
189. zk., 2012ko irailaren 27a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (681 KB - 33 orri.)
- EPUB (1117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
4309
AGINDUA, 2012ko irailaren 24koa, Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Ertzaintzako lanpostuen zerrenda aldatzeko dena.
Ertzaintzako lanpostuen zerrenda onartzeko Herrizaingoko sailburuaren 1997ko abenduaren 31ko Agindua hainbat alditan aldatu da, besteak beste, lanpostuen zerrenda gertatu diren egitura aldaketetara egokitzeko.
Ertzaintzako lanpostuen zerrendak aldaketa asko jasan dituela ikusirik, 2011ko abenduaren 22ko Aginduaren bidez (2011-12-22ko EHAA, 241. zk.) eta beronen hutsen zuzenketaren bidez (2012-01-9ko EHAA, 5. zk.), Ertzaintzaren egiturako lanpostuen zerrenda osoa berriz argitaratu zen, ordura arte onartutako eta argitaratutako aldaketa guztien emaitza.
Agindu hau Ertzaintzako lanpostuetan aldaketa berri bat egiteko da, eta helburu hauek ditu:
Lehenik, hainbat unitatetako lanpostuak antolatzeko aldaketari ekin zaio; helburua da antolamendu hori homogeneizatzea eta berau osatzen duten giza baliabideak optimizatzea ahalbidetuko duen organigrama egokiagoak eta dimentsio-aldaketak ezartzea, honela, gainera, lanpostuak sortuz eta amortizatuz.
Bigarrenik, eta Ikuskapen eta Administrazio Atalean, Zerbitzuen Unitateak datuen babeserako eremutik mahaigaineratzen diren demanda berriei, batetik, eta, Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiaren hautaketa-prozesuek behar duten laguntza teknikoari, bestetik, aurre egin ahal izateko, hiru lanpostu sortzen dira Fakultatiboen eta Teknikoen Eskalan; lanpostuen zerrenda honetan eskatzen den titulazioa duten funtzionarioek beteko dituzte lanpostuok.
Hirugarrenik, Herritarren Segurtasuneko eta Ekintzetarako Baliabideen Atalaren Bulego Nagusiari atxikitako ertzain-etxeetan, «Etxeko Indarkeria-Genero Indarkeria (EI-GI)» postua sortzen da, genero indarkeriaren biktimen espedienteei jarraipena egiteaz arduratzeko.
Laugarrenik, Erreskatea espezialitatea sortzen da, Erreskate eta Laguntza Taktiko Polizialaren Unitateko postuetarako; Ertzaintzaren lanpostuen zerrendaren onartutako azken aldaketan sortu zen unitate hori, 2011ko abenduaren 22an.
Azkenik, aipatu behar da zerrenda honek 2011ko abenduaren 22ko lanpostuen zerrendan berrezarri ziren derrigorrezkotasun-datak aldatzen dituela, eta bigarren jarduera egoeran dauden langileek bete beharreko lanpostuen dotazio berriak gordetzen dira, besteak beste, Polizia Zientifikoaren Unitatean sortutako sei dotazio berriak nabarmendu behar dira, egoera horretara igaroko direla adierazi zaien edo adieraziko zaien funtzionario berrien egoera konpontzeko sortuak.
Horretarako, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Ertzaintzako kontseiluak txostena emanda, eta Euskal Herriko Poliziaren 4/1992 Legearen 103. artikuluan aurreikusitako mahaian negoziatu eta gero, honako hau
xedatzen dut:
1. artikulua.– Lanpostuak kentzea.
I. eranskinean zerrendatutako lanpostuak edo, hala bada, dotazioak kentzen dira.
2. artikulua.– Lanpostuak sortzea.
II. eranskinean zerrendatutako lanpostuak edo, hala bada, dotazioak sortzen dira.
3. artikulua.– Lanpostuak aldatzea.
III. eranskinean aipatzen diren Ertzaintzaren lanpostuen zerrendako aldaketak onartzen dira.
4. artikulua.– Hizkuntza-eskakizunen derrigorrezkotasun-datak ezartzea.
IV. eranskinean zerrendatutako dotazioei hizkuntza-eskakizunen derrigorrezkotasun-data ezartzen zaie.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Ertzaintzako funtzionarioen ordainsariei buruzko abenduaren 16ko 298/1997 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin bat, –uztailaren 24ko 160/2012 Dekretuaren bidez aldatua–, Ertzaintzako Fakultatiboen eta Teknikoen Eskalako lanpostuek maila hauek dituzte Herri Administrazioen lanpostuen mailen arabera: Zuzenbidean lizentziatuaren eta Informatikako ingeniariaren lanpostuek 24 maila, eta Psikologian lizentziatuarenak 23 maila; lanpostu horietarako zehaztutako destino osagarria bat etorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioei aplikagarri zaien araudian maila horietarako finkatutako zenbatekoekin.
Bigarrena.– Ertzaintzako Fakultatiboen eta Teknikarien Eskalako lanpostuen berariazko osagarriaren osagai orokorra –Zuzenbidean lizentziatua, Informatikako ingeniaria edo Psikologian lizentziatua– Ofizialondoko Kategoriari dagokionean zehaztuko da.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 24a.
Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
RSS