Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2012ko uztailaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
3531

AGINDUA, 2012ko uztailaren 26koa, Kulturako sailburuarena, kultur sormena bultzatzeko 2012an esleitzekoak diren diru-laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horiek zabaltzeko eskumenak Kultura Sailari dagozkio, horixe agintzen baitute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariak maiatzaren 8an emandako 4/2009 Dekretuaren xedapenek. Eskumen horiek Kultura Sustapenerako Zuzendaritzari esleitzen dizkio martxoaren 22ko 45/2011 Dekretuak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Ildo horretan, Kultura Sailak bere jardun-eremuetarako egotzita dauzkan ahalmenen barruan, eta gaur egungo gizartean sorkuntzaren sektoreak zenbaterako garrantzia daukan kontuan hartuta eta kultura bultzatzeak gizarteko kulturaren oparotasunari eta ekonomiari nola on egiten dion kontuan hartuta, interesgarri irudi zaigu aurrera jarraitzea lehen urratutako bide beretik, hau da, laguntzen jarraitzea antzerkigintzako testuak, zinemarako gidoiak eta musika-konposizioak sortzen dabiltzanei, dirulaguntzak emanez beren lana pizteko, bai euskarazko lanetarako eta bai gaztelaniazko lanetarako ere. Gure asmoa da antzezpen, ikus-entzun eta musikaren sektoreari indarra ematea eta errotzen laguntzea, gure herrian oso-oso garrantzitsuak direlako kulturaren aldetik.

Bestalde, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.5 eta 25. artikuluek xedatzen dutena bete beharrez, honako agindu honetan hainbat neurri espezifiko txertatu ditugu sexuak eragindako ezberdinkeriak ezabatzeko edo gutxitzeko kultur sormenaren esparruan, eta, aldi berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren V. Planean datorren 2.3.5 helburu operatiboa betetzeko, alegia, emakumeen presentzia handiagotzea kultur eta artegintzako ekoizpen eremuetan, arlo kultural guztietan eta maila guztietan.

I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da antzerki-testuak eta zinemarako gidoiak nahiz musika-konposizioak sortzen laguntzeko 2012ko dirulaguntzak eskatzeko deia egitea, eta, aldi berean, laguntza hori jasotzeko moduan egoteko bete beharrezko baldintzak ezarri eta jakinaraztea.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza hauetarako, guztira, 200.000 euro daude jarrita. Halere, kopuru hori handiago ere izan liteke, lehenengo xedapen gehigarriak agindutakoaren arabera.

2.– Zenbateko globala honela banatuko da deialdiko laguntza-mota desberdinen artean:

a) 39.600 euro, antzerkirako testuak sortzeko.

a) 127.400 euro, gidoi zinematografikoak sortzeko.

c) 33.000 euro, musika-konposizioak sortzeko.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Edozein pertsona fisiko, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoa, edo, agindu hau argitaratzen den garaian bertan bizi dena, gutxienez, duela urtebetetik.

Sorreran euskaraz idatzitako proiektuak aurkeztu behar dituzten pertsona fisikoek ez dute aurreko baldintza hori bete beharrik.

2.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina modalitate bakoitzean onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio emango dirulaguntza.

3.– Deialdi honetako laguntzak jaso ahal izateko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren laguntzak edo dirulaguntzak eskuratu ahal izateko legezko baldintza orokorrak betetzea; horrek esan nahi du, besteak beste, eskatzaileek egunean izan behar dituztela zerga-betebehar guztiak.

Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren inguruan, horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bazaio eskatzaileari, prozesu hori amaitu arte itxoin beharko du eskatzaileak dirulaguntza edo laguntza hauek lortu eta eskuratu ahal izateko.

4.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzeko aurkeztutako dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

5.– Ezingo dute deialdian parte hartu laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik jaso dutenek, ez eta laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko legezko debekuren bat dutenek ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren azken xedapenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik finkatu diren irizpideetara ondoen egokitzen diren eskabideek jasoko dute laguntza, eta ezarri den dirulaguntza maximoaren barruan.

5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Kultura Saileko Kultura Sustapenerako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea Agindua indarrean jartzen den egunean bertan hasiko da eta 2012ko irailaren 28an bukatuko da.

2.– Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzendu behar zaizkio eskabideak, eta, deialdiaren eranskinetan eskatutako agiriekin batera, lurralde historiko bakoitzean dauden Kulturako lurralde-zerbitzuetan aurkeztuko dira, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideetako edozein erabiliz.

3.– I. eranskinean datorren eskabide-eredua erabiliz egin behar dira eskariak, eta II. eranskinean datozen agiriak ere aurkeztu behar dira.

7. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Baldin eta ikusiko bagenu eskabidea aztertzen hasteko beharrezko dokumentuetatik baten bat falta dela, edo dokumentuok aurkeztu bai baina akats eta guzti aurkeztu direla, interesdunari hamar lan-egun emango dizkiogu falta diren dokumentuak aurkezteko edo gaizki daudenak zuzentzeko. Gainera, adieraziko diogu agindutakoa egin ezean, bere eskabidea ezetsitzat joko dela edo eskabidea izapidetzeko eskubidea galduko duela, ebazpen baten ondoren.

8. artikulua.– Balorazio batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzorde bana eratuko da modalitate bakoitzeko. Hona kideak:

– Presidentea: Kultura Sustapenerako zuzendaria

– Kideak: Kultura, Gaztedia eta Kiroletako Sailburuordeak agindu honetako gai bakoitzeko adituen artetik izendatutako 3 edo 4 kide.

– Idazkaria Kultura Sustapenerako Zuzendaritzako teknikari bat izango da batzordeko idazkaria, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

2.– Balorazio-batzordeen osaketa Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

3.– Balorazio-batzordeak eratzerako, ezinbestekoa da Emakumeen eta Gizonen Berdintasuneko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikulua betetzea.

4.– Batzorde horiek egingo dute dirulaguntzak emateko proposamena, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkeztuko diote.

5.– Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.

6.– Balorazio-batzorderako izendatutako profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren baten pean ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz baloratzeko baino ez dituztela erabiliko; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko dizkiotela.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzak esleitzeko ebazpenak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eman eta jakinaraziko ditu, Balorazio Batzordeak aurkeztutako proposamena ikusi ondoren. Horretarako epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duenetik kontatzen hasita. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, denen jakingarri.

2.– Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

10. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak beste erakunde publiko edo pribatuk xede berberaz emandakoekin.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Onartutzat emango da dirulaguntza, baldin eta dirulaguntzaren esleipenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onuradunek dirulaguntza horri beren beregi uko egiten ez badiote.

b) Ematen zaien horretarako erabili beharko dute dirulaguntza, ez beste ezertarako.

c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Aurkeztutako proiektua ezertan aldatzen bada, Kultura Sustapenerako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, gehienez ere hilabeteko epean, esleipen-ebazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita. Komunikazio hori jaso ondoren, Zuzendaritzak 15 lan-egun izango ditu erantzuteko. Epe hori amaitutakoan, ez baldin badu horri buruzkorik ezer adierazi, horrek esan nahiko du zuzendaritzak aldaketa ontzat hartu duela.

e) Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak emandako laguntza argi eta garbi adieraztea, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafikoetan. Material hori guztia euskaraz argitaratu behar da, baita beste hizkuntza batzuetan ere nahi izanez gero.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Esleitutako dirulaguntzak honela emango dira:

a) Emango den dirulaguntzaren % 75 esleipen-ebazpena ematen denean, eta 11.a) artikuluan ezarritako epea pasatuta dagoela.

b) Gainerako % 25a 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, diruz lagunduko den sormen-lana bidali eta lan hori Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatu eta gero.

13. artikulua.– Sormen-lana entregatzeko epea.

Esleipen-ebazpena jasotzen duenetik, onuradunak gehienez ere bederatzi hilabete izango ditu sormen-lana entregatzeko, paperezko bertsioan nahiz euskarri informatikoan, pdf bertsioan, kudeaketa-zuzendaritzari.

Telebistako serieen gidoiak baldin badira, epe horren barruan, gainera, atal pilotuaren gidoia eta hurrengo kapituluetako edukien zerrenda ere entregatu beharko dira.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Jarraian adierazten diren kasuetan, bete beharrekoak ez betetzat joko dira:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Beste edozein xedapenen arabera oro har eta nahitaez bete beharreko baldintzak ez betetzea.

2.– Ez-betetze horietako edozein eginez gero, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotena bete ondoren eta horien arabera.

II. KAPITULUA
ANTZERKIRAKO TESTUAK SORTZEKO LAGUNTZAK

15. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Laguntza hauek 2012. urtean Euskadin antzerkirako sortu diren testu orijinalak bultzatzeko dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz idatzitakoak.

16. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Antzerkirako testuak sortzen laguntzeko, guztira 39.600 euro daude. Sei laguntza emango dira, bakoitza 6.600 eurokoa: 3 euskaraz idatzitako antzerki-testuetarako eta beste 3 gaztelaniaz idatzitako antzerki-testuetarako.

2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo eskabideek betekizunak betetzen ez dituztelako hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3.– Edonola ere, eta 17.2 artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik emakumeek idatzitakoak izan beharko dute.

17. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Aurkeztutako testuak zer proposatzen duen. Gaia interesgarria izatea hartuko da kontuan, eta gai hori genero-ikuspegia aintzat hartuz tratatzen den (guztizko puntuazioaren % 55a).

b) Idazlearen ibilbide profesionala (guztizko puntuazioaren % 30a).

c) Zenbateko aukera daukan proiektuak hainbat agertokitan erakusteko moduko antzerki-muntaia izateko, bai bere ezaugarriengatik, bai antzerki-ekoizpenaren sektoreak erakutsitako interesagatik (agiriak aurkeztuta behar bezala egiaztatuz) (guztizko puntuazioaren % 15a).

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

III. KAPITULUA
GIDOI ZINEMATOGRAFIKOAK SORTZEKO LAGUNTZAK

18. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen arloak.

Zinemarako eta telebistarako gidoietarako dira laguntza hauek, direla fikzioa, animazioa edota dokumentalak, eta edozein formatutakoak direla ere. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitakoak izan daitezke.

19. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Deialdi honetako laguntzetarako, gehienez ere, 127.400 euro daude, honela banatuta:

a) 7 laguntza, 13.7000 eurokoa bakoitza, 30 urtetik gorako gidoilarien gidoietarako, edo 30 urtetik beherakoa izanik, dagoeneko zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertu direnen gidoietarako. Gutxienez 3 dirulaguntza euskaraz idatzitako gidoietarako izango dira eta gutxienez 3 gaztelaniaz idatzitako testuetarako.

b) 3 laguntza, 10.500 eurokoa bakoitza, zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertzen ez diren 30 urtetik beherako gidoilarien lanetarako. Hiru horietatik batek gutxienez euskaraz egon behar du eta gutxienez beste batek gaztelaniaz.

Adinaren baldintza eskabideak aurkezteko azken egunean egiaztatu behar da.

2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo betekizunak ez betetzeagatik hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3.– Edonola ere, eta 20.2 artikuluak agintzen duena bete beharrez, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute.

20. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Aurkeztutako proiektuaren orijinaltasuna, eta tratamenduaren kalitatea (% 50).

b) Proiektua zenbateraino interesgarria den. Proiektuaren bideragarritasun komertzialari erreparatuko zaio bereziki, eta zerbaitetan mamitzeko aukerarik izateari, gaiaren eta kokapen geografikoaren interesari eta genero-ikuspegia kontuan hartu izanari (% 30).

c) Gidoilariaren ibilbide profesionala (% 20).

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

IV. KAPITULUA
MUSIKA-KONPOSIZIOETARAKO LAGUNTZAK

21. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Musika-konposizioetarako dira laguntza hauek, alegia, partitura batean jasotako musika-obra orijinaletarako, edo baita grabazioetarako ere, musika elektroakustikoaren kasuan.

22. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Deialdi honetako laguntzetarako, gehienez ere, 33.000 euro daude, honela banatuta:

a) 2 laguntza, bakoitza 6.000 eurokoa, gutxienez 15 minutuko iraupena daukaten obra sinfonikoetarako.

b) 4 laguntza, 3.000 eurokoa, bakoitza, 15 minututik beherako iraupena daukaten izaera obra sinfonikoetarako; gutxienez 3 interpreterentzat konposatutako kamera-multzoetarako obretarako, berdin dio iraupenak, edo 2 instrumentutarako konposatu eta 10 minututik gorako obretarako.

c) 6 laguntza, 1.500 eurokoa bakoitza, gehienez ere bi interpreterentzat konposatu eta 10 minutu baino laburragoko obretarako.

Soilki musika elektroakustikoa lantzen duten proiektuak b) edo c) kategorian sartzen dira, iraupenaren arabera, 10 minututik gorakoak edo beherakoak diren.

2.– Modalitate hauetako bateko laguntzak ezin baldin badira eman, ez delako eskabiderik jaso edo ez dituztelako baldintzak betetzen, beste modalitateei gehituko zaie eman gabe geratutakoa. Traspaso kasuan, beste modalitateetan puntuazio hobea daukaten proposamenek izango dute lehentasuna, baldin horiei dagokien laguntza soberan geratutakoarekin berdintzeko modukoa bada.

3.– Edonola ere, eta 23.2 artikuluak agintzen duena bete beharrez, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat lauk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute.

23. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzen ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio Batzordeak honako irizpide hauek izango ditu kontuan:

a) Proiektuaren kalitatea eta interesa kulturaren eta musikaren aldetik (puntuazio totalaren % 50).

Honako alderdi hauei erreparatuko diegu atal hau aztertzeko: Planteamendua eta eduki artistiko eta teknikoak; orijinaltasuna, eta gaur egungo musika-sorkuntzari dakarkiona; konposizioa sortzeko garaian egindako ikerketak eta harremanak.

Obraren zirriborroa (edo obra osoa) ez dakarten proiektuek, gehienez ere, atal honetan ematen den puntuazio partzelaren % 50 jasoko dute.

b) Eskatzaileak musikaren arloan izan duen ibilbidea prestakuntzan eta profesionalki (puntuazio totalaren % 30).

a) Proiektua hedatzeko plana (puntuazio totalaren % 20).

Horretan, gerora estreinatzako eta hedatzeko aurreikuspenak eta kontaktuak aztertuko dira.

2.– Artikulu honetan modalitate bakoitzerako ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ez dira hautaketan sartuko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– 2. artikuluan jaso den zenbateko totala aldatu egin liteke, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Kultura Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak ahitu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa dirulaguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Aldatuz gero, horren berri eman beharko du Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, ebazpen baten bitartez.

Bigarrena.– Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera, eta Titularitate Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategia eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera, deialdi honen tramitazioan bildutako datu pertsonalak deialdiko parte-hartzaileen baimena jasota tratatu eta argitaratuko dira, eta honako dirulaguntza deialdi hau bera edo horrekin lotutako beste edozein prozedura edo administrazio-espedientea kudeatzeko erabiliko den fitxategi batean gordeko dira, eta parte-hartzaileei deialdiaren nondik norakoen berri emateko erabiliko dira. Fitxategi honen arduraduna Kultura Saileko Kultura Sustapenerako Zuzendaritza izango da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edo aurkatzeko eskubideak gauzatzeko, Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo behar da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz.

Bide batez, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute fitxategian bildutako datuak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioren bati laga diezazkiegun, deialdi honekin lotutako gauzetarako, eta baimena ematen diote, halaber, Kultura Sustapenerako Zuzendaritzari, beste organismo publikoetan begiratzeko ea aurkeztutako agiriak zuzen eta zorrotzak diren.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 26a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala