Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2012ko uztailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
3173

AGINDUA, 2012ko ekainaren 20koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena; honen bitartez onartzen dira erakunde publikoek esku-hartze sozialaren esparruan teknikariak eta/edo administrariak kontratatzeko eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko oinarriak, eta laguntza horietarako deialdia egiten da 2012. urterako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortu, kendu eta aldatzeari, eta Sail horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazteari buruzko lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak gizarte-zerbitzuen arloa identifikatzen du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari dagozkion arloetako bat bezala, eskumenei dagokienez.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak gizarte-zerbitzuetan egiten den jarduerari deitzen dio gizarte esku-hartze, eta adierazten du autonomia pertsonala sustatzera eta babestera eta pertsona, familia eta talde guztien gizarteratzera bideratuta dagoela, sustapen-, prebentzio-, babes- eta laguntza-eginkizuna garatuta, batez ere pertsonalak eta harremanezkoak diren prestazio eta zerbitzuen bidez.

Esku-hartze soziala sektore-esparru handietako bat da ongizatearen aldeko ekintzaren barruan, hezkuntza-alorreko esku-hartzeari, osasun-alorreko esku-hartzeari, enpleguari buruzko esku-hartzeari, etxebizitzarekin lotutako esku-hartzeari eta abarri dagozkien ekintzekin batera. Izaera misto, koordinatu edo integratuko esku-hartzeak, hala nola gizarte- eta hezkuntza-alorrekoak, gizarte- eta osasun-alorrekoak, gizarte– eta lan-alorrekoak edo gizarte- eta bizileku-alorrekoak, esku-hartze sozialaren modutzat har daitezke.

Gizarte-zerbitzuak esku-hartze soziala egiteko esparru pribilegiatua badira ere, zerbitzu horietatik haratago ere joan daiteke esku-hartze hori, batez ere zeharkako esparru edo gai jakin batzuetara proiektatzen bada, esate baterako, etorkinen gizarteratzea eta, oro har, kulturen arteko elkarbizitza.

Hain zuzen ere, arestian aipatutako zeharkako politika horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak bestelako erakunde publikoei zuzendutako diru-laguntzen inguruko jarduna bereziki handia izan da, langileak kontratatzeko laguntzen kasuan nagusiki, udal-esparruan jarduerak garatzeko eta etorkinen gizarteratzearen eta integrazioaren zeharkako ikuspegiak bereziki kontuan hartuko dituen esku-hartze soziala gauzatzeko. Diru-laguntzen ekintza hori zirkunstantzia jakin batzuetan justifikatu da bereziki, zehazki, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak gauzatzean sustatu zituen plan eta ekimenen inpaktua plan eta ekimen horiek egikaritzeko lanean inplikatutako erakunde publikoek xurgatzea eta beren gain hartzea zaila denean, epe motzean, behinik behin.

Bestalde, agindu honen bitartez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak jarraipena eman nahi dio azken urteotan etorkinen gizarteratze-politiken esparruan garatu den diru-laguntzen politikari.

Horrez gain, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketa bere gain hartzeak, aldaketa handia dakarkie toki-erakundeek gauzatu beharreko politikei, eta horrek aukera ematen die erakunde horiei gizarteratze-politikak are gehiago sustatzeko, baita gizartean baztertuta geratzeko arriskuan daudenen enplegu-aukerak areagotzeko jarduerak modu sakonagoan garatzeko ere. Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kudeatu dezan, beharrezkoa da oinarrizko gizarte-zerbitzuekin koordinatuta eta modu osagarrian lan egitea, gizartean baztertuta edo bazterkeria-arriskuan dauden pertsonekin modu integralean lan egin ahal izateko. Horrela, testuinguru berri horrek aukera emango du Gizarte Zerbitzuen Legeak proposatutako komunitate-ikuspegian eta printzipioetan aurrera egiteko.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea onartzeak funtsezko aurrerabidea ekarri dio Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen unibertsalizazio-prozesuari eta esku-hartze sozialaren eremuaren ordenazio-prozesuari, eta horretaz gain, testuinguru jakin bat sortzen laguntzen du; testuinguru horretan, diru-laguntzen ekintza handi eta egonkorra erakunde publiko jakin batzuek beste erakunde publiko batzuen egiturak eta jarduerak finantzatzeko deialdien bitartez gauzatzen da ekintza hori- gero eta okerrago egokitzen da, erreferentziazko ereduko erakunde-maila bakoitzak honako ezaugarri hauek dituen neurrian: berezko erantzukizunak eta ekimenak, erantzukizun eta ekimen horiek aurrera eramateko behar besteko finantzaketa, eta jakina, bere egiturak, lanbide-figurak eta jarduerak zehazteko behar beste autonomia, eta zalantzarik gabe, baita kasu bakoitzari dagokion eskumen- eta geografia-eremuan diharduten erakundeei (gizarte-ekintzako hirugarren sektorekoak) zuzendutako diru-laguntzen lan propioa erabakitzekoa ere.

Era berean, gizarteratzeari, immigrazioari eta, besteak beste, kulturen arteko bizikidetzari lotutako zeharkako politikei dagozkien legediak eta planek joera bat dute, batetik, egitura publikoko erakunde bakoitzaren erantzukizunak gero eta argitasun handiagoz identifikatzekoa, eta bestetik, elkarlanean berdintasunez aritzekoa, gero eta neurri handiagoan; aitzitik, horrek ez du esan nahi zirkunstantzia jakin batzuetan, eta baldintza jakin batzuekin, erakundeen arteko lankidetza horrek ezin duenik ekarri erakundeen artean funtsak transferitzea.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak nahi argi bat du, arestian adierazitako moduan beste erakunde publiko batzuetara zuzendutako diru-laguntzen ekintza murrizteko eta eraldatzeko prozesua, ahal den neurrian, progresiboa eta erakunde horiekin adostua izatea, hain zuzen ere.

Diru-laguntzen Agindu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina eta haren garapen-araudia onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arau-esparruaren barruan dago.

Agindu honetan aurreikusitako bi laguntza-lerroak honako hauek dira:

a) Gizarteratzearen arloko teknikariak eta/edo administrariak kontratatzeko laguntzak.

b) Immigrazio-teknikariak kontratatzeko eta immigrazioaren eta kulturen arteko elkarbizitzaren arloko jarduerak egiteko laguntzak.

Lehenengo lerroari dagokionez (Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritza da haren kudeaketa-organoa), urtean behingo deialdi bat da, eta langileak (teknikariak eta/edo administrariak) kontratatzen laguntzea du xede, gizarteratzearen, ongizate sozialaren eta parte-hartze sozialaren alorreko prozesuetan gero eta eraginkorragoa izango den esku-hartze soziala tokiko esparrutik sustatzeko, laneratze aktiborako prestakuntza-baliabideetara iristea errazte aldera nagusiki. Esku-hartze sozial hori, toki-erakundeek kontratatutako langileek egiteaz gain, erakunde pribatuek ere egin dezaketenez gero, laguntzen lerro honetan ere erakunde horietako kontratazioak finantzatzeko laguntzak eman daitezke.

Bigarren lerroa, zeinaren kudeaketa-organoa Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritza baita, EAEko erakunde-egituran immigrazioak duen errealitateari arreta handiagoa eta hobea ematen lagunduko duten langile teknikariak eta jarduerak finantzatzean datza, eta oro har, kultura arteko bizikidetza faboratuko duten esku-hartze sozialeko jarduerak egitean.

Horren guztiaren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da teknikariak eta/edo administrariak kontratatzeko eta jarduerak garatzeko Eusko Jaurlaritzak Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren bitartez erakunde publikoei zuzendutako laguntza ekonomikoak arautzea eta 2012. urterako deialdia egitea, betiere langile eta jarduera horiek honako esparru hauetakoak badira: immigrazioa eta kultura arteko bizikidetza.

2.– Laguntza hauen onuradunak izango dira, 12. eta 17. artikuluetan ezarritakoari jarraiki, tokiko udalerriak, mankomunitateak, koadrilak, partzuergoak, agentziak eta udalaz gaindiko bestelako erakundeak, edota udalerrien elkarteak, Euskal Autonomia Erkidegokoak, betiere udalen eta foru-aldundien premiei erantzuteko xedea badute.

3.– Kontratatutako pertsonalaren jarduna betearazteko edo jarduerak garatzeko epea 2012ko ekitaldia da.

2. artikulua.– Erreferentziazko irizpideak.

1.– Aurreikusitako laguntzen xede diren langileek eta jarduerek indarreko legediarekin bat etorri beharko dute, eta baita Agindu honetan jasotako sektore-esparruekin (gizarte-zerbitzuak) eta zeharkako esparruekin (immigrazioa eta kultura arteko bizikidetza) lotutako esku-hartzeko planetan kokatuta egon ere, erreferentzia nagusia Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea dela kontuan hartuz.

2.– Horrela, honako erreferentziazko irizpide hauen bitartez zuzendutako eskabideei eman ahal izango zaizkie diru-laguntzak:

a) Prebentzioa: hasteko, lehentasuna arretarako premia agertzea, luzatzea edo areagotzea saihesten duen esku-hartzearen alde.

b) Ikuspegi komunitarioa: familia- eta komunitate-sareetan oinarritzen den eta haiek babesten dituen esku-hartzeak izango du lehentasuna, betiere hurbiltasunari begira.

c) Pertsonalizazioa: arreta hobekien molda edo egoki dadin lortzeko modu malgua bilatzea, arreta hori jasotzen duen gizabanako bakoitzaren premia, eskaera eta igurikimenetara molda edo egoki dadin.

d) Sinergia: doikuntza handiena, jarraitutasun handiena, arintasun handiena eta efektu biderkatzailea pertsonak jasotzen dituen prestazio eta zerbitzuen artean eta horiek ematen dituzten sistema eta sareen artean.

e) Pertsonen eta taldeen autonomia, parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzea: lan egitea pertsonek gaitasun onenak gara ditzaten eta erabaki dezaten eurengan eraginik duen guztiari buruz, albait gehien.

f) Normalizazioa: jendeari kulturalki arauemaileak edo sozialki balioetsiak diren inguruneak, jarduerak, baliabideak eta aukerak eskaintzea, eta aldi berean, giza aniztasuna onartzea, errespetatzea eta indartzea.

g) Gizarteratzea: hain murriztaileak ez izateaz gain albait irisgarrienak diren babesak, inguruneak, jarduerak, zerbitzuak eta baliabideak eskaintzea, hau da, komunitatearekiko harreman handiena sortzen dutenak; era berean, komunitatean ere esku hartu beharko da, informazioko, sentsibilizazioko eta diskriminazioaren aurkako borrokari begira.

h) Kudeaketaren etengabeko hobekuntza, plangintza estrategikoko, komunikazio integratzaileko, jakintzaren eraikuntzako, enpleguaren kalitatearen hobekuntzako eta inpaktuaren ebaluazioko tresnak sartuz, eta eraginkortasunik ezak eta bikoiztasunak saihestuta.

3. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Diru-laguntzen onuradun diren Administrazioen betebeharra izango da Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak emandako laguntza ekonomikoarekin batera beren gain hartutako kontratazioari eta ordainsariari dagozkien langileen gaitasun eta prestakuntza teknikoa eta profesionala zehaztea eta egiaztatzea.

2.– Orobat, adierazitako entitateen erantzukizuna da Agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoek finantzatzen lagundutako jarduerak indarreko araudiarekin bat datozela eta erreferentziazko arau eta planetan kokatuta daudela zaintzea, jarduera horiek Administrazio publikoek zuzenean kontratatutako langileek gauzatzen dituztenean nahiz horretarako kontratatutako erakunde pribatuek gauzatzen dituztenean.

3.– Edonola ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzen onuradunak izango diren erakundeek Agindu honen 8. artikuluan aurreikusitako dokumentazio justifikatzailea Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailera igortzeko betebeharra izango dute, eta horretaz gain, diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera nabarmen aldatuko dituen edozein jazoera jakinarazi beharko dute, horien jarraipenean eta geroagoko ebaluazioan Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin lankidetzan aritzeaz gain.

4. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Agindu honen bitartez araututako kontratazio eta jardueren 2012ko finantzaketa, zehazki, 5.886.778 euro, diru-laguntzen bi lerroetarako aurreikusitako aurrekontu-partidak batzearen emaitza da, Agindu honen 13. eta 18. artikuluetan aurreikusitakoari jarraiki.

2.– Agindu honetan aurreikusitako hiru laguntza-azpilerroetako bakoitzerako esleitutako aurrekontu-kredituaren zenbateko osoa handitu ahal izango da eskatu diren laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren beste laguntza-lerro batzuk egikaritu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta betiere diru-laguntzen ebazpena eman baino lehen. Dagokion zuzendariaren ebazpenaren bidez jakinaraziko da inguruabar hori.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskaerak eskabide normalizatu bidez egingo dira. Eskabide hori I. eranskin gisa erantsi zaio Agindu honi eta www.euskadi.net webgunean dago eskuragarri: tramiteak/diru-laguntzak. Eskabide horren atal guztiak behar bezala bete beharko dira eta erakunde eskatzailea legez ordezkatzen duen pertsonak sinatu beharko du; horretaz gain, adierazitako eranskin baten kopia bat aurkeztu beharko da euskarri informatikoan (ahal bada, CDan).

3.– Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du Agindu honetan kontuan hartutako laguntza-azpilerro bakoitzean, hau da, guztira hiru eskaera aurkeztu ahal izango ditu gehienez. Gainera, diru-laguntzaren xede diren jarduerak taldekatu beharko ditu. Jarduera bera diru-laguntzen xede diren lerroetako bakar batean sartu ahal izango da soilik.

4.– Eskabide-orria dagokion diru-laguntzen lerroaren Zuzendaritza kudeatzailera bidaliko da, eta lerro horretan aurreikusten den dokumentazioarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailera (Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz) igorri beharko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako moduan (Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da.

5.– Diru-laguntzarako eskabide-orriarekin batera (I. eranskina) aurkeztu beharko dira, batetik, diru-laguntzen azpilerro bakoitzerako eskatzen den dokumentazioa (I.A eta I.B) eta, bestetik, laguntzari eman nahi zaion helburuaren (langileen kontratazioa edo jarduerak gauzatzea) identifikazio– eta garapen-memoria, Agindu honen II. eranskin gisa erantsitako eta behar bezala betetako eskabide normalizatu bidez, www.euskadi.net webgunean eskuragarri dagoena: tramiteak/diru-laguntzak. Paperean aurkezteaz gain, eranskin horren kopia bat aurkeztu beharko da euskarri informatikoan (ahal bada, CDan).

6.– Aurkeztutako eskabideak eta haren dokumentazioak eskatutako eskakizunak betetzen ez badituzte, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta hamar egun balioduneko epea emango zaio dokumentazioa konpontzeko; hori egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela jakinaraziko zaio, Ebazpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen) 71.1 eta 42. artikuluetan ezarritakoaren arabera eman beharrekoa- eman ondoren.

6. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta ordainketa.

1.– Jardueren finantzaketari dagokionez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eskaera bakoitzean aurkeztutako jardueren guztizko aurrekontuaren % 75era bitarte finantzatu ahal izango du.

2.– Jarduerak garatzeko zein langileak kontratatzeko emandako laguntzak zatika ordainduko dira; % 70 diru-laguntza onartu ondoren ordainduko da, eta gainerako % 30, berriz, jarduera amaitu eta bi hilabeteko epean, betiere diruz lagundutako jarduera justifikatzen duten dokumentuak aurkeztu ondoren.

7. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute diruz lagundutako jarduera amaitu eta bi hilabeteko epean:

a) Diruz lagundutako kontratazioaren eta/edo jardueraren deskribapen- eta ebaluazio-memoria, eredu normalizatuaren arabera. Eredu hori Agindu honi erantsi zaio III. eranskin gisa (www.euskadi.net webgunean dago eskuragarri: tramiteak/diru-laguntzak), eta atal guztiak behar bezala beteko dira.

Memoria horretan justifikazio-kontu bat, hau da, gastua –Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak emandako zenbatekoaren parekoa– egiaztatzen duten dokumentu guztiak biltzen dituen erantzukizun-aitorpena jaso beharko da. Aitorpen horretan dokumentuaren nondik norakoa, identifikazioa, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta, hala badagokio, jarduerari egozten zaion ehunekoa eta zenbatekoa adierazi beharko dira.

b) Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, diruz lagundutako jarduerarako edota kontrataziorako bestelako finantzaketa-iturririk 2012an izan ote duen egiaztatzen duena.

c) Jardueraren inguruko dokumentazio publikoa, hala nola, prentsako ebakinak edo diruz lagundutako jardueraren garapenean sortutako materialetako bakoitzaren aleak, sortutako hizkuntza desberdinetan eta euskarri fisiko zein magnetikoan.

2.– Emandako laguntzaren kontura egindako gastuen justifikazioa egiteko ondoko dokumentuak onartuko dira:

1) Langile teknikari edo administrariak kontratatzearen ondoriozko gastuak justifikatzeko:

a) Entitate onuradunaren gastua kontrolatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria, kontratatutako pertsonen identifikazio datuez eta datu-akademikoez gain, kontratatutako denbora eta kontrataziotik eratorritako diru-kostu osoa jasotzen dituena.

b) Ordainsarien ordainagiriak, eredu ofizialera eta Gizarte Segurantzaren kotizazio-buletin ofizialetara egokituak.

c) Zerbitzua kontratatuta duten erakundeek kontratatutako erakundearekin formalizatutako kontratuaren kopia bat eta dagozkion ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte. Kontratuan agertzen ez bada, honako informazio hau banakatu beharko da:

– Kontratatutako pertsonen titulazioa edota horren fotokopia konpultsatua.

– Kontratatutako pertsonen lan-kostua (Gizarte Segurantzako gastuak barne).

2) Jarduerak gauzatzearen ondoriozko gastuen justifikaziorako:

a) Erakunde onuradunaren organo eskudunaren ziurtagiria, diruz lagundutako jardueraren ondoriozko guztizko kostu ekonomikoa jasoko duena.

b) Erakunde onuradunaren izenean egindako fakturak, gastuei dagozkienak. Baliagarria izateko, faktura orok 2012koa beharko du izan.

c) Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatutako ordainagiriak, betiere finantza-erakundeek eginak badira eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

3.– Diru-laguntza behar bezala aplikatu ote den egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastuaren egiaztagiriak, diruz lagundutako erakundeen zorizko lagin bat oinarri hartuta, laguntza eman eta hurrengo urtean egiaztatu ahal izango dira, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Kontuen Euskal Epaitegiak, legez ezarritako epearen barruan, egokitzat jotako gainerako ikuskapenak, jarraipenak eta kontrolak egin ditzaketela alde batera utzi gabe.

8. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena eta errekurtsoak.

1.– Diru-laguntzen lerro bakoitzerako espezifikoki zehazten den Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Zuzendaritza izango da Agindu honetan araututako diru-laguntzak kudeatu eta ebazteko eskumena izango duen organoa.

2.– Diru-laguntzen lerro bakoitzerako, kudeatu eta ebazteko eskumena duen zuzendariak Balioespen Batzorde bat hautatuko du, eta Batzorde horrek diru-laguntzen ebazpen-proposamena emango du.

3.– Kide anitzeko Organo hori gutxienez bi pertsonak eta gehienenez lau pertsonak osatuko dute, betiere Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Zuzendaritzetako goi-karguak edo funtzionario edo langileak badira eta gizarte-gaietako arloan eta immigrazioaren eta kulturartekotasunaren arloan eskumena badute, Zuzendaritza horietako bakoitzak proposatuta. Beharrezko neurriak hartuko dira Balioespen Batzordean bi sexuen presentzia orekatua egon dadin lortzeko. Kasu bakoitzean, diru-laguntzen lerroa kudeatzen duen Zuzendaritzako funtzionario edo langile batek jardungo du Kide anitzeko Organoaren idazkari gisa. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Organo horien osaera.

4.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ukatzeko, Agindu honetan aurreikusitako laguntzen azpilerro bakoitzaren ardura duen zuzendariak Ebazpena emango du, eta erakunde eskatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie ebazpen hori. Emakida-ebazpenak eta horien aldaketak (halakorik egonez gero), Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta bertan erakunde onuraduna, diruz lagundutako kontzeptuak eta horiei dagozkien zenbatekoak jasoaraziko dira. Era berean, ukatutako eskaerak jasoaraziko dira, ukapenaren arrazoia adierazita.

5.– Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete kasu bakoitzari Gizarte Gaietako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

6.– Ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehienezko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi-agindua argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzarako eskabidea ukatutzat hartu ahal izango da, esanbidezko Ebazpena eman beharra bazter utzi gabe, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

9. artikulua.– Bestelako laguntza edo diru-laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira Eusko Jaurlaritzaren beste Sail edo Erakunde Autonomoren batek edota bestelako Administrazio edota erakunde publiko edo pribaturen batek eman ditzakeen beste batzuekin, betiere xede eta helburu bera badute. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru-laguntzaren xede den kontratazio edo jardueraren guztizko kostua.

2.– Beste laguntza batzuekiko aldi berekoa bada, eta betiere laguntza horien baturak diru-laguntzaren xede den kontratazio edo jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin hori bateraezina dela aitortuko da, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuta.

10. artikulua.– Emakida-ebazpenaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontutan hartutako baldintzak aldatzen badira; horrekin batera beste administrazio nahiz erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badira; edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko hartu zen erabakia aldatu egin ahal izango da; kasu horretan, dena dela, dirulaguntzen onuradun izateko arau honetan jarritako oinarrizko baldintzak gorde egingo dira. Horretarako, laguntzen azpilerro bakoitzari dagokion Zuzendaritzak aldaketa egiteko Ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa egokituko da, horiek emateko irizpideak eta mugak aplikatuta, eta erakunde onuradunak itzuli egin beharko ditu soberakinak.

II. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN LEHEN LERROA: GIZARTERATZE POLITIKAK GARATZEKO TEKNIKARIAK ETA/EDO ADMINISTRARIAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK

11. artikulua.– Xede espezifikoa.

1.– Laguntza-lerro honen xedea erakunde publikoek gizarteratzearen alde egiten duten gizarte-eskuartzea sustatzea da.

2.– Horretarako, 2012. urtean teknikarien eta/edo administrarien kontratazioa finantzatuko da, lanaldi-erdian gutxienez, gizarteratze-politikak garatzeko.

12. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradunak izan ahalko dira Toki Jaurbidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 87. artikuluan adierazitako nortasun juridiko propioko udalerriak eta haien erakunde autonomoak, mankomunitateak, koadrilak eta partzuergoak.

2.– Xedapen honen babespeko langileen zuzeneko kontratazioa hainbat toki-erakundek batera egin ahal izango dute, nahiz eta horien zerbitzuak erkidetuta ez egon. Horrelako kasuetan, eta toki-erakundeen elkarte batek Lurralde Historiko bakoitzaren barruan eskatzen badu, dagokion foru-aldundiaren bitartez eskatu ahal izango dira laguntza horiek.

3.– Orobat, adierazitako entitateen erantzukizuna da Agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoek finantzatzen lagundutako jarduerak indarreko araudiarekin bat datozela eta erreferentziazko arau eta planetan kokatuta daudela zaintzea, jarduera horiek Administrazio publikoek zuzenean kontratatutako langileek gauzatzen dituztenean nahiz horretarako kontratatutako erakunde pribatuek gauzatzen dituztenean.

13. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak 2012ko ekitaldirako onartzen dituen legeak 4.465.930 euroko kreditua onartu zuen diru-laguntza lerro horretarako 2012. urterako.

14. artikulua.– Banaketa-prozedurak eta -irizpideak.

1.– Teknikarien eta/edo administrarien kontratazioa, gizarteratzearen eta gizartean baztertuta egoteko arriskuan dauden giza taldeen gizarteratze aktiboa prestatzeko baliabideak eskuratzen laguntzera lehentasunez zuzendutako jarduerak garatzeko.

a) Gizarteratze-ekintzak garatzera bideratutako teknikariak eta/edo administrazio-langileak kontratatzeko aurrekontu-kreditua IV. eranskinean adierazitako moduan banatuko da, honako gizarte-adierazle hauetan oinarrituta:

1) Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten unitateen kopurua:

2) Langabezian dauden pertsonen kopurua.

3) Immigranteen kopurua.

Edozein kasutan, eranskin horretan zenbatetsitako zenbatekoa Agindu honetan xedatzen den moduan eta epearen barruan eskatu beharko da.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakunderen baten saldorik badago eta saldo hori lerro hauetan xedatuta ez badago, lehen adierazitako IV. eranskinean aldez aurretik zenbatetsitako zenbateko osoa edo zenbatekoaren zati bat eskatu ez delako, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak saldo horiek berriz esleitu ahal izango ditu, aldez aurretik esleitutako zenbatekoa baino gastu-aurreikuspen handiagoa duten beste toki-erakundeen alde. Horretarako, zenbatetsitako zenbatekoa gainditzen duen gastu-aurreikuspena duten udalerrien artean eskatu gabeko saldoa banatzeko, lehen adierazitako esleipen-irizpide berberak aplikatuko zaizkie udalerri horiei, betiere kasu bakoitzean eskatutako zenbatekoraino.

15. artikulua.– Kudeaketa Organoa.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari dagozkio diru-laguntzen lerro honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko lanak egitea.

III. KAPITULUA
DIRU LAGUNTZEN BIGARREN LERROA: IMMIGRAZIOKO TEKNIKARIEN KONTRATAZIOAREN JARRAIPENERAKO ETA IMMIGRAZIOAREN ETA KULTUREN ARTEKO BIZIKIDETZAREN ESPARRUKO JARDUERETARAKO LAGUNTZAK

16. artikulua.– Xede espezifikoa.

1.– Laguntza-lerro honen xedea da toki-erakundeek beren ekimenez egindako esku-hartze soziala sustatzea, immigrazioaren eta kultura arteko bizikidetzaren alorrean horrelako toki-erakundeak laguntzeko.

2.– Horretarako, immigrazioko langile teknikarien kontratazioaren mantentzea finantzatuko da, 2011n indarrean zeuden kontratazioen kasuan, eta kontratazio horiek Enplegu eta Gizarte Saileko diru-laguntzak jaso badituzte; horretaz gain, immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren alorreko jarduerak egiteko, gauzatzeko eta ebaluatzeko lanak ere finantzatuko dira.

3.– Kontratatutako immigrazioko langile teknikariek honako eginkizun hauek izango dituzte: tokiko eremuan dauden baliabideetarako eta zerbitzuetarako sarbide normalizatua sustatzeko neurri eta proposamenak –zeharkakoak eta aldeaniztunak– planifikatzen, diseinatzen, gauzatzen eta ebaluatzen laguntzea udal-mailako hainbat arlori; etorkinei harrera egiten eta arreta ematen esku hartzen duten beste profesionalekin eta/edo erakunde publikoekin edo pribatuekin koordinatzea eta ekintzak gainbegiratzea; bertako herritarrei eta udal-langileei zuzendutako informazioko eta sentsibilizazioko neurriak diseinatzea eta gauzatzea, betiere gizarteratzea sustatzearren, etorkinen eta bertakoen artean noranzko biko elkarregokitze-prozesutzat hartuta; toki-eremuan dauden identitate guztien garapen librea, elkarren artean ezagutzea, elkarrizketa eta elkarrekiko harremanak bermatuko dituzten neurriak eta proposamenak planifikatzea eta gauzatzea. Era berean, Immigrazioari buruzko tokiko planak egiten, betearazten eta ebaluatzen lagunduko dute.

Immigrazioko langile teknikarien lana zeharkakoa izango da, eta udal-arlo guztiak konprometi eta tartean sar daitezen ahaleginduko da, migrazio-fenomenoaren ezaugarriak politika orokorren barnean hartzea lortzeko eta, era horretan, udal-mailako baliabideak eta zerbitzuak lortzeko aukera berdintasunean oinarrituta normalizatzeko.

4.– Lanaldi osoa aurreko idatz-zatian adierazitako eginkizunetan ematen duten profesionalen kontratazioen jarraipena finantzatuko da.

17. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Immigrazioko langile teknikarien kontratazioarekin aurrera jarraitzeko laguntzen onuradunak izateko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, partzuergoek, eskualdeek, eskualde-garapenerako agentziek, udalaz gaindiko toki-erakundeek edota udalerrien elkarteek, betiere 2011n immigrazioko langile teknikariak kontratatuta bazituzten.

2.– Immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorreko jarduerak lantzeko, gauzatzeko edota ebaluatzeko laguntzen onuradunak izateko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, partzuergoek, eskualdeek, eskualde-garapenerako agentziek, udalaz gaindiko toki-erakundeek edota udalerrien elkarteek. Hainbat toki-erakundek batera egin ditzakete eskabideak, nahiz eta horien zerbitzuak erkidetuta ez egon. Horrelako kasuetan, eta toki-erakundeen elkarte batek Lurralde Historiko bakoitzaren barruan eskatzen badu, dagokion foru-aldundiaren bitartez eskatu ahal izango dira laguntza horiek.

3.– Orobat, adierazitako entitateen erantzukizuna da Agindu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoek finantzatzen lagundutako jarduerak indarreko araudiarekin bat datozela eta erreferentziazko arau eta planetan kokatuta daudela zaintzea, jarduera horiek Administrazio publikoek zuzenean kontratatutako langileek gauzatzen dituztenean nahiz horretarako kontratatutako erakunde pribatuek gauzatzen dituztenean.

18. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrak 2012ko ekitaldirako onartzen dituen Legeak 1.420.848 euroko kreditua zuzentzen du diru-laguntzen lerro horretara 2012ko ekitaldirako, eta kreditu hori honela banatzen da:

a) 2012an immigrazioko langile teknikarien kontratazioarekin aurrera jarraitzea: 579.700 euro.

b) Immigrazioaren eta kulturen arteko bizikidetzaren alorreko jarduerak egin, gauzatu edo ebaluatzea: 841.148 euro.

2.– Kide anitzeko Organoaren ebazpen-proposamenean arrazoituz proposatu ahal izango da aurreko idatz-zatian adierazitako laguntza-azpilerroen arteko edozeinetako baliabide soberakindunak beste azpilerroen batean erabiltzea.

3.– Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 2012ko ekitaldiari dagokion langileengatiko kostua finantzatu ahal izango duen zenbatekoak ezin izango du inolaz ere gainditu 34.100 euroko zenbatekoa lanaldi osorako kontratatutako immigrazioko teknikari bakoitzeko.

19. artikulua.– Banaketa-prozedurak eta -irizpideak.

1.– Immigrazioko langile teknikarien kontratazioa.

Kontratazio finantzagarriko teknikarien kopurua ondoren adierazitako ratioen arabera zehaztuko da 2012ko urtarrilaren 1ean, eta inolaz ere ezin izango dira hiru teknikari baino gehiago diruz lagundu erakunde bakoitzeko:

a) Erakunde eskatzailean erroldatutako Europar Batasunetik kanpoko 500-1.500 pertsona: teknikari bat.

b) Erakunde eskatzailean erroldatutako Europar Batasunetik kanpoko 1.500 pertsonatik gora: gehienez hiru teknikari.

c) Arrisku– edo babesgabetasun-egoeran dagoen eta esku-hartze berezia behar duen kolektibo bat dagoela egiaztatzen bada: teknikari bat.

d) Immigrazioarekin eta kulturartekotasunarekin lotutako esku-hartzeko jarduera bat bereziki berritzailea eta baliotsua dela egiaztatzen bada: teknikari bat.

Laguntza horiei esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura aurkeztutako eskabideak estaltzeko nahikoa ez bada, 19 artikuluak gehienez ahalbidetzen duen zenbatekoan, edo hori baino txikiagoa bada, eskatutako zenbatekoan, horien artean banatuko da hura, behar adina funts egongo balira horiei legokiekeen zenbatekoaren proportzioan.

Diruz lagun daitezkeen langile teknikarien lanpostu guztiek 2011n zeudenen jarraipenak izan beharko dute.

2.– Jarduerak.

a) Jardueretarako laguntzak emateko prozedura lehiaketarena izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan ezarritakoari jarraiki. Balioespen Batzordeak jarduera bakoitzerako finkatuko du ondoren ezarritako balioespen-irizpideen arabera lortutako puntuazioa. Emakida aurkeztu eta onartutako eskabideak alderatu ondoren gauzatuko da, horien artean lehentasun bat ezartzeko, soilik balioespenik handiena lortu dutenei esleituz, esleituta dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte.

b) Emandako diru-laguntzak ezin izango du inolaz ere gainditu eskatutako zenbatekoa edo jardueraren guztizko aurrekontuaren % 75.

c) Diru-laguntzen lerro honetan aurkeztutako jarduerak balioesteko, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:

c.1.– Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, horren diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna barne: gehienez 20 puntu.

c.2.– Jardueraren bitartez erantzuna eman nahi zaion egoeraren eta horren helburuen garrantzia, zuzeneko edo zeharkako hartzaile edo onuradunen kopurua barne: gehienez 20 puntu.

c.3.– Agindu honen 2. artikuluan jasotako irizpideak eta genero-ikuspegia aplikatzean lortutako meritu bereziak: gehienez 20 puntu.

c.4.– Ebaluazioen emaitza eta diru-laguntza eskatu duen erakundeak aurreko ekitaldietan bere betebeharrak bete izana, erakundeak kudeatzeko duen gaitasunaren adierazle: gehienez 20 puntu.

c.5.– Esku-hartze sozialaren alorreko erakunde arteko koordinazioa eta esku-hartze sozialaren alorraren eta beste alor batzuen (hezkuntza-arloko, osasun-arloko edo enplegu-arloko esku-hartzea) arteko koordinazioa: gehienez 20 puntu.

20. artikulua.– Kudeaketa organoa.

Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritzari dagozkio laguntza-lerro honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eta ebazteko lanak egitea.

21. artikulua.– Jardueren zabalkundea.

Kapitulu honetan xedatutakoari jarriki finantzatzen diren jardueren kasuan, programa horiei buruz egiten den zabalkundeak, hala inprimatutako materialaren nola beste edozein euskarriren bitartez, Lan eta Immigrazio Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren arteko Lankidetza Hitzarmenean oinarrituta egiten dela adierazi beharko du, eta nolanahi ere jabetza intelektuala arautzen duen legedian xedatutakoa errespetatuz. Jarduerei buruzko publizitatea egiteko sortzen diren material guztietan Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritzaren eta Lan eta Immigrazio Ministerioaren logotipoak agertu beharko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Errekurtsoak.

Administrazio-bidea agortzen duen Agindu honen aurka berraztertzeko aukerako errekurtsoa jarri ahalko diote interesdunek Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzietarako errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan aurreikusi ez diren prozedura-alderdi guztietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hirugarrena.– Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 20a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala