaera eta, ondorioz, aurkeztutako merituak beste zientzia-eremu bati hobeto egokitzen zaizkiola irudituz gero, beste batzorde bati, interesdunari aurrez kontsulta egin eta gero.
c) Batzorde bakoitzeko kideek bakarka eta independenteki ebaluatu behar dituzte espedienteak, aurrez ezarritako egutegian zehaztutako epeen barruan.
d) Oro har, batzordeko bi kidek egin behar dute eskaera bakoitzaren hasierako ebaluazioa. Horretarako, bakarkako azterketa eta ebaluazioa egin ondoren, batzorde bakoitzeko buruak, espedienteen ebaluazio bateratua egiteko, kide guztien arteko batzarra egiteko eguna eta ordua ezarri behar ditu. Batzar horrek txosten bakarra egin behar du ebaluazio-eskaera bakoitzeko, eta ebaluazio-batzordeko buruak edo idazkariak izenpetu. Idazkariak jaso behar ditu, bilerako aktan, ebaluazioaren jazoerak eta batzordeak emandako balorazio guztiak.
e) Dagokion batzordeak ebaluazioa edo txostena egindakoan, Zuzendariak dagokion ebazpena emango du. Ebaluazioak edo txostenak lotesleak dira Agentziako organo guztientzat.
6.– Eskaerak nola ebatzi.
a) Eskaera bakoitzeko ebaluazio-ebazpen bat plazaratu behar da, eta ebaluazioaren aldeko edo kontrako iritzia edo txostenaren aldeko edo kontrako zentzua adierazi behar ditu, eta zer kontratu-modalitatetarako egiten den. Halaber, ebaluazioa kontrakoa bada, dagokion batzordeak egindako ebaluazioaren edo txostenaren laburpena eman behar da ebazpenarekin batera. Kasu horretan, Agentziako zuzendariak interesdun bakoitzari bakarka jakinarazi behar dio emaitza.
b) Ebaluazio, akreditazio eta ziurtatze-prozesuen ebazpenak emateko eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia amaitzen den egunetik hasita. Aurreko atalean adierazitako epearen barruan ebazpenik izan ezean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoak zuzentzen ditu egin beharrekoak ofizioz abiarazitako prozeduretan.
c) Hartutako erabakiak ondorioak izango ditu Euskadiko Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan, baita beste autonomia-erkidego batzuetako unibertsitateetan ere, Agentziak erkidego horietako ebaluazio-agentzia edo -organoekin dagokion homologaziorako eta elkar onartzeko hitzarmenik izenpetu badu.
d) Kontratu-modalitate jakin baterako kontrako ebaluazioa edo txostena jaso duen eskatzaileak ezin du modalitate bererako eskaera berririk egin, ebazpena jakinarazi eta sei hilabete pasa arte.
e) Eskatutako kontratu-modalitaterako aldeko ebaluazioen eta txostenen eragina ez da iraungitzen.
7.– Eskaeren ebazpenen aurkako errekurtsoak.
a) Agentziako ebazpenek bide administratiboa agortzen dute, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa zuzendariari berari aurkeztu behar zaio, edo administrazioarekiko auzi-jurisdikzioari. Berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denean, ebaluazioa egin zuen Ebaluazio batzordeak espediente osoa berraztertu behar du. Batzordeak errekurtsoa aurkeztu duenaren alegazioak, lehen ebaluazioko txostena, eta alde bien dokumentazioa aztertu behar ditu. Behin azterketa eta balorazio lana eginda, Ebaluazio batzordeak txosten teknikoa emango du. Agentziako zuzendariak, Ebaluazio batzordearen txostena ikusirik, berraztertzeko errekurtsoari erantzun egin behar dio, eta erabaki hori interesdunari jakinarazi behar zaio, ezartzen denetik hilabeteko epean.
V.– Ebaluazio-irizpideak.
1.– Ebaluazio-irizpideak, 228/2011 Dekretuaren bidez argitaratutakoak, Ebaluazio-batzordeek interpreta ditzakete, jakintza-esparru bakoitzerako espezifikotasunak kontuan hartuta, betiere 228/2011 Dekretuak ezarritako mugen barruan.
2.– Agentziaren funtzionamendua zuzentzen duten gardentasun-printzipioei jarraiki, ahalik eta publizitate gehiena egin behar da hauen inguruan: ebaluazio-irizpideak, horien kuantifikazio osoa, ebaluazio-irizpide horiek aplikatzeko printzipio eta joerak, eta ebaluazio positiboa edo aldeko txostena lortzeko bete behar diren baldintzak. Horiek guztiak Agentziaren webgunean argitaratu behar dira (www.unibasq.org).
Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 12a.
Unibasqeko zuzendaria,
JUAN ANDRÉS LEGARRETA FERNÁNDEZ.
RSS