Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2012ko urriaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
4567

194/2012 DEKRETUA, urriaren 9koa, 2011, 2012 eta 2013 urteetarako Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordio arau-emailea onartzen duen dekretua aldatzeko dena.

Uztailaren 17ko 4/1992 Legeak, Euskal Herriko Poliziari buruzkoak, Ertzaintzako langile funtzionarioen parte-hartzea arautzen du haien lan-baldintzak zehazteari dagokionez, eta 103. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Ertzaintza ordezkatzeko erakunde sindikalen bidez egingo da hori.

Aurreikuspen hori betez, dagokion negoziazio-prozesuari ekin zitzaion 103. artikuluak aipatzen dituen erakunde sindikalekin, eta akordio arau-emaile batekin amaitu zen, urtarrilaren 17ko 4/2012 Dekretuaren bidez onartu zena. Dekretu horren bidez, 2011, 2012 eta 2013 urteetarako Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dira.

ERNE eta ESAN erakundeekin 2011ko abuztuaren 12an eta 2012ko ekainaren 5ean Mahai Negoziatzailean hartutako erabakien ondorioz, neurri batzuk ere arautu dira Ertzaintzako langileen babesa burutzeko, aipatutako urtarrilaren 17ko 4/2012 Dekretuan hasieran arrazoi gisa islatu ez ziren adinagatik edo kalte funtzionalagatik.

Erabaki horien balioa eta eraginkortasuna, lege horren 104.2 artikuluan jasotako aurreikuspenak kontuan izanda, Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Gobernu Kontseiluak modu formalean eta berariaz onartu behar du, eta horri ekingo zaio orain Dekretu honen bidez.

Horren ondorioz, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak proposatuta eta aurrez Gobernu Kontseiluak 2012ko urriaren 9ko bilkuran eztabaidatuta eta onartuta,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Adinagatik edo kalte funtzionalagatik Ertzaintzako langileen babesa burutzeko neurriei buruzko Akordioa, Dekretu honen eranskin gisa agertzen dena, onartzea. Dekretu honek urtarrilaren 17ko 4/2012 Dekretua (2011, 2012 eta 2013 urteetarako Ertzaintzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordio arau-emailea onartzen duena) aldatzen du eta akordio arau-emaile horri VIII. titulu berria gehitzen dio.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– 2012 ekitaldian adinagatik jarduneko zerbitzuaren jardueraren modulazioa aplikatzea.

1.– Akordio arau-emailearen VIII. titulu berrian aurreikusitako jarduneko zerbitzuaren jarduera adinagatik modulatzea 2012an zehar aplikatzekoa izango da Mahai Negoziatzailearen akordioan aurreikusitako epeetan eskatu dutenei. Akordioa 2012ko modulazio hori 2012 ekitaldian aplikatzeari buruz ekainaren 5ean egindako bilkuran onartu zen, eta hauek dira baldintzak:

a) Akordio arau-emailearen 75. artikuluan aurreikusitako urteko lanaldiaren murrizketa 2012 ekitaldi horretan zehar eskala honen arabera aplikatuko da:

– 56 urteetan: 24 lanordu gutxiago urtean;

– 57 urteetan: 32 lanordu gutxiago urtean;

– 58 urteetan eta hurrengoetan: 48 lanordu gutxiago urtean.

b) Gaueko ordutegiko lan-exentzioa 2012an, Akordio Arau-emailearen 76. artikuluan aurreikusitakoa, 2012ko urriaren 31tik aurrera aplikatuko zaie aukera zentzu horretan egin duten langileei.

c) Gaueko txandako zerbitzu-eskaintzagatik ekoizgarritasun-osagarriaren zenbatekoaren gehikuntza, Akordio Arau-emailearen 76.2 artikuluan aurreikusitakoa, 2012ko uztailaren 1etik aurrera jasoko da. 2012ko urriaren 31tik aurrera, txanda horretan lan egiteko exentzioari ezin heldu eta zerbitzuak txanda berean eskaintzen segitzeko hautua egin duten langileei soilik aplikatuko zaie gehikuntza hori.

Bigarrena.– 2012 ekitaldian jarduneko zerbitzua adinagatik modulatzeko eskabide-epea.

2013 ekitaldian jarduneko zerbitzuaren jardueraren adinagatik modulatzeko eskabide-epea hilabetekoa izango da Dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 9an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

URRIAREN 9KO 194/2012 DEKRETUAREN ERANSKINA
«VIII. TITULUA
ERTZAINTZAKO LANGILEEN BABESA ADINAGATIK EDO KALTE FUNTZIONALAGATIK BURUTZEKO NEURRIAK
I. KAPITULUA
ERTZAINTZAKO LANGILEEN BABESA ADINAGATIK BURUTZEKO NEURRIAK

71. artikulua.– Jarduneko zerbitzuaren jarduera adinagatik modulatzea.

1.– Jarduneko zerbitzuan dauden Ertzaintzako langile funtzionarioek, Ertzaintzako Fakultatibo eta Teknikarien Eskalako langileek izan ezik, jarduneko zerbitzuaren jarduera adinagatik modulatzea eska dezakete kapitulu honetan aurreikusitako urteak eta gainerako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztenean.

2.– Jarduneko zerbitzuaren jardueraren modulazioaren aitorpena, aldeak eskatuta soilik izango dena egokia, ezeztaezina izango da eta berekin ekarriko du jarduneko zerbitzuko egoera administratiboan segitzea bere egoerarako lan egokiak egiten, kapitulu honek zehazten duenari jarraituz, hurrengo artikuluaren bigarren atalean ezarritako erretiroa iristen den data arte.

72. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Jarduneko zerbitzuaren jarduera adinagatik modulatzea aitortuko zaie Ertzaintzako funtzionarioei, 56 urte bete behar dituzten urtearen hasieratik erretiroa iristen den unera arte.

2.– Ertzaintzako funtzionarioei jarduneko zerbitzuaren prestazio-modalitate hori aitortzeak berekin ekarriko du hirurogei urte edo, hala badagokio, berrogeita hemeretzi urte betetzean borondatez erretiratzeko konpromisoa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren berrogeita zazpigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraituz.

Konpromiso hori betetzea atzeratu egin daiteke funtzionarioak erretiro aurreratuaren adina betetzeko unean ez baditu betetzen bere oinarri arautzailearen ehuneko ehunaren baliokidea den pentsio bat jasotzeko behar diren eskakizunak.

73. artikulua.– Prozedura.

1.– Prozedura pertsona interesdunak eskatuta hasiko da, eta Giza Baliabideen Zuzendaritzara zuzenduko da, eraginak hasteko data baino hiru hil lehenago gutxienez.

2.– Giza Baliabideen Zuzendaritzak gehienez hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazi beharko du egindako ebazpena.

3.– Funtzionario eskatzaileak egindako eskabidea onartzen duen ebazpena ematen den hurrengo urtearen hasieran izango du eragina jarduneko zerbitzuaren jarduera adinagatik modulatzeak.

74. artikulua.– Bete beharreko funtzioak eta lanak esleitzea.

1.– Hiritarren Segurtasuneko Polizia Etxeetan, Miñoien, Foru Polizien eta Mikeleteen Ataletan, Trafikoko Lurralde Unitateetan eta Ikerketa Kriminaleko Unitate Orokorraren tokiko eta eskualdeko mugapeetan destinatutako langileak.

a) Jarduneko zerbitzuaren jarduera adinagatik modulatzea aitortzen zaien Ertzaintzako langile funtzionarioek jarduneko zerbitzuko egoera administratiboan segituko dute, baina lehentasuna izango dute izaera administratiboko funtzioak eta gainerakoak betetzeko, lantokian bere esparruan jarduneko zerbitzu-egoeran dauden Ertzaintzako langileekiko, baldin eta hori egiteko trebakuntza badute.

Izaera hori aitortuta duten taldeko kide guztiei esleipen hori egitea ezinezkoa bada, adin handiagotik txikiagora egingo da, eta gainerakoek agintzen zaizkien ohiko funtzioak beteko dituzte. Hala ere, langile horiek ez dute parte hartuko planifikatutako eragiketetan eta gertakarien estalduran, ordena publikoaren asaldurak izateko aukera aurreikusten bada.

b) Nolanahi ere, 59 urte bete dituzten langileek, horrela eskatu badute, ez dute patruila-funtziorik beteko polizia-instalazioetatik kanpo. Horretarako, unitate eta zerbitzu guztietako buruzagitzek behar diren neurri guztiak hartuko dituzte neurri hori benetan betetzeko.

Salbuespen gisa, kasu horretan aurreko paragrafoan aipatutako funtzioak betetzea dakarten funtzioak eta lanak ezin esleitu badira, Herrizaingo Sailaren esku gera daitezke beste funtzio batzuk esleitzen zaizkien artean. Inguruabar horrek dirauen artean, kategoriako oinarrizko ordainsariak eta aitortuta dituen izaera pertsonalekoak jasoko dituzte, eta baita betetako azken postuaren ordainsariak ere, berariazko osagarriaren osagarri berezia izan ezik. Neurri horiek aplikatzekoak izango dira katastrofe- edo larrialdi-egoerarik sortzen ez den artean.

Giza Baliabideen Zuzendaritzak eskabidea ebatzi eta jakinaraziko du, aurrez pertsona interesdunari entzunda.

2.– Herritarren Segurtasun eta Baliabide Operatiboetako Unitate Operatibo Zentral eta Lurraldekoetan, Terrorismoaren Kontrako eta Informazioko Dibisioan eta Polizia Kriminaleko Dibisioan destinatutako langileak.

Jarduneko zerbitzuaren jarduera adinagatik modulatzea aitortzen zaien Ertzaintzako langile funtzionarioek jarduneko zerbitzu-egoera administratiboan segituko dute, baina lehentasuna izango dute beren lantokian esleitzen zaizkien izaera administratiboko funtzioak eta gainerakoak betetzeko, baldin eta hori egiteko trebakuntza badute.

Funtzio horien jarduna funtzio-katalogoa aplikatzen zaien langileak betetzen ari badira, hori benetan betetzeko baldintzak betetzen dituen lanpostu huts bat izanik, pertsona interesdunak proposatutako hiruen artetik Herrizaingo Sailak erabakitzen duen lantokira atxikiko dira, eta ez dute parte hartuko planifikatutako eragiketetan eta gertakarien estalduran, ordena publikoaren asaldurak izateko aukera aurreikusten bada.

3.– Gainerako unitateetan destinatutako eta beste lanpostu mota batera atxikitako langileak.

Langileak atxikita dauden lanpostuen eduki funtzional nagusia izaera administratibokoa edo egokitzat jotzen den beste mota batekoa bada, atxikita dauden lanpostuan geratuko dira, eta ez dute parte hartuko planifikatutako eragiketetan eta gertakarien estalduran, ordena publikoaren asaldurak izateko aukera aurreikusten bada.

75. artikulua.– Urteko lanaldia.

1.– Jarduneko zerbitzuaren modulazioa adinagatik aitortua duten Ertzaintzako langileek urteko lanaldiaren murrizketa bat izango dute, eskala honen arabera:

a) 56 urteetan: 48 lanordu gutxiago urtean;

b) 57 urteetan: 64 lanordu gutxiago urtean;

c) 58 urteetan eta hurrengoetan: 96 lanordu gutxiago urtean.

2.– Urteko lanaldiaren murrizketa hori egiteko, urte bakoitzaren hasieran langile horiek beren ordu-kontrolean dagokien ordu kopurua zenbatuta izan behar dute, aurreko ataleko eskalaren arabera, eta ekitaldian bete beharreko adina kontuan izanda. Neurri horrek, beraz, ez du aldatuko ezarritako lan-plangintza, langileek zerbitzuak eskaintzen dituzten ordu-erregimenari jarraituz.

Langileek zerbitzuak urte osoan eskaintzen ez badituzte, dagokion urteko lanaldiaren murrizketa-ordu kopuruarekiko minorazio proportzionala sortuko da.

76. artikulua.– Lan-exentzioa gaueko ordutegian.

1.– Ertzaintzako langileek Dekretu honetan adinagatik aurreikusitako modalitatean zerbitzuak emateak gaueko ordutegian lanik ez egitea ekarriko du, horrela eskatzen dutenean. Ezarrita duten ordu-erregimenaren plangintzak gaueko ordutegia barnean hartzen duenean, langile horiek goizeko edo arratsaldeko ordutegian eskainiko dituzte zerbitzuak aste osoan zehar.

Aste horietan benetako zerbitzuak eskaintzen badira, gaueko ordutegiko lanagatik ekoizgarritasun-osagarriaren zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango dute, ezarritako zenbateko osoan.

Jarduneko zerbitzuaren jarduera adinagatik modulatzea eskatzen duten unean baliatu beharko dute langileek aukera hori. Aukera hori aldatu egin daiteke, Giza Baliabideen Zuzendaritzara zuzendutako eskabide bidez, eraginak hasteko data baino hiru hil lehenago gutxienez. Egiten den hurrengo urtearen hasieratik aplikatuko da egindako aukera.

2.– Neurri horri heltzeko aukera izan eta zerbitzuak gaueko ordutegian eskaintzen segitzea erabakitzen duten langileen ekoizgarritasun-osagarria % 60 gehituko da.

77. artikulua.– Zerbitzuen plangintza eta errefortzu-neurriak.

1.– Urte bakoitzaren hasieran dagokion plangintza egingo da unitate guztietan, kontuan izanda jarduneko zerbitzuaren jarduera adinagatik modulatzea aitortua duen lantalde bakoitzeko kide kopurua eta horiek adierazitako lehentasunak.

2.– Plangintza horretan zehaztuko da zenbat astetan igarotzen diren langile horiek zerbitzua beste lan-txanda batean eskaintzera, gaueko txanda programatuta izanda. Era berean, txanda horretan zerbitzuak horien ordez nork eskainiko dituen zehaztuko da, zerbitzuaren premiak estaltzeko maila egokiari eusteko ekitaldian zehar zer aldaketa egin behar diren kontuan izan gabe.

3.– Aurreko atalean aurreikusitako neurriak ezartzearen ondorioz, aldaketak izan daitezke taldekideen artean, neurri horiei heltzen dion ertzain kopurua orekatzeko.

4.– Gaueko txandan zerbitzuaren premiak behar bezala estaltzeko ratioak mantentzeko beste lantalde bateko langileen kadentzia aldatu egin daiteke, goizeko edo arratsaldeko txanda programatuta izan eta lehentasunez borondatez gaueko txandan lan egitera igarotzea eskatu badute.

5.– Gaueko txanda horietan lana benetan egiteak ekoizgarritasun-osagarria % 40 igota jasotzeko eskubidea emango du gaueko ordutegian lan egiteagatik.

Konpentsazio hori aplikatuko zaio halaber lantalde berean atxikita egon eta gaueko txandako lanaldietan exentzioa duen onuradunaren funtzioak egiteko erantzukizuna bere gain hartzen duen ertzainari, lanaldi horiek hura betetzen ari zena baino kategoria handiagokoak direnean.

78. artikulua.– Jarduera fisiko edo psikikoen murrizketagatik bigarren jarduerako egoera administratiboan dauden langileak.

72. artikuluaren lehen atalean jasotako adin-eskakizuna betetzen duten unean jarduera fisiko edo psikikoen murrizketagatik bigarren jarduerako egoera administratiboa duten langileek jarduneko zerbitzuaren jarduera adinagatik modulatzeko ezarritako baldintzak aplikatzea eska dezakete.

Eskabide hori onartzen bada baldintza horiek aplikatuko dira, eta jarduera fisiko edo psikikoen murrizketagatik bigarren jarduerako egoera administratiboan jarraitu eta 72. artikuluaren bigarren atalean ezarritako borondatezko erretiroa hartzeko konpromisoa hartuko da.

Ekoizgarritasun-osagarria 76. artikuluan aurreikusitako baldintzetan jasotzeko, aurrez, egoera administratibo horretan egon bitartean, zerbitzuak gaueko txandan eskaintzen jardun beharko da.

II. KAPITULUA
JARDUNEKO ZERBITZUA KALTE FUNTZIONALAGATIK MODULATZEKO ALDI BATERAKO LAN NEURRIAK

79. artikulua.– Jarduneko zerbitzua kalte funtzionalagatik modulatzeko aldi baterako beste lan-neurri batzuk.

1.– Polizia-jarduerako oinarrizko lanak betetzeko behar den gaitasuna duten Ertzaintzako funtzionarioek kalte funtzionalen bat edo bigarren jarduerako egoera administratibora ez igarotzea dakarren beste inguruabarren badute, zehazten den aldian zehar lanpostua egokitu egingo da, kasu bakoitzean aldi baterako berariazko lan-neurrien bidez.

2.– Berariazko neurriak ezar daitezke zehazten den aldian Ertzaintzako langileei lanpostua egokitzeko, kasu hauetan:

a) Prebentzioko eta Lan Osasuneko Dibisioko edo bigarren jarduerako egoera administratibora igarotzeko Auzitegi Medikoko medikuen ustez kalte funtzional bat edo beste mugaren bat badu, bigarren jarduerako egoera administratibora igarotzeko aitorpena ez dakarrena.

b) Kautelazko neurri gisa, bigarren jarduerara igarotzeari edo ezintasun iraunkor bat edozein mailatan aitortzeari buruz organo eskudunak ebazpena eman arte.

c) Sei hiletik gorako aldi baterako ezintasun baten ondoren, edo pertsona interesdunak eskatzen duenean, baldin eta Prebentzioko eta Lan Osasuneko Dibisioko medikuek komeni dela uste badute lanera itzultzea errazteko eta dagozkion funtzioak betetzeko.

80. artikulua.– Prozedura.

1.– Lanpostuaren funtzioak egokitzeko aldi baterako berariazko lan-baldintzak ezartzen dituen ebazpena Prebentzioko eta Lan Osasuneko Dibisioko Laneko Medikuntzako eta Osasun Mentaleko arloetako medikuek egindako txostenean egindako proposamenean edo bigarren jarduerako Auzitegi Medikoaren irizpenean oinarritutako da, eta loteslea izango da organo eskudunarentzat ebazpena emateko.

2.– Lanpostua berariazko lan-egoera batean oinarrituta egokitzeko Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpenak, gutxienez, baldintza hauek bete behar ditu:

a) Ertzaintzako funtzionarioa zer kalte funtzionalen edo laboralen mende egongo den.

b) Aplikazio-aldia, ezingo dena izan sei hiletik gorakoa, aurreko artikuluaren b) letran aurreikusitako bigarren kasuan izan ezik.

81. artikulua.– Luzapena.

1.– Lanpostuaren egokitzapena horrelako beste aldi batez luza daiteke Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen bidez, aurrez Laneko Medikuntzako edo Osasun Mentaleko arloak txostena eginda.

2.– 78. artikuluaren bigarren ataleko a) eta c) letretan aurreikusitako kasuetan ezarritako aldi baterako berariazko lan-neurriak iraupen bereko beste aldi batez luza daiteke soilik. Aldi hori igaro eta neurri horiek hartzeko arrazoiak desagertu ez badira, bigarren jarduerako egoera administratibora igarotzeko prozedurari ekin beharko zaio.

3.– Lanpostuaren egokitzapen funtzionala ez da luzatuko ezintasun iraunkor bat edo bigarren jarduerara igarotzea onartu arte kautelazko neurri gisa hartu bada, pertsona interesdunak ez badu egiaztatzen Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren aurrean ezintasun iraunkorra baloratzeko espedienteari ekin diola edo bigarren jarduerara igarotzeko eskabidea aurkeztu ez badu.

III. KAPITULUA
JARDUTEKO TREBAKUNTZA

82. artikulua.– Jarduteko trebakuntza.

1.– VIII. titulu honetan aurreikusitako babes-neurriak aplikatzearen ondorioz funtzioak egokitu edo beste lanpostu batera atxiki behar bada, kontuan izango da funtzionarioak lanpostuaren funtzioak betetzeko eskatutako oinarrizko prestakuntza-eskakizunak badituen ala ez.

2.– Esandakoari kalterik egin gabe, Administrazioak lanpostu berri hori edo esleitutako lan berriak betetzeko egokiak diren berariazko ezaguerak eskuratzea erraztuko du, funtzionarioa bere erantzukizunetan erabat integratzeko».


Azterketa dokumentala