Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

204. zk., 2012ko urriaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
4641

AGINDUA, 2011ko urriaren 10ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, unibertsitateko tituludunak prestatzeko Garraio Zuzendaritzaren bi bekatarako deia egin eta haien oinarri-arauak onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuaren 10.32 artikuluaren arabera, Euskal Autonomiari dagokio lurreko garraioen alorreko aginpidea, horrek ezertan galarazi gabe Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedaturikoa. Administrazio-alor horretako eginkizunak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari dagozkio maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera. Artikulu hori zati batean aldatu zen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuaren 7. artikuluaren bidez.

Eta eginkizun horiek behar bezala bete ahal izateko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen azaroaren 24ko 607/2002 Dekretuaren 14.1 artikuluko f) eta k) idatzi-zatien arabera, Garraio Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko garraiorako politika logistikoak garatzea, bai eta Zuzendaritzaren jarduketa eremuari dagozkion diru-laguntzak nola bideratu proposatzea.

Horiek horrela, agindu honen helburua da, prestakuntzarako hainbat bekatarako deia egitea, garraio-enpresetan antzeman diren hainbat gabezia, hala nola, prestakuntza eta antolamendu egokirik eza, gainditzen lagunduko duten profesional gehiago izateko.

Beketarako hautatutako gaiek garraio sektorearentzat interes berezia duten arloak ukitzen dituzte, batzuek garapenerako potentzial handia erakusten duten ekintzen barruan sartzen direlako, eta besteek izangaiek sektorearen errealitatean, sektorearen eskakizun eta potentzialitateetan murgiltzea erraztuko dutelako.

Horrek guztiak on egiten dio garraio arloari, herriaren ehun ekonomikoa sendotu egiten baitu, bai eta Administrazioari berari ere, ikerlanen emaitzak kudeaketa hobetzeko erabiltzen baititu; hortaz, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak komenigarritzat jo du aurreko ekitaldietan hasitako bekak emateko politikarekin aurrera segitu eta unibertsitateko tituludunen prestakuntzarako bi bekatarako deia egitea.

Horretarako, 2012rako hiru mila eta zortzirehun (6.800) euroko ordainketa-kreditu bat dago, abenduaren 23ko 6/2011Legearen bidez onartutako 2012rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako 12.0.1.06.21.0100.4.453.01.51421.002.I kontu-sailetik ordainduko dena, eta hogeita hamalau mila (34.000) euroko konpromiso-kreditu bat, 2013rako.

Bestetik, agindu hau bat dator Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzeko 4/1999 Legean xedatutakoarekin.

Horrela bada, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen azaroaren 24ko 607/2009 Dekretuaren 4. artikuluak eta Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 10. artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen zituen Lehendakariaren uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuaren 7. artikulu bidez zati batean aldatua izan zenak) ematen dizkidaten eskumenak erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntza eta diru-laguntzei buruzko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,

EBAzten DUT:

Lehenengo artikulua.– Agindu honen eranskinaren lehen oinarri-arauan zehaztuko diren alorretan unibertsitateko tituludunak prestatzeko Garraio Zuzendaritzaren bi (2) bekatarako deia egitea.

Bigarren artikulua.– Deialdiaren oinarri-arauak onartzea. Oinarri- arau horiek ere Aginduaren eranskinean daude jasota.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea; Aginduaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango zaio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, Agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 10a.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

ERANSKINA
OINARRI-ARAUAK

Lehenengoa.– Deialdiaren objektua.

Agindu honen helburua da unibertsitateko tituludunak prestatzeko bi bekatarako dei egitea. Beka motak ondoren zehaztuko dira.

TB-1: Europaren eta estatuaren garraio-politika: Joerak, laguntza- eta sustapen-programak, joerak eta orientabideak. Mugaz gaindiko garraioko jarduketak eta tresnak: Arku Atlantikoa eta Frantzia eta Euskadi arteko mugaz gaindiko harremanak. Euskadiren ahalmen logistikoak sustatzea eta salgaien garraioa.

TB-2: Mugikortasun iraunkorreko politikak gauzatzea: Mugikortasun Iraunkorraren Gida-plana, mugikortasun iraunkorraren gaineko lege-egitasmoa, mugikortasun iraunkor instituzionaleko planak eta jarduera-zentroak, gobernantza eta garraio publikoari buruzko inbertsioen eta finantzaketaren gaineko planak.

Bigarrena.– Beken ezaugarriak.

1.– Bekak lehiaketa bidez emango dira.

2.– Beken iraupena eta baliabideak:

12 hilabeteko iraupena izango dute, eta esleipen-agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da kontatzen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Zuzendaritzaren bibliografia-fondoak erabili ahal izango dituzte bekadunek prestakuntza lanerako.

3.– Bekak emateak eta hartzeak ez du kontratu edo estatutu bidezko inongo harremanik ezarriko bekadunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren artean.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak istripu, elbarritasun edo heriotza arriskuen kontrako aseguruak egingo dizkie bekadunei.

Hirugarrena.– Zenbatekoa eta ordainketa.

1.– Deialdi honetara, guztira, 40.800 euro bideratu dira, honela banatuta:

2012: 6.800 euro

2013: 34.000 euro

2.– Beka bakoitzaren zenbateko gordina: hamalau mila eta laurehun (14.400) euro.

Hilero 1.200 euro ordainduko zaie. Hilabetea bukatutakoan, egin beharreko lana zein egoeratan dagoen azalduko duen memoria bat aurkeztu beharko dute bekadunek. Azkeneko bi hilabeteei dagozkien ordainketak egiteko, hamargarren f) oinarri-arauan jaso bezala, azterlana hautaketa-batzordeak onartu beharko du lehenbizi.

3.– Horretaz aparte, bi bekadunek lana burutzeko behar dituzten prestakuntza-ikastaro, bidaia eta ostatu gastuetarako, hamabi mila (12.000) euroko funts bat eratuko da, gehienez.

Bekadunek behar bezala egiaztatu beharko dituzte gastuak, gastua egin, eta, gehienez ere, bi hilabeteko epean. Ordainketak, berriz, Garraio zuzendaritzak baimena emandakoan egingo dira, harik eta funtsa agortu arte, ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Laugarrena.– Onuradunak.

Beka eskatu nahi duenak eskabideak aurkeztekoan honako baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko ditu:

a) Goi mailako titulazio akademikoa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak emandako beste bekarik ez jaso izana.

c) Laguntza eta diru-laguntza publikoen arloan egindako arau-hauste baten ondorioz jarritako zehapen irmo batengatik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 63. artikuluaren arabera Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura diru-laguntza lortzeko eskubidea galdua ez izatea.

d) Une horretan, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalik ez izatea, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortua ere (otsailaren 18ko 4/2005 Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen xedapen gehigarrietan seigarrena).

Bosgarrena.– Bekak kudeatzeko organoa.

Garraio Zuzendaritzak egingo ditu Agindu honen ondorioz ematen diren bekak kudeatzeko lanak.

Seigarrena.– Eskabideak bete eta aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadin egunaren biharamunetik aurrera kontatzen hasi eta hamabost egun naturaleko epea utziko da.

2.– Eskaera eskabide-orri formalizatuan egingo da. Eskabide-orria jaso eta aurkezteko lekua:

Garraio Zuzendaritza.

Euskal Autonomia Erkidegoko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila.

Donostia kalea 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

Telefono-zenbakia: 945 01 97 41.

3.– Behar bezala betetako eskabide-orriarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Laugarren oinarri-arauan adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak:

– Titulazio akademikoa egiaztatzeko, eskabideak aurkezteko epean oinarri-arau honen bigarren puntuan zehaztutako bulegoetan titulu akademiko ofizialaren edo hura lortu izanaren egiaztagiriaren fotokopia aurkeztu beharko da, jatorrizko agiriarekin batera, erkatu ahal izateko. Atzerrian edo Espainiako zentro ez-ofizialetan lortutako tituluek aipatu epean baliokidetuak edo onartuak behar dute izan, eta ondorio juridiko guztiak eduki aipatutako epean.

– Honako hauek adieraziko dituen erantzukizunpeko adierazpena: bat, une horretan ez dela laguntza eta diru-laguntza publikoen arloan egindako arau-hauste baten ondorioz jarritako zehapen irmo bat betetzen ari; eta bi, ezta, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalik betetzen ere, eta ez dagoela, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide, debeku horrekin zigortua ere (1/1997 Legegintza Dekretua aldatzen duen otsailaren 18ko 4/2005 Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen xedapen gehigarrietan seigarrena).

– Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak aurreko ekitaldian egindako deialdiko bekarik ez duela hartu eta hamaikagarren oinarri-arauan jasotako ezein bateraezintasun egoeratan ez dagoela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

b) Curriculum vitaea, xehetasun akademikoak, lanbide-esperientzia, hizkuntzen ezaguera eta interesgarritzat jotzen diren beste merezimendu batzuk jasoko dituena.

4.– Eskabideak oinarri-arau honen bigarren puntuan eskabideak jasotzeko adierazitako lekuetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak onartzen dituen leku eta eran aurkeztu ahal izango dira.

Zazpigarrena.– Agirien gaineko okerrak zuzentzea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriak seigarren oinarri-arauan eskatutakoarekin bat ez datozela ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako eran.

Zortzigarrena.– Bekadunen ebaluaketa eta hautaketa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu, eta okerrak konpondutakoan, batzorde batek hautatuko ditu bekadunak; honakook izango dira batzordekideak:

– Lehendakariak. Garraioetako zuzendaria,

– Bi mahaikide:

Manuel Sánchez Jiménez jauna. Garraio Zuzendaritzako teknikaria.

David Alonso Alonso. Garraio Zuzendaritzako teknikaria.

– Idazkaria:

Dña. M.ª Aranzazu Unamuno Lekuona.

2.– Hautaketa batzordeak, Agindu honetan aurreikusten ez diren gaietarako, Herri Administrazioen Prozedura Erkide eta Araubide Juridikoari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluaren II. kapituluan organo kolegiatuentzat ezarritakoari jarraitu beharko dio.

3.– Hautaketa batzordeak izangaien ebaluaketa eta hautaketa egiteko irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) 4 puntu emango zaizkie, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzeko apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuaren 3.3 artikuluaren 1. paragrafoan (EHAAren 71. zk., 2008-04-15ekoa) eta Dekretu hori aldatzeko otsailaren 24ko 48/2009 Dekretuaren 1. artikuluak egindako berridazketaren (EHAAren 51. zk., 2009-03-13koa) arabera, Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B-1 mailekin parekatzekoak diren titulu eta ziurtagiriren bat dutenei.

6 puntu emango zaizkie, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzeko apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuaren 3.3 artikuluaren 2. paragrafoan (EHAAren 71. zk., 2008-04-15ekoa) eta Dekretu hori aldatzeko otsailaren 24ko 48/2009 Dekretuaren 1. artikuluak egindako berridazketaren (EHAA, 51, 2009-03-13koa) arabera, Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B-2 mailekin parekatzekoak diren titulu eta ziurtagiriren bat dutenei.

8 puntu emango zaizkie, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzeko apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuaren 3.3 artikuluaren 3. paragrafoan (EHAAren 71. zk., 2008-04-15ekoa) eta Dekretu hori aldatzeko otsailaren 24ko 48/2009 Dekretuaren 1. artikuluak egindako berridazketaren (EHAA, 51, 2009-03-13koa) arabera, Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko C-1 mailekin parekatzekoak diren titulu eta ziurtagiriren bat dutenei.

b) Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila, gehienez ere, 16 puntu.

4 puntu emango zaizkie, otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuaren (martxoaren 12ko EHAA, 50. zenbakia), eta indarrean dagoen gainerako legeriaren arabera, Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B-1 edo B-2 mailekin parekatzekoak diren frantseseko, ingeleseko edo alemaneko titulu eta ziurtagiriak dituztenei.

8 puntu emango zaizkie, otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuaren (martxoaren 12ko EHAA, 50. zenbakia) eta indarrean dagoen gainerako legeriaren arabera, Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko C-1 mailarekin parekatzekoak diren frantseseko, ingeleseko edo alemaneko titulu eta ziurtagiriak dituztenei.

c) Aukeratzeko lau erantzun izango dituen 50 galderako test moduko azterketa. Galderak estatu mailako eta nazioarteko salgaien eta bidaiarien garraioaren ingurukoak eta agentzia, trantsitario eta biltegizain-banatzaileen arlokoak izango dira. Gehienez ere, 30 puntu.

Ondo erantzundako galderengatik 0,6 puntu emango dira. Erantzun gabe utzitakoak edo erantzun bat baino gehiago dituztenak ez dira kontuan hartuko, ez puntuak emateko, ez kentzeko. Gaizki erantzundako galderengatik ez da punturik kenduko.

4.– Azalduriko merezimendu horiek aztertutakoan, batzordeak elkarrizketa bat izango du hirugarren artikuluaren arabera, gehienez lor daitezkeen 84 puntu horietatik gutxienez 18 lortu dituztenekin, eta elkarrizketaren arabera, 0tik 30 puntura bitartean emango die.

5.– Beka bakoitzerako bekadun bat aukeratuko du batzordeak, eta hautaketa-prozesuko puntuazio orokorraren arabera antolaturiko ordezkoen zerrenda bat osatuko du.

6.– Hautaketa-batzordeari dagokio txostena eta bekak emateko edo eman gabe uzteko batzordeak egindako ebazpen-proposamena Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari aurkeztea..

Bederatzigarrena.– Beken esleipena.

1.– Bekak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuaren Agindu arrazoitu bidez esleituko dira, eta horrek administrazio-bidea agortuko duenez, sailburuari aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio edo zuzenean Euskadiko Auzitegi Nagusian administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, lehenengoa hilabeteko epean eta bigarrena bi hilabetekoan.

2.– Bekak esleitzeko agindua 2012ko azaroaren 30a baino lehen jakinaraziko zaie interesdunei. Nolanahi ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dira, jende orok jakin dezan, eta bigarren oinarri-arauan aurreikusitakoari jarraituz, bekaldia noiztik aurrera hasten den zehazteko.

3.– Aurreko puntuan adierazitako epean ez bada beka emateko berariazko agindurik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Bekadunen batek bekari uko egiten badio, jardunbidea bukatutzat joko da, eta oinarri-arau hauetan aurreikusitako eskubide guztiak galdutzat joko dira.

5.– Bekadunak bekari uko egin diolako, edo bestelako arrazoiren batengatik, beka-eskubidea galduz gero, Hautaketa batzordeak ordezko gisa proposatu duen izangaiari emango zaio beka, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Agindu bidez.

Hamargarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunak honako betebehar hauek izango ditu:

a) Emandako beka onartuz gero, oinarri-arau hauetan eta beka esleitzeko Aginduan ezarritako arau guztiak bete beharko ditu. Horrela, bada, beka eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta 15 eguneko epean onuradunak diru-laguntzari berariaz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko dugu.

b) Beka eman duen erakundeari egin nahi dituen egiaztapenak burutzen utzi beharko dio; orobat Ekonomia Kontrolerako Bulegoari, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen eta bestelako laguntzen gaineko kontrola egin dezan, eta Kontuen Euskal Epaitegiari, araudi berezian ezarriak dituenak betetzeko.

c) Beka emateko erabakia hartzeko kontuan izan diren betekizunak betetzen dituela egiaztatzeko agiriak aurkeztea beka eman duen Administrazioari, eta hurrengo bi oinarri-arauetan jasotako bateraezintasun egoeraren bat gertatu edo kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, jakinaraztea, horren berri izan eta, gehienez ere, hamar eguneko epean.

d) Lehenengo oinarri-arauan jasotako helburua betetzen ez bada, edota onuradunak oinarri-arau hauetan eta beka emateko aginduan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du; eta halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Zenbateko horiek diru- sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

e) Garraio Zuzendaritzako arduradunak edukiari, lana burutzeko lekuari eta jarraitu beharreko metodoari buruz, eta lanak burutzearekin erlazionaturiko gainontzeko alderdien gainean zehaztuko dizkien jarraibideak bete beharko dituzte. Gainera, hirugarren oinarri-arauko ondorioetarako, lanak zein egoeratan dauden azaltzeko txostenak aurkeztu beharko dituzte hilabetean behin.

f) Bekaldia bukatu baino hamabost egun lehenago, azterlanaren ale bat aurkeztu beharko dute hautaketa-batzordeak onar dezan.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esparruan ezaugarri bereko laguntzei aplika dakizkiekeen gainerako arauak.

Hamaikagarrena.– Bateraezintasuna.

Beka jasotzen duenak, ezin izango da ordaindutako lanik egin, beste erakunde pribatu edo publiko batek helburu bererako emandako beka edo laguntzaren bat hartu, ez eta beka horiek berez eskatzen duten lana behar bezala burutzea galaraziko duen beste eginkizunen bat izan.


Azterketa dokumentala