Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

199. zk., 2012ko urriaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4498

ERABAKIA, 2012ko irailaren 27koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko arautegiko 6.1 eta 16.1 artikuluak aldatzeko dena.

AURREKARIAK

Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiak honakoa dio 6.1 artikuluan (Gobernu Kontseiluak onartua 2011ko apirilaren 14ko bileran): «Errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako deia Gobernu Kontseiluak egingo du. Deia errektorearen agintaldia amaitu aurreko hiru hilabeteetan egin beharko da, eta hauteskunde eguna agintaldia amaitu osterako zehaztu behar da.»

Arautegian jasotzen den hauteskunde egunari buruzko zehaztapenak atzeratu egiten du prozesua inolako beharrik gabe, izendapena eta kargu hartzea egin beharko liratekeelako, egitekotan, agintaldia amaitu ondoren. Hortaz, hauteskunde eguna Gobernu Kontseiluak onartuko duena izango da, errektorearen agintaldia amaitu aurreko hiru hilabeteetan egingo den hauteskunde deiari lotutako hauteskunde egutegian agertuko dena.

Bestalde, errektorea aukeratzeko hauteskundeetako bigarren txandan botoa aldez aurretik emateko irizpideak aplikatuko balira, hau da, bigarren txandara pasatuko diren hautagaitzen aldarrikapena arautzen duen 21. artikuluari lotuta 16.1 artikuluan zehaztutako irizpideak, botoa aldez aurretik emateko aukerak urriak lirateke bigarren txandan. Beraz, beharrezkoa egiten da zehaztea nola emango den botoa aldez aurretik bigarren txandan eta, horretarako, paragrafo bat sartu da aipatutako artikuluaren bukaeran.

Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko a Arautegiari egindako aldaketa Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu du eta, irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari.

Hori guztia kontuan hartuta, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko 6.1 artikulua aldatzea. Artikulu hori honela geratuko da:

«Gobernu Kontseiluak behin erabakita errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako deia egitea, agintaldia amaitu aurreko hiru hilabeteen barruan emango da argitara. Edozein kasutan, errektorearen izendapena aurreko agintaldia amaitu ondoren egingo da.»

Bigarrena.– Errektorea Aukeratzeko Hauteskundeei buruzko Arautegiko 16.1 artikulua aldatzea. Artikulu hori honela geratuko da:

«Botazio egunean beren hauteskunde barrutian egoterik ez dutenei parte hartzea errazteko asmoz, ikastegietako zuzendariek eta campusetako gerenteordeek botoa aldez aurretik ematea onartuko dute eta behar den ziurtagiria emango dute. Lehenengo txandan botoa aldez aurretik emateko epea hauteskunde egutegian jasotakoa izango da, baina, edozelan ere, hautagaitzak behin betiko aldarrikatzen direnetik botazio eguna baino 48 ordu lehenagoko tartera bitartean izan behar da. Bigarren txandan botoa aldez aurretik emateko epea izango da hauteskunde egutegian zehaztutakoa, eta ezingo da aplikatuko beste inolako mugarik.»

Hirugarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea, zehaztuta argitaratzen den egunean bertan sartuko dela indarrean.

Leioa, 2012ko irailaren 27a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.


Azterketa dokumentala