Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2012ko irailaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
4311

AGINDUA, 2012ko irailaren 19koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Honen bidez, gizarte-ekonomiari ekiteko eta gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua sustatzeko laguntzak bideratzen dira.

Hainbat arrazoi direla eta, aurreko ekitaldietan, bateratuta eta integratuta arautu ziren aurretik urtero banatuta arautzen ziren eta gizarte-ekonomia delakoan enpresa-izpiritua sustatzeko oinarri komuna duten laguntzak; izan ere, enpresa-izpiritu horrek segitzen du gobernu honen lehentasunezko helburua izaten. Dena dela, eskura dagoen aurrekontu-kreditua oso murriztu da, eta horrek indartu egiten du integratzeko premia eta borondatea.

Hain zuzen ere, Sail honetan, enpresa demokratiko eta solidario erregimeneko lanpostu berriak sustatzeko metodoetatik ondarioztatu da lana fokalizatu egin behar dela prestatuta dauden sustatzaileak bilatu, aholkatu, sortu eta laguntzen, eta, behar izanez gero, finantzatzen, baldin eta prest badaude enpresa-proiektu kontrastatu eta ekonomikoki bideragarriei ekiteko gizarte-ekonomian. Izan ere, finantza-baliabideak mugatu egin dira erakunde-oinarriko sistemetan hala euskal kooperatiba-mugimenduan eta lan-elkarteetan nola gizarte-ekonomia finkatuko enpresetan eta prestakuntza teknikoko zentroetan (batak eta besteak eremu geografiko berean daude).

Arrazoi beragatik, orain arte lortutako emaitzei dagokienez, ekitaldian, gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko sartu zen laguntza-baterian, laguntza zehatz bat sartu zen akonpainamendua eta barne-ekintzatzailetzako proiektuak garatzeko ekonomia eta finantzak aztertzeko; laguntza hori, aldiz, berriro bideratu da aipatutako sustatzaile-sustatu sistema orokorrera.

Lurraldearekin konpromisoa duten enpresak sustatzeko laguntza publikoen diseinu integratu horrek horrexegatik beragatik dakar laguntzaren hainbat alderdi sinplifikatzeko beharra - esaterako, zelan eskatu, izapidetu eta justifikatu laguntza-, alde batera utzi gabe aipatutako helburuari aplikatutako aurrekontu publikoa kudeatu eta kontrolatzeko beharra.

Horrela, hainbat alderri nabarmendu behar dira: laguntza-eskabideak modu elektronikoan izapidetzeko bidea sartzea, ahalmen tekniko kontrastatua duten pertsona juridikoek erabiltzeko; zinpeko adierazpena erabiliz edo administrazio laguntza-emaileak ofizioz egiaztatuz, hainbat betekizun egiaztatzeko modua sinplifikatzea; laguntzak kudeatzen izandako esperientziaren ondorioz, oso egoera berezietan, inoiz aplikatu behar diren alderdi zehatzak, laguntzak kudeatzeko arintasuna eta eraginkortasuna eragozten dutenak, eta lehenetsi behar direnak.

Aginduak segitu egiten du diruz laguntzen diren subjektu eta objektuaren funtsezko elementuak arautzen dituen kapitulu arruntaren eskema, baita jasotako laguntza eman eta justifikatzeko prozedura alderdiena ere; horiei kapitulu banatuetan eransten zaizkie: batetik, sustatzaile-sustatu metodoaren betekizun bereziak, eta, bestetik, gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko lurralde-oinarriko enpresa- eta hezkuntza-konpromisoa sortu eta mantentzeko betekizunak; sistema horiek, berriz, emaitza onak izan dituzte aurreko urteetan.

Laguntzen doitutako zenbatekoari dagokionez, erantzukizun partekatuaren printzipioa finkatu da gizarte-ekonomiako enpresa horiek sustatzeko gastu publikoaren zenbatekoaren eta horiek finantzatzeko lan-bazkide berriek egin beharreko ekarpenaren artean. Printzipioa osatzeko, lehentasuna ematen zaie gizarte-ekonomiako enpresa berrien finantzak indartzeko zuzenean bideratzen diren laguntza publikoei.

Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak Onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2012 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da arautzea Eusko Jaurlaritzaren laguntzak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bidez, 2012. ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko eta gizarte-ekonomiako lurralde-sustapen planifikatua garatzeko.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honen xedea betetzeko, guztira, milioi bat hirurehun eta laurogeita bi mila (1.382.000) euro erabiliko dira, honela banatuta:

– II. kapituluari dagokienez, gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko baita, milioi bat ehun eta hirurogeita hamabi mila (1.172.000) euro, gehienez ere, eta honetarako: milioi bat ehun eta hirurogeita hamabi mila (1.172.000) euroko ordainketa-kreditua 2012ko ekitaldirako eta zortziehun eta hirurogeita hemeretzi mila (879.000) euroko konpromiso-kreditua 2013ko ekitaldirako.

– III. kapituluari dagokionez, gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua garatzeko baita, berrehun eta hamar mila (210.000), gehienez ere, eta honetarako: ehun eta bost mila (105.000) euroko ordaiketa-kreditua 2012ko ekitaldirako eta ehun eta bost mila (105.000) euroko konpromiso-kreditua 2013ko ekitaldirako.

Aurrekontu-aldaketarik onartzen bada, zenbateko horiek eguneratu ahal izango dira, bere garaian zehazten den moduan, betiere indarrean den legerian kredituak lotzeko edo aldatzeko aurreikusitako erregimenari jarraiki. Aldaketa horiek egin egiten badira, horren berri emango da, Laneko sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Entitate onuradunek bete beharreko baldintzak.

Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoanedukitzea lantokia(k) eta egoitza soziala.

c) Altan emanda egotea Ekonomia-jardueren gaineko zergan eta Gizarte Segurantzan erregistratuta egotea.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzea.

e) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

f) Entitate eskatzailearen erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (emanda, eskatuta nahiz izapideak egiten).

4. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatzeko, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluko e) eta f) idatz-zatietako baldintzak; eskabidean ere adierazpen hori azaldu beharko da.

2.– Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. 4. Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

5. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honen babespean irekitako espedienteak honela izapidetuko dira:

– III. kapituluan araututako laguntzak modu presentzialean edo bide elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, sustatutako entitateen kasuan izan ezik; izan ere, horiek derrigorrez aurkeztu beharko dituzte modu elektronikoz, eta laguntza-eskaera bana aurkeztu beharko du diru-laguntza eskatzen duen entitate sustatuko. Holakoetan, erakunde sustatzaileak ordezkatzeko ahalordea egiaztatu beharko du, erakunde sustatuen izenean jarduteko.

– III. kapituluan araututako laguntzen eskabideek izapide elektronikoak egiteko bidea erabili beharko dute, nahitaez.

2.– Euskadi.net-eko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira izapideak - modu presentzialean edo elektronikoan- egiteko jarraibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako gorabehera eta ereduak.

– Gizarte-ekonomian ekitea: Eratzea: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/em_capitulo2_1_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

– Gizarte-ekonomian ekitea: Sustatzea: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/em_capitulo2_2_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

– Gizarte-ekonomian ekitea: Bateragarritasuna: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/em_capitulo2_3_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

– Gizarte-ekonomian ekitea: Lurraldea sustatzea: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/em_capitulo3_2012/eu_ayuda/ficha_procedimiento.html

3.– Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, honako helbide honetan egingo dira: http://www.http://www.euskadi.net/misgestiones.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea: modua eta epea.

1.–. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskabide-eredua euskadi-net egoitza elektronikoan eskuratu ahal da, agindu honetako kapitulu guztietan jasotzen diren prozedura guztietarako. Era berean, eskabideak bide elektronikoz aurkeztu ahal izango dira euskadi.net egoitza elektronikoaren helbideetan.

3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskaerak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako lurralde-ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez.

5.– Eskabidearekin batera, deialdi honetako modalitate bakoitzerako aurkeztu behar diren dokumentuak aurkeztu beharko dira, dagokion kapituluan aipatzen direnak.

7. artikulua.– Eskaeraren akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean, edo dagokien artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar egunetan akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hori egin ezean eskabideari uko egiten diola ulertuko dugu. Administrazioak, ordea, eskabidea ebatzi eta ebazpena jakinarazi behar du, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera (Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

8. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiak baietsiko dira, betiere 2. artikuluan zehazten diren diru-zenbatekoak nahikoak badira eskatutako laguntza guztiak emateko, Agindu honetan ezarritako moduan.

2.– II. kapituluan ezarritako diru-laguntzak finantzatzeko diru-zuzkidura nahikoa ez bada hasieran kalkulatutako eskabide guztiei agindu honetan aurreikusitako moduan erantzuteko, 15. artikuluko 3. zenbakian jasotzen diren jarduerei ez beste guztiei erantzungo zaie lehenik. Hala ere, diru-zuzkidura nahikoa ez bada 15. artikuluko 3. zenbakian jasotzen diren jarduerei ez beste guztiei erantzuteko, hainbanaketa egingo da, hasiera batean eskabide bakoitzerako kalkulatutako zenbatekoaren proportzioan. 15. artikuluko 3. zenbakikoak baztertu eta gero, dirurik gelditzen bada behin II. kapituluko laguntza guztiak esleitu eta gero, diru hori laguntza horien artean banatuko da; horretarako, hasiera batean eskabide bakoitzerako kalkulatutako zenbatekoaren proportzio berean hainbanatuko da.

4.– III. kapituluan ezarritako diru-laguntzak finantzatzeko diru-zuzkidura nahikoa ez bada hasieran kalkulatutako eskabide guztiei agindu honetan aurreikusitako moduan erantzuteko, proportzionalki hainbanatuko dira.

5.– Aurreko eragiketak eginda, kopururik soberan geratzen bada kapitulu bi horietakoren batean, kopuru hori beste kapitulu bati egotzi ahal izango zaio, baldin eta beste kapitulu hori defizitarioa bada izan ditzakeen onuradun guztiei erantzuteko.

6.– Erakunde sustatzaile guztiei oro har eman zaien diru-laguntzak inoiz ez da handiagoa izango erakunde sustatu guztiek oro har jasotzen dutena diru-laguntza baino. Eman beharreko zenbatekoak kalkulatuta hori gertatzen bada, proportzionalki hainbanatuko da.

9. artikulua.– Beste diru-laguntza nahiz laguntza batzuen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzako, beste edozein herri-administrazio edo entitate publikok ematen dituztenekin.

2.– Kultura ekintzailea eta enpresak sortzeko aukera babesteko abenduaren 23ko Dekretuan araututako laguntzen onuradun bada sozietate kooperatiboa edo lan-sozietatea, dekretu horren bidez diru-laguntzaren zenbatekoa ezartzea eragin duten pertsona fisikoak ez dira kontuan hartuko agindu honen laguntza eta aginduaren beraren mugak kalkulatzeko. Hau da, erakunde onuradunei eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, bakarrik hartuko da kontuan zenbat pertsona fisikok betetzen dituzten agindu honetako baldintzak, eta ez duten jaso arestian adierazitako 328/2002 Dekretuko laguntza.

3.– Baldin eta beste lurralde-administrazio edo haien menpeko erakunde publiko batzuetatik datozen diru-laguntza batzuekin uztartzen bada, honela jokatuko da:

– Horiek batuta, ondoz ondo 18. artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen bada, soberakin hori bateraezintzat deklaratuko da, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko laguntza murriztu.

– 15.1.artikuluko jardueraren diru-laguntza beste lurralde-administrazio batzuetatik edo haien mendeko erakunde publikoetako helburu eta xede berekin uztartzen bada, horien baturek agindu honetako 18.1.d) artikuluak aipatzen duen bazkide langile edo lan-bazkideek harpidetutako kapitalaren guztizkoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko laguntza murriztu. Administrazio horrek gehienez ematen duen diru-laguntza inoiz ez da 30.000 euroko muga gaindituko eratutako erakundeko.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak.

2.– Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak. Agindu honetan aurreikusitako hainbanaketa egiten bada, ebazpen bana egin beharko da II eta III. kapituluetarako.

– Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak espresuki ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen adierazirik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ukatu egin direla ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi, ordea, Administrazioak modu adierazian ebazteko obligaziorik ez duenik.

4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean laguntza zein erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena esanbidez eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.

11. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, betiere diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, edo, hala badagokio, administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko batek emandako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Aginduan erakunde onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte jasotako gehiegizko zenbatekoak.

12. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Diru-laguntza jaso duen erakunde onuraduna Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago, edo agindu honetan, edo aplika daitezkeen gainerako arauetan, edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat ez badu betetzen, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak, Ebazpen baten bidez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena hauxe izanen da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa.

2.– Erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik lan elkartuko kooperatibak edo eratutako lan-sozietateak 21.1 artikuluan adierazitako denboraz ez badio eusten egitura asoziatibo baten barruko gizarte-ekonomiako enpresa izateari, jarduerak diruz laguntzeko modukoa izaten jarraituko du, gauzatutako epea gutxienez hemezortzi (18) hilabetekoa izan bada. Kasu horretan, enpresa eratzeko edo eraldatzeko emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da, eta murriztu ere aipatutako denbora-epea amaitzeko falta den denboraren proportzioan; onuradunak, berriz, jasotako gehiegizko kopurua itzuli beharko du.

13. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako arauak betetzen ez badira, honako prozedura honi jarraituko zaio jasotako diru-laguntza itzultzeko:

a) Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak erakunde onuradunari jakinaraziko dizkio prozeduraren hasiera eta prozedura hori hasteko zioak, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki irizten dituen alegazioak egiteko.

b) Alegazioak jaso edota alegaziorik aurkeztu gabe epea pasatu eta gero, Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren zuzendariak itzuleraprozedura amaitutzat emango du, eta, aplikagarri den araudia urratu dela iritzi badio, erabakia emango du, kasua bada, dagozkion zenbatekoak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari bueltatzeko obligazioa deklaratzen duena. Dirua bueltatzeko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, erabakiaren jakinarazpenetik aurrera zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzultzeko prozedura, gehienez ere, sei hilabetean ebatzi behar da.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantzetako Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oro har, eta azaroaren 11ko Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duenak, bere 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, erakunde onuradunek diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren).

II. KAPITULUA
GIZARTE EKONOMIAKO ENPRESAK ERATU ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK

15. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Gizarte-ekonomiako enpresak eratzea, dauden enpresak gizarte-ekonomiako enpresa bihurtzeko kasuak barne. Agindu honen ondorioetarako, lan elkartuko kooperatibak, lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibak eta lan-sozietateak bakarrik hartuko dira gizarte-ekonomiako enpresatzat.

2.– Gizarte-ekonomiako enpresa bat eratzearekin zuzenean erlazionatuta dauden sustapen-ekintzak egitea, jarraipena eta enpresa-kudeaketarako doako aholkularitza barne, enpresaren jarraipena sustatu eta eusteko helburuarekin, enpresa eratu eta urte beteko epean.

3.– Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko, honako ezaugarri hauek dituzten sozietate anonimoen edo mugatuen ekonomia- eta finantza-bideragarritasuneko azterlana egitea: galera-maila handia, negozio-bolumenaren murrizketa, izakinen gehikuntza, ahalmen handiegia, autofinantzaketarako marjina gordinaren gutxitzea, gero eta zorpetze handiagoa, finantza-gastuen igoera eta aktibo garbiaren ahultasuna edo desagerpena.

16. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako hauek jaso ditzakete kapitulu honetan bilduriko laguntzak:

1.– 15.1 artikuluko jardueretarako: 2011ko uztailaren 1etik 2012ko uztailaren 30era bitarte (biak barne) Kooperatiben Erregistroan edo Merkataritza Erregistroan erregistraturiko kooperatibak eta lan-sozietateak, hurrenez hurren.

2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: Helburu sozial gisa kooperatiba edo lan-sozietateak era daitezen sustatzea duten eta irabazteko ez diren pertsona juridikoak, edota bereziki irabazi-asmorik gabeko erakundeen jabetza direnak (hemendik aurrera, erakunde sustatzaileak).

3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: enpresa-bideragarritasuneko azterlanak legez egin ditzaketen kanpoko kontsulta-enpresak. Kontsultora horiek gizarte-ekonomiaren erakunde ordezkagarriek gehiengoarekin partaidetutako enpresak izan behar dute, edota kooperatibaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten beste kontsulta-enpresa batzuk, gizarte-ekonomiako erakunde ordezkagarriren bati elkartutakoak.

17. artikulua.– Entitate onuradunen baldintza zehatzak.

1.– 15.1 artikuluko erakunde onuradunetarako:

a) Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkideen gizarte-ekonomiaren alorreko prestakuntza egiaztatzea, edo prestakuntza hori egiteko konpromisoa adieraztea.

b) Lankidetza-akordio bat izenpetzea, enpresaren laguntza edo aholkularitza gauzatzeko, hala badagokio.

c) Diru-laguntza eman aurretik legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatiboren batean integratuta egotea. Gutxienez, urte betean mantendu beharko dira integratuta.

d) Bazkide langilearen sarrera mugagabea izango da eskabidea egiten duen unean.

e) Gizarte-ekonomiako enplegu berria sortzea.

f) Lan-segurtasun eta osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.

2.– 15.2 artikuluko erakunde onuradunetarako: artikulu horretan ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea, eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea agindu hau argitaratu baino lehenago.

3.– 15.3 artikuluko erakunde onuradunetarako: langileen edo gutxienez ere langile-plantillaren heren baten lege-ordezkariek sinatutako idatzizko konpromiso bat aurkeztu beharko da gizarte-ekonomiako erakunde bat eratzeko, enpresa bideragarria baldin bada.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– 15.1 artikuluko jardueretarako: baremo hauek aplikatu ostean ateratzen den kopuruaren % 70:

a) 3.000 euro, lan-kontratu mugagabeaz sartzen den langile bazkideko.

Halakotzat joko dira gizarte-ekonomia enpresa eratzen denetik 2012ko uztaila bitartean (egun biak barne) sartzen diren langile bazkide guztiak.

b) Aurreko atalean zehaztutako kopuruari 1.000 euro gehitu beharko zaizkio kasu guzti hauetan:

– Emakumeak, eurek direnean erakundeko langile bazkide edo lan-bazkideen gehienak.

– Minusbaliatua izatea, hau da, gutxitu fisiko, psikiko edo/eta sentsoriala izatea, eta, gutxienez, % 45eko ezintasuna onartuta edukitzea.

– Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena gogoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.

– Guraso bakarreko aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten ondorengo bat edo batzuk haren mende izatea.

– Etxeko biolentziaren biktima izan diren pertsonak. Pertsona bat egoera horretan dago haiek edo haien seme-alabak ezkontidearen edo antzeko harremanaren bidez lotura egonkorra izan duenaren bortizkeria fisiko edo psikikoaren biktimak izan direnean, beti ere gertakari horiek etxeko biolentziaren biktimak babesteko dagokion aginduaren bidez egiaztatu badira.

– Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean bukatu dutenak azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan araututakoak; horren arabera laneratze-enpresen kalifikazioa arautzen da, horietara sartzeko prozedura ezartzen da eta laneratze-enpresen erregistroa sortzen da, sozietate kooperatiborako sartze hori prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteen barruan gertatzen bada. Kontratazioa gizarteratze- eta laneratze-prozesua amaitutakoan egiten bada, ez da eskatuko langabe gisa erregistratuta egotea.

– Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, irailaren 24ko 214/2002 Dekretuko III. kapituluak horien laneratzea sustatzeko ezarritakoaren arabera —Dekretu horrek arautzen du Terrorismoaren Biktimei Laguntzek Programa—, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasuna badu.

– Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak), hau da, agindu honetan aurreikusten diren laguntzen ondorioetarako, lan-talde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.

– Pertsona berak kasuan arestian azaldutako egoera bat baino gehiago uztartuz gero, hasiera batean zehaztutako zenbatekoari mila bana euro gehituko zaio egoerako, eta diru-laguntza gehienez ere 6000 eurokoa izango da.

c) Muga 30.000 eurokoa da, erakunde onuraduneko.

d) Emandako diru-laguntzak ezin izango du ezein kasutan ere sozietateko bazkide langileek harpidetutako kapitalaren guztizkoa gainditu.

2.– 15,2 artikuluko jardueretarako: artikulu honetako 1. atalean aipatu, eta jasotzen den gainerako kopuruaren % 30, sustatutako erakundeko.

3.– 15,3 artikuluko jardueretarako: bideragarritasuneko azterlaneko kostu garbiaren % 70, azterlaneko (3000 euroko mugaz).

19. artikulua.– Ordaintzeko era.

Kapitulu honetan jasotako diru-laguntzak ordaintzeko, formula hau aplikatuko da:

a) Lehen ordainketan, diru-laguntza osoaren % 70 ordainduko da, betiere emakidaren jakinarazpenaren biharamunetik hamabost egun igaro ondoren eta esanbidezko ukorik izan ez bada.

b) Bigarren ordainketan, % 25 ordainduko da, agindu honetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen direla egiaztatu eta gero, eta zehazkiago:

– 15.1 eta 15.2 artikuluetako jardueretarako: 21.2 artikuluak aipatzen duen memoria aurkeztu beharko da, artikulu horretan nahitaezkotzat jasotzen diren agiriekin batera.

– 15.3 artikuluko jardueretarako: egindako azterlanaren kopia eta hura gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.

20. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetan jasotako onurak bereganatu nahi dituzten erakundeek, eskaeraz batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

1.– 15.1 artikuluko jardueretarako:

a) Memoria zehatza eta enpresaritza-proiektuari buruzko enpresa-plana edo -planak, lehen ekitaldi osoan burutuko diren jarduerak azaltzen ditu(zt)ena(k).

b) Kooperatibako edo lan-sozietateko langile bazkideen Gizarte Ekonomiaren alorreko prestakuntza, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako akordioa egiaztatzen duten agiriak, prestakuntza hori irakatsiko duen erakundearen izena adieraziz.

c) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera (39/1997 Errege Dekretua, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duena).

d) Bazkide-liburuaren kopia, baita enpresan sartutako pertsonekin egindako sozietate-kontratuen edo lan-kontratuen kopia ere.

e) Sustatutako erakundearen erregistro-inskripzioaren edo inskripzioaren aurkezpenaren kopia, eta sozietatean sartutako bazkide bakoitzaren kapitalerako ekarpenaren banku-frogagiria.

f) Legez eratutako gizarte-ekonomiako egitura asoziatibo batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

g) Behar izanez gero, minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emango duena, minusbaliotasun-maila adieraziz.

h) Behar izanez gero, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren Ebazpena / Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren Autoa / Espetxeak emandako ziurtagiria.

i) Behar izanez gero, bizikidetza-egiaztagiria, familia-liburuaren kopia eta ordaindutako jarduerarik ez duten ondorengo bat edo gehiago bere kargura dituela adierazten duen zinpeko aitorpena, ordaindutako jarduerarik ez duten ondorengo bat edo batzuk haien kargura dituztenak kontratatzen badituzte.

j) Etxeko biolentziaren biktima izan direnen kasuan, etxeko biolentziaren biktimak babesteko agindua, hori egiaztatzen duena.

k) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu dutenen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.

Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, haien aurreko lanpostuari dagozkion lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.

m) Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen Enplegu eta Prestakuntza zuzendariaren jakinarazpenaren kopia.

2.– 15.2 artikuluko jardueretarako:

a) Erakunde sustatzailearen eta sustaturiko erakundearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria, halakorik dagokionean.

b) Aurreikusitako jarduerei, gastu-aurrekontuari eta finantzazio-planari buruzko memoria zehatza.

c) Enpresa-jarraipen eta -aholkularitzarako plana, aurreikusitako metodologia jasotzen duena.

3.– 15.3 artikuluko jardueretarako:

a) Bideragarritasuneko azterlaneko proiektuaren memoria.

b) Enpresa 15.3 artikuluan jasotzen den egoeretakoren batean dagoela azaltzen duen justifikazioa.

21. artikulua.– Erakunde onuradunen betebehar zehatzak.

1.– 15.1 artikuluko jardueretarako:

a) Dagokion erregistroan inskribatu, eta hurrengo urtean, sustatutako enpresek honako hau egin beharko dute:

1) Enpresa eratzen denean sortzen diren lanpostuen maila atxiki beharko dute enpresek, horren arabera zehaztu baita diru-laguntzaren zenbatekoa, eta, hala ez bada, laguntzak osorik edo partzialki itzuli beharko dira atxikitako lanpostu kopuruaren arabera.

● Aldi horretan bazkideen bajarik edo sarrera berririk izan baldin badira, sarrerak egitean, hasieran izan ziren sarreren baldintza soziolaboral berberak izan beharko dituzte.

● Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, erakunde onuradunak Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzari bazkideen liburuaren kopia konpultsatua igorri beharko dio, hamabi hilabeteko aldia amaitu, eta handik hilabeteko epean.

2) Egitura asoziatibo batean integratuta jarraitu beharko dute.

● Artikulu honetako 2. zenbakian aipatzen den memoriaren bidez egiaztatu beharko dira aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzak; horretarako, memoriari ziurtagiriak erantsiko zaizkio.

b) Erakundea dagokion erregistroan inskribatu, eta hiru urte betetzen direnean, sustatutako erakundeak gizarte-ekonomiako enpresa izaten jarraitu beharko du.

● Diru-laguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du hori; horretarako, kooperatiben urteko kontuak aztertuko dituzte, enpresek Kooperatiben Erregistroan aurkeztu beharko baitituzte. Aurkeztu ezean, eskatu egingo zaizkie, eta 10 eguneko epea jarriko zaie aurkezteko. Epe hori igaro, eta konturik aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, ordainduta dagoenetik justifikatu gabe dutenaren aldi proportzionalari dagokiona itzultzeko.

● Onuradunak lan-sozietateak direnean, diru-laguntza ematen dien administrazioari aurkeztu beharko dizkiete kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailua egiteko legezko epean. Beste kasu batzuetan, prozedura adierazi berri hori jarraituko da.

c) Diru-laguntza lortzen duen erakundeak egitura asoziatibo batean integratuta segitu beharko du, hiru urte betetzen direnean eratu zenetik.

● Diru-laguntza ematen duen Administrazioak ofizioz egiaztatuko du ea betetzen den 3 urtean egitura asoziatibo batean integratuta jarraitzeko betebeharra, erakunde asoziatiboei hori egiaztatzeko eskaera eginez.

d) Nolanahi ere, agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak erreserba berezi batera zuzendu beharko dituzte diruz lagundutako kooperatiba eta lan-sozietateek, eta erreserba hori banatu ezinekoa izango da harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; hori gorabehera, zenbateko horrekin konpentsatu ahal izango dira diru-laguntza jasotzen duen enpresan sortutako bat-bateko galerak.

● Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, aurreko b) idatz-zatian ezarritakoa egin beharko da, eta ez egiteak, berriz, idatz-zati horretan adierazitako ondorio berberak izango ditu.

2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: Erakunde sustatzaileek enpresa-planaren bilakaera azaltzen duen memoria aurkeztu beharko dute, diru-laguntza eman zen egunetik urte bete igaro ondoren zenbatzen hasi eta hilabeteko epearen barruan.

Era berean, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hilabeteko epean, memoria bat aurkeztu beharko dute kooperatibaren edo lan-sozietatearen enpresa-bilakaeraren eta lortutako emaitzak azaltzeko.

3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: Arau honetako 15. artikuluan aipatzen den kontsultore adituak sinatu beharreko bideragarritasuneko azterlana egitea, hura amaitu eta hilabeteko epean eta aurkeztutako proiektuaren arabera.

Epe horretan aurkeztu ezean, artikulu honetako 1. zenbakiko b) idatz-zatian ezartzen den prozedura jarraituko da.

III. KAPITULUA:
LURRALDE SUSTAPEN PLANIFIKATURAKO LAGUNTZAK

22. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Agindu honen 24. artikuluko eskakizunei jarraiki, Gizarte Ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikaturako Jardun Plan bat landu, garatu eta gauzatzea eskualde-oinarriko lurralde-eremu jakin batean finkaturiko hezkuntza-erakundeek eta gizarte-ekonomiako enpresek parte hartzen duten erakundeen eskutik, oinarritzat hartuta lanean parte hartzea, aberastasuna sortu eta orekaz banatzea eta enplegu-sorkuntza.

2.– Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako enpresen eskualde-oinarriko lurralde-eremua mugatzeko, Eustatek ezarritako eskualde naturalen araberako lurralde-banaketa erabiliko da, baita eskualde horien eragin-eremua ere.

23. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Nortasun juridiko propioa izan, eta honako eskakizun hauek betetzen dituzten erakundeak izan ahalko dira diru-laguntza honen onuradun:

a) Helburuen artean enpresa-sustapena biltzea.

b) Jardun-plan bat aurkeztea hurrengo artikuluan zehaztutako edukiaz.

c) Gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzea lurralde-sustapen planifikatu mota honetan.

d) Erakunde eskatzailearen konpromiso idatzia aurkeztea, enpresak sortzeko jarduera garatzeko borondatea duela adieraziz, batez ere gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko.

24. artikulua.– Jardun-planaren baldintza zehatzak.

a) Jardun-planak eduki hauek jaso beharko ditu:

1) Helburu kuantitatiboak eta kualitatiboak, plangintzaren arabera eratuko diren gizarte-ekonomiako enpresei buruzkoak.

2) Gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko eredua.

3) Prozesu ekintzailearen faseak.

4) Sortuko diren gizarte-ekonomiako enpresen sustapen-prozesuari lotutako baliabide materialek eta giza baliabidek behar duten oinarrizko egitura.

5) Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko planifikatutakoa egiteko beharrezko gastuak, finantziazioa xehatuz.

b) Jardun-planak jaso egin beharko du lurraldean hezkuntza-erakundeak daudela egiaztatu behar dela, etorkizuneko proiektuekin lotutako prestakuntza teknikoa eman ahalko dietenak enpresa-jardueran arituko diren pertsonei.

c) Jardun-planak jaso egin beharko du egiaztatuko dela etorkizuneko proiektuei babesa eskainiko dieten gizarte-ekonomiako enpresen edo erakundeen planean parte hartuko dutela. Laguntzaren nondiko norakoa eta parte-hartze horren finantza-arloko edo beste edozein arlotako inplikazio-maila zehaztu behar da jardun-planean proiektu bakoitzerako.

25. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak diruz lagunduko ditu:

1.– Kultura ekintzailea sustatu eta zabaltzeko gastu orokorren % 75, gizarte-ekonomian ekiteko, erakunde onuradunaren jardunaren lurraldean (gehienez 30.000 euro); horretarako, behin jarduera egin eta gero eta urteko sustatzeko aldia amaitu eta gero, kooperatibak edota lan-sozietateak izan behar dute eratzen diren enpresa berri guztien % 50ek baino gehiagok. % 50 horretara iristen ez bada, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da.

2.– Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzak onartzen duen jardun-planean aurreikusitako gastuaren % 75 eratutako gizarte-ekonomiako enpresa-proiektu bakoitzerako, eta gehienez ere 9.000 euro bakoitzerako.

18 hilabeteko epea igaro baino lehen egon beharko dute eratuta enpresek, betiere diru-laguntza emateko ebazpena ematen denetik.

3.– Nolanahi ere, onuradun bakoitzak gehienez 70.000 euro jaso ditzake urtean..

26. artikulua.– Ordaintzeko era.

a) Lehen ordainketan diru-laguntza osoaren % 50 ordainduko da, betiere emakidaren jakinarazpenaren biharamunetik hamabost egun igaro ondoren eta esanbidezko ukorik izan ez bada.

b) Bigarren ordainketan diru-laguntza osoaren beste % 50a emango da, 25 artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dela egiaztatzen denean. Horretarako, aurretik erakunde eskatzaileek Gizarte Ekonomiaren eta Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritzan zabaltze-jardueraren urteko aldiaren memoria xehakatua aurkeztu behar dute, eta hor esanbidez jasota egon beharko da egindako jarduera osoa, zabaltze-jardueratik eratorri diren eta gizarte-ekonomiaren arlokoak diren edo ez diren bestelako erakundeen sustapena barne. Egindako gastuaren justifikazio-dokumentazioa ere aurkeztu beharko da; jatorrizko fakturak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu daitezke. Egiaztagiri horiek guztiak diru-laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita 18 hilabeteko epean aurkeztu beharko dira.

27. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Jardun-plana, agindu honetako 24. artikuluan ezarritako baldintzetan eta eskakizunekin.

b) Lurraldeko egungo hezkuntza-erakundeen dokumentazio egiaztagarria -erakunde horiek 24.b) artikuluan adierazten dira- eta erakunde horiek proiektuan duten inplikazioaren agiri justifikagarria.

c) Etorkizuneko proiektuei babesa emateko gai diren gizarte-ekonomiako enpresa edo erakundeek proiektuan parte hartzeari buruzko egiaztagiria, 24.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Minimis araua.

Europako Batzordeak ezarritako minimis arauari lotzen zaizkio laguntza hauek, 15,1.artikuluari dagokionez soilik (1998/2006 zenbakiko arautegia (EE), Batzordearena, 2006ko abenduaren 15ekoa) Hortaz, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak beharrezko neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro- baino gehiago jaso ez dezaten, hiru zerga-ekitaldiko edozein alditan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta agindu beraren aurka badago berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko aukera Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 107. artikulua eta hurrengoak). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; bi hilabeteko epean izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).

Bigarrena.– Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 19a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala