Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2012ko apirilaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA
1756

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 21ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, Begira-publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholkularitza Batzordea arautzeari eta haren funtzionamendua ezartzeari buruzko dekretu-proiektua jendaurrean jartzeko dena.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1998 Legearen esparruan, Begira / Berdintasuna Garatzeko Iragarkien Aholkularitza Batzordea sortu zuen apirilaren 27ko 78/1998 Dekretua eman zen, publizitatearen eremuan emakumeen eta gizonen berdintasuna –benetakoa eta eraginkorra– lortzeko helburuarekin. Gerora, beste lege-xedapen batzuek arautu dute gai hori.

Beraz, indarrean den legedia kontuan hartuta, beharrezkoa da orduan sortutako organoa lege-esparru berriaren arabera berriz arautzea, organoari araudi erregulatzailearekin bat datozen izendapena eta eskudantziak izendatzeko, hain zuzen ere. Araudi horrek emandako izaeraren arabera, organo espezializatua izango da, komunikabideetako publizitatea eta publizitate-euskarriak eta komunikabide publiko eta pribatuetako edukiak aztertzeaz eta horri buruzko aholkuak emateaz arduratuko dena.

Xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, herritarren eskubide eta bidezko interesei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea igaro beharko dute. Era berean, xedapenen izaerak hala eskatzen badu, jendaurrean jarri beharko dira.

Egin nahi den arautzeak zehaztugabeko hainbat pertsona fisiko eta juridikori eragiten die, eta pertsona horiek ez daude beti guztiak biltzen edo ordezkatzen dituzten antolakundeetan sartuta; horregatik komeni da jendaurrean jartzea.

Dekretu-proiektu hau egiteko prozedurari ekitea agintzen duen lehendakariaren ekainaren 7ko 20/2011 Dekretuak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari agintzen dio hartarako izapideak egitea.

Horiek horrela, hau

ebazten DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea Begira-publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholkularitza Batzordea arautzeari eta haren funtzionamendua ezartzeari buruzko dekretu-proiektua. Hogei egun baliodunez jarriko da ikusgai, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, eta alegazioak aurkeztu ahal izateko, lege-aurreproiektuaren edukia eskuragarri egongo da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Idazkaritza Nagusian (Manuel Iradier 36), Interneteko atarian (www.emakunde.euskadi.net,) eta Gobernu Irekiaren atarian (www.irekia.euskadi.net).

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 21a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

María Silvestre Cabrera.


Azterketa dokumentala