Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2012ko apirilaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
1628

EBAZPENA, 2012ko otsailaren 28koa, Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordearena, Behatoki Estrategiko Sektorialei laguntzak emateko 2012ko ekitaldiko deialdia aditzera emateko dena.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko otsailaren 1eko Aginduaren bidez (2012ko otsailaren 8ko EHAA, 28. zk.), Behatoki Estrategiko Sektorialentzako laguntzak arautu ziren.

Diru-laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legean horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira.

Hortaz, Behatoki Estrategiko Sektorialentzako laguntzak arautzen dituen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2012ko otsailaren 1eko Aginduaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, bertan ezartzen diren laguntzetarako 2012ko deialdia egin behar da, eta horretarako beharrezkoak diren arauak eman behar dira.

Azaldutako guztiagatik, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Behatoki Estrategiko Sektorialentzako laguntzetarako 2012ko deialdia egitea, laguntzak arautzen dituen aginduan ezarritakoaren arabera.

Helburu hori betetzearren, guztira, 810.000 euro zuzenduko dira horretara, 2012ko ekitaldian, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan, arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituari jarraituz.

Deialdi honi lotuta, gehienez jota eta guztira emango diren diru-laguntzen zenbatekoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-zenbatekotik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, hura eguneratzetik sortutako diru-zenbatekotik gorakoa; eguneratzerik gertatuz gero, Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen bidez.

2. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Eskatzaileek, baldin eta Behatoki Estrategiko Sektorialentzako laguntzei buruzko Aginduan ezarritako laguntzak jaso nahi badituzte, aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte.

2.– Horretaz gainera, eskabideak eta gainerako agiri osagarriak Plangintza eta Estrategia Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte, edo, bestela, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-ordezkaritzetan, zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako edozein eratan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea 2012ko maiatzaren 10ean bukatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 28a.

Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordea,

PEDRO GÓMEZ DAMBORENEA.


Azterketa dokumentala