Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2012ko maiatzaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
2411

AGINDUA, 2012ko martxoaren 30ekoa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan Bizkaiabasket Fundazioaren estatutuetako 5. artikuluaren aldaketa (helbidea) inskribatzeko dena.

Bizkaiabasket Fundazioak bere estatutuen aldaketa onartu eta inskribatzeko aurkeztutako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2012ko martxoaren 2an, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Erregistroan, sarrera eman zaio Germán Monge Ganuzas jaunak Bizkaiabasket Fundazioaren ordez aurkeztutako eskabideari.

Eskabidearekin batera, Fundazioaren izena aldatzeko eskritura publikoaren bi kopia eskuetsi eta bi kopia soil aurkeztu dira; eskritura publiko hori, hain zuzen, 2012ko urtarrilaren 24an, patronatuko idazkari nagusi Ángel Juan Gil de Celis jaunak egiletsi zuen, Bizkaiabasket Fundazioaren izenean eta ordez, Bilboko notario Jaime Fernández Ostolaza jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 117).

Eskritura publiko horrekin batera, 2011ko abenduaren 21ean egindako bilerari buruzko ziurtagiria aurkeztu da. Patronatuko idazkari nagusi Ángel Juan Gil de Celis jaunak egin zuen ziurtagiri hori, 2012ko urtarrilaren 24an, Germán Monge Ganuzas lehendakariaren baimenarekin. Bilera horretan, besteak beste, Fundazioaren helbide soziala aldatzea erabaki zen, eta, horren ondorioz, Fundazioaren Estatutuetako 5. artikulua ere aldatzea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistro, Aholkularitza eta Kontrol Unitateko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidego Fundazioen Legeko 40. artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3. artikuluan; Lehendakariak 2009ko maiatzaren 8an Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko eman zuen 4/2009 Dekretuaren 9.1.e) artikuluan; eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 4.1 artikuluan.

Bigarrena.– Estatutuen aldaketa onartzeko eta aldaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko espedienteari funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan eskatutakoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 44. artikuluan eskatutakoak. Azken erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren bidez onartu zen. Aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita,

Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Bizkaiabasket Fundazioaren estatutuetako 5. artikuluan egindako aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutuen aldaketa hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, Fundazioaren helbide soziala aldatzeko eta, ondorioz, estatutuetako artikulua aldatzeko eskritura publikoan ezarritakoaren arabera, zeina 2012ko urtarrilaren 24an egiletsi baitzuen fundazioko idazkari Ángel Juan Gil de Celis,jaunak, Bilboko Jaime Fernández Ostolaza notarioaren aurrean (protokolo zenbakia: 117).

Inskripzio horren ondoren, Fundazioaren helbide soziala udalerri berean egongo da, hau da, Bilbon; kalea, berriz, honako hau izango da: Martín Barua kalea 27, 2. solairua.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 30a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala