Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2012ko apirilaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
1763

EBAZPENA, 2012ko urtarrilaren 26koa, Industria Administrazio eta Segurtasuneko zuzendariarena, Ingeniería de Gestión Industrial, S.L. izendatzen duena tenperatura kontrolatuko produktuak garraiatzeko, biltegiratzeko, banatzeko eta kontrolatzeko tenperatura-erregistragailu eta termometroen metrologia-egiaztapenerako baimendutako erakunde.

Erref.: 01-OV-1005 (TER)

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2010eko apirilaren 12an, Industria Administrazio eta Segurtasuneko zuzendariaren Ebazpen bidez, Ingeniería de Gestión Industrial, S.L. enpresa (helbidea: Arabako Parke Teknologikoa, Eraikin Zentrala, Lumiere Anaien kalea, 1. solairua, 5. bulegoa, Miñao) EAEn instalaturiko gehienez 200.000 kg-rainoko irismena duten baskulen aldizkako egiaztapenak eta konponketaren edo aldaketaren ondorengo egiaztapenak egiteko izendatua izan zen.

2011ko martxoaren 3an, enpresa biskositate txikiko likidoetarako zisterna-kamioietan neurketa-sistemen egiaztapen metrologikoak egiteko baimendutako erakunde izendatu zuten.

2010eko urriaren 26an, ibilgailu automobilen pneumatikoetarako erabilera publikoko manometroen, konpresio bidez martxan jartzen diren motorrak (diesel) dituzten automobilen ihes-gasen opakutasuna neurtzeko eta argiarekiko xurgapen-koefizientea zehazteko tresnen, txinparta bidez martxan jartzen diren motorrak (gasolina) dituzten ibilgailuen ihes-gasen igorpenak neurtzeko tresnen eta uraz bestelako likidoak neurtzeko sistemen (hornigailuak edo banagailuak) egiaztapen metrologikoa egiteko baimendutako erakunde izendatzea.

Bigarrena.– 2011ko apirilaren 15ean eta azaroaren 23an, Alberto Cabello de los Cobos Garcia jaunak, Ingeniería de Gestión Industrial, S.L. enpresaren izenean eta hura ordezkatuz, Arabako Lurralde Ordezkaritzan baimen-eskabidea aurkeztu zuen tenperatura kontrolatuko produktuak garraiatzeko, biltegiratzeko, banatzeko eta kontrolatzeko tenperatura-erregistragailu eta termometroen gainean Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen azaroaren 22ko ITC/3701/2006 Aginduan aurreikusitako konponketa edo aldaketa ondorengo egiaztapeneko entseguak eta aldizkako egiaztapeneko entseguak egiteko.

Hirugarrena.– Erakunde eskatzaileak, egiaztapen metrologikorako baimendutako erakunde izendatzeko, egiaztapen metrologikorako baimendutako erakundeak izendatzeko azaroaren 26ko 1/2007 Zuzentaraua argitaratzen duen Industriako Idazkaritza Nagusiaren 2007ko azaroaren 29ko Ebazpenean ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Horretarako, Egiaztapeneko Erakunde Nazionalaren (ENAC) OC-I/167 Egiaztapen Ziurtagiria aurkeztu da, 2011/03/17ko Eranskin Teknikoarekin (5. berrikuspena), 0.5, 1 eta 2 Klaseko termometroekin eta 1 eta 2 Klaseko tenperatura-erregistragailuekin (-20 ºC-tik +70 ºC-ra) batera; hori dela-eta, bidezkoa da eskatutako esleipena behin betiko egitea.

Espediente honi ebazpena emateko, honako hauek kontuan hartu beharko dira:

OINARRI JURIDIKOAK

1.– EAEn kontrol metrologikoa gauzatzeko bitartekoak ezartzen dituen 38/2001 Dekretuaren 11. artikuluak zehazten duenez, industria arloko erakunde eskudunak egiaztapen metrologikoak egiteko erakundeak gaitu ahal izango ditu konponketaren edo aldaketaren ondorengo egiaztapenak eta aldizkako egiaztapenak egiteko.

2.– Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuaren 14. artikuluak dioenez (2009-09-24ko EHAA), Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritza da ebazpen hau emateko organo eskuduna.

3.– Neurgailuen kontrol metrologikoa arautzen duen oinarrizko legeria honako hauek osatzen dute: metrologiari buruzko 3/1985 Legeak (ekainaren 28ko 1296/1986 Legegintzako Errege Dekretuak aldatu zuenak), abenduaren 30eko 13/1996 Legeak, abenduaren 30eko 66/1997 Legeak, neurketa-tresnen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuak, eta aipatutako 2007ko azaroaren 29ko Ebazpenak.

4.– Azaroaren 22ko ITC/3701/2006 Agindua, tenperatura kontrolatuko produktuak garraiatzeko, biltegiratzeko, banatzeko eta kontrolatzeko tenperatura-erregistragailu eta termometroen metrologia-kontrola arautzen duena.

Aurreko legezko arauak eta ezarri beharreko gainerako xedapen orokorrak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Ingeniería de Gestión Industrial, S.L. enpresa (helbidea: Arabako Parke Teknologikoa, Eraikin Nagusia, Lumiere Anaien kalea, 1. solairua, 5. bulegoa, Miñao) izendatzea 0.5, 1 eta 2 Klaseko tresnen eta 1 eta 2 Klaseko tenperatura-erregistragailuen (-20 ºC-tik +70 ºC-ra) egiaztapen metrologikoak egiteko erakunde. Izendapenaren irismena ENAC erakundeak emandako ziurtagirian bildutako tresnetara zabaltzen da.

2.– Emandako baimenari honako baldintza hauek jartzea:

– Jardun-eremuak Euskal Autonomia Erkidegoko tresnak biltzen ditu.

– Tresnak entseguak gainditzen dituenean, erakundeak betetako egiaztapenaren etiketa jarriko dio. Orobat, kontrol metrologikoko ziurtagiria ere entregatuko da, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ezartzen duenari jarraikiz.

Tresnak entseguak gainditzen ez baditu, zerbitzuz kanpo dauden tresnei dagokien etiketa gorria jarriko dio erakundeak. Hori guztia uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuaren I. eranskinari jarraikiz, eta egiaztapena gainditu ez duen tresnari dagokion Lurralde Ordezkaritzari lehenbailehen jakinarazita.

– Dagokion egiaztapena egin ondoren, Ingeniería de Gestión Industrial, S.L. enpresak tresna zigilatuko du zigiluen bitartez edo, ahal bada eta bortxaezintasuna bermatzen bada, etiketa itsaskor autosuntsigarrien bitartez. Berunezko zigiluak edo antzekoak ez dira inoiz erabiliko; zigiluak, nolanahi ere, jardueraren girorako egokiak eta iraunkorrak izango dira. Espainiako Metrologia Zentroaren (CEM) eta Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritza honen gidei eta gomendioei jarraitu beharko zaie.

Kasu guztietan, zigiluek honako inskripzio hauek izango dituzte:

a) Zigilu normala:

(Ikus .PDF)

b) Zigilu enbutitua:

(Ikus .PDF)

c) Plastikozko zigilua:

(Ikus .PDF)

«XX» egiaztapena egin den urtearen azken bi digituei dagokie.

3.– Ingeniería de Gestión Industrial, S.L. enpresak baimendutako entseguetarako ezartzen diren tarifen berri emango dio Zuzendaritza honi urtero.

4.– EAEn baimenduta dauden erakundeen erregistroari dagokionez, Ingeniería de Gestión Industrial, S.L. enpresari 01-OV-1005 zenbakia esleitu zaio.

5.– Ingeniería de Gestión Industrial, S.L. erakundeak honako hauetan xedatutakoari jarraituko dio uneoro: neurketa-tresnen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretua, ITC/3701/2006 Agindua, 2007ko azaroaren 29ko Ebazpena, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzak ezartzen duen beste edozein xedapen.

6.– Izendapen hori 2013ko abenduaren 31n iraungiko da, eta interesdunak beste izendapen bat eskatu ahal izango du data hori heldu aurretik, betiere 2007-11-29ko Ebazpenean egiaztapen metrologikoak egiteko baimendutako erakundeak izendatzeko ezarritako baldintza guztiak betetzen baditu.

7.– Izendatutako erakundearen jardunen ikuskapena, esku-hartzea eta kontrola egiteko eskumena Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzari dagokio, baita Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzari ere. Horretaz gain, baimena lortzeko arrazoi izan ziren baldintzen mantentzea egiaztatzeko ikuskapenak egin ahal izango dituzte.

8.– Aurkeztutako dokumentuetan egiaztatutako inguruabarretan ebazpen honen ondoren gertatutako edozein aldaketa Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, eta hark baimena berretsi edo, hala badagokio, baliogabetu ahal izango du.

9.– Nolanahi ere, kontrol metrologikopeko neurketa-tresnak fabrikatzeko, merkaturatzeko eta konpontzeko jarduerekiko (zerbitzu-prestazioa eta estatuko eta autonomia-erkidegoko araudietan ezarritakoak barne) bateraezintasuna eta independentzia izango da.

10.– Indarrean dagoen legerian aurreikusitakoez gain, honako arrazoi hauek dakarte dagokion baimena baliogabetzea: baimenean ezarritako aginduak ez betetzea, egiaztagiria etetea edo kentzea, eta baimena eman zeneko inguruabarrak asko aldatzea.

11.– Erregelamenduzko eta administrazioko irregulartasunek eragin dezakete honako izendapen hau ez berritzea, baita egiaztapen metrologikoak egiteko baimendutako erakundeari ezarritako zehapenek ere.

12.– Urtero, lehen hiruhilekoan zehar, egiaztapen metrologikoak egiteko baimendutako erakundeak Industria Administrazio eta Segurtasuneko Zuzendaritzari eta Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari memoria bat bidaliko die egindako jardueren eta gertatutako gorabeheren berri emateko. Gainera, sei hilean behin, lurralde bakoitzean egindako egiaztapenak jakinaraziko zaizkio dagokion ordezkaritzari.

Gainera, 48 ordu lehenago, egin beharreko egiaztapenen berri emango zaio, mezu elektroniko edo fax bidez, jardun-eremuaren arabera dagokion lurralde-ordezkaritzari.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 26a.

Industria Administrazio eta Segurtasuneko zuzendaria,

YOLANDA LÓPEZ FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala