
85. zk., 2012ko maiatzaren 2a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (207 KB - 2 orri.)
- EPUB (199 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
1957
AGINDUA, 2012ko martxoaren 26koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Fundación de Estudios Jurídicos y Sociales fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak onetsi eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea. Hona hemen
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2012ko martxoaren 8an, Justizia eta Herri Administrazio Sailean sartu zen Fundación de Estudios Jurídicos y Sociales fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaria. Eskabideari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek espedientea berriro aztertu dute, eta ondoren, erabaki-proposamena eman. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan hala ezarrita baitago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Lehendakariak 2009ko maiatzaren 8an Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko eman zuen maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 9.1.e) artikulua; eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeari buruzko abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4.1 artikulua.
Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak; aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa.
Aipatu manuak eta aplikatu beharreko gainerako arauak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko (Araba) Fundación de Estudios Jurídicos y Sociales fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa onartzea (lehen Fundación de Estudios Jurídicos zena), Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen ekainaren 17ko 12/1994 Legera egokitzeko.
Bigarrena.– Fundazioaren estatutu-aldaketa hori inskribatu dadila agintzea, agindu honen data duela, 2012ko martxoaren 6an Gasteizko notario Alfredo Pérez Ávilaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 557).
Estatutuak aldatzearen ondorioz, fundazioaren helbide berria hau da: Fray Francisco pasealekua 27, 10. ataria, 3. ezk., Vitoria-Gasteiz (01007).
Halaber, hauek dira helburu eguneratuak:
«Fundación de Estudios Jurídicos y Sociales fundazioaren helburua interes orokorreko alderdi juridikoei eta sozialei buruzko ikerketak sustatzea eta burutzea da.
Helburu hori betetzeko, Fundazioak jarduera zehatzak burutuko ditu; hauek dira garrantzitsuenak eta behinenak:
Unean-unean planteatzen diren interes orokorreko alderdi juridikoei eta sozialei buruzko ikerketak, alternatibak eta aterabideak dibulgatzea eta dibulgatzen laguntzea.
Ekitaldiak, konferentziak, txostenak, mahai-inguruak, zikloak eta abar burutzea eta sustatzea, eta interes orokorreko alderdi juridiko eta sozialei buruzko lanak, tesiak, txostenak eta, oro har, ikerketak argitaratzea, eta baita Fundazioak burututako jarduerak ere.
Sozietatearen baitako arazoei aterabidea aurkitzeko beharrezko den laguntza, kooperazioa eta lankidetza ematea, gai juridikoetan eta giza harremanen gaietan, izan pertsona fisikoen eta juridikoen talde edo kolektiboen arteko harremanetan eta pertsonen arteko harremanean; eta, honela, sortutako arazoei, desadostasunei eta gatazkei eman beharreko aterabideak bilatu eta erdiesteko orientatzea, erraztea, aholkatzea, kolaboratzea, aholkatzea eta adostea.
Fundazioaren helburu diren helburuak betetzeko laguntza ekonomikoak ematea eta lortzea, eta ikerketak sustatzea sariak eta lehiaketak ezarriz.
Eta, oro har, jarduera osagarriak edo jarduera nagusietatik eratorriak burutuko ditu, edo jarduera horiekiko lotura edo mendekotasuna dutenak».
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 26a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
Idoia Mendia Cueva.
RSS