Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

136. zk., 2012ko uztailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
3172

EBAZPENA, 2012ko ekainaren 7koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena; honen bitartez, 2012. ekitaldian hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen deialdia iragartzen da.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko uztailaren 28ko Aginduak arautzen du hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programa (2010eko abuztuaren 23ko EHAA).

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduak (2011ko uztailaren 4ko EHAA) eta 2012ko ekainaren 6ko Aginduak (2012ko uztailaren 11ko EHAA) aldatu dute agindu hori.

Abenduaren 23ko 6/2011 Legean (2011ko abenduaren 30eko EHAA) araututako Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-partidetatik aterako dira diru-laguntza horiek ematera bideratutako baliabide ekonomikoak.

Agindu horren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bidezko da bertan finkatutako laguntzetarako deialdia egitea 2012ko ekitaldirako, eta horretarako beharrezkoak diren arauak ematea.

Aurrekoa aintzat hartuta, eta adierazitako aginduaren 12. artikuluan ezarritako ahalmenaren arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Honako hau da ebazpen honen xedea: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko uztailaren 28ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2012ko ekitaldirako deialdia egitea (2010eko uztailaren 28ko Agindua, hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzak arautzen dituena, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduak, eta 2012ko ekainaren 6ko Aginduak aldatua)

Helburu horretarako, 5.357.143 euro bideratuko dira, guztira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren Legean horri dagokionez 2012. urterako ezarritako ordainketa eta konpromisoko aurrekontu-kredituen arabera. Aipatutako zenbatekoa honela banatuko da:

a) 4.357.143 euro udalen jardunetarako, banaketa honekin: 3.050.000 euro 2012. urterako, eta 1.307.143 euro 2013. urterako.

b) 1.000.000 euro merkatarien elkarteen jardunetarako.

Zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta betiere laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpen baten bitartez emango da horren berri.

2. artikulua.– Baldintzak.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2010eko uztailaren 28ko Aginduan (2010eko abuztuaren 23ko EHAA) aurreikusitako laguntzak eskuratu ahal izateko, agindu horren 5. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eskatzaileek. Agindu hori Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduak (2011ko uztailaren 4ko EHAA), eta 2012ko ekainaren 6ko Aginduak (2012ko uztailaren 11ko EHAA) aldatu zuten.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabidearen eredua deialdi honen I. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa izango da; eredu hori eskuratu ahal izango da Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-ordezkaritzetan edo bestela interneteko honako helbide honetan: www.euskadi.net/comercio.

2.– Eskabideak eta gainerako dokumentazio osagarria Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Merkataritza Zuzendaritzara bideratu beharko dira, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Lurralde Historiko bakoitzean duen lurralde-ordezkaritzan, Zuzenean Zerbitzuaren bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako tokietan aurkeztu.

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eta 2012ko irailaren 7an amaitu.

4. artikulua.– Udalerri bakoitzaren merkataritza-dentsitatearen koefiziente– zehaztapena.

1.– Laguntza-programa hau arautzen duen Aginduan ezarritakorako, EAEko merkataritza-dentsitatea 15,23 izango da.

2.– Laguntza-programa hau arautzen duen Aginduaren 7. eta 10. artikuluetan ezarritakoa betez, erantsitako II. eranskinean udalerri bakoitzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleei, merkataritza-establezimenduei eta merkataritza-dentsitateari buruzko datuak zehazten dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 7a.

Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,

MARÍA PILAR ZORRILLA CALVO.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala