Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2012ko apirilaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1933

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 7koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearena, Unibertsitateko Irakasle Funtzionarioen kidegoetako plazak betetzeko lehiaketarako deia egiteko dena.

Errektorego honek, emanda dauzkan ahalmenez baliatuta, erabaki honetako I. eranskinean aipatzen diren unibertsitateko irakasleen kidegoetako plaza hutsak betetzeko lehiaketarako deia egitea erabaki du indarreko arautegiari jarraituz.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.– Arau orokorrak.

1.1.– Ondoren aipatzen den legeria izango da aplikagarri lehiaketa hauetan: Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldarazia zati batean; urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko irakasle funtzionarioen kidegoetako plazak betetzeko lehiaketak arautzen dituena (urriaren 8eko BOE); irakasle funtzionarioen kidegoetan sartzeko lehiaketen arautegia, Gobernu Kontseiluak 2009ko maiatzaren 28an onartua (Irakasleen errektoreordeak 2009ko irailaren 15ean emandako erabakiaren bidez argitaratua 2009ko urriaren 9ko EHAAn); Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuak, otsailaren 15eko 17/2011 (2011ko otsailaren 24ko EHAA); lehiaketa honetako oinarriak; azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldarazia; aplikagarri diren arau orokorrak; eta, guzti horietan xedatuta ez dagoenerako, administrazio publikoan sartzeko araubide orokorra arautzen duten estatu mailako xedapenak.

1.2.– Jakintza arlo/adar berekoak diren eta ezaugarri berberak dauzkaten plazen prozedurak banan-banan eraman ahalko dira aurrera plaza horietan sartzeko lehiaketetan.

2.– Lehiakideek bete beharreko baldintzak.

2.1.– Honako baldintzak bete beharko dira lehiaketa hauetan onartua izateko:

2.1.1.– Nazionalitate baldintzak:

a) Espainiarra izatea edo Europako Batasuneko beste estatu bateko herritarra; edo, Europako Batasunak hitzartu eta Espainiak sinatu dituen nazioarteko hitzarmenen arabera langileen zirkulazio askea (Europako Erkidegoa Eratzeko Itunean definituta dagoen moduan) aplika dakiekeen estatuetako herritarra izatea.

b) Era berean, Europako Batasuneko estatuetakoak ez diren atzerritarrek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta euren estatuak espainiarrei aitortzen badie unibertsitateko irakaskuntzan aritzeko gaitasun legala, Espainiako unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioen pareko postuetan. Lehiakideak ziurtagiri baten bidez egiaztatu beharko du hori.

c) Espainiako eta Europako Batasuneko estatuetako nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek ere parte hartu ahal izango dute (zuzenbidez banaturik ez badaude), bai eta euren ondorengoek eta ezkontidearenek ere (ezkontideak zuzenbidez banaturik ez badaude), baldin eta seme-alabak adingabeak badira edo adin nagusikoak izan arren euren menpe bizi badira.

d) Eskubide bera (c atalekoa) izango dute beste estatu batzuetako herritarren senideek ere, Europako Batasunaren nazioarteko itunetan hala xedatzen denean, baldin eta itun horiek Espainiak berretsi baditu.

Europako Batasunekoak ez diren estatuetako herritarrek eta langileen zirkulazio askea aplikatzen ez den Europako Batasuneko herritarrek egoitza-baimena eduki beharko dute.

2.1.2.– Hamasei urte baino gehiago izatea, eta erretiroko adinera heltzeke egotea (hau da, 70 urtera).

2.1.3.– Kasuan kasuko irakasleen kidegoko lanari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasunik eta eragozpen fisiko edo psikikorik ez izatea.

2.1.4.– Diziplina espedientearen bidez estatuko administrazio orokorreko zerbitzutik edo autonomia, erakunde eta herrietako administrazioetatik aldendua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik ez egotea epai irmo bidez. Espainiar nazionalitatea ez dutenek ez dute izan beharko kasuan kasuko estatuko funtzio publikoan jardutea eragozten dien diziplina zehapenik edo kondena penalik.

2.1.5.– Doktore titulua izatea. Akreditazioa lortuta izanez gero, doktore titulu homologatuaren ondorio berberak izango ditu (urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretua; urriaren 6ko BOE).

2.1.6.– Ondoren adierazten den zenbatekoa ordaintzea plaza bakoitzerako: 20,75 euro.

Eskubideak ordaintzeko ondoko kontu korrontean egin beharko da sarrera edo transferentzia (lehiakidearen izen-abizenak eta plazaren ordena zenbakia zehaztu beharko dira):

Bizkaian:

Bilbao Bizkaia Kutxa

UPV/EHUko Irakasleen Errektoreordetza. Irakasleen lehiaketen tasak.

Kontu-zenbakia: 2095 0292 94 3239002233

Gipuzkoan:

Gipuzkoako Kutxa.

UPV/EHU. Irakasleen Errektoreordetza. Irakasleen lehiaketen tasak.

Kontu-zenbakia: 2101 0381 01 0010125631

Araban:

Caja Vital

UPV/EHUko Irakasleen Errektoreordetza. Irakasleen lehiaketen tasak.

Kontu-zenbakia: 2097 0178 17 0010966911

Ordainketa posta edo telegrafia igorpenaren bidez burutzen duten lehiakideek Deialdi eta Lehiaketen Atalera bidali behar dute (1.397 posta kutxa, 48080 - Bilbo).

Lehiaketatik kanpo geratuko dira eskariak aurkezteko epearen barruan lehiaketan parte hartu ahal izateko ordaindu beharreko zenbatekoa ordaindu ez duten lehiakide guztiak, eta ez da beste eperik zabalduko tasok ordaintzeko edo osatzeko.

Dena dela, azterketa eskubideak ordaindu arren, ezinbestekoa da lehiaketan parte hartzeko eskaria ere aurkeztea errektoreari, behar bezala beteta eta epearen barruan.

2.2.– Baldintza bereziak:

2.2.1.– Akreditazioa lortua izana, urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuak (urriaren 6ko BOE), unibertsitateko irakasleen kidegoetan sartzeko akreditazio prozedura arautzen duenak, 12. eta 13. artikuluetan eta xedapen gehigarrietatik lehenengoan, bigarrenean, hirugarrenean eta laugarrenean zehaztutakoari jarraituz.

2.2.2.– Era berean, lehiaketan parte hartu ahal izango dute gaindituta daukatenek gaitasun proba uztailaren 26ko 774/2002 Erre Dekretuak, unibertsitateko irakasle funtzionarioen kidegoetan sartzeko gaitasun sistema eta kasuan kasuko lehiaketak garatzeko modua arautzen duenak, zehaztutakoari jarraituz. Bestalde, ulertuko da katedradun izateko gaitasun proba daukatenek unibertsitateko irakasle titular izateko ere badutela.

2.2.3.– Lehiaketan parte hartu ahal izango dute lehiaketako plazei dagozkien irakasleen kidegoetakoak diren irakasleek edo Europako Batasuneko estatu bateko unibertsitateko irakasle izanik lehiaketari dagokion kidegoaren pareko kategoriakoak direnek, hori ANECAren ziurtagiri batez egiaztatuta badago.

2.2.4.– Hizkuntza eskakizun elebiduna daukaten plazetan, euskaraz irakasteko gaitasuna egiaztatzea, bide hauetakoren bat erabiliz:

2.2.4.1.– Euskararen jakite maila egiaztatzeko probak egitea. Proba horiek soilik egingo dira lehiakideren batek lehiaketan parte hartzeko eskaera orrian hala eskatu badu eta onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu baino lehen egingo dira.

2.2.4.2.– Euskarako errektoreordeak 2002ko ekainaren 5ean emandako erabakian xedatutakoa betetzea (uztailaren 11ko EHAA), edo Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko C1 mailaren pareko titulua aurkeztea (2010eko azaroaren 15eko EHAA).

Kasu honetan, bai titulua, bai baliozkotzea, lehiaketan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen lortutakoak izan beharko dira.

2.2.5.– Hizkuntza ez ofizial bat jakitea derrigorrezkoa den plazen kasuan, hizkuntzaren jakite-maila honela egiaztatuko da:

2.2.5.1.– Hizkuntza ez ofizialaren jakite-maila egiaztatzeko probak eginda. Proba horiek soilik egingo dira lehiakideren batek lehiaketan parte hartzeko eskaera orrian hala eskatu badu eta onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu baino lehen egingo dira.

2.2.5.2.– Ofizialak ez diren hizkuntzatan irakaskuntza eskaintzeko egiaztagiria eskuratzeari buruzko araudian zehaztutako moduan (UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2010eko ekainaren 24an onartutako araudia, 2010eko abenduaren 2ko EHAAn argitaratua).

2.2.6.– Lotutako plazen kasuan, lotutako plaza horri dagokion espezialista titulu ofiziala izatea.

2.3.– Ezin izango dute hartu parte lehiaketa horretan kasuan kasuko plaza betetzeko lehiaketarako deia egin duen unibertsitatean edo beste unibertsitate batean diharduten kategoria eta jakintza arlo bereko irakasleek, baldin eta betetzen ari diren plaza horretako lehiaketak uztailaren 26ko 774/2002 Errege Dekretuko 14. artikuluak araututakoari (abuztuaren 7ko BOE) eta urriaren 5eko 1313/2007 EDko 9.4 artikuluan araututakoari (urriaren 8ko BOE) jarraiki egin baziren, eta plaza horretan ez badituzte eman gutxienez bi urte benetan lanean (hori bat dator 774/2002 Errege Dekretuko 17.7 artikuluan eta 1313/2007 Errege Dekretuko 9.4 artikuluan zehaztutakoarekin).

2.4.– Ezingo dira lehiaketara aurkeztu UPV/EHUn lanean diharduten karrerako funtzionarioak, baldin eta betetzen ari diren plazak ezaugarri berberak badauzka (kategoria, jakintza arloa, saila, ikastegia eta hizkuntz eskakizuna).

2.5.– Langileen zirkulazio librea aplikatzen den beste estatuetako herritarren kasuan, gaztelaniaren jakite maila egiaztatzeko beren-beregiko probak egin beharko dituzte lehiakideek.

2.6.– Artikulu honetan adierazitako baldintzak eskariak aurkezteko epea amaitzen denerako eduki beharko dira beteta, eta betetzen jarraitu kargua hartzerakoan.

3.– Eskariak.

3.1.– Hautatze probetan parte hartzeko eskaria deialdi honetako III. eranskineko eredua izango da.

3.2.– Lehiaketan parte hartu nahi dutenek eskaria bidaliko diote Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreari, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, ezarritako edozein jardunbide erabiliz, eta deialdi hau Estatuko Buletin Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko den hogei egun balioduneko epearen barruan. Eskaria egiteko III. eranskineko eskari orria erabiliko da, behar bezala betea. Lehiaketan parte hartzeko baldintzak eskaria aurkezteko azken egunerako bete beharko dira.

Eskariak Euskal Herriko Unibertsitateko erregistro orokorretan aurkeztu beharko dira edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan ezarritako edozein jardunbide erabiliz (azaroaren 27ko Estatuko Buletin Ofiziala, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldarazia [urtarrilaren 14ko BOE]).

Honako hauek dira UPV/EHUko erregistro orokorrak: Leioako Campuseko Errektoregokoa, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzakoa (Ignacio Barriola eraikina, Elhuyar plaza, 1 - Donostia), eta Arabako Campuseko Errektoreordetzakoa (Izardui komandantea, 2 - Gasteiz). Bulego horien eta erregistroa daukaten UPV/EHUko beste ikastegien zerrenda UPV/EHUren 2007ko maiatzaren 28ko Erabakian dago jasota (2007ko abuztuaren 3ko EHAA), eta Interneteko helbide honetan ere bai: http:www.ehu.es/erregistroko_bulegoak.html.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako campusetako erregistro orokorrak zabalik daude astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara goizez eta 15:00etatik 16:30era arratsaldez. Ostiraletan eta udako lanaldi jarraituan eta Aste Santuko eta Eguberrietako txandetan, 9:00etatik 13:00etara egongo dira irekita.

Erregistro orokorraren bulegoak itxita egongo dira kasuan kasuko jaiegunetan, «Administrazio eta Zerbitzuetako langileen lanaldi, ordutegi, oporraldi eta baimenei buruzko zirkularrak» dioenarekin bat etorrita.

Erregistro orokorraren bulegoek, aipaturiko zirkularrak dioena ikusita, ohar bat jarriko dute, toki agerian, jakinarazteko zeintzuk izango diren jaiegunak eta goizeko ordutegia izango dutenak.

Eskaera posta bulegoetan aurkeztuz gero, abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuko 31. artikuluak xedatutako moduan aurkeztu behar da. 1829/1999 Errege Dekretuak posta zerbitzuak arautzen ditu, eta honako hau xedatzen du:

Herritarrek edo erakundeek posta zerbitzu orokorra erabiltzen dutenean administrazio publikoei eskariak, idatziak eta jakinarazpenak bidaltzeko, gutun-azala irekita aurkeztu beharko dute posta bulegoan, bidali nahi duten dokumentuaren lehen orriko goiburuan posta zerbitzukoek argi eta garbi adieraz ditzaten bulegoaren izena eta bidalketaren lekua, eguna, ordua eta minutua. Era berean, igorleak igorpenaren xehetasunak ere agertzeko eska dezake, igorri nahi duen dokumentu nagusiaren kopiaren, fotokopiaren edo erreprodukzioaren lehenengo orria jatorrizko agiriarekin parekatu eta berdinak direla egiaztatu ondoren; fotokopia hori ziurtagiria gisa aurkeztuko zaio administrazioko organo eskudunari, dokumentu nagusia aurkeztu egin dela frogatzeko.

Aipaturiko diligentziak egin ostean, igorleak berak itxiko du gutun-azala, eta enplegatuak onarpena formalizatu eta onarpenaren gordekina emango dio; jatorrizkoa, berriz, bulegoan artxibatuko du.

Posta zerbitzu orokorraren bidez artikulu honetan zehaztutako moduan egiten diren bidalketak behar bezala bidalitakotzat joko dira, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 38. artikuluaren arabera (4/1999 Legeak aldarazia [urtarrilaren 14ko BOE]) (jatorrizkoa gaztelaniaz).

3.3.– Eskariarekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun agiriaren fotokopia (Espainiako nazionalitatea daukatenek).

Espainiako nazionalitatea izan ez arren lehiaketan parte hartzeko eskubidea daukaten lehiakideek euren nazionalitatea egiaztatzen duen dokumentuaren fotokopia aurkeztu behar dute, bai eta, beharrezkoa denean, ahaidetasuna egiaztatzen duten dokumentuak ere. Era berean, ahaidetasuna gorago aipatu den estatu bateko herritar batekin izanik herritar horren kargura daudenek edo horren menpe bizi direnek ere egoera hori egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu behar dute. Bestalde, lehiaketan parte hartzeko eskubidea daukatenek ezkontideak direlako, aipatutako dokumentuez gain, zuzenbidez banaturik ez daudela dioen zinpeko aitorpena edo promesa aurkeztu beharko dute.

b) Baldintza akademiko espezifikoak betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuen fotokopia erkatua.

c) Azterketa eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen dokumentua.

d) Euskaren jakite maila egiaztatzeko titulua edo egiaztagiria.

3.4.– Plaza elebiduna bada eta lehiakideak euskaraz irakasteko gaitasun agiria eskuratzera zuzendutako probetan parte hartu nahi badu, eskaeran beren-beregi adierazi beharko du hori. (eranskina IV)

3.5.– Ofiziala ez den hizkuntza bat egiaztatzea eskatzen duen plaza bat bada, eskaeran adierazi egin beharko da baldintza hori betetzen den ala ez Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2010eko ekainaren 24an ofizialak ez diren hizkuntzetan irakaskuntza eskaintzeko egiaztagiria eskuratzeari buruz onartutako arautegian (2010-12-02ko EHAA) ezarritakoari jarraituz. (eranskina V)

4.– Lehiakide onartuak eta baztertuak.

4.1.– Eskariak aurkezteko epea behin amaituta, unibertsitateak lehiakide onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzen duen erabakia argitaratuko du Deialdi eta Lehiaketa Ataleko iragarki oholetan, hiru campusetako errektoreordetzetakoetan eta UPV/EHUren web-orrian. Zerrenda horretan jasota ageri beharko da baztertutako lehiakideak baztertzeko arrazoiak, eta zerrenda horren kontra egiteko epea 10 egun baliodunekoa izango da zerrenda Errektoregoko Deialdi eta Lehiaketa Ataleko iragarki-oholean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

4.2.– Plaza elebiduna bada, euskararen jakite maila 2.2.4 oinarrian zehaztutakoaren arabera egiaztatuko da.

Beraz, lehiakideren batek eskatzen badu euskaraz irakasteko gaitasun agiria eskuratzera zuzendutako probak egitea, lehiakide onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu baino lehenago egingo dira proba horiek.

Euskaraz irakasteko gaitasuna titulu edo egiaztagiri baliokideen bidez edo meritu bidezko baliokidetasunaren bidez (aipatutako 2.2.4 oinarrian) eginez gero, baliokidetutako titulua edo meritu bidezko baliokidetasuna eskariak aurkezteko azken eguna baino lehen lortutakoa izan behar da.

4.3.– Eskainitako plazaren baldintzetako bat hizkuntza ez ofizialen bat jakitea bada, 2.2.5 oinarrian adierazitako eran egiaztatuko da.

Eskainitako plazaren baldintzetako bat hizkuntza ez ofizialen bat jakitea bada, derrigorrezkoa izango da hizkuntza horren ezagutza egiaztatzea eta horrela egin ezean, lehiakidea kanporatuta geratuko da. Hizkuntzaren ezagutza Ofizialak ez diren (eranskina V) hizkuntzatan eskaintzeko egiaztagiria eskuratzeari buruzko araudian zehaztutakoari jarraituz egiaztatu beharko da (UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2010eko ekainaren 24an onartutako araudia).

Horrela, bada, lehiakideren batek hizkuntza ez ofizialean irakasteko gaitasun agiria eskuratzeko proba egitea eskatu badu, proba hori onartutako eta baztertutako lehiakideen behin-behineko zerrendak argitaratu aurretik egin beharko da.

Hizkuntza ez ofizialaren ezagutza Ofizialak ez diren hizkuntzatan irakaskuntza eskaintzeko egiaztagiria eskuratzeari buruzko araudiko 5. artikuluan zehaztutako tituluren baten bidez egiaztatuz gero edo artikulu berean zehaztutako merezimenduen bidez baliozkotu, bai titulua bai baliozkotzea eskariak aurkezteko epea bukatu aurretik lortua izan behar da.

4.4.– Eskariekin batera aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, errektoreak erabakia emango du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartzeko, eta Errektoregoko Deialdi eta Lehiaketa Ataleko eta hiru campusetako errektoreordetzetako iragarki-oholetan argitaratuko dira, bai eta UPV/EHUren web-orrian ere.

Erabaki hau izapide egintza kualifikatua da eta bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke UPV/EHUko errektoreari, erabakia Lehiaketa Ataleko iragarki-oholean argitaratu eta hilabeteko epearen barruan, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean (107. art. eta hurrengoak) curtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua– adierazten den moduan; edo, bestela, zuzenean aurka egin dakioke Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegietan.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak onartzeko erabakian jasota ageriko da merituak aurkezteko probarako deia Errektoregoko Deialdi eta Lehiaketa Ataleko iragarki-oholean eta campusetako hiru errektoreordetzetakoetan argitaratuko dela, bai eta UPV/EHUko web orrian ere.

4.5.– Ezingo da jarri lehiakide onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendaren aurkako errekurtsorik lehenago ez bada aurkeztu behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamaziorik, egintza irmo eta onetsia baita.

5.– Unibertsitatean sartzeko lehiaketetako epaimahaiak.

5.1.– Erabaki honetako II. eranskinean agertzen diren kideek osatuko dituzte unibertsitatean sartzeko lehiaketetako epaimahaiak. Kide horiek errektoreak izendatuko ditu.

Urriaren 5eko 1313/2007 EDko 6.4 artikuluan zehaztutakoari jarraituz, epaimahaiko kideen curriculumak unibertsitatearen web orrian daude argitaratuta. Era berean, Deialdi eta Lehiaketa Atalean eskura daitezke.

5.2.– Epaimahaiko kideek ezin izango diote esan ezetz izendapenari, bertan aritzea eragozten dien arrazoi justifikaturik ez badaukate behintzat. Errektoregoak, halakoetan, adierazitako arrazoia aztertuko du eta erabakia hartuko bost egun balioduneko epean, izendapenari ezetz esaten dion idatzia jasotzen denetik kontatzen hasita.

5.3.– Lehiakideek, bestalde, errefusatu egin ahal izango dituzte epaimahaiko kideak; edo, epaimahaikideek ez dute hartuko parte prozeduran azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 28. eta 29. artikuluetan aipatutako egoeraren batean daudenean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).

Epaimahai titularreko kideei bertan aritzea eragozten dien arrazoiren bat gertatzen denean (prozeduran parte ez hartzeko egoeran daudelako, errefusatuak izan direlako, edo besteren bat), ordezko kideak arituko dira euren ordez.

Ordezko kideak ere ezin badu jardun epaimahaian, prozeduran parte ez hartzeko edo errefusatua izateko egoeraren batean dagoelako, kategoria eta antzinatasun handieneko ordezkoa arituko da haren ordez. Ordezko guztiek ezinezkoa izango badute epaimahaian aritzea eta ezinezkoa bada epaimahaia ondorengo artikuluan azaltzen den moduan eratzea, beste epaimahai bat izendatuko da.

Unibertsitatean sartzeko lehiaketetako epaimahaikideak errefusatzeko epea hilabetekoa izango da, Estatuko Buletin Ofizialean argitaratuko denetik hasita (lehiaketako deialdian bertan argitaratua), baldin eta errefusatze arrazoia bat-batean jakin duela alegatzen ez badu interesatuak, edo bat-batean gertatutako arrazoia ez bada. Halakoetan interesatuak errefusatze arrazoiaren berri izaten duenean hasiko da epea.

5.4.– Epaimahaia eratzeko deia epaimahaiaren buruak egingo du eta epaimahaiko titular eta ordezko guztiei jakinaraziko die bilera eguna baino gutxienez 15 egun lehenago. Bilerako deian eguna, ordua eta tokia zehaztuko dira eta Deialdi eta Lehiaketa Ataleko iragarki-oholean eta probak egingo diren ikastegiko iragarki-oholean argitaratuko da. Epaimahaia eratzerakoan kide titular guztiak bertan egonez gero, ordezkoak ez dira zertan joan.

5.5.– Epaimahaia balioz eratzeko, gutxien dela bost kide egon beharko dira.

Epaimahaiko kide titularren batek borondatezko eszedentzia hartuko balu, funtzioak eten egingo balitzaizkio edo funtzionario izateari utziko balio, epaimahaia utzi eta ordezkoa jarriko zaio. Hori posible ez balitz, kategoria eta antzinatasun handieneko ordezkoa jarriko da. Egoera horiek eraginda ez bada posible epaimahaia eratzea, beste epaimahai bat izendatuko da.

Hala ere, behin eratuta, erabakiak hartzeko nahikoa izango da epaimahaiaren burua eta idazkaria, edo beren ordezkoak, eta epaimahaikideetako bat bertan izatea.

Bertan ez daudenak behin betiko geratuko dira epaimahaiaren jardueratik kanpo.

5.6.– Bere lehen bileran epaimahaiak honakoak erabaki beharko ditu, besteak beste:

1.– Proben emaitzak non argitaratuko diren, Deialdi eta Lehiaketa Atalaz eta probak egingo diren ikastegiaz gain.

2.– Lehiakideek zein hurrenkeratan hartuko duten parte probetan.

3.– Lehiaketan erabiliko diren balorazio-irizpide zehatzak, plazaren ezaugarriak kontuan hartuta eta baremo orokorrak errespetatuta.

5.7.– Aipatutako erabaki guztiak gutxien dela probak egingo diren lekuko iragarki-oholean eta Deialdi eta Lehiaketen Ataleko iragarki-oholean argitaratuko dira.

5.8.– Epaimahaiaren jardun administratiboa eta gestio ekonomikoa idazkariak egingo du, unibertsitateko administrazioko langileen laguntzarekin.

5.9.– Bermatu egingo da lehiakideek autonomia erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egin ahal izango dituztela probak, eta epaimahaiak ere autonomia erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jarraitu ahal izango dituela, eta horretarako behar diren baliabideak jarriko dira. Horretarako, unibertsitateak aldi bereko itzultzaile bat jarriko du epaimahaiaren esku, lehiatzaileren batek edo epaimahaiko kideren batek modu agerian adierazten badu euskaraz egin nahi duela edo prozedura euskaraz jarraitu. Euskaraz jakitea ezinbestekoa den plazetarako ahalegina egingo da epaimahaiko kide bat behintzat euskalduna izan dadin.

6.– Probak.

6.1.– Epaimahaiak lehiakide guztiek aukera berberak dituztela bermatuko du, eta merezimendu, gaitasun eta publizitate printzipioak errespetatuko ditu.

6.2.– Arautegi honetan zehaztuta ez dauden gaietarako, epaimahaiak azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, kide anitzeko organoei buruz zehaztutakoari jarraitu beharko dio.

6.3.– Epaimahaia eratzeari buruz 5.4 oinarrian adierazitako erabakiarekin batera, epaimahaiaren buruak beste bat emango du, lehiaketan onartutako lehiakide guztiei dei egiteko euren aurkezpena egin dezaten. Erabakia Deialdi eta Lehiaketa Ataleko iragarki-oholetan argitaratuko da, eta bertan aurkezpen-ekitaldirako eguna, ordua eta lekua zehaztuko dira. Merezimenduak aurkezteko ekitaldia epaimahaia eratu eta hurrengo egun baliodunean izango da. Hala ere, lehiakideek uko egin ahal izango diote epe horri.

6.4.– Aurkezpen ekitaldia jendaurrean egingo da, eta bertan lehiakideek lehen probako dokumentazioa aurkeztuko dute. Ekitaldian lehiakideei proben nondik norakoei buruzko azalpen guztiak emango zaizkie, eta zozketa egingo da lehiakideek jarduteko ordena erabakitzeko. Era berean, lehen proba hasteko lekua eta ordua zehaztuko dira.

Batzordeburuak aurkezpen ekitaldian jakinaraziko du, halaber, lehiakideek zein epe izango duten gainerako lehiakideek proba baino lehenago aurkeztutako dokumentuak aztertzeko.

6.5.– Lehenengo proba lehiakideek agiriak eta merezimenduak aurkeztu eta hurrengo egun baliodunean egingo da. Hala ere, lehiakideek uko egin ahal izango diote epe horri. Hurrengo probak aurrekoa bukatu eta jarraian egingo dira.

6.6.– Lehiakideek honako dokumentu hauek emango dizkiote epaimahaiburuari aurkezpen-ekitaldian:

a) Curriculum vitae (bost ale), VI. eranskineko ereduari jarraiki; eta curriculumean aipatutakoa egiaztatzen duten argitalpenen eta egiaztagirien ale bat.

b) Lehiakideak plaza eskuratuz gero aurrera eramango duen irakaskuntzako proiektua (bost ale). Unibertsitateak deialdian zehaztutako espezifikazioetara egokituko da proiektu hori.

c) Plaza eskuratuz gero lehiakideak aurrera eramango duen ikerketa-proiektua (bost ale).

6.7.– Lehiaketetan bi proba egongo dira, biak jendaurrekoak.

a) Lehen proban lehiakide bakoitzak epaimahaiari azalduko dizkio bere historialean aipatutako merezimenduak (lan arlokoak, akademikoak, irakaskuntzakoak eta ikerketakoak), eta bere prestakuntzaren kualifikazioa eskatu duen plaza betetzeko eta aurkeztu duen irakaskuntza nahiz ikerketa-proiektuak aurrera eramateko. Lehiakideek gehienez ere bi ordu izango dituzte ahozko azalpen horretarako.

Epaimahaiak, jarraian, elkarrizketa izango du lehiakide bakoitzarekin, gehienez ere bi ordukoa, honako hauen gainean: aurkeztutako merezimenduak, irakaskuntzako proiektua eta ikerketakoa.

b) Bigarren proban unibertsitateko irakasle titularren kidegora sartu nahi dutenek ahozko azalpen bat egin beharko dute, gutxienez 45 minutukoa eta gehienez ordu eta erdikoa, plazaren jakintza arloko espezialitate bateko gai baten inguruan. Eurek aukeratuko dute gaia. Jarraian epaimahaikideek elkarrizketa izango dute lehiakidearekin, gehienez hiru orduz, azaldutako eduki zientifikoez, edukiok ikasleei irakasteko metodologiaz eta gaiari lotuta jakingarritzat jotzen dituzten bestelako gaiez.

c) Unibertsitateko katedradunen kidegoan sartzeko bigarren proban lehiakideak ahoz aurkeztu beharko du berak egindako ikerketa orijinalen bat. Gehienez bi ordu izango du horretarako. Gero epaimahaiak elkarrizketa izango du lehiakidearekin ikerlan orijinal horri lotuta jakingarritzat jotzen dituen gaiez. Gehienez hiru ordu iraungo du elkarrizketak.

6.8.– Proba guztiak baztertzaileak izango dira.

Lehen probak gehienez 70 puntu balio izango du, eta gutxienez 35 puntu lortu beharko dira hurrengora pasatzeko.

Bigarren probak gehienez 30 puntu balioko du eta gutxienez 15 puntu lortu beharko dira gainditzeko.

Epaimahaiak kontuan hartu beharko ditu unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario plazak betetzeko zehaztutako irizpide zehatzak zein orokorrak, deialdi honetako VIII. eranskinean zehaztuak, hain zuzen ere.

6.9.– Lehiaketetako lehen proban baremo orokor hau aplikatuko da:

a) Lehiakideen historiala (profesionala, akademikoa, irakaskuntzakoa eta ikerketakoa): 42 puntu; hau da, lehen probako gehieneko puntuazioaren % 60.

Atal honetan ondoko hauek baloratuko dira (zerrenda itxia ez den arren): titulu akademikoak; irakaskuntzan betetako lanpostuak; irakaskuntzaren alorrean izandako jarduera; ikerketan egindako jarduera; argitalpenak (liburuak, artikuluak eta bestelakoak); beste ikerlan batzuk; diru-laguntzaz egindako ikerketa proiektuak; kongresuetan aurkeztutako komunikazioak eta txostenak; patenteak; emandako eta hartutako ikastaroak eta mintegiak; jasotako bekak, laguntzak eta sariak; enpresetan nahiz bere kabuz izandako jarduera; betetako kargu akademikoak eta erakunde mailakoak; irakaskuntzako edo ikerketako beste merezimendu batzuk eta bestelakoak.

b) Irakaskuntza-proiektua: 14 puntu (probako gehieneko puntuazioaren % 20).

c) Ikerketa-proiektua: 14 puntu (probako gehieneko puntuazioaren % 20).

6.10.– Bigarren probarako lehiakideek, lehen probaren kalifikazioa jaso ondoren, ahoz aurkeztuko duten gai edo ikerlan orijinalaren laburpen idatzia emango diote epaimahaiari.

6.11.– Lehiakide bakarra aurkezten bada probara, lehiakide horrek ahozko azalpena eta eztabaida egin behar ez dituela erabaki ahal izango du batzordeak. Erabakia aho batez hartu beharko du eta, halakoetan, zuzenean egingo da lehiakidea izendatzeko proposamena.

6.12.– Proba bakoitza bukatuta, epaimahaia bildu eta kide bakoitzak puntuazioa emango dio lehiakide bakoitzari, eta balorazio hori azaltzeko txostena aurkeztuko du. Lehiakideak baloratzean, epaimahaiko kideek baremo orokorrari eta epaimahaiak onartutako irizpide espezifikoei jarraitu beharko diete. Epaimahaiko kide guztiak iritzi berekoak badira, epaimahaiko kideen txostenen ordez txosten bakarra egin ahal izango du epaimahaiak, kuantifikatua eta arrazoitua.

6.13.– Lehiakide batek ere ez baditu bi probak gainditzen, epaimahaiak eman gabe utziko ditu plazak.

7.– Merituen balorazioa (plaza ez elebidunetarako bakarrik).

Bi probak egin ondoren eta hautaketa-prozesua nortzuek gainditu duten zehaztu ondoren, probak gainditu dituzten pertsonen merezimenduak baloratuko dira. Euskara jakitea elebidun ez diren plazetan baino ez da aintzat hartuko, eta VII. eranskinari jarraiki baloratuko da. Hori guztia bat dator Irakasle Funtzionarioen Kidegoetan Sartzeko Lehiaketen Arautegian zehaztutakoarekin (arautegia 2009ko maiatzaren 28an onartu zuen Gobernu Kontseiluak eta Irakasleen errektoreordeak 2009ko irailaren 15ean emandako Ebazpenaren bidez argitaratua (2009ko urriaren 9ko EHAA)).

8.– Plazak betetzeko proposamenak.

8.1.– Proba guztiak gainditu dituen lehiakiderik badago, epaimahaiak, txostenak eta kalifikazioak kontuan hartuta, pertsona bat proposatuko du plaza betetzeko. Epaimahaiaren proposamena argitaratuko da proba egin den lekuan, Errektoregoko Deialdi eta Lehiaketa Ataleko eta hiru campusetako errektoreordetzetako iragarki-oholetan, eta UPV/EHUren web orrian.

8.2.– Plaza betetzeko edo bete gabe uzteko proposamenak lehiakide bakoitzari baloratu zaiona izango du jasota, arrazoitua eta eman zaion puntuazioa zehaztuta.

8.3.– Unibertsitatean sartzeko lehiaketako epaimahaiak lehiakideen zerrenda ordenatua proposatuko dio errektoreari izendapenak egin ditzan. Proposatutako kide kopurua ezin izango da izan eskainitako plaza kopurua baino handiagoa, eta proposamena loteslea izango da.

Berdinketarik badago, epaimahaiburuak kalitate-botoa izango du.

8.4.– Epaimahaiko kideak ezin izango dira abstenitu botazioetan. Epaimahaiko kide guztiek kalifikatu beharko dituzte lehiakideak, eta kalifikatu ere, lehiakide guzti-guztiak kalifikatu beharko dituzte.

8.5.– Kontratatuak izateko proposatuak ez diren lehiakideek ezin izango dute plaza hutsei buruzko inongo eskubiderik aldarrikatu, ez eta inongo lan-poltsetan sartzea eskatu ere. Izan ere, ordezkapenak egin behar direnean prozedura orokorra erabili beharko da, hots, sailen eta jakintza arloen lan-poltsa arruntetara jo.

8.6.– Epaimahaiko idazkariak bost egun baliodun izango ditu, epaimahaiaren jarduna bukatuko denetik, lehiaketako espediente administratiboa aurkezteko unibertsitateko Idazkaritza Nagusian, Deialdi eta Lehiaketa Atalaren bidez. Espedientean honako dokumentuok bildu beharko dira:

a) Epaimahaia eratzeko bilerako akta eta horren ondoren egindako bilera guztietako aktak. Akta horietan jarduera nagusiak jasoko dira.

b) Aurkezpen ekitaldian lehiakideek epaimahaiburuari emandako dokumentu guztiak.

c) Lehenengo proba gainditu duten lehiakideek bigarren probarako ahoz aurkeztutako gai edo ikerlan orijinalaren laburpen idatzia.

d) Proba bakoitza ebaluatzeko aplikatu diren irizpide espezifikoen berri ematen duen dokumentua.

e) Txostenak eta balioespena zenbakitan emana.

f) Plazak betetzeko proposamena, lehiakide guztien zerrenda ordenatuarekin, plaza betetzeko lehentasunaren arabera.

8.7.– Oinarri hauetako 8. b) eta c) atalean aipatutako dokumentuak bi hilabetean izango dituzte gordeta Deialdi eta Lehiaketen Atalean, batzordeak proposamena egiten duen egunetik hasita. Baina proposamen horren kontrako errekurtsorik aurkezten bada dokumentuak gordeta izan beharko dira ebazpena irmoa izan arte.

Urtebete igaroz gero interesatuek dokumentuak hartzera joateke, unibertsitateak dokumentuok txikitu ahal izango ditu.

8.8.– Lehiakideek balorazio arrazoituaren ziurtagiria eskatu ahal izango diote Idazkaritza Nagusiari (behar bezala kuantifikatua), hau da, lehiakide bakoitzaren merezimenduen inguruan epaimahaiko kide bakoitzak emandako txostena edo, horrela egin bazen, epaimahaiaren txosten bakarra.

8.9.– Lehiakideek epaimahaiaren proposamenaren aurkako erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote errektoreari, proba egin zen lekuan proposamena argitara eman eta hamabost egun balioduneko epearen barruan. Erreklamazioa tramitatzea onartzen bada, izendapenak eten egingo dira behin betiko erabakia eman arte.

8.10.– Erreklamazio Batzordeak aztertuko du erreklamazioa. Hots, lehiaketako espedientea berrikusiko du, publizitate printzipioa eta lehiakideen berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak bermatu egin zirela egiaztatzeko; beharrezkotzat hartuko dituen ekintzak eramango ditu aurrera; eta erreklamazioa onartzen den ala ez erabakiko du, erreklamazio hori hartu eta hiru hilabeteko epearen barruan. Epe hori igaroz gero beren-beregiko erabakirik emateke, erreklamazioa onartu ez delako izango da, eta administrazioarekiko auzien bidera jo ahal izango da.

8.11.– Erreklamazio Batzordeak hartutako erabakiak lotesleak izango dira errektorearentzat eta, errektorearen erabakiek amaiera ematen diotenez administrazio bideari, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan egin behar da zuzenean aurka, uztailaren 13ko 29/1998 legeari jarraituz.

8.12.– Erreklamazio Batzordeak erreklamazioa onartzea erabakiz gero, errektoreak erabakia emango du argitara eta akatsa gertatu zen unera eramango da berriz prozedura; epaimahaiak, beharrezkoa izanez gero, beste izendapen proposamen bat egingo du.

9.– Dokumentuak aurkezteko era, izendapenak eta kargu hartzeak.

9.1.– Epaimahaiak proposatutako izendapenak errektoreak egingo ditu, baina horretarako lehiakideak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu Deialdi eta Lehiaketa Atalean epaimahaiak proposamena egin eta hurrengo hogei egunen barruan:

a) Medikuaren ziurtagiri ofiziala, unibertsitateko irakaslearen eginkizunak betetzea eragozten dion gaixotasunik eta eragozpen fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duena.

b) Zinpeko aitorpena, adierazten duena lehiakidea ez dagoela aldenduta diziplina espedientearen bidez estatuko administrazio orokorreko zerbitzutik edo autonomia, erakunde eta herrietako administrazioetatik, eta ez dagoela ezgaituta eginkizun publikoak betetzeko. Espainiar nazionalitatea ez dutenek ez dute izan beharko kasuan kasuko estatuko funtzio publikoan jardutea eragozten dien diziplina zehapenik edo kondena penalik.

Horretarako, epaimahaiak bere lana bukatzen den egunean bertan izendapen proposamena argitaratuko du proba egin den tokian, eta proposamen horretan gogoraraziko du proposatutako lehiakideak aurkeztu behar dituela atal honen aipatutako dokumentuak.

Karrerako funtzionario publikoek ez dituzte aurkeztu eta egiaztatu beharko aurreko atalean aipatutako dokumentu eta betekizunak. Horien ordez lanean ari diren administrazioaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, funtzionario direla egiaztatu eta haien zerbitzu orrian azaltzen diren gorabehera guztiak jasoko dituena.

9.2.– Plaza betetzeko proposatuko den lehiakideak ez baditu aurkezten eskatutako dokumentuak, galdu egingo ditu bere eskubideak eta ez dute izendatuko karrerako funtzionario, ez bada aurkezten dituela dokumentuok ez aurkezteko ezinbesteko kasua izan duela egiaztatzen duten agiriak. Unibertsitateko errektoreak puntuazioaren arabera zerrendan hurrengoa den lehiakidea izendatuko du, lehiakideak egiaztatu ondoren oinarri honetako lehenengo atalean aipatutako baldintzak betetzen dituela. Hogei eguneko epea izango du horretarako, proposamena jakinarazten zaion egunetik hasita.

9.3.– Izendapenean honako hauek zehaztu beharko dira: plazaren izena, kidegoa, jakintza arloa, saila, ikastegia, arduraldia, hizkuntza eskakizuna eta lanpostuen zerrendako kodea.

9.4.– Izendapena Estatuko Buletin Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta Unibertsitateko Irakaskuntza Koordinatzeko Kontseiluko Idazkaritza Nagusia jakinaren gainean jarriko da.

9.5.– Izendapena Estatuko Buletin Ofizialean argitaratu eta hogei eguneko epean, lehiakidea plazaren jabe egin beharko da. Une horretatik aurrera izango da unibertsitateko irakasle funtzionarioa kasuan kasuko kidegoan.

9.6.– Lehiakideak beste lanposturen bat badauka arlo publiko edo pribatuan, bateragarritasunerako baimena eskatu beharko du plazaren jabe egin aurretik, horretarako egongo den epeko lehenengo hamar egunen barruan. Eskariari buruzko erabakia eman bitartean luzatu egingo zaio plazaren jabe egiteko epea.

9.7.– Plaza betetzeko proposatu den lehiakidea ez bada egiten plazaren jabe aipatutako epean, eta ez badu aurkeztu egiaztagiririk ezinbesteko kasua izan dela egiaztatzeko, eta plazaren jabe egiteko epea luzatu ez bada, UPV/EHUko errektoreak balorazio ordenaren arabera zerrendako hurrengoa den lehiakidea izendatuko du, lehiatzaileak 9.1 artikuluan aipatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko dokumentu guztiak aurkeztu ondoren.

9.8.– Behin plaza lortuta, interesatua gutxien dela bi urtez egon beharko da plaza horretan, beste unibertsitate batean plaza bat lortzeko lehiaketan parte hartu ahal izateko.

10.– Azken araua.

10.1.– Gobernu Kontseiluak 2009ko maiatzaren 28ko bileran onartutako irakasle funtzionarioen kidegoetan sartzeko lehiaketen arautegian (2009ko urriaren 9ko EHAA) eta deialdi honetan zehaztutako epeak zenbatzerakoan ez da kontuan hartuko abuztua. Hilabete horretan zehar ez da aipatu diren jardueretako bat bera ere egingo.

10.2.– Epaimahaiek ebatziko dituzte deialdiaren aplikazioaren inguruan sor daitezkeen zalantzak, bai eta aurreikusi ez diren egoeretan egin beharrekoa ere. Dena dela, batzordeen jarduna bat etorri beharko da azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearekin (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).

10.3.– Eszedentzian egondakoak jardunera itzultzea.

1.– Borondatezko eszedentzian dauden unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioak jardunera bueltatu ahal izango dira edozein unibertsitatetako lehiaketetan lortutako irakasle plaza lortuz, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Legeari jarraiki (62. art.), apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak lege horri egindako aldaketekin.

2.– Era berean, eszedentzia hartu aurretik zegoen ikastegiko unibertsitatera ere itzuli ahal izango da, Errektoreari unibertsitate horretako plaza bati behin-behinekoz atxikitzeko eskatuz, eta unibertsitate horrek bere kidego eta jakintza arloan ateratzen dituen lehiaketa guztietan parte hartzeko konpromisoarekin; hala egingo ez balu, behin-behineko atxikipen hori galduko luke.

3.– Lanera bueltatze hori automatikoa eta behin betikoa izango da interesatuak jatorrizko unibertsitateari eskaera eginda, baldin eta eszedentzia egoeran gutxienez bi urte eta gehienez 5 urte eman baditu, eta kidego eta jakintza arlo berean plaza hutsik badago.

Horrelakoetan ez da lehiaketarik egingo plaza hutsa betetzeko, baldin eta lanera bueltatzeko eskaria unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionario batek baino gehiagok egin ez badu plaza bererako, guztiek denbora tarteari buruzko baldintzak beteta. Horrelakorik gertatuz gero, lehiaketa egingo da, baina egoerak ukitutako funtzionarioek baino ez dute parte hartuko.

4.– Plaza bat deialdian aterata interesatuak bueltatze automatikoa eskatuko balu, deialdia baliogabetu egingo da, baldin eta interesatuak bueltatzeko eskaria egin badu lehiaketarako eskariak aurkezteko epearen barruan. Hau deialdiaren testuan adierazita egon beharko da, eta deialdia baliogabetuz gero, ordaindutako tasak itzuliko zaizkie lehiakideei.

10.4.– Erabaki honek administrazio-bidea agortzen du eta bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Bilboko Administrazio Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteren epean, erabakia argitaratzen den egunaren biharamunean hasita (uztailaren 13ko administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren 29/1998 Legeko 8.2 eta 13. artikuluak; azaroaren 26ko 30/1992 legeko 2.2 artikulua, administrazio publikoen araubide juridikoaren eta administrazio-prozedura erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 legeak aldarazia).

Bestela, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreari hilabeteko epean, erabakia Estatuko Buletin Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita. Hala egiten bada, ezin izango da jarri aurreko paragrafoan aipatutako administrazioarekiko auzi errekurtsoa, harik eta berraztertzeko errekurtsoa beren-beregi ebatzi arte edo presuntziozko ezespena gertatu arte.

10.5.– Era berean, deialdi honetatik eta epaimahaiaren jardunetik eratorritako administrazio egintza guztien aurka egin ahal izango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako kasuetan eta bertan adierazitako moduan.

Leioa, 2012ko martxoaren 7a.

Errektorea.
EE (2011-02-25ko Ebazpena, 2011-03-17ko EHAA).

Irakasleen errektoreordea,

JON IRAZUSTA ASTIAZARAN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala