Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2012ko maiatzaren 30a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
2409

AGINDUA, 2012ko otsailaren 16koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, «Fundación Grupo Matia» fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

«Fundación Grupo Matia» fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2012ko abenduaren 14an, Justizia eta Herri Administrazio Sailean eskari bat sartu zen, Fundación Grupo Matia fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Fundación José Matía Calvo fundazioak sortu zuen fundazio hori). Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta 2011ko otsailaren 6an, fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera: zahartze eta minusbaliotasun arloetan ezagupenak hedatzea irakaskuntza, prestakuntza, argitalpen, aholkularitza eta abarren bidez. Fundazioaren helburu dira, orobat, txiro, zahar eta gaixoei kasu egitea, bai eta garapena, berrikuntza eta prestakuntza bultzatzea zahartze eta minusbaliotasun arloetan, laguntzaileekin bat, eta zientzia, teknologia, enpresa, instituzio eta gizarte arloetan hitzarmenak eginez, beren emaitzak gizarteratzeko.

Laugarrena.– Estatutuen 4. artikulua diotenez, fundazioaren egoitza Donostian dago (Pinu Bidea 35, 20018 Donostia-San Sebastián), eta batik bat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.

Bosgarrena.– Hasierako dotazioa berrogeita hamar mila (50.000) eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela –agiri bidez– jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.

Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 4. artikuluan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikagarriak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Ikusirik aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako eraketa hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta erregistro-zenbaki honekin: F-321, Donostiako Fundación Grupo Matia fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, Donostiako Miguel Gutiérrez y García De Los Ríos notarioaren aurrean 2011ko abenduaren 2an emandako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo-zenbakia: 882).

Bigarrena.– Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko bigarren sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 16a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

Idoia Mendia Cueva.


Azterketa dokumentala