Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

187. zk., 2012ko irailaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA
4276

40/2012 EBAZPENA, abuztuaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena; honen bitartez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren Erabakia, genero-eraginaren aurreko ebaluazioa gauzatzeari buruzko jarraibideak onartzekoa eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ekidin eta berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeari buruzkoa, argitara dadila xedatzen da.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2012ko abuztuaren 21ean egindako bilkuran, genero-eraginaren aurreko ebaluazioa gauzatzeari buruzko jarraibideak onartzeko eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ekidin eta berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeko Erabakia onartu zuen, eta beharrezko zabalkundea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Genero-eraginaren aurreko ebaluazioa gauzatzeari buruzko jarraibideak onartzeko eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ekidin eta berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeko Erabakiaren testua –eranskin gisa jasota dagoena– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abuztuaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

M.ª JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABUZTUAREN 21EKO 40/2012 EBAZPENARENA
GENERO ERAGINAREN AURREKO EBALUAZIOA GAUZATZEARI BURUZKO JARRAIBIDEAK ONARTZEKO ETA GIZONEN ETA EMAKUMEEN ARTEKO DESBERDINTASUNAK EKIDIN ETA BERDINTASUNA SUSTATZEKO NEURRIAK HARTZEKO ERABAKIA

Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 18.1 artikuluan honela dio: «Arauak garatu eta aplikatzerakoan, bai eta planak, programak eta politika publikoak, diru-laguntzen programak eta administrazio-egintzak formulatzeko beste tresna batzuk garatu eta aplikatzerakoan ere, euskal herri-aginteek modu aktiboan izango dute kontuan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzearen helburua».

Bestetik, 4/2005 Legeko 19. artikulutik 22ra bitarteko artikuluek prozedura bat aurreikusten dute, agindu hori eraginkorra egin dadin, administrazio publikoen menpekoak diren edo horiekin lotura duten sail, erakunde autonomo eta entitate publikoetan. Era berean, 19.2 artikuluak eta zortzigarren azken xedapenak diotenez, Eusko Jaurlaritzak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak proposatuta, arauak edo gidalerroak onetsi behar ditu, non adieraziko diren, batetik, zein izan behar diren aurreko paragrafoetan aipatzen den generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioa eta 19. artikulutik 22ra bitarteko artikuluetan jasotzen diren gainerako izapideak egiteko erregelak, eta bestetik, zein administrazio arau edo egintza dauden izapide horiek egin behar izatetik salbuetsita.

Horregatik guztiagatik, Lehendakaritzak proposatuta eta aurrez hausnartu ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak hau erabaki du:

ERABAKIA

«Lehenengoa.– Jarraibideak onartzen dira, generoaren araberako eragina aurretiaz ebaluatzeko eta emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna ezabatu eta berdintasuna bultzatzeko neurriak hartzeko, eta adierazten da zer arau edo ekintza administratibotan ez den nahitaezkoa ebaluazio hori. Aipatutako jarraibideak, eranskinekin batera, erabaki honekin batera daude, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, horren erakunde autonomoek eta erakunde publikoei atxikitako edo haiei lotutako entitateek aplika ditzaten.

Bigarena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, berdintasunerako beste administrazio-unitateekin batera, laguntza-materiala prestatu eta banatu behar du erabaki honek eragindako sailen eta gainerako erakunde eta entitateen artean, jarraibideak errazago betetzeko.

Hirugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak jarraibide horien barruan emandako irizpenen jarraipena egin behar du, eta kontsulta-mekanismo egokiak prestatu behar ditu, jarraibideak errazago aplikatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mende edo hari lotuta dauden erakunde, entitate eta sailetan.

Laugarrena.– Eraginik gabe uzten da Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko otsailaren 13an hartutako Erabakia, genero-eraginaren aurreko ebaluazioa gauzatzeko jarraibideak onartzekoa eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ekidin eta berdintasuna sustatzeko neurriak hartzekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren otsailaren 14ko 5/2007 Ebazpenaren bidez argitaratua.

Bosgarrena.– Jaurlaritzako Idazkaritzari agintzen zaio erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko".

ERABAKIAREN ERANSKINA
JARRAIBIDEAK, GENEROAREN ARABERAKO ERAGINA AURRETIAZ EBALUATZEARI ETA EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO EZBERDINTASUNA EZABATU ETA GIZONEN ETA EMAKUMEEN BERDINTASUNA BULTZATZEKO NEURRIAK HARTZEARI BURUZKOAK

Sarrera.

Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 18.1 artikuluan honela dio: «Arauak garatu eta aplikatzerakoan, bai eta planak, programak eta politika publikoak, diru-laguntzen programak eta administrazio-egintzak formulatzeko beste tresna batzuk garatu eta aplikatzerakoan ere, euskal herri-aginteek modu aktiboan izango dute kontuan emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzearen helburua».

Agindu hori eraginkorra egin dadin, administrazio publikoen menpekoak diren edo horiekin lotura duten sail, erakunde autonomo eta entitate publikoetan, 4/2005 Legeak 19. artikulutik 22ra bitarteko artikuluetan lau izapide dituen prozedura aurreikusten du.

a) Araua bultzatzen duen organoak generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioa egitea (19. artikulua).

b) Ebaluazioaren emaitzak kontuan hartuta, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak ezabatu eta berdintasuna bultzatzeko neurriak hartzea, araua bultzatzen duen organoak egin beharreko lana (20. artikulua).

c) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aurreko bi izapideak zuzenak direla egiaztatzeko txostena egitea (21. artikulua).

d) Araua bultzatzen duen organoak aurreko izapideak azalduko dituen memoria egitea eta azken dokumentuan horren berri ematea (22. artikulua).

Era berean, 19.2 artikuluak eta zortzigarren azken xedapenak diotenez, Eusko Jaurlaritzak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak proposatuta, arauak edo gidalerroak onetsi behar ditu, non adieraziko diren, batetik, zein izan behar diren aurreko paragrafoetan aipatzen den generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioa eta 19. artikulutik 22ra bitarteko artikuluetan jasotzen diren gainerako izapideak egiteko erregelak, eta bestetik, zein administrazio arau edo egintza dauden izapide horiek egin behar izatetik salbuetsita.

Agindu horri erantzutearren autonomia-erkidegoko administrazio orokorraren, hartako erakunde autonomiadunen eta hari atxikitako edo lotutako erakunde publikoen esparruari dagokionez, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2007ko otsailaren 13an egindako bilkuran, genero-eraginaren aurretiazko ebaluazioa gauzatzeko eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ekidin eta berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeko jarraibideak onartu ziren (2007ko martxoaren 13ko EHAA, 51. zenbakia).

4/2005 Legea betetzen den jakiteko egindako ebaluazioen arabera, jarraibideak 2007ko martxoan indarrean jarri zirenetik nabarmen handitu da gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako neurriak jasotzen dituzten arauen kopurua, eta horrek argi uzten du ebaluazioa bitarteko erabilgarri eta egokia dela genero-ikuspuntua eraginkorki eta sistematikoki txertatzeko administrazioaren arau-jardun eta -ekoizpenean, eta, horrenbestez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko gobernu-moldea hobetzeko, bai eta, horren ondorioz, esku-hartze publikoa zuzenagoa, eraginkorragoa eta efikazagoa izateko ere.

Hala ere, zabaldutako gogoeta-prozesuaren haritik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko otsailaren 9an hartutako Erabakiari jarraikiz, xedapen orokorrak egiteko arau-esparruari buruzkoa baita, prozedura gardenagoa, parte-hartzaileagoa eta azkarragoa izan dadin, eta kontuan hartuta aipatutako jarraibide horien aplikazioan lortutako esperientzia, beharrezkotzat jotzen da haietan aldaketa batzuk egitea, prozedura optimizatzeko.

Aldaketa horiek, funtsean, hauek dira:

a) Generoaren araberako eraginari buruzko txostena egiteko eskakizuna kentzea administrazio-egintzetan, baldin eta Administrazioak diruz lagundutako edo sustatutako edozein sari emateko sortutako epaimahaien osaera edo kultura- eta/edo arte-funtsak erosteko eskumena duten pareko organoena arautzen badute.

b) Zehatzago adieraztea zer arau eta administrazio-egintza geratzen diren generoaren araberako eraginari buruzko txostenetik kanpo.

c) Generoaren ikuspuntutik garrantzirik ez duten proiektu arau-emaileak ere generoaren araberako eraginari buruzko txostenetik kanpo uztea.

d) Prozedura laburtua kentzea.

e) Generoaren araberako eraginari buruzko txostenetik behin-behineko/behin betiko dualtasuna kentzea.

f) Generoaren araberako eraginari buruzko txostenaren edukiak eta egitura soiltzea.

g) Beste jarraibide bat sortzea, laugarrena, enplegu publikoaren esparruan sartzeko eta hornidura nahiz sustapena egiteko hautaketa-prozesuei buruzko eduki espezifikoak abiapuntu hartuta (aurreko lehen jarraibidean ere jasota zeuden).

h) Eranskin bat gehitzea generoaren ikuspuntutik garrantzirik ez izatea justifikatzen duen txostenari buruz.

Dokumentua lau jarraibide nagusitan banatuta dago:

a) Lehenengoa generoaren araberako eraginari buruzko txostenari dagokio.

b) Bigarrenak Emakunde/Emakumearen Euskal Erakundeak igorri beharreko egiaztapen-txostena jorratzen du.

c) Hirugarrenak egindako izapideen azalpen-memoria nola egin aztertzen du, baita hori azken testuan nola islatu ere.

d) Laugarrenak enplegu publikoko lanpostuak eskuratu, bete eta sustatzeko hautapen-prozesuei buruzko alderdi espezifikoak jasotzen ditu.

Gainera, dokumentuak eranskin bi ditu; lehenak generoaren araberako eraginari buruzko txosten-eredua jasotzen du, eta bigarrenak, generoaren ikuspuntutik garrantzirik ez izatea justifikatzen duen txosten-eredua.

Azkenik, esan behar da jarraibide hauen oinarrian ideia hau dagoela: «... sexistak ez direla diruditen erabaki politikoek eragin ezberdina izan dezakete emakumeengan eta gizonengan, nahiz eta ondorio hori aurreikusita ere ez egon eta ez izan hori helburua. Generoaren araberako eragina ebaluatuko da, nahigabe eragindako ondorio txarrik izan ez dadin eta politiken kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko» (Generoaren araberako eragina ebaluatzeko gida. Europako Batzordea. 1998).

Lehenengo jarraibidea.– Generoaren Araberako Eraginaren Txostena.

1.– Kontzeptua eta xedea.

1) Generoaren araberako eraginari buruzko txostena tresna bat da, arauen eta administrazio-egintzen prestaketan eta aplikazioan eraginkortasunez eta errazago jasotzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-helburua, eta dokumentu horretan bertan bildu egiten dira, alde batetik, generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioa eta, bestetik, desberdintasunak desagerrarazteko eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak (hurrenez hurren 4/2005 Legeko 19. eta 20. artikuluetan aurreikusita).

2) Dokumentu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta hari atxikitako edo lotutako erakunde publikoek egiten dituzten administrazio-arau eta -egintzen proiektuekin batera joan behar du.

2.– Objektua.

1) Xedapen orokorretarako proiektuek, hau da, lege- edo erregelamendu-maila duten arau juridikoen proiektuek, generoaren araberako eraginari buruzko txostenarekin batera joan behar dute, honako hauek izan ezik:

a) Generoaren ikuspuntutik garrantzirik ez dutenak, dela emakumeen eta gizonen egoeran eraginik ez dutelako, dela eragin hori hutsaren hurrengoa delako; horrelakoen artean egongo dira betiere herritarren eskubideetan eta bidezko interesetan inolako eraginik ez duten proiektuak. Kasu honetan, araua egiteko eskumena duen organoak, generoaren araberako eraginari buruzko txostena egin beharrean, beste txosten bat egin beharko du, eta bertan behar bezala arrazoitu beharko da ez duela garrantzirik generoaren ikuspuntutik, jarraibide hauei gehitutako II. eranskinean jasotako eran, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuak, gainera, bere egiaztapen-txosten egokia egin beharko du.

b) Funtsean antolaketa-izaera dutenak, bereziki:

i.– Egitura organiko eta funtzionaleko dekretuak.

Ii.– Kontsulta-, aholkularitza-, ikerketa- eta koordinazio-organoen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautu eta, aldi berean, herri-administrazioetako langilez soilik osatuta dauden proiektuak.

Iii.– Administrazio-erregistroak sortzeko edo antolatzeko proiektuak.

a) Indarrean dauden arauak bateratzea xede dutenak.

b) Indarrean dauden arauak aldatzea xede dutenak, aldaketa funtsezkoa ez bada emakumeen eta gizonen egoerari dagokionez.

2) Soil-soilik enplegu publikoaren eskaintza publikoetarako deialdiei eta lekuz aldatzeko lehiaketei dagozkien administrazio-egintzetako proposamenek joan beharko dute generoaren araberako eraginari buruzko txostenarekin batera. Bereziki, proposamen hauek daude salbuetsita:

a) Planak, programak edo politika publikoak adierazteko beste tresna batzuk.

b) Edozein laguntza publiko (diru-laguntzak, bekak, sariak...) jasotzeko deialdiak, baldin eta, jarraibide hauen ondorioetarako, ez badira arau-xedapen orokortzat hartzen, irauteko asmorik ez izateagatik, eta denbora-epe batean berez amaitzeagatik.

c) Zerbitzu-komisioak eta lanpostuen balorazio-prozedurak ebazten dituzten egintzak.

3) Kontratu publikoak ez dira izango generoaren araberako eraginari buruzko txostenen xede.

4) Jarraibide hauek erreferentzia moduan hartu ahal izango dira, analogiaren bat izan dezaketen alderdiei dagokienez, arau juridikoak prestatzean eta beste administrazio-egintza batzuetan, baldin eta jarraibideok, generoaren araberako eraginari buruzko txostenaren eta 4/2005 Legeko 19. artikulutik 22. artikulura bitartekoetan aurreikusitako izapideen mende ez egon arren, bete behar badute aipatu lege horretako 3.4 eta 18.1 artikuluetan emakumeen eta gizonen artean desberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna sustatzeko jasotako helburua arau, politika eta egintza guztietan kontuan hartzeko agindu orokorra.

3.– Egiteko eskumena duen organoa.

1) 4/2005 Legeko 19.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, generoaren araberako eraginaren txostena egiteko eskumena duen administrazio-organoa araua edo administrazio-egintza izapidetze-unitatearen bidez sustatzen duena da. Horretarako, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako unitatearen laguntza izango du, eta unitate horri egokituko zaio aholkularitza ematea, bai araua edo egintza prestatzeko, bai generoaren araberako eraginari buruzko txosten egokia egiteko, 213/2007 Dekretu, azaroaren 27ko, Eusko Jaurlaritzako sailetan, organismo autonomoetan eta erakunde publikoetan berdintasun-politikak bultzatu eta koordinatzeko ardura duten unitate administratiboak arautzen dituenean, hartako 2.d) artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Egitura.

1) Generoaren araberako eraginaren txostenak zati hauek izan behar ditu:

a) Arauaren edo administrazio-egintzaren proiektuaren deskribapen orokorra. Atal honetan proiektuari buruzko datu orokorrak jaso behar dira; besteak beste: izena, zer organok sustatzen duen, zer arauk eta planek duten zerikusia harekin, helburu orokorrak eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko helburu espezifikoak.

b) Generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioa. Atal honetan bereizita jaso behar da arauak eragina izango duen eremuan emakume eta gizonek duten egoera sozialari buruzko informazioa, sexua dela-eta aurrez egon daitezkeen desberdintasunak identifikatzeko, eta, horren arabera, arauak, aplikatuko den gizarte-testuinguruan, hautemandako desberdintasunak gutxitzen edo ezabatzen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzen lagunduko duen ala ez ebaluatzeko. Hori guztia, irizpide hauen arabera:

○ Arau-proposamenaren onuradun izan daitezkeenen artean emakumeen eta gizonen presentzia eta antzeko onura eskuratzeko oztopoak.

○ Emakumeek eta gizonek zer neurritan eskura ditzaketen sektorean desberdintasunen sorreran eragin handia duten baliabideak.

○ Erabakiak hartzen diren esparruetan emakumeek eta gizonek duten parte-hartzea.

○ Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen jatorrian eta iraupenean eragina duten gizarte-arauak eta balioak.

○ Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-esparruko araudia betetzea.

Emakumeen eta gizonen egoeraren azterketa egiteko, informazio kuantitatibo zein kualitatiboa bilatu behar da aldez aurretik. Horretarako, funtsean, proiektuak hartzen duen esparru edo sektoreari buruzko informazio-iturri hauek erabili behar dira: sexuaren arabera banatutako estatistika ofizialak; genero-harremanei buruzko azterketak, ikerketak edo iritzi-inkestak; eta emakumeen eta gizonen berdintasuna bultzatzeko eskubide, agindu eta helburuak jasotzen dituzten arau juridikoak eta beste dokumentu batzuk.

c) Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatu eta berdintasuna bultzatzeko neurriak. Aurretik egindako azterketaren eta ebaluazioaren arabera, arauak edo egintzak gizonen eta emakumeen artean hautemandako ezberdintasunak ezabatzeari eta berdintasuna bultzatzeari dagokionez zer eragin izango duen aurreikusten da, eta txostenaren zati honetan eragin negatiborik ez egoteko edo, bestela, eragin positiboa areagotzeko zer-nolako neurriak proposatzen diren jasotzen da

2) Generoaren araberako eraginari buruzko txostena jarraibide hauei gehitutako I. eranskinean aurreikusitako eran beteko da.

3) 4/2005 Legeko 20.8 artikulua betetzeko, esaten baitu organo eskudunak onartutako eta arrazoitutako txosten bidez eta salbuespen moduan soilik justifika daitekeela artikulu bereko 2., 4. eta 5. paragrafoetan aurreikusitako neurriak ez jasotzea, eta, aldi berean, prozedura azkartzeko eta dokumentu gehiegi ez egoteko, aipatutako txostenaren edukia generoaren araberako eraginari buruzko txostenean jasoko da, eta egiaztapena Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egingo du, 4/2005 Legeko 21. artikuluan ezarritakoaren arabera egin behar duen txostenaren bidez.

5.– Egiteko prozedura.

1) Lehentasunez, etorkizuneko arauaren eta/edo egintzaren (gaia, zertarakoa, esku-hartzeko esparrua, helburu eta neurri nagusiak) zehaztuta daudenean eta testua oraindik idatzi gabe dagoenean (osorik behintzat) hasi beharko da generoaren araberako eraginari buruzko txostena egiten, eta araua edo egintza egiteko prozesuan aurrera egin ahala osatu edo, hala egokituz gero, aldatuz joan beharko da testua.

2) Arau juridikoen kasuan, generoaren araberako eraginari buruzko txostena 8/2003 Lege, abenduaren 22ko, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzkoan, hartako 7. artikuluan aurreikusitako «aurretiazko onarpena» baino lehentxeago amaituko da idazten; hau da, informaziorako edo jendaurreko faseei hasiera eman eta nahitaezkoak diren txostenak eta irizpenak egin aurretik.

3) Administrazio-egintzei dagokienez, txostenaren idazketa instrukzio-egintzak 30/1992 Lege, azaroaren 26ko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean aurreikusitako eran bete baino lehentxeago amaitu beharko da.

Bigarren jarraibidea: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen txostena.

1.– Arauaren proiektua idatzi eta generoaren araberako eraginari buruzko txostena egin ondoren, araua bultzatzen duen organoak 4/2005 Legeko 21. artikuluan aurreikusitako nahitaezko txostena eskatuko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuari; txostenaren helburua hau da:

a) Araua sustatu duen organoak 4/2005 Legeko 19. eta 20. artikuluetan adierazitakoa egoki aplikatu duela eta dokumentu honetan ezarritako jarraibideak kontuan hartu dituela egiaztatzea.

b) Ildo horretan hobetzeko proposamenak egitea.

2.– Txostena igortzeko epea hamar lanegunekoa izango da, xedapen batek edo prozedurako gainerako epeak betetzeak epea handiagoa edo txikiagoa izatea eskatu edo baimendu ezean.

Hirugarren jarraibidea: Azalpen Memoria eta Administrazio Arauaren edo Egintzaren Onarpena.

1.– Administrazio-araua edo -egintza onartzeko egindako espedientean, 4/2005 Legeko 19. artikulutik 22ra bitarteko artikuluek ezarritakoa betetzeari dagokionez, egindako izapideen memoria edo azalpen zehatza eta horien emaitzak jaso beharko dira. Azalpen-memoria, aparteko dokumentua izan badaiteke ere, dokumentu gehiegi egon ez dadin, gomendatzen da araua edo egintza egiteko prozeduraren barruan, indarrean dagoen araudiaren arabera, egingo diren memoria orokorretan sartzea.

2.– 4/2005 Legeko 22.2 artikuluan adierazitakoa betetzeko, generoaren araberako eraginaren txostena egitea nahitaezkoa den arau edo egintzetan, aurreko paragrafoan aipatutako izapideen berri eman behar da, zioen adierazpenean (labur-labur bada ere). Horretarako, bi aukera daude: txostena egin dela dioen erreferentzia zehatza egitea edo, bestela, oro har aipatzea dagozkion nahitaezko txostenak egin direla.

Laugarren jarraibidea: Enplegu publikoko lanpostuak eskuratu, bete eta sustatzeko hautapen-prozesuei buruzko alderdi espezifikoak.

1.– 4/2005 Legeko 20.4 artikuluak enplegu publikoko lanpostuak eskuratu, bete eta sustatzeko hautapen-prozesuei dagozkien administrazio-arau edo -egintzetan zenbait neurri jaso behar direla ezartzen du, eta artikulu horretako a) idatzi-zatiaren aplikazioan, ulertuko da hautapen-prozesuko azken puntuazioan —hau da, proba guztiak egin eta baloratu ondoren eta dagozkien meritu guztiak batu ondoren— berdinketa badago, hautagai horiek gaitasun bera dutela.

2.– Era berean, eta 1/2004 Lege, otsailaren 25eko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta honen Erakunde Autonomiadunetako Kidegoak eta Eskalak Antolatzekoak ezarritakoari jarraituz, 4/2005 Legeko 20.4.a) artikulua irizpide orokor gisa aplikatu ahal izateko, emakumearen presentziaren ehunekoa kalkulatzeko erreferentzia eremu gisa zehatzena hartu beharko da; hau da, espezialitatetik edo profesiotik hurbilen dagoena. Hala, kidego orokorretan sartzeko hautaketa-prozesua bada, erreferentzia kidegoa bera izango da; eta kidego berezietan sartzeko bada, erreferentzia eskala edo aukera izango da, eta, haiek egon ezean, kidegoa. Lan kontratuko langileentzako lanpostua eskuratzeko bada, erreferentzia-esparrua kategoria profesionala izango da.

3.– Lanpostu publikoak bete edo sustatzeko prozesuak badira, emakumearen presentziaren ehunekoaren kalkulua eskala edo aukera bakoitzaren barruan dauden ordainsari-mailetako bakoitzean egin beharko da, eta eskalarik edo aukerarik ez badago, kidego bakoitzaren barruan daudenetako bakoitzean. Lan-kontratuko langileen sustapenari dagokionez, kalkulua maila profesional bakoitzean dauden ordainsari-maila guztietan egin beharko da.

4.– Hautaketa-prozesuetan enplegu publikoko lanpostuak bete eta sustatu nahi badira, eta prozesu horietan zenbait kidego edo mailatarako diren lanpostuetarako deia egiten bada, emakumeen presentziaren ehunekoa kalkulatzeko, bete edo sustatu nahi diren lanpostuetarako irekita dauden aukera edo eskala guztietako ordainsari-maila hartutako da erreferentzia moduan.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala