Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2012ko urriaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
4642

EBAZPENA, 2012ko urriaren 17koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinen bidez argitaratzen baita lana aurkitzeko zailtasun handiak dituzten desgaituen enplegua mantentzeko laguntzetarako deialdia, pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro bereziek kontratatu baitituzte.

2012ko urriaren 10eko bilkuran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onetsi egin du lana aurkitzeko zailtasun handiak dituzten desgaituen enplegua mantentzeko laguntzetarako deialdia, pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro bereziek kontratatu baitituzte. Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) atalean xedatutakoarekin bat etorriz (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiak argitaratu egiten du deialdia.

Adierazitako guztiarengatik, honako hau

EBAzten DUT:

Lehenengoa.– Lana aurkitzeko zailtasun handiak dituzten desgaituen enplegua mantentzeko laguntzetarako deialdia argitaratzea. Pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro bereziek kontratatu dituzte. 2012ko urriaren 10eko bilkuran onetsi du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak deialdi hori, ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 17a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JAVIER RAMOS SALAZAR.

Eranskina
DEIALDIA, lana aurkitzeko zailtasun handiak dituzten desgaituen enplegua mantentzeko laguntzetarakoa, pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro bereziek kontratatu baitituzte

Minusbaliatuak gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 37.1 artikuluari jarraikiz, ezgaitasuna duten langileen inguruko enplegu-politikaren funtsezko helburuak honako hau izan behar du: langile horiek lan-sistema arruntean txertatzea (tratu-berdintasunaren printzipioaren aplikazioa bermatuko duten baldintzetan), edota, halakorik ezean, lan babestuaren formula bereziaren bidez (enplegu-zentro berezien bitartez) produkzio-sisteman sartzea.

Enplegu-zentro berezien bitartez eskainitako lan babestuaren formula berezia funtsezkoa izan da Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona desgaituak laneratzeko. Izan ere, lana emateaz gain, gizarte- eta lan-ohiturak eskuratzeko aukera erraztu, produkzio-sisteman txertatzeko aukera eman eta enplegagarritasuna hobetzen diete pertsona ezgaituei. Beraz, zentro horiek ezinbestekoak dira ezgaitasuna duten pertsonak produkzio-sisteman txertatzeko.

Hala ere, ezgaitasuna duten eta langabezian dauden pertsonen ehunekoa handiegia da, eta pertsona horien jarduera-tasa, berriz, oso txikia, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herritarren tasarekin alderatuz gero. Gainera, bizi dugun krisialdi finantzario eta ekonomikoak euskal ekonomiaren ahultasuna ekarri du, eta oso eragin negatiboa izaten ari da ezgaitasuna duten pertsonen enpleguan eta enplegagarritasunean. Izan ere, Euskadiko lan-merkatuan, pertsona horiek nagusiki enplegu-zentro berezietan lan egiten dute, eta gaur egungo krisialdiak oso eragin handia izan du sektore horretan. Hori dela-eta, arriskuan dago zentro horien iraupena eta, horren ondorioz, bertan lan egiten duten pertsona desgaituen enplegua ere bai, batez ere beren ezgaitasun-mailagatik lana aurkitzeko eta lanean jarraitzeko zailtasun handienak dituzten desgaituena.

Horiek horrela, neurri zehatzak hartu behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro berezietan enplegua mantentzeko, ezgaitasunen bat izateagatik lana aurkitzea zail duten pertsonen enplegua hain zuzen ere.

Ildo horretatik, Eusko Legebiltzarrak Euskadiko enplegu babestuari buruzko 52/2012 Legez besteko Proposamena onartu zuen, eta proposamen horren bidez Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio, besteak beste, enplegu-zentro berezientzako laguntzak mantendu eta eguneratu ditzala, desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan txertatzea sustatzeko pizgarriak barne, lana aurkitzeko zailtasun bereziak dituzten langile desgaituen lanpostuari dagokion soldata-gastuaren lanbide arteko gutxieneko soldataren % 25eko diru-laguntzaren bidez.

Eskari hori betez, eta 2011-2014 aldirako Enpleguko Euskal Estrategiaren esparruan, 4. ardatzaren helburu orokorrak («Lana aurkitzeko aukeren berdintasuna bermatzea») 14. zuzentarauan ezartzen baitu «neurriak hartu behar direla beharrizan handienak dituzten pertsonen kolektiboak gizartean txertatzeko eta haien enplegu-tasa handitzeko», Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, zuzendari nagusiaren proposamenez, 2012ko urriaren 12ko bilkuran erabaki du lana aurkitzeko zailtasun handiak dituzten desgaituen enplegua mantentzeko laguntzetarako deialdia egitea, pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro bereziek kontratatu baitituzte. Honela dio deialdiak:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen bidez arautu nahi dira lana aurkitzeko zailtasun handiak dituzten desgaituen enplegua mantentzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango dituen laguntzak, pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro bereziek kontratatu baitituzte.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 4.990.000 euro dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kontura ordainduko direnak.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen ekintzak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen helburua lana aurkitzeko zailtasun handiak dituzten desgaituen enplegu-gastua finantzatzea, pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro bereziek kontratatu baitituzte, 2012ko urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra bitarteko aldiari dagokionez.

2.– Laguntzetarako deialdi honen ondorioetarako, honako hauek jotzen dira lana aurkitzeko zailtasun handiak dituzten desgaitutzat:

a) % 33 edo gehiagoko ahalmen-urritasuna aitortuta duten garuneko paralisia, adimen-urritasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak.

b) % 65 edo gehiagoko urritasun fisiko edota sentsoriala dutenak.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro bereziek jaso ditzakete diru-laguntzak. Zentro horiek halakotzat jota eta dagokien erregistroan inskribatuta egon beharko dira, hala xedatzen baitu Enpleguko Zentro Berezien Erregelamendua aratzen duen abenduaren 4ko 2273/1985 Errege Dekretuan. Zentro berezi horiek Minusbaliatuak gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 42. artikuluan zehaztuta daude.

2.– Honako hauek ez dituzte jasoko deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak: zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden zentroek eta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek. Halakoetan aipatu behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutako zigorrak eta debekuak.

3.– Bestalde, enpleguko zentro bereziei ordainketa egin baino lehenago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapideetan dagoen itzultzeko edo zehatzeko edozein prozedurak bukatuta egon beharko du.

5. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa

Diru-laguntzaren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldataren % 25 izango da gehienez ere, kontratu bakoitzak 2012ko ekitaldian dirauen bitartean.

Lan-kontratua lanaldi partzialekoa bada, diru-laguntzak lanaldiaren besteko murrizketa izango du.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira, eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://lanbide.net web-orrian, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.

Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Diru-laguntzaren arrazoi diren desgaituen zerrenda, honako hauek aipatuta: kontratu-mota; enpleguko zentro berezia noiz eman zen alta, eta, hala badagokio, baja, gertatua nahiz gertakizun (2012ko urte-bukaera baino lehenagoko kontratuetarako); lanaldiaren ehuneko zenbateko kontratua duen; soldata gordina; desgaitasun-mota eta –maila; eta bakoitzarengatik eskatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa.

b) Diru-laguntzaren arrazoi diren desgaituen 2012ko nominen kopia, eskabidea aurkeztu artekoena.

c) Gizarte Segurantzari kotizatzeko 2012ko agirien kopia (TC1 eta TC2 ereduak), eskabidea aurkeztu artekoena.

d) Erakunde eskudunak emandako ziurtagiria non egiaztatzen baitira diru-laguntzaren arrazoi diren desgaituen desgaitasun-mota eta –maila.

e) Hirugarren Interesdunaren Datuen Altari buruzko fitxa, entitate eskatzaileak eta bere banketxeak izenpetuta eta zigilatuta, eta enpleguko zentro bereziaren Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia, baldin eta Lanbidek kudeatutako laguntzarik jaso ez badu 2012an.

f) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren ziurtagiriak, bi erakundeekiko betebeharrak eguneratuta dauzkatela egiaztatzen dutenak.

Diru-laguntzetarako beste deialdi batzuetan Lanbideri aurkeztu bazaio b), c) eta d) ataletan aipatutako dokumentazioa, ez da berriro aurkeztu beharko.

3.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 2. paragrafoan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesatuari 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan aurreikusitako ondorioak izango ditu.

4.– Eskabideak aurkezteko epea 10 lanegunekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

7. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, epeak, berraztertzeko errekurtsoa eta publizitatea.

1.– Lan Aktibazioko Zuzendaritzak du eskabideak izapidetu eta tramitatzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendari Nagusiak hori ebaztekoa.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, aztertu egingo dira eta laguntzak emango zaizkie deialdi honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten guztiei. Baliabide ekonomikoak eskatutako laguntza guztiak ordaintzeko behar bestekoak ez badira, funtsak eman beharreko eskabideen artean banatuko dira, bakoitzari legokiokeen laguntzaren neurrian, baliabide ekonomikoen muga kontuan hartu gabe.

3.– Eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ezetsiko dira. Diru-laguntza emateko ebazpenean, xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta diru-laguntza justifikatzeko modua adieraziko dira.

4.– Ebazpenak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, diru-laguntza jasotzeko eskabidea ezetsitzat joko da.

5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazi eta biharamunetik hasita.

6.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, dekretu honen babesean diru-laguntza zein entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein entitateri emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.

8. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babespean emandako diru-laguntzak ordainketa bakar batean ordainduko dira, ematen diren unean.

2.– Diru-laguntza jasotzen duen erakundeak 2013ko martxoaren 31 baino lehenago honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Lana aurkitzeko zailtasun handiak dituzten desgaituen behin betiko zerrenda, baldin eta desgaitu horiek 2012ko abenduaren 1etik 31ra bitartean lan egin badute enpleguko zentro berezian. Aipatu beharko dira zer egunetan eman zen alta eta, behar izanez gero, baja, enpleguko zentro berezian.

b) Diru-laguntzaren arrazoi diren desgaituen nominen kopia eta Gizarte Segurantzari kotizatzeko 2012ko agirien kopia (TC1 eta TC2 ereduak), eskabidea aurkeztu artekoena, eskabidearekin batera dokumentaziorik aurkeztu ez zen 2012ko hilabeteei dagokiena.

2.– Aurreikusitako epean dokumentaziorik aurkezten ez bada edo dokumentazio horretatik ondorioztatzen bada emandako diru-laguntzaren zenbatekoa dagokiena baino handiagoa dela, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

9. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jasoko dituzten enpleguko zentro berezien betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatu beharko da diru-laguntza jasotzeko betebeharrak eta baldintzak.

– Honako hauen egiaztatze-jardunak eta kontrol-jardunak betetzea: Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura jakinaraztea.

10. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak egoki irizten dituen ikuskatze- eta kontrol-jarduerak egin ahal izango ditu deialdi honetan xedatutako baldintzak betetzen direla bermatzeko.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea.

1.– Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzako, beste edozein herri-administrazio edo entitate publiko edo pribatuk emandakoekin.

2.– Deialdi honen bidez araututako diru-laguntzen zenbatekoak (laguntza bakoitzarenak edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emaniko bestelako diru-laguntza edo laguntzekin batera, eta xede bererako bestelako edozein diru-sarrera edo baliabide ere kontuan izanik) ezin izango du gainditu, inolaz ere, diruz lagundutako kontratazioen 2012ko soldata. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntza txikitu egingo da.

12. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, betiere, onuradunak helburu bererako beste edozein diru-laguntza edo laguntza jasotzen duela, eta horren zenbatekoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoari batuta, diruz lagundutako kontratazioen soldata-gastua gainditzen duela jakiten bada, emandako diru-laguntza aldatu egingo da, betiere laguntzaren onuradun izateko diru-laguntza arauak ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira, diru-laguntza emateko ezarritako irizpide eta mugak aplikatuz.

13. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta itzulketako prozedura.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza jaso duten erakunde onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude, edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du; ebazpen horren bitartez, jasotako kopuruak osorik edo zati batean itzuli behar dituztela adieraziko du, eta kopuru horiei diru-laguntza ordaintzen den unetik aurrerako legezko interesak erantsi beharko zaizkie, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, hala xedatuta baitago abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, horrek arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jasotzen duen erakundeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat joko dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.

3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena egingo du. Itzultzeko prozedura, gehienez ere, sei hilabetean ebatzi behar da.

4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesatuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

5.– Borondatezko aldian ez badira zenbateko horiek itzultzen, haiek premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

14. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legean xedatutakoari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak haren jabetzako fitxategi automatizatuetan txertatuko ditu honako deialdi honetan araututako laguntzak eskatzeko orrien bidez eskuratutako datu pertsonalak.

Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Gasteiz).

15. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko araubide juridikoa.

Deialdi honetan aurreikusi gabeko gauzetarako, diru-laguntzen programa honetan diru-laguntzen honako araubide juridiko hauek aplikatu beharko dira: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. Titulua; eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak.


Azterketa dokumentala