Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

111. zk., 2012ko ekainaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
2575

74/2012 DEKRETUA, maiatzaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatea burutzera doan kapital-gehikuntzan Euskal Autonomia Erkidegoaren parte-hartzea, honako lankidetza-hitzarmenean kokatzen da: 2002ko ekainaren 6an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ansion (Barakaldo) Erakustazoka berria garatzeko eta EITBren egoitza Bilbon kokatzeko izenpetutako lankidetza-hitzarmenean hain justu ere. Ondoren, lankidetza-hitzarmen hau 2002ko urriaren 30ean Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak eta Bilbao Exhibition Centre, S.A. sozietateak izenpetutako beste hitzarmen batek garatu du.

Aipatu hitzarmen horien ondorioz, Ansioko (Barakaldo) Erakustazoka eraikitzeko finantzaketa burutzeko, Bilbao Exhibition Centre SAk erabakitako kapital-gehikuntzetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak 12.020.000 euroko urteko ekarpena egiteko konpromisoa hartzen du akzio-harpidetzaren bidez.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak nahitaez adieraziko ditu, non eta doako eskuratzea ez den, sozietatearen xedea eta EAEk, zuzenean nahiz zeharka, zenbateko partaidetza-portzentajea izango duen sozietatean.

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen helburu soziala da «azoka-jarduerara zuzenean edo zeharka bideratutako ondasun higiezinak sustatu, eraiki, zaindu eta ustiatzea, betiere hauetariko eraren baten: alokairua, salmenta edo, berak edo hirugarrenek legez onartutako ezein formularen bidezko lagapena».

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Industria, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko maiatzaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea Bilbao Exhibition Centre SA sozietateko Akziodunen Biltzar Nagusiak –2012-04-10ean– erabaki duen gehienezko kapital-gehikuntzaren hamabi milioi hogei mila berrehun eta berrogeita bi euroko (12.020.242) harpidetza egiteko. Halaber, baimena ematen zaio aipatu ordainketa harpidetza egitean egiteko, bai eta sozietatearen estatutuak aldatzeko ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilbao Exhibition Centre SA sozietatean izango duen partaidetza zuzena % 44,75ekoa izango da.

2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko maiatzaren 15ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala