Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

85. zk., 2012ko maiatzaren 2a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
1962

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 28koa, Energiaren Euskal Erakundeko kontseilari-zuzendari nagusiarena, zeinen bidez Justizia eta Herri Administrazioko sailburua eskuordetzen baita Energiaren Euskal Erakundearen Taldeak Bizkaia plaza eraikinean dituen bulegoetarako posta zerbitzuaren kontrataziorako.

Eusko Jaurlaritzari posta zerbitzuak Sociedad Estatal Correos y Telégrafos SAk eman dizkio, bion artean sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez, 2010eko urtarrilaren 1ean izenpetua eta 2011. urterako luzatu zena. Hitzarmen horren bosgarren klausulari jarraiki, hiru hilabetekoa iraupena duen luzapen automatikoaren ondorioz, gaur egun indarrean dago lankidetza-hitzarmena. Aipatutako epe horretan aldi biek berariaz eta idatziz ezarri beharko dituzte baldintza aplikagarriak hurrengo aldirako.

Bestetik, 97/67/CE zuzentaraua aldatzen duen otsailaren 20ko 2008/6/CE zuzentarauak, posta zerbitzuen barne merkatua garatzeko arau komunez diharduena, eta haren transposizioa barne zuzenbidera, abenduaren 30eko posta zerbitzu unibertsalaren 43/2010 Legearen bitartez, erabiltzaileen eta posta merkatuaren eskubideez diharduena, posta zerbitzuen prestazioa liberalizatu du. Hala, eta kontratazio publikoaren printzipioen aplikazioaren arabera, ezin da lankidetza-hitzarmena berriro sinatu, eta lizitazio bat egiteko prozesuari ekin behar zaio, posta operatzaile guztiei irekia eta kontratazio publikoaren printzipioekin bat etorriz.

Hala ere, eta kontratazio espedientea izapidetu edo bideratzen den bitartean, administrazio publiko batean posta zerbitzua eteteak ekar ditzakeen ondorioez jabetuta, ezinbestekoa da egungo lankidetza-hitzarmena luzatzea, kontratu administratibo berriaren esleipena egin arte.

Beste alde batetik, une honetan, gure iritziz, Baliabide Orokorren Zuzendaritzaren esku dauden kudeaketa zentralizatuko eraikinen posta zerbitzua batera edo modu zentralizatuan kontratatzeak lagundu egiten du zerbitzuen kudeaketa hobetzen eta gastu publikoa arrazionalizatzen. Ildo beretik, gauza bera esan dezakegu Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren gainerako sailen menpe dauden erakinen kasuan, OO.AA., zuzenbide pribatuko erakunde publikoak eta sozietate publikoak, esate baterako.

Ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio araubideari buruzkoa, bere V. atalburuan eta Lehenengo Xedapen Gehigarrian dioena, eta abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuak, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena, bere 18.e) artikuluan dioena kontuan hartuta, Baliabide Orokorren Zuzendaritzaren egitekoak izanik, erabilera orokorrerako diren eta kudeaketa zentralizatua duten eraikinetan ondasunak eta zerbitzuak kontratatzea Baliabide Orokorren Zuzendaritzari dagokio.

Era berean, abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 18.a) artikuluak zuzendaritza horri ematen dio eskumena, era zentralizatuan eskuratu behar diren ondasun eta zerbitzuak kontratatzeko prozedurak garatzeari begirako proposamenak egin ditzan.

Goraxeago aipatutako 136/1996 Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, kudeaketa zentralizatuaz besteko eraikinetan ere eskumena gauzatzeko baimena du Baliabide Orokorren Zuzendaritzak, Horien instrumentalizazioa hitzarmenen, administrazio alorreko klausula berezietako pleguetan azaltzen diren berariazko prebisioen edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen bidez gauzatzen da.

Lehen aipatutako eremuan, era zentralizatuan posta zerbitzuak kontratatzeko bide edo formula egokia azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidea) 13.1 artikuluan eskumenak eskuordetzan emateko aurreikusten dena da, eta hauxe xedatzen du:

«1. Herri administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta bata bestearen mendekoa ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira.»

Kontratazio gaietan, 472/2009 Dekretuaren 4.2.c) artikuluak Justizia eta Herri Administrazio sailburuari ematen dizkion eskumenak aintzat hartuta,

Energiaren Euskal Erakundeko kontseilari zuzendari nagusia naizenez, eta gaituta egonik ekintza hau egiteko, ahalordetze-eskritura publikoan ageri denez. Jose A. Isusi Ezcurdia jauna Bilboko notarioaren aurrean egiletsi zen eskritura hori 2006ko martxoaren 15ean, protokoloko 787 zenbakia duena, aintzakotzat hartuta,

EBAZTEN DUT

1.– Justizia eta Herri Administrazio sailburuaren esku utzi eskumena honako zeregin hauetarako:

a) Sociedad Estatal Correos y Telégrafos SArekin sinatutako lankidetza-hitzarmena luzatzeko terminoak negoziatzea, posta zerbitzuak emateko behar dena, harik eta horien kontratazio administratiboa konpondu edo bideratu arte.

b) Bizkaia plazako eraikinean (I. eranskinean zehaztua) dauden Energiaren Euskal Erakunde Taldearen bulegoetarako posta zerbitzua kontratatzea.

Haren esku utzitako eskumena 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan, azaroaren 14koa, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina onartzen duena, aurreikusi eta kontratuari aplikagarriak diren honako gai hauek ere bideratzeko da:

– Kontratua prestatzea (II. Liburukia).

– Kontratua esleitzea (III. Liburukia, I. titulua, II. kapitulua).

– Administrazioaren eskuduntzak, aldaketa, iraungitzea, lagapena eta azpikontratazioa, izaera orokorrarekin IV. Liburukiko I. titulua, I. kapituluan aurreikusten direnak, eta hornidura-kontratuetarako izaera partikularrekin IV. Liburukiko II. titulua, IV. kapituluan aurreikusiak.

– Kontratua formalizatzea (III. Liburukia, I. titulua, I. kapitulua).

2.– Kontratazio organoari dagozkion gainerako eskumenak, eta bereziki emandako zerbitzuak gauzatzeko oniritziari eta horiek ordaintzeko aginduari lotutako ahalmena edo eskumena, ordezkaritza eman zaion organoaren esku geratuko dira.

3.– Ordezkaritza emateko agiri hau sinatzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Bilbao, 2012ko martxoaren 28a.

EEEko kontseilari zuzendari nagusia,

JOSE IGNACIO HORMAECHE AZUMENDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala