
204. zk., 2012ko urriaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (186 KB - 3 orri.)
- EPUB (99 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4628
ERABAKIA, 2012ko irailaren 27koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Letren Fakultatearen arautegia onartzeko dena.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen gobernu kontseiluak ikastegietarako arautegi markoa onetsi zuen 2012ko otsailaren 23ko Erabakiaren bidez, gobernu kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen arautegia berrikusteko egutegia beteaz.
Oinarrizko arautegi hau, oinarrizko arautegi gisa eratu da, beraz, sailek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.
Ikastegien arautegi markoaren bigarren xedapen iragankorrak sei hileren epea ematen zuen, indarrean sartu zeneko datatik aitzina, ikastegiek bertan adierazitakora ekarri eta molda zitzaten tokian tokiko arautegiak.
Letren Fakultateak, arautegi honen babesera etorrita, onartu egin zuen ikastegi batzarrak 2012ko irailaren 18an egindako bileran bertako arautegiaren arautegi marko berrirako egokitzapena.
Hori guztia kontuan hartuta, eta ikusita idazkari nagusiaren proposamena, Gobernu Kontseiluak honakoa
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– Letren Fakultatearen arautegia onestea.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Hirugarrena.– Letren Fakultatearen arautegia argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Leioa, 2012ko irailaren 27a.
Errektorea,
IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.
Idazkari nagusia,
EVA FERREIRA GARCIA.
ERANSKINA
UPV/EHUko LETREN FAKULTATEAREN ARAUTEGIA
1. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Ikastegiko Batzarrak 75 kide hautetsi izango ditu, era honetara banatuta unibertsitate sektoreen arabera:
– Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: % 60; 45 ordezkari izango dituzte.
– Gainontzeko irakasleak eta ikertzaileak: % 5; 4 ordezkari izango dituzte.
– Ikasleak: % 22,5; 17 ordezkari izango dituzte.
– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 12,5; 9 ordezkari izango dituzte.
2. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 11. artikuluaren zehaztapena.
Ikastegiko Batzarrak Batzorde Iraunkorra izango du, era honetara osatua: dekanoa (batzordeburua izango da); idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da); 11 kide batzordeko ordezkarien artetik aukeratuak eta era honetara banatuta: 7 lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaileen ordezkariak izango dira; 1, gainerako irakasle eta ikerlarien ordezkariak; 2, ikasleen ordezkariak; eta 1, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak.
Batzorde Iraunkorrak Ikastegiko Batzarraren eginkizunak izango ditu eskuordetuta Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 10.3 artikuluaren arabera eskuordetu ezinak diren eginkizunak izan ezik; Batzorde Iraunkorraren funtzionamendua, bestalde, Ikastegiko Batzarrarenak berak izango dira.
3. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14. artikuluaren zehaztapena.
1.– Euskarako Batzordea eratuko da, parte hartzerako eta aholkurako organoa izango dena, eta helburu izango du euskararen erabilera bultzatzea UPV/EHUko planifikazio orokorraren barruan, euskarazko irakats eskaintzaren plangintzan eta jarraipen lanean parte hartzea eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatzea.
2.– Era honetara egongo da osatua: irakasle eta ikertzailearen 3 ordezkari, 3 ikasle eta AZPkoen ordezkari bat. Batzordeko burua dekanoa izango da edo hark eskuordetutako pertsona; batzordeko idazkaria, batzordeko kide bat.
4. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 5.2.l) artikuluaren zehaztapena.
Oinarrizko arautegiak genero berdintasunaren inguruan 5.2.l) artikuluan jasotakoa garatzeko xedez, berdintasuneko batzordea eratuko da. Batzordeak bere gain hartuko ditu aipatutako arloaren barruan ikastegiari dagozkion eginkizunak, unean-unean aplikatu beharreko arautegiarekin bat etorrita. Batzordeko burua dekanoa izango da edo hark eskuordetutako pertsona; irakasle eta ikertzaileen 3 ordezkari izango ditu, ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Batzordeko idazkaria batzordeko kide bat izango da.
5. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.
Ikastegiko dekanoa hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.
6. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 eta 19.3 artikuluaren zehaztapena.
Dekanoa aukeratzeko hauteskundeetan hautagai zerrendak aurkeztean, gobernu taldea erantsi beharko da, bai eta programa ere; ez da beharrezkoa izango Ikastegiko Batzarraren kide kopuru baten babesa.
7. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.1 artikuluaren zehaztapena.
Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa bertan egotea lehenengo deialdian, edo gutxienez kideen heren bat egotea bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean hamabost minututako tartea egongo da.
8. artikulua.– Epaimahaiak.
Ikasleen ebaluazioari buruzko arauei jarraiki beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea, 1., 2., 3. edo 4. deialdirako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira.
9. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.
Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena zazpi egun iragan aurretik gauzatuko da, idazkariari jakinarazi zaionetik kontatzen hasita.
10. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.
Ikastegiko Batzarreko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik, behin-behineko ordezkoak beteko du haren lekua. Ordezkapena gauzatzearren, kide titularrek bertaratu ezina egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte ikastegiko idazkaritzan organoaren bilera egin baino 48 ordu lehenago.
RSS