Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2012ko apirilaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
1758

AGINDUA, 2012ko otsailaren 16koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Betean Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Betean Fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2011ko abenduaren 15ean Justizia eta Herri Administrazio Sailean sartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan Betean Fundazioa inskribatzeko eskaria; aipatu fundazioa Grupo de Consultores Betean, S.L.-k eratu du. Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta 2011ko otsailaren 15ean, fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera:

a) Pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren arazoen inguruan sentsibilizatzea herritarrak, hau da, kontzientzia zibikoa indartzea, gure inguruarekiko eta muturreko pobrezia pairatzen duten herriekiko elkartasuna sustatze aldera.

b) Jarduerak eta egitasmoak finantzatu eta burutzea, zeinen helburua baita hemen edo garapen-bideetako herrialdeetan pobreziako edo gizarte-bazterkeriako egoeran dauden gizakumeen eta erkidegoen baldintza materialak, sanitarioak eta kulturalak hobetzea.

Laugarrena.– Estatutuetako 2. eta 5. artikuluek diotenez, fundazioaren egoitza Bilbon dago (Poza lizentziatua, 55-1), eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.

Bosgarrena.– Hasierako dotazioa hiru mila eurokoa (3.000) da. Kopuru hori ordaindu dela –agiri bidez– jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak 37.1.c) artikuluan.

Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 4. artikuluan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikagarriak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Ikusirik aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerako arauak, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako eraketa hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta erregistro-zenbaki honekin: Donostiako Betean Fundazioaren eraketa (F-322), eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, EAEko Notarioen Elkargoko Fermín Lizarazu Aramayo notarioaren aurrean (3582 protokolo-zenbakia) –2011ko azaroaren 17an– emandako eskritura publikoan xedatu bezala.

Bigarrena.– Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio; beraz, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 16a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala