Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2012ko apirilaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
1760

AGINDUA, 2012ko otsailaren 27koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Arakil Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Arakil Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2011ko abenduaren 28an, Justizia eta Herri Administrazio Sailean sartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabide bat, zein Jose Ramón Arriaran Ayestaranek sortutako Arakil Fundazioa eratzeari buruzkoa baitzen. Espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion eskabideari.

Bigarrena.– 2012ko urtarrilaren 12ko idazki baten bidez, Fundazioen Erregistroak fundazioari eskatu zion ikusitako akatsak zuzentzeko, eta, 2012ko otsailaren 20an, fundazioak bidalitako dokumentazioa sartu zen Justizia eta Herri Administrazio Sailean.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta 2011ko otsailaren 6an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Laugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:

Fundazioa honako honetara bideratua dago:

a) Musika-kontzertuetarako laguntza. Kontzertu horietan lehentasuna izango dute Tolosako Santa Mariako Kaperako zuzendariek, maisuek eta organistek konposatutako obrek.

b) Musika-artxibategia eguneratzea eta zabaltzea: desagertutako obrak berreskuratzea eta dauden eskuizkribuak pixkanaka transkribatzea.

c) Tolosan organo-eskola bat sortzea.

d) Tolosako Santa Maria parrokiko Stolz Fréres organoaren sustapena.

Adierazitako helburuak lortzeko, Fundazioak diru-bilketara bideratutako zenbait jarduera egingo ditu: konferentziak, hitzaldi informatzaileak, kontzertuak eta ongintzazko galak, eta, orohar, helburuak hobeto lortzeko beharrezkoak den jarduera oro.

Bosgarrena.– Estatutuen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Agintari kalea 17, Tolosa (Gipuzkoa). Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan burutuko du, bereziki, bere jarduna.

Seigarrena.– Hasierako dotazioa hogeita hamar mila (30.000) eurokoa da, eta kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioan, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c) artikuluak.

Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 4. artikuluan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikagarriak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Adierazitako arauak, eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerako arauak ikusi ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta F-324 erregistro-zenbakiarekin, Tolosako (Gipuzkoa) Arakil Fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere (patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira), 2011ko urriaren 19an, Tolosako notario Pedro Elosegui Bergarecheren aurrean emandako eskritura publikoan (1179 protokolo-zenbakia) xedatu bezala (eskritura hori zuzendu egin zen 2012ko otsailaren 3an, notario beraren aurrean emandako eskritura publikoaren bidez; protokolo-zenbakia: 141).

Bigarrena.– Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio; beraz, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 27a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala