
204. zk., 2012ko urriaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (183 KB - 3 orri.)
- EPUB (98 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4627
EBAZPENA, 2012ko irailaren 27koa,Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren arautegia onartzeko dena.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak ikastegietarako arautegi markoa onetsi zuen 2012ko otsailaren 23ko Ebazpenaren bidez, Gobernu Kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen arautegia berrikusteko egutegia beteaz.
Oinarrizko arautegi hau, oinarrizko arautegi gisa eratu da, beraz, sailek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.
Ikastegien arautegi markoaren bigarren xedapen iragankorrak sei hileren epea ematen zuen, indarrean sartu zeneko datatik aitzina, ikastegiek bertan adierazitakora ekarri eta molda zitzaten tokian tokiko arautegiak.
Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolak, arautegi honen babesera etorrita, onartu egin zuen ikastegi batzarrak 2012ko irailaren 24an egindako bileran bertako arautegiaren arautegi marko berrirako egokitzapena.
Hori guztia kontuan hartuta, eta ikusita idazkari nagusiaren proposamena, Gobernu Kontseiluak honakoa
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren arautegia onestea.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Hirugarrena.– Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolaren arautegia argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Leioa, 2012ko irailaren 27a.
Errektorea,
IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.
Idazkari nagusia,
EVA FERREIRA GARCIA.
ERANSKINA
BILBOKO ENPRESA IKASKETEN UNIBERTSITATE ESKOLAREN ARAUTEGIA
1. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Ikastegiko Batzarrak 40 kide hautetsi izango ditu. Kide kopuru hori unibertsitateko sektoreen arabera banatzeko, oinarrizko arautegian zehaztutakoari jarraituko zaio.
2. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 12.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Akademia Antolakuntzako Batzordearen osaera ondokoa izango da: zuzendaria edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeburua izango da); ikastegiko idazkari akademikoa (batzordeko idazkari izango da); graduko koordinatzailea; moduluetako koordinatzaileak; eta ikasle bat.
3. artikulua.– Euskara Batzordea. Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 5.2.o) artikuluaren zehaztapena.
5.– Eginkizunak: 2.– Hauek dira ikastegien eginkizunak: o) Euskarazko irakats eskaintza eta euskararen normalkuntza arlo guztietan bultzatzea. Euskara Batzorderik eratzen ez den bitartean, arlo honetako eginkizunak zuzendariak edo berak horretarako izendatzen duen pertsonak burutuko ditu.
4. artikulua.– Berdintasun Batzordea. Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 5. 2.l) artikuluaren zehaztapena.
5.– Eginkizunak: 2.– Hauek dira ikastegien eginkizunak: l) Ikastegian genero berdintasuna lortzeko neurriak hartzea. Berdintasun Batzorderik eratzen ez den bitartean, arlo honetako eginkizunak zuzendariak edo berak horretarako izendatzen duen pertsonak burutuko ditu.
5. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 10.2.b) artikuluaren zehaztapena.
2.– Ikastegiko Batzarren eginkizuna da ikastegiko arlo akademikoan eragina duten oinarrizko erabakiak hartzea, eta, bereziki, ikastegiko zuzendaria aukeratzea.
6. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.1 artikuluaren zehaztapena.
1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa bertan egotea lehenengo deialdian, edo gutxienez kideen heren bat egotea bigarren deialdian. Deialdi bion artean, bost minututako tartea egon beharko da.
Edozein kasutan, beti egon beharko dute bileran organoko buruak eta idazkariak edo, bestela, haien ordezkoek.
7. artikulua.– Epaimahaiak.
Ikasleen ebaluazioari buruzko arauei jarraiki beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea, 1., 2., 3. edo 4. deialdietarako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira.
8. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena indarrean sartuko da organoko idazkariak horren berri ematen duenean, gehienez ere zazpi eguneko epean ordezkapena egin behar dela jakiten duenetik hasita.
9. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.
3.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik, behin-behineko ordezkoak beteko du haren lekua. Ordezkapena gauzatzeko, halako egoera batean dagoen titularrak kide anitzeko organoko buruari jakinarazi beharko dio eta behar diren egiaztagiriak aurkeztu.
RSS