Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2012ko uztailaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
3265

AGINDUA, 2012ko uztailaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, itunpeko ikastetxe pribatuei diru-laguntzetarako dei egiten zaie, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak ikastetxeetan behar bezala eskolatzeko irisgarritasun-obrak egiteko (Irisgarri-2012).

Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legearen helburua da hiri-ingurunean, gune publikoetan, eraikinetan, garraiobideetan eta komunikazio-sistemetan irisgarritasuna bermatzea, pertsona guztiek era autonomoan erabil eta goza ditzaten, eta batez ere mugikortasun urria, komunikatzeko zailtasuna edo muga psikiko edo sentsorialen bat –iragankorra edo iraunkorra– dutenek.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egokitzat jotzen du itunpeko ikastetxe pribatuetan irisgarritasun-arazoak sortzen dituzten oztopoak kentzeko inbertsio-gastuak finantzatzen laguntzea, baina integrazio programa hobeto garatzeko eta hezkuntza-itunen araubide orokorra baztertu gabe.

Xedapen hauek kontuan hartuta: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. Titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2011. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Itunpeko ikastetxe pribatuetan inbertsio-gastuak finantzatzen laguntzeko laguntzak ematea da deialdi honen helburua, honako xede hauek dituzten obrak egiteko:

1.– Irisgarritasuna sustatzea, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuko preskripzio teknikoen arabera. Dekretu horrek hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartu zituen (EHAA, 110. zk., 2000ko ekainaren 12koa).

2.– Zehazki, deialdi honen bidez diruz lagun daitezkeen berrikuntza lanak hauek dira: mugikortasun urria edo irisgarritasun-arazoak dituzten pertsonentzat ikastetxeetan, komunitate-zerbitzuetan edo horietako sarbideetan moldaketa funtzionalak egiteko lanak.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko geografia eremuan kokatuta dauden eta eskabidea aurkezteko egunean itunpean dauden ikastetxe pribatuetako pertsona físiko edo jurídiko titularrak bil daitezke deialdi honetara.

2.– Ezin izango da deialdi honetara bildu pertsona fisiko edo juridikorik,diru- laguntza eta laguntza publikoak eskuratzeko zehapenik duenik –zigor arlokorik edo administrazio-bidekorik-, baldin eta laguntza edo diru-laguntza publikorik jasotzeko eskubidea galdu badute edo halakorik eskuratzeko lege-debekuren bat badute; horren barruan sartzen dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen ondorioz zehatuak sexua dela-eta bereizkeriak egitearren eta debeku hori dutenak.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Ikastetxeek deialdi honetako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte, baldin eta obrak 2012ko urtarrilaren 1aren ondoren hasi eta 2013ko abuztuaren 31 baino lehen bukatzen badituzte.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzetarako, 2012rako ehun eta hogeita bost mila (125.000) euroko ordainketa-kreditua erabiliko da eta 2013rako, berriz, ehun eta hogeita bost mila (125.000) euroko konpromiso-kreditua EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarrita dagoen aurrekontu-sailetik.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

Agindu honen eranskinean agertzen den ereduari jarraituz beteko dira eskabideak. Ondoren zehazten diren agiriak erantsiko zaizkie eskabideoi:

1.– Bi lan mota berezituko dira, exekuzio-proiektua aurkeztu behar den edo ez kontuan hartuta, hala jasotzen baita Eraikuntza Antolatzeko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2. artikuluan:

– Proiekturik behar ez duten obretarako: azalpen-memoria eta aurrekontu xehatua, teknikari eskudun batek sinatuak. Eskabideak aurkezteko epearen barruan amaitzen badira obrak, aurrekontuaren ordez faktura originalak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu ahal izango dira, neurketaren xehetasunak dituztenak.

– Proiektua behar duten obretarako: exekuzio-proiektua, teknikari eskudun batek sinatua eta elkargo profesionalak bisatua. Oinarrizko proiektua ere aurkeztu ahal izango da, teknikari eskudunak sinatua. Halakoetan, exekuzio-proiektua aurkeztu beharko da, teknikari eskudun batek sinatua eta elkargo ofizialak bisatua; egindako inbertsioaren justifikazioa erantsiko zaio.

2.– Iristeko zailtasunak dituzten ikasleen zerrenda; zailtasunen ezaugarriak adieraziko dira, Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkaritzako Hezkuntza Bereziko Atalak emandako txostenaren bitartez.

3.– Ikastetxera iristeko zailtasunak (handia, ertaina edo txikia). Zailtasun horiek ebaluatzeko, txostena emango du dagokion balorazio-batzorderako.

4.– Gizarte– eta zerga-betebeharrak konplitu izanaren egiaztagiria, Ogasun eta Finantza Sailaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan (EHAA, 208. zk., 1991ko urriaren 15ekoa) ezarritakoaren arabera.

5.– Eskritura publikoa, zeinean adieraziko baita eskabidearen izenpetzaileak behar adinako ahalmena duela laguntza hori eskatzeko.

6.– Bestelako laguntzarik eskatu ez izanaren erantzukizunpeko adierazpena edo, eskatu baldin badira, horien zehaztapena.

7.– Baimenei edo obraren guztirako finantzaketari dagokienez eragozpenik ez dagoela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

8.– 2.2. artikuluan jasotako kausaren batean sartuta dioen erantzukizunpeko adierazpena.

9.– Ikastetxearen titularra inbertsioa egin nahi den eraikinaren jabea ez denean, obra egiteko berariazko baimena aurkeztu beharko da.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Eskabideak, behar bezala beteta, eta eskatutako dokumentazioa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko dagokion Lurralde Ordezkaritzan aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita. Bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bulegoetako batean ere aurkeztu ahal izango dira.

2.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi hau tramitatzean jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «Espediente-kudeaketa» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua izango da deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zerikusia duen beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Baliabide Materialen Zuzendaritza da fitxategi horren erantzule. Datuak aurkatu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak zuzendaritza horretan erabili ahal izango dira. Horretarako, Donostia kaleko 1. zenbakira (Vitoria-Gasteiz; PK: 01010) jo beharko da.

Era berean, deialdi honetara biltzen diren lagunek baimena ematen diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak benetakoak direla.

7. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.

1.– Baliabide Materialen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek Baliabide Materialen Zuzendaritzari igorriko dizkiote jasotako eskabideak, Eraikuntzen Atal Teknikoaren eta Hezkuntza Bereziko Ataleko txostenekin batera. Dokumentuok bidaltzeko epea hilabetekoa da, seigarren artikuluan eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Baliabide Materialen Zuzendaritzak akatsik edo okerrik ikusten badu aurkeztutako eskabidean, eskatzaileari jakinarazi eta 10 egun balioduneko epea emango dio haiek zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Gainera, jakinaraziko dio hori egiten ez badu eskaera ezetsi egingo dela, beti ere azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluari jarraituz emandako ebazpen baten bidez ezetsiko da (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

9. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

Eskabideak aztertu, sailkatu eta aukeratuko dituen balorazio batzordea kide hauek osatuko dute:

– Baliabide Materialen zuzendaria. Lehendakari jardungo du.

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, edo berak izendatutakoa.

– Ikastetxeen zuzendaria, edo berak izendatutakoa.

– Baliabide Materialen Zuzendaritzako teknikari bat; idazkari jardungo du, hitza izango du baina botorik ez.

10. artikulua.– Diru-laguntza barematzeko irizpideak.

Onartutako eskabide guzti-guztiak honela barematuko dira:

– Iristeko zailtasunik duen ikasleko hiru puntu emango dira, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako Hezkuntza Bereziko Ataleko txostenean jasotako datuen arabera.

– Ikastetxera iristeko zailtasunengatik: zailtasun handia: 3 puntu, ertaina: 2 puntu, txikia: puntu bat, baloraziorako batzordeak txostenean jasotako balorazioaren arabera.

Berdinketarik izanez gero, kontuan izango da zenbat ikasle dauden ikastetxean matrikulatuta, eta horretarako kontuan izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dituen datuak.

11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa Sailak obretarako onartzen duen aurrekontuaren % 50 izango da, tasak eta zergak kenduta, eta gehienez ere 31.250 euro ikastetxeko.

2.– Kredituan dirurik soberan geratuz gero, diru-laguntzaren bidez gehienez ere eman daitezkeen 31.250 euroko kopurua handitu ahal izango da, harik eta diruz lagundu beharreko aurrekontuaren % 50era iritsi arte.

3.– Hala eta guztiz ere, kredituan dirurik soberan gertuko balitz, diru-laguntzaren bidez eman daitekeen portzentajea handitu egingo da, bakoitzarentzat hasiera batean ezarritako kopuruak kontuan hartuta, eta zenbateko osoa proportzio horri jarraituz banatuko da.

4.– 4. artikuluan ezarritako zenbatekoa ez bada nahikoa eskatzaile guztien laguntzak ordaintzeko, dotazio hori banatu egingo da baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean, bakoitzarentzat hasiera batean kalkulatutako kopuruak kontuan hartuta, eta zenbateko osoa proportzio horri jarraituz banatuko da.

12. artikulua.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste edozein administrazio publikotik jaso daitezkeenekin, baldin eta, guztiek batera, diru-laguntzaren xede den gastuaren zenbatekotik gora jotzen ez badute. Handiagoa izatekotan, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio agindu honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoari.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari, eta horrek ebazpena emango du bost hilabeteko epean, EHAAn argitaratzen denetik hasita. Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, interesdunei jakinarazteko.

Epearen barruan berariazko ebazpenik ematen ez bada, gaitzetsitzat jo beharko dira eskariak, hala agintzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 44. atalean; hori horrela izanik ere, lege horren arabera, administrazioak berariazko ebazpena eman beharko du.

2.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratzen denetik hasita, 30/1992 Legearen 114. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutenez.

14. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzaren onuradun diren ikastetxek honako betebeharrak bete beharko dituzte beti:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, diru-laguntzaren esleipena EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, hamabost eguneko epean ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

Diru-laguntza esleitu ostean, diru-laguntzari uko egiten badio edo diru-laguntza ukatu egiten bazaio, ikastetxeak ezin izango du kontzeptu bererako beste laguntzarik eskatu hiru urteko epean.

b) Diru-laguntza egoki erabiltzea: xede zehatz baterako emandakoa da eta hura betetzeko erabili behar da.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari beren funtzioak betez eskatzen dizkioten argibide guztiak ematea deialdi honen pentzutan jasotako diru-laguntzen gainean.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Obra-proiektuetarako emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira: % 50a deialdiaren ebazpena eman eta diru-laguntza onartzeko epea amaitzen denean; eta gainerako % 50a, berriz, inbertsioa benetan egin izana egiaztatu ondoren, jatorrizko ordainagirien edo horien fotokopia konpultsatuen bidez. Elkargo profesionalak bisatutako exekuzio-proiektua aurkeztu behar bada, obraren likidazioa ere aurkeztu beharko da. Nolanahi ere, diru-laguntzaren bigarren ordainketa 2013. ekitaldian egingo da.

Likidaziorako agiri hauek aurkeztuko dira:

– Azalpen-memoria.

– Benetan exekutatutako neurketak.

– Proiektuaren aurrekontua eta benetan exekutatutako aurrekontua erkatzen dituen aurrekontua.

– Obra-onarpenaren akta; bertan, obrako zuzendaritza teknikoak, kontratak eta ikastetxeko ordezkariak hartuko dute parte.

– Sozietate eta zerga-betebeharren ordainketa egunean izatea egiaztatzen duten agiriak.

Ikastetxeak berak zuzenean kudeatu badu obra, gremioak edo hornitzaileak bakarka kontratatuz, eta, beraz, kontratista nagusi bakar bat ez dagoenez, obra-onarpenaren akta izenpetzea zaila bada, obren amaiera ontzat emateko Eskola Kontseiluaren erabaki bat aurkeztuko da akta horren ordez, eta horrekin batera hornitzaileen eta gremioen zerrenda bat, bakoitzaren zenbatekoez; zerrenda horrek bat etorri beharko du aurkeztutako fakturetatik ateratzen den obraren guztirako zenbatekoarekin.

Kasu guztietan, izapidetu ahal izateko, derrigorrezkoa izango da gizarte- eta zerga-betebeharrak egunean izatea egiaztatzen duen agiria aurkeztea.

Likidaziorako dokumentu horiek aurkezteko azken eguna 2013ko irailaren 30a izango da.

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako Eraikuntzako atalek egiaztatuko dute obren amaiera; horren ostean, emandako laguntzen zenbateko guztia ordainduko da.

16. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke.

Ondorio horietarako, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak aldatzeko ebazpen bat emango du, eta bertan diru-laguntzen zenbatekoa doituko da.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko baldintzetakoren bat ez dela bete egiaztatzen baldin bada, jasotako diru-kopuruak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli egin beharko zaizkio, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren Testu Bategineko 53. artikuluak ezarritakoaren arabera eta horri jarraiki.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Prozedura gaietan agindu honetan arautu gabeko kasuetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.– Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak, aginduan bertan aurreikusitakoaz gainera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. tituluan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du. Beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari hilabeteko epean edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 4a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala