Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2012ko uztailaren 31, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
3529

AGINDUA, 2012ko uztailaren 17koa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, 2012ko ekitaldian jarduera fisikoa sustatzeko ekintzak gauzatzeko EAEko toki-erakundeei diru-laguntzak ematea arautzen duena.

Ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzkoak, 2. artikuluan xedatutakoari jarraiki, EAEko aginte publiko guztiei dagokie osasuna sustatzea eta indartzea jarduera sozio-ekonomikoko sektore guztietan, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko, arrisku-faktoreak desagerrarazteko, ondorio negatiboen eragina ezabatzeko, eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko. Zehazki, bigarren atalean adierazitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da Euskadin osasunaren erakunde-esparrua zaintzea; xede horrekin, Jaurlaritzak gomendioak emango ditu edo neurriak hartuko ditu, sektore-politika guztietan osasuna aintzat hartzeko, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintzak bultzatuko ditu, osasun-ekintzen osagarri gisa, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.

Aipatu legearen 3. artikuluak adierazten du Euskal Osasun Administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta erkidegoaren osasuna hobetzeko.

Azaroaren 3ko 579/2009 Dekretuak, Osasun eta Kontsumo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak, 9.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Osasun Publikoko Zuzendaritzari dagokio, besteak beste, politika eta esku-hartze eraginkorrak bultzatzea Jaurlaritzaren sailetan eta erakunde publikoetan, bereziki udalerrietan, herritarrek osasun– eta ekitate-maila handiagoak izan ditzaten.

Agindu honen xedea da toki-eremuetan eta osasun-arlokoak ez diren beste zenbait sektoretako jardueretan osasuna sustatzea. Ekimen horrek jarraitzen ditu Europar Batasunaren Osasuna politika guztietan estrategian adierazitako gomendioak, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Osasunaren Gizarte Determinatzaileen Batzordearen txostenean jasotako gomendioak ere.

Osasuna politika guztietan estrategiaren oinarrian dagoen egiaztapena da osasun-sektorearen eraginpeko eremutik kanpoko faktoreek eragiten dutela, batez ere, osasunean. Estrategia horren elementu dinamizatzailea da jakinaraztea biztanleen osasuna eta ongizatea gizarte-sektore orok zaindu eta sustatu beharreko balioak direla. Horrenbestez, osasuna ere zaindu beharreko helburutzat hartu behar da sektore-politiketan.

OMEren Osasunaren Gizarte Determinatzaileen Batzordeak adierazi du pobreen osasun txarra eta osasunaren arloan dauden desberdintasun handiak direla, oro har, boterea, diru-sarrerak, ondasunak eta zerbitzuak orekarik gabe banatuta egotearen ondorio, bai eta banaketa horregatik biztanleen bizi-baldintzetan eragindako bidegabekerien ondorio ere. Horiexek dira, beraz, osasunaren gizarte-determinatzaileak, eta, hain zuzen ere, osasunaren arloko desberdintasun gehienen sortzaileak.

Osasun eta Kontsumo Sailak, herritarren osasunaren eta bizi-kalitatearen aldeko apustuan, maila guztietako (tokiko, lurraldeko eta autonomia-erkidegoko) eta sektore guztietako politika publikoak antolatzean osasuna eta ongizatea funtsezkotzat hartzea du helburu, besteak beste. Horregatik, aktiboki parte hartzen du EkoEuskadi 2020 estrategian, bai eta Udalsarea 21 sarean ere, 2011ko martxoan kide egin ondoren.

Udalsarea 21 –Iraunkortasunerako Udalerrien Euskal Sarea– koordinaziorako eta lankidetzarako foroa da, EAEko udalerrietako Tokiko Agendak 21 dinamizatzen ditu, eta ekintza-planen gauzatzea bultzatzen du. EAEko 168 udalerri dira Udalsarea 21 sarearen protagonista nagusiak, eta honako parte-hartzaile hauek ere tartean daude: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila eta Osasun eta Kontsumo Saila, Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa (IHOBE) eta Uraren Euskal Agentzia (URA). Erakunde arteko lankidetza hori da, hain zuzen, elementu giltzarria, sarea mugiarazten duena eta ahalegin guztiak bildu eta helburu batera bideratzen dituena, EAEko udalerrietan benetako garapen iraunkorra lortzeko.

Udalsareak 2004ko ekainean hartu zituen bere gain Aalborgeko konpromisoak, tokiko ekintza-planak pixkanaka egokitzea bultzatzeko, eta, horrenbestez, konpromiso horietan adierazitako helburuak betetzeko.

Aalborgeko 7. konpromisoak honela dio: «Osasunaren aldeko tokiko ekintza. Gure biztanleen osasuna eta ongizatea sustatzeko eta babesteko konpromisoa hartu dugu». Konpromiso hori da, hain zuzen, Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Udalsarearen elkartze-gunea. Konpromiso horretan 5 jarduera-ildo proposatzen dira, honako gai hauei buruzkoak: osasunaren determinatzaileak, osasunerako tokiko planak, osasunean ditugun desberdintasunak gutxitzea, osasunaren gaineko inpaktua ebaluatzea, eta hiri-plangintzak egiten dituztenen gainean eragitea, beren lanean osasun publikoko irizpideak sar ditzaten.

Osasun eta Kontsumo Sailaren deialdi honen helburua da esku-hartzeko tokiko politiketan osasuna eta osasunaren sustapena aintzat hartzea. Osasunaren sustapenaren alorra oso zabala dela uler daitekeenez, deialdi honek jarduera fisikoa sustatzen duten esku-hartzeak izango ditu helburu.

Toki-eremuan eta osasun-arlokoak ez diren beste zenbait sektoretan egiten diren jardueren bidez osasuna sustatzeko, Osasun eta Kontsumo Sailak laguntzak emango dizkie toki-erakundeei, gure autonomia-erkidegoko biztanleen osasuna eta ongizatea sustatzeko, jarduera fisikoa bultzatzen duten esku-hartzeen bidez, Euskadin jarduera fisikoa bultzatzeko estrategian (Aktibili) ezarritakoaren ildotik.

Jarduera fisikoa da aisialdian edo eguneroko bizitzan egiten dugun mugimenduzko jokabide-multzoa, atseden-egoeran gaudenean baino energia-gastu handiagoa eragiten diguna. Jarduera Fisikoa Sustatzeko Torontoko Gutunak argi azaltzen du egunero egin ohi den jarduera fisikoak osasuna sustatzen duela, gaixotasunak prebenitzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela eta ingurumenaren iraunkortasunari laguntzen diola.

Jarduera fisikoari ematen diogun denbora gehituz, eta egoneko jarduerei ematen diegun denbora murriztuz, populazio aktiboagoa lortuko dugu; horrenbestez, zenbait erronkari aurre egiteko aukera izango dugu, esate baterako: osasun-sistemari eta gizarte-prestazioei eustea, hezkuntza, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta iraunkortasuna.

Halere, kirol-instalazioetarako eta beste egitura batzuetarako horniduren hazkundea ez dago zuzenean lotuta herritar aktiboen gehikuntza proportzionalari. Horregatik, aurreko urteetako deialdietan izandako esperientziak oinarri hartuta, deialdi honen helburua da hiri-eremuek joan-etorri aktibo eta seguruak egiteko ematen dituzten egokierak eta natura-inguruneak jarduera fisikorako ematen dituen aukerak baliatzea helburu duten jarduerak soilik dinamizatzea.

Bestalde, deialdi honetan ere bultzatuko da erakunde interesdunek laguntza-programarako egin beharreko izapide guztiak telematikoki egin ahal izatea, aukera hori bideratuko duen prozedura baten bidez, arau hauetan xedatutakoari jarraiki: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; abenduaren 19ko 59/2003 Legea, sinadura elektronikoari buruzkoa, abenduaren 28ko 56/2007 Legeak, informazioaren gizartea bultzatzeko neurriei buruzkoak, aldatu zuena; ekainaren 22ko 11/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzkoa, eta azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretua, aurreko legea garatzen duena; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duena; 2006ko otsailaren 9ko ebazpena, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarena, E-Administraziorako plataforma teknologikoa (PLATEA) ezartzen duen dokumentua onesten duena.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2012 ekitaldian jarduera fisikoa sustatzeko ekintzak gauzatzeko EAEko tokiko erakundeei emateko diru-laguntzen deialdia arautzea.

2. artikulua.– Diru-laguntza jasoko duten jarduerak.

Jarduera fisikoa sustatzen duten jarduketak lagunduko dira diruz. Jarduera fisikotzat joko da aisialdian edo eguneroko bizitzan egiten dugun mugimenduzko jokabide-multzoa, atseden-egoeran gaudenean baino energia-gastu handiagoa eragiten diguna eta gure osasuna hobetzen duena.

Honako jarduera hauek jasoko dute diru-laguntza:

1.– Hiri-eremuek joan-etorri aktibo eta seguruak egiteko ematen dituzten aukerak aprobetxatzea helburu duten jardueren dinamizazioa.

2.– Udalerriko ingurunean jarduera fisikoa egiteko aukerak aprobetxatzea helburu duten jardueren dinamizazioa.

Ez da finantzatuko bizikleta-bideak eraikitzea.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Guztira, berrehun mila (200.000) euroko aurrekontu-zuzkidura dago 2. artikuluan zehaztutako jarduerak egiteko.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udal, mankomunitate, toki-erakunde, tokiko erakunde autonomo eta tokiko merkataritza-sozietateek jaso ditzakete agindu honen bidez araututako diru-laguntzak.

Tokiko merkataritza-sozietateek baldintza hauek bete behar dituzte: titulartasun publikoko kapital soziala izan behar dute, eta bazkideen gehiengoa udalek osatu behar dute. Gainera, partaide diren udalerrietako alkateek merkataritza-sozietate horiek aukeratu behar dituzte, diruz laguntzea eskatutako jarduera egiteko. Eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izan behar dituzte.

2.– Diru-laguntzak emateko edo ordaintzeko, hala badagokie, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita eta oraindik izapidetan dagoen itzulketa– edo zehapen-prozedura oro amaitzea.

3.– Eskabidea egiten duten erakundeek ezin dute izan diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekurik edo administrazio-zehapen nahiz zehapen penalik, ez eta Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean ezarritako debeku edo zehapenik ere.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat joko dira 2. artikuluan ezarritako jarduerak egitetik zuzenean sortzen diren gastuak.

Udalerriek ezingo dute diru-laguntzaren % 50 baino gehiago erabili hiri-altzariak edo azpiegiturak finantzatzeko.

Ez dira inolaz ere diruz lagunduko ondasunak eskuratzetik edo zerbitzuak ematetik sortutako gastuak, merkatuko balioa gaindituz gero.

2.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Diruz laguntzen diren jarduera horien BEZari dagozkionak.

b) Diruz laguntzen diren jarduerekin lotura zuzena ez duten gastuak.

c) Beharrezkoak ez diren edo behar bezala justifikatu ez diren gastuak, zentzuzkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, ekonomia-printzipioak eta kostuaren eta eraginkortasunaren arteko erlazioa kontuan hartuta. Dena dela, 13. artikuluan ezarritako balioeste-organoak zehaztuko ditu gastu horiek.

6. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekin bateragarri izatea.

Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako laguntzekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, dagokion gehienezko kopurura egokitzeko.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Erakundeak sinadura elektronikorako sistema onartuen bidez identifikatuko dira; hau da, erakundearen edo pertsona juridikoaren txartelaren bidez, edota e-NAN (Nortasun Agiri Nazional elektronikoa) bidez, erakundearen ordezkaria pertsona fisiko bat izanez gero.

3.– Izapide elektronikoak arau hauen araberakoak izango dira: ekainaren 22ko 11/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoa; azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretua, aurreko legea partzialki garatzen duena; otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duena; eta 2006ko otsailaren 9ko ebazpena, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarena, E-Administraziorako plataforma teknologikoa (PLATEA) ezartzen duen dokumentua onesten duena.

4.– Laguntzak aurrez aurre zein elektronikoki izapidetzeko jarraibideak, izapide elektronikoetarako sarbidea eta agindu honi dagozkion eranskinak eskuragarri daude euskadi.net webguneko egoitza elektroniko honetan:

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckproc03/eu/contenidos/informacion/procedimiento_administrativo/eu_proz/herritarrak_prozedurak_laguntzak.html

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoez baliatuta aurkezteko aukera dago. Agindu honen I. eranskinean ageri den ereduaren arabera egin behar da eskaera; halaber, eredu hori eskuragarri dago aurreko artikuluan adierazitako euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan.

3.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean Zerbitzua), Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Saileko lurralde-zuzendaritzetan, edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta.

Halaber, eskaerak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera dago, aipatutako euskadi.net webguneko egoitza elektroniko horretan.

4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete eskabideak eta erantsi beharreko gainerako agiriak. Halaber, eskabidea aurkeztearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraiki.

9. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

Bigarren artikuluan jasotako edozein jardueratarako, dokumentu hauek aurkeztu behar dira, erakunde eskatzailearen eta garatu behar den jardueraren ezaugarrien arabera:

a) Eskabide-agiria eta jardueraren azalpen-txostena, I. eta II. eranskinean adierazitakoari jarraiki, behar bezala beteta. Eskuragarri daude 7. artikuluan, izapideak elektronikoki egiteari buruzkoan, adierazitako euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan.

b) Eskatutako diru-laguntzari dagokion jarduera egitea onartu dela dioen erabakia, bai eta toki-erakundeak jarduera finantzatzeko egingo duen ekarpena ere.

c) Tokiko Agenda 21 ezartzeko prozesua abian jarri bada, Tokiko Agenda 21 gauzatzeko ekintza-plana onartu dela dioen udalbatzaren erabakia; edo, hala badagokio, ezarritako Tokiko Agenda 21 prozesuaren ebaluazio– eta jarraipen-txostena.

d) Erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-sozietate bat baldin bada, aurreko ataletan adierazitako dokumentazioaz gain, honako agiri hauek ere aurkeztu behar ditu:

● Jarduera egingo den udalerrietako alkateen onespen-erabakia, zeinaren bidez erakunde hori izendatzen den jarduera gauzatzeko.

● Erakundearen izenean eskaera egiten duena pertsona fisiko bat izanez gero, hiritarrentzako ziurtagiri elektroniko onartu baten bidez identifikatu eta honako agiri hauek aurkeztu behar ditu (lehenago, Osasun eta Kontsumo Sailean aurkeztu ez baditu behintzat):

○ Diru-laguntza eskatu duenaren alde emandako ordezkaritza-ahalordea, Merkataritza Erregistroan inskribatua.

○ Merkataritza Erregistroan inskribatutako estatutuen kopia.

Erakunde eskatzailea erakundeentzako ziurtagiri elektroniko onartu baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko dokumenturik aurkeztu behar.

e) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto jakiteko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.

Agiriak paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (pdf formatuko dokumentu informatikoan) aurkez daitezke.

10. artikulua.– Betebeharrak/betekizunak egiaztatzea.

1.– Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eskatzaileen baimenik eskatu beharrik gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50. artikuluan xedatutakoari jarraiki, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira betebehar hauek:

a) Helburu berdinarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Izapidetan dagoen itzulketa– edo zehapen-prozeduraren batean ez egotea, eta amaitutako horrelako prozesuren batean ez egon izana. Horrenbestez, diru-laguntzak emateko edo ordaintzeko, hala badagokie, ezinbestekoa izango da itzulketa– edo zehapen-prozedura oro amaitzea.

c) Erakunde eskatzaileak ez izatea laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion administrazio– edo zigor-zehapenik, ez eta laguntzak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenean xedatutako debekua barne.

d) Tokiko merkataritza-sozietateen kasuan, adierazi behar dute egunean daudela indarrean dauden xedapenetan ezarritako zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan, arauz ezarritakoaren arabera.

e) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluak eta VII. Tituluko III. Kapituluak diotenez (laguntzen eta diru-laguntzen itzultze edo zigortze-prozedurez ari dira, hurrenez hurren), erantzukizunpeko adierazpenarekin batera adierazitako edo aurkeztutako dokumentuetan oinarrizko daturen bat oker ematen bada, faltsua bada, edo ematen ez bada, horren berri jakin bezain laster eten egingo da prozedura, dagozkion erantzukizun penal, zibil edo administratiboen kalterik gabe.

Halaber, gorabehera horien berri jasotzen duen administrazio-ebazpenak behar dezake interesduna dirua itzultzera, hala badagokio, eta denbora-tarte jakin batean helburu berbererako beste prozedurarik eskatzen ez uztea ere erabaki dezake; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoari jarraiki.

3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak egoitza elektroniko honetan egin daitezke: euskadi.net/nire gestioak.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabidetan egindako akatsak zuzentzea.

Osasun Publikoko Zuzendaritza konturatzen bada aurkeztutako eskabideak ez dituela aurreko artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen, erakunde eskatzaileari eskatuko dio hutsegiteak zuzentzeko eta aurkeztu behar dituen dokumentuak aurkezteko, hamar egun baliodunen barruan, eta adieraziko dio eskatutakoa egin ezean eskabidea bertan behera utziko dela, Osasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez; izan ere, ebazpen hori emango du sailburuordeak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 42. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

12. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak eskatzean adierazitako datuak «Laguntzak jasotzea dagokien entitateak» deritzon fitxategi automatizatuan sartuko dira, Osasun eta Kontsumo sailburuaren 2011ko abenduaren 22ko Aginduak, Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituenak, ezarritakoaren arabera, 15/1999 Lege Organikoan, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoan, xedatutakoari jarraiki. Fitxategi horretan jasotako daturik ez da lagako hirugarrengo pertsona edo erakundeen eskuetan. Erakunde eskatzaileei laguntzak ematea kudeatzeko soilik erabiliko du fitxategia Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak. Legez xedatutakoari jarraiki, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatu nahi izanez gero, Osasun eta Kontsumo Sailaren Osasun Publikoko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio, idazki baten bidez.

13. artikulua.– Eskabideak balioestea.

1.– Balioeste Batzordeak balioetsiko ditu eskabideak. Osasun Publikoko Zuzendaria izango da batzordeburu, eta hiru lurralde-zuzendaritzetako Osasun Publikoko zuzendariordeak batzordekide izango dira.

2.– Balioeste Batzordeak hurrengo artikuluan adierazitako balioeste-irizpideen arabera balioetsiko ditu aurkeztutako eskabide guztiak.

3.– Balioeste Batzordeak diru-laguntzak emateko proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari.

14. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsiak, 51.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Diru-laguntzak emateko, eskabideak alderatuko dira, hurrengo atalean adierazitako balioeste-irizpideak oinarri hartuta, lehentasun-ordena ezartzeko. Ondoren, gehienezko zenbatekoa esleituko zaie puntu-kopuru handiena lortutako eskaerei, aurrekontu-saila agortu arte.

3.– Diru-laguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntza emateko ezinbestekoa da a irizpideari dagokion atalean 20 puntu izatea gutxienez, eta guztira 50 puntu izatea gutxienez.

15. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak.

Diru-laguntzek zenbateko hauek izango dituzte, gehienez ere:

a) 7.000 biztanletik gorako toki-erakunde edo udalerriz gaindiko eremuetan, diruz lagun daitezkeen gastuen % 50 eman daiteke, gehienez, eta 8.000 euro emango dira proiektuko, gehienez ere.

b) 7.000 biztanletik beherako toki-erakunde edo udalerriz gaindiko eremuetan, diruz lagun daitezkeen gastuen % 80 eman daiteke, gehienez, eta 5.000 euro emango dira proiektuko, gehienez ere.

16. artikulua.– Lehiaketaren ebazpena.

1.– Osasuneko sailburuordeak, Balioeste Batzordeak proposatuta, azaroaren 30a baino lehen emango du ebazpena, dagokion eskumena gauzatuz. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, erakunde interesdunei jakinarazteko, eta, horrenbestez, aurka egiteko eta ordainketak gauzatzeko epea hasiko da, deialdian xedatutakoari jarraiki, aipatu ebazpena banaka jakinarazteko aukeraren kalterik gabe.

2.– Osasuneko sailburuaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Osasun eta Kontsumoko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, aipatu 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera.

17. artikulua.– Isiltasunaren bidez erabakitako ezespena.

Agindu honen bidez araututako laguntzak esleitzeko ebazpena emateko eguna iritsiz gero, aurreko artikuluan adierazitakoaren arabera, eta berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertu behar da, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluan xedatutakoari dagokionez, Administrazioaren berariaz ebazteko betebeharraren kalterik gabe.

18. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

Esleitutako diru-laguntza honela emango da:

Diruz lagundutako zenbatekoaren % 80 diru-laguntza onartu ostean, 22.a) artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Gainerako % 20a diruz lagundutako proiektua gauzatu ondoren, eta diru-laguntza jasotzeko jarduerak egin direla justifikatu ostean.

19. artikulua.– Justifikazioen aurkezpena eta epea.

Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2012ko abenduaren 10ean amaituko da, eta egun hori izango da dokumentuak onartzeko azken eguna.

Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoez baliatuta aurkezteko aukera dago. Justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoez aurkezteko, 7. artikuluan, izapide elektronikoei buruzkoan, adierazitako euskadi.net webguneko egoitza elektronikoan aurkeztu behar dira.

Halaber, justifikazio-agiriak aurrez aurre aurkez daitezke, agindu honen 8.3 artikuluan adierazitako tokietan.

20. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Diruz lagundutako jarduera benetan gauzatu dela justifikatzeko, dokumentu hauek aurkeztu behar dira, aurreko artikuluan adierazitako epea amaitu baino lehen:

a) Diruz lagundutako proiektua osorik egin dela dioen azalpen-memoria, III. eranskinaren arabera.

b) Toki-erakundearen idazkariak egindako ziurtagiria, emandako diru-laguntzaren xedea eta helburua bete direla adierazten duena.

c) Diru-laguntza jaso duen proiektua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo bestelako ordainketa-egiaztagiriak.

d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, helburu berbererako jasotako beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera guztiak adierazita, halakorik balego.

2.– Halaber, jasotako diru-laguntzaren kontura justifikatu ahal izango dira diru-laguntza hori eman baino lehenago sortutako gastuak ere, baldin eta diruz lagundutako jardueren barruan sartutako ekimen eta kontzeptuen benetako gastuei badagozkie eta 2012an egin badira.

Diruz lagundutako proiektua osorik gauzatzearekin bat ez datozen justifikazio-agiriak ez dira onartuko izapidetarako.

21. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.

Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetan akatsen bat edo hutsegiteren bat antzematen bada, erakundeari jakinaraziko zaio akatsa zuzendu behar duela edo dagozkion dokumentuak aurkeztu behar dituela hamar eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

22. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta aplikatu beharrekoak diren beste betebehar batzuek ezarritakoaren kalterik gabe, eta, batez ere, 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, ezarritakoaren kalterik gabe, agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza onartu dela ulertuko da, diru-laguntzaren esleipenari buruzko ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost eguneko epean diru-laguntza horri berariaz uko egiten ez badiote erakunde onuradunek.

b) Diru-laguntzak emateko eskatutako eta kontuan hartutako betekizunen bati eragiten dion edozein ezaugarri-aldaketa jakinaraztea, ahalik eta lasterren.

c) Diru-laguntza eman duen erakundeari egiaztatzea diru-laguntza emateko betekizunak eta baldintzak bete direla eta jarduera egin dela.

d) Osasun eta Kontsumo Sailarekin elkarlanean aritzea jarduera horien egiaztatze–, ikuskatze–, jarraipen–, ebaluazio– eta kontrol-prozesuetan; eta Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagokion kontrol-jarduerapean jartzea, bai eta Kontuen Euskal Auzitegiak ezarritako arau zehatzetan aurreikusitako jardueren mendean ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetatik jasotako laguntzei eta diru-laguntzei dagokienez.

e) Jasotako funtsak zertan erabili diren egiaztatzen duten agiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

f) Dokumentu eta iragarki guztietan aipatzea Osasun eta Kontsumo Sailak babesten duela. Aipamen hori txertatu behar da Eusko Jaurlaritzako Identitate Korporatiboaren Eskuliburuan ezarritakoari jarraiki http://www.euskadi.net/id_corporativa/indice_c.htm

g) Toki-erakunde onuraduna Udalsarea 21-Iraunkortasunerako Udalerrien Euskal Sareko kidea izanez gero, sare horren logotipoa ere jarriko da.

h) Aurkeztutako dokumentuetako informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea ematea Osasun eta Kontsumo Sailari, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun eta Kontsumo Saileko informazio-sistemetan sartu eta erabiltzeko, bai eta hedatzeko eta/edo argitaratzeko ere, edozein baliabide eta formatu baliatuta, dela bibliografikoa, ikus-entzunezkoa, informatikoa edota teknika erabiltzen uzten duena. Jasotako diru-laguntzen ondorioz izandako esperientziak eta jardunbide onak Udalsareako gainerako kideei hedatzen laguntzea.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak emandako antzeko diru-laguntzei aplikatzen zaizkien gainerako xedapenak.

23. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, diru-laguntza hori emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu badira (helburua betetzat emanez gero, betiere) edota Eusko Jaurlaritzak edo beste zenbait administrazio publikok edo erakunde publiko zein pribatuk beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eman badizkio. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak; bertan, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira, emateko ezarritako irizpide eta mugak aplikatuz, eta erakunde onuradunek jasotako gehiegizko zenbatekoak itzuli egin beharko dituzte.

24. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diruz lagundutako jarduerak ez badira betetzen edo gauzatzen, itzuli egin beharko dira jasotako diru-laguntzak, baita horien legezko interesak ere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, bermeei, itzultzeei eta kudeaketan parte hartzen duten zuzenbide pribatuko erakunde publikoei, sozietate publikoei eta erakunde autonomoei buruzkoak, xedatutakoari jarraiki. Laguntza horiek diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan berariaz ezarri gabeko guztiari dagokionez, azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoak aplikatuko dira.

Bigarrena.– Agindu honek amaiera eman dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote interesdunek Osasun eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 17a.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala