Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2012ko martxoaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1552

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 7koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, arte plastiko eta ikusizkoak, musika, arte eszenikoak eta literatura 2012. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu honek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak Institutuaren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.

Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik arte plastiko eta ikusizkoen, musikaren, arte eszenikoen eta literaturaren inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da arte plastikoak eta ikusizkoak, musika, arte eszenikoak eta literatura-lanak 2012. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo sustatu eta zabaltzeko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.

2. artikulua.– Deialdiko modalitateak:

II. Kapitulua: Arte plastikoak eta ikusizkoak

III. Kapitulua: Musika.

IV. Kapitulua: Arte Eszenikoak.

V. Kapitulua: Literatura.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra hirurehun eta hirurogeita hamar mila (370.000) eurokoa izango da, eta modalitate bakoitzari dagokion zenbatekoa honakoa izango da:

a) Arte plastikoetarako berrogeita hamar mila (50.000) euro.

b) Musikarako ehun eta hirurogei mila (160.000) euro. Honela banatuta:

– Biretarako ehun eta hogeita hamar mila (130.000) euro.

– Kontzertu berezietarako hogeita hamar mila (30.000) euro.

c) Arte eszenikoetarako ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euro. Honela banatuta:

– Antzerkirako ehun eta hogei mila (120.000) euro.

– Dantzarako hogeita hamar mila (30.000) euro.

d) Literaturarako hamar mila euro (10.000) euro.

2.– Modalitate batean, lehen epeko ebazpenari dagozkion eskaerak ebatzi ondoren, ezarritako zuzkiduran diru-soberakinik geratzen bada, diru-soberakin hori modalitate bereko bigarren epeko zuzkidurari gehituko zaio.

3.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako diru-laguntzen zenbatekoa handitu ahal izango da beste modalitatearen soberakinaren bitartez, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago.

4. artikulua – Diru-laguntzak emateko modua, zenbatekoa eta mugak.

1.– Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Dirulaguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 10. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazio-irizpideen araberako lehentasunak ezartzeko.

Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte.

Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzen zenbatekoa aurrekontuaren % 100era iritsi ahal izango da, lortutako puntuazioa hori bada, eta modalitate bakoitzerako ezarritako muga gainditzen ez bada.

Deialdi honetan diruz lagundutako gastuek lotura zuzena izan beharko dute jardueran parte hartzearekin.

2.– Onartuko diren gastuak:

Dagokion jaialdi edo jardueran parte hartzekoak: joan-etorria, akreditazioa edo instalazioa, ikuskizuna jendaurreko egingo den tokiko muntaia-gastuak, materialen garraioa, ostatua, dietak eta egoiliarren gastuak.

3.– Laguntzen zenbatekoak:

a) Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, ehun eta hogeita hamar (130) euro –laurogeita zortzi (88) euro ostaturako eta berrogeita bi (42) euroko dieta– eta, gainerako tokietan, berrehun eta zortzi (208) euro –ehun eta berrogeita bost (145) euro ostaturako eta hirurogeita hiru (63) euroko dieta–.

b) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bederatzi (0,29) euro km-ko gehi autopista. Furgoneta erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro gehi autopista.

c) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, maila arrunteko txartela onartuko da.

d) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren faktura, erregaia eta autopistako gastuak.

4.– Joan-etorrietarako automobila edo furgoneta erabiltzen den kasuan, distantzia honelaxe kalkulatuko da: jarduera egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bat denboran jarraian egiten bada, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia hartuko da kontuan.

5.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

5. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta sozietate-egoitza edo helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietateegoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.

b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, egingo den jarduerari dagokion epigrafean, literatura modalitatean salbu.

2.– Eskaera onartua izateko, dagokion jaialdi, feria edo birako emanaldiak hartuko dituzten areto guztien kontratua, gonbidapena edo ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

3.– Ez da onartuko nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, «Ondasunen erkidego» izaerakoen eta dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.

4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzetara aurkeztu laguntza publikoak eskuratzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku hori dutenak barne direla.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren bat eman badiote eta hori itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bateko izapideak egiten ari badira, ezinbestekoa izango da prozedura hori amaitzea diru-laguntza esleitu eta ordaindu ahal izateko.

6. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

EEIri dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.

EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen– edo informazio-eskaerei erantzutera.

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak.

1.– Bira edo proiektuko eskabide bana aurkeztuko da. Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.

2.– Eskabideak bi epetan aurkeztu ahal izango dira, musikakontzertu berezien modalitatean salbu:

a) Lehen epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

b) Bigarrena uztailaren 16tik irailaren 14ra bitartekoa.

c) Musikakontzertu berezien modalitaterako eskabideak ekainaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dira, ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

3.– Bi epeetan aurkez daitekeena honakoa izango da: 2012ko urtarriletik abenduaren 31ra arte egitekoak diren jarduerak. Lehen epean eskabidea egin eta dirulaguntzarik jaso ez dutenak bigarren epean berriz ere aurkeztu ahal izango dira.

4.– Lehen epean aurkeztutako eskabide batean urte amaieran egitekoa den proiektu edo bira bati diru-laguntza esleitzen bazaio, onuradunak proiektu edo bira hori egingo dela ziurtatzen duen kontratua edo ziurtagiria aurkeztu beharko du irailaren 14a baino lehen.

5.– Ebazpen honen babesean aurkeztuko diren eskabideak eranskinetan ezarritakoari jarraituz egingo dira (I-Arte plastiko eta ikusizkoak, II-Musika, III-Arte eszenikoak eta IVLiteratura). Laguntzaren eskabidea ondorengo helbidean aurkeztu beharko da: Etxepare Euskal Institutua. Prim kalea 7. 20006 Donostia. 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide ere erabil daiteke eskabideak aurkezteko (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

8. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo formaakatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

9. artikulua.– Balorazio-batzordeak.

1.– Modalitate bakoitzerako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzordeak osatuko dira. Batzordeak honela osatuko dira:

a) Lehendakaria: EEIko zuzendaria edo eskuordetzen duen pertsona.

b) Bokalak 3-5 kide, EEIko zuzendariak izendatuko ditu, modalitate bakoitzean adituak diren gizon-emakumeak eta administrazioko teknikarien artetik.

c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.

2.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

3.– Balorazio-batzordeen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo da azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.

10. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.

1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.

2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak honako hauek izango dira:

a) Eskatzailearen ibilbide profesionala: kidea/k, egonkortasuna, azken urteetako ekoizpena. Puntuazioaren % 20ra arte.

b) Jarduera garatuko den espazioaren ezaugarriak, nazioarteko oihartzuna edo biraren garrantzia. Emanaldi kopurua ere baloratuko da (musika-biren modalitatean gehienez 15 emanaldi hartuko dira kontuan). Puntuazioaren % 50ra arte.

c) Proiektuak arte eta kultura aldetik duen garrantzia: lanaren kalitatea, euskara, autore edo taldearen proiekzioa. Puntuazioaren % 30era arte.

3.– Balorazio-batzordeak bat ere proiekturik ez onartzeko proposamena egin dezake, bai eta aurreikusitako diru-zuzkidura guztia ez agortzekoa ere, baldin ondorioztatzen badu aurkeztutako eskaeren kalitatea ez dela nahikoa edota beste baldintzaren bat ez dutela betetzen.

4.– Balorazioan lor daitezkeen puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak ez dira diru-laguntza esleitzeko zerrendan sartuko.

11. artikulua.– Ebazpenak.

1.– EEIko zuzendariari dagokio balorazio-batzordeek aurkeztutako ebazpen-proposamenak aztertu eta ebazpenak ematea.

2.– Diru-laguntzen eskatzaileei ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen esleipen-ebazpenaren jakinarazpen indibiduala egiteaz gainera, EEIko zuzendariaren ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek horren berri izan dezaten.

3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko dira modalitateetako ebazpenak. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

2.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2012. urtean burutzea.

3.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

4.– Esleipen-ebazpena jasotzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, EEIren logoaren bitartez babesa jaso dutela adieraztea.

5.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

6.– Onuradunak, diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.

13. artikulua.– Justifikazioa eta ordainketa.

1.– Ebazpen honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek lagundutako jarduera amaitu eta bi hilabeteko epearen barruan aurkeztu beharko dituzte jarraian zerrendatzen diren agiriak. Abenduan egindako jardueren kasuan, betiere 2013ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztuko dituzte agiriak.

a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.

b) Eranskinetan jasotzen den justifikaziorako eredu-orria jarraituz zehaztuko dira egindako gastuak, eta halakorik balego, jasotako beste diru-laguntzak.

c) Gastuak justifikatzeko jatorrizko fakturak edo horien fotokopiak, EEIren egoitzan konpultsatuak. Dietak justifikatzeko, aski izango da aurrekontua-justifikazioa eranskinean jasotzen den taula bete eta sinatzea.

Salbuespenez, EEIren aurrekontuen kargura emandako diru-laguntzak ez badu gainditzen aurkeztutako gastuen % 50, gastu eta diru-sarreren balantzeari buruzko zinpeko adierazpenarekin batera, emandako diru-laguntzaren kopuruari dagozkion egiaztagiriak aurkeztuko dira.

Hala ere, EEIk hala eskatzen badu, onuradunak aurkezturiko aurrekontuaren arabera guztirako diru-zenbatekoa osatzeko falta diren egiaztagiriak EEIren esku jarri beharko ditu.

d) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinudunen ale bana.

e) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du, diru-laguntza jaso duen pertsona fisikoak edota entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duenak izenpetua.

2.– Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazioebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean. Hala badagokio, bi hilabeteko epea izango da itzultzeko, xedapena jasotzen denetik.

3.– Ebazpen honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da honako prozedurari jarraituz:

% 75 esleipen-ebazpena argitara eman eta gehienez ere hilabeteko epean.

% 25 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere hiru hilabeteko epean.

14. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.

3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako dirukopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.

4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

II. KAPITULUA
ARTE PLASTIKOAK ETA IKUSIZKOAK

15. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea diru-laguntzak bideratzea da, 2012. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzeko eta/edo beraietan parte hartzeko (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak, egoiliar gisako proiektuak...), betiere horietan EAEn bizi diren egileen lanak erakusten direnenean.

Xede honetarako, ez dira aintzat hartuko urteko programazioak, ezta ohiko jarduntzat hartzen direnak ere. Hortaz, ohiz kanpokotzat jo daitezkeen proiektu edo ekimen zehatzak onartuko dira soilik.

16. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura berrogeita hamar mila (50.000) eurokoa izango da.

a) Lehen eperako hogeita hamar mila (30.000) euro.

b) Bigarren eperako hogei mila (20.000) euro.

2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabost mila (15.000) euro baino handiagoa.

a) Proiektu bati lotutako tokian bertako muntaiabeharrei erantzuteko gehienezko dirukopurua hamar mila (10.000) eurokoa izango da eta ez da inbertsio amortizagarririk onartuko.

b) Egoiliar proiektu bakoitzeko gehienezko zenbatekoa lau mila eta berrehun (4.200) eurokoa izango da eta hilabeteko gehienez ere 700 eurokoa.

17. artikulua.– Egoiliar proiektuak.

Egoiliar proiektutzat honakoa hartuko da: gutxienez hilabeteko iraupena izango duen prestakuntza artistikoa hobetzeko egonaldia. Egoiliar zentroak helburu horretarako prestatutako tokia izan beharko du, eta egonaldiaren helburuak, baldintzak, zerbitzuak, ikasgaiak, arduradunak eta gainerako zehaztasunak egoiliar zentroko arduradunak sinatutako ziurtagiri edo dokumentu batean jasoko dira.

Eskatzaileak dagokion agiri edo ziurtagiri hori aurkeztu beharko du dirulaguntzaren eskabidearekin batera. Agiri horretan jasotako baldintzen arabera, hala badagokio, baloraziobatzordeak doitu egingo du emango den laguntza.

III. KAPITULUA
MUSIKA BIRAK ETA KONTZERTU BEREZIAK

18. artikulua.– Diru-baliabideak.

Honakoak izango dira diru-laguntza hauetarako aintzat hartuko diren modalitateak: musika-birak eta aparteko gertakizunetan emandako kontzertu bereziak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura ehun eta hirurogei mila (160.000) eurokoa izango da.

a) Musikabiretarako ehun eta hogeita hamar mila (130.000) euro.

– Lehen eperako hirurogeita hemezortzi mila (78.000) euro.

– Bigarren eperako berrogeita hamabi mila (52.000) euro.

b) Kontzertu berezietarako hogeita hamar mila (30.000) euro.

2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango ondoko kopuruak baino handiagoa:

a) Musika-biretan: gehienez ere hamabost mila (15.000) euro taldeko.

b) Kontzertu berezietan: gehienez ere zortzi mila (8.000) euro taldeko.

3.– Musika-birako jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa (materialen garraioa eta tokiko muntaia-gastuak barne), honakoa izango da:

– 1.200 km arteko tokietarako: bost mila (5.000) euro.

– 1.200 eta 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabost mila (15.000) euro.

4.– Kontzertu berezi baterako jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa (materialen garraioa eta tokiko muntaiagastuak barne), honakoa izango da:

– 1.200 km arteko tokietarako: hiru mila (3.000) euro.

– 1.200 eta 5.000 km arteko tokietarako: bost mila (5.000) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: zortzi mila (8.000) euro.

19. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Musika-birak.

Deialdi honen ondorioetarako honakoa hartuko da musikabiratzat: euskararen eremu geografikotik kanpo, urte osoan, gutxienez 5 kontzertu jotzea 3 plazatan.

Musika-biretako emanaldiak zenbatzean ez dira kontuan hartuko kontzertu berezietako emanaldiak.

2.– Kontzertu bereziak.

Honakoa joko da kontzertu berezitzat: euskal musika nazioartean zabaltzearren aparteko interesa izan dezakeen jaialdi, azoka edo gertakizun batean kontzertua ematea.

Parte hartzeko baldintzak:

– 2012ko urtarriletik abenduaren 31ra arte egitekoak diren kontzertuak onartuko dira.

– Diruz lagunduko den musikataldeak prestigioduna izan behar du eta gutxienez 5 urteko ibilbide profesionala izango du. Musika-talde berria bada, ibilbide profesionalari dagokion denbora musika-taldea osatzen duten musikariei dagokiena izango da.

– Kontzertua emango den musikajaialdi, azoka edo gertakizunak prestigioduna izan behar du eta oihartzun zabalekoa.

– Diru-laguntzaren eskatzaileak kontratatzailearen gonbidapen-gutuna edo kontratua aurkeztu beharko du eskabidearekin batera, non musikataldearen kontratazio-baldintzak zehaztuko diren.

– Kontratatzaileak diruz lagunduko den kontzertuaren kostuaren % 25 hartuko du gutxienez bere gain.

– Musika atalari dagokion II. eranskinean ezarritako izapide osoa beteko da.

3.– Modalitatea dena dela ere, ondokoetarako ez da diru-laguntzarik emango:

a) Guztira 15 partaide baino gehiago dituzten taldeek egindako bira nahiz kontzertu berezietarako.

b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.

c) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.

IV. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOAK: ANTZERKIA ETA DANTZA

20. artikulua – Diru-baliabideak.

Diru-laguntza hauetarako aintzat hartuko diren formatuak honakoak izango dira: antzerkibirak, antzerkidenboraldiak eta dantzabirak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) eurokoa izango da:

a) Antzerkirako ehun eta hogei mila (120.000) euro.

– Lehen eperako hirurogeita hamabi mila (72.000) euro.

– Bigarren eperako berrogeita zortzi mila (48.000) euro.

b) Dantzarako hogeita hamar mila (30.000) euro.

– Lehen eperako hemezortzi mila (18.000) euro.

– Bigarren eperako hamabi mila (12.000) euro.

2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabost mila (15.000) euro baino handiagoa.

3.– Distantziaren arabera, honakoa izango da antzerkibira edo dantzabira bakoitzeko jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa (materialen garraioa eta tokiko muntaia-gastuak barne):

– 1.200 km arteko tokietarako: bost mila (5.000) euro.

– 1.200 eta 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabost mila (15.000) euro.

4.– Gehienezko zenbatekoa antzerki-denboraldi bakoitzeko hamar mila (10.000) eurokoa izango da.

21. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honen ondorioetarako honakoa hartuko da antzerki-bira, antzerki-denboraldi eta dantza-biratzat:

a) Antzerki-biratzat: gutxienez 2 emanaldi egitea.

b) Antzerki denboralditzat: Madril, Bartzelona edo Valentziaren tamainako hirietan eta prestigiozko aretoan, jarraian 8 emanaldi edo gehiago egitea.

c) Dantza-biratzat: urte osoan 4 emanaldi egitea beste horrenbeste plazatan.

d) Salbuespen modura, antzerki- edo dantza-azoka profesional batean parte hartzea biratzat onartuko da.

2.– Ez da diru-laguntzarik emango ondokoetarako:

a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdietarako.

b) Guztira 15 partaide baino gehiago dituzten taldeek egindako biretarako.

c) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.

d) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.

22. artikulua – Antzerkirako diru-laguntza jasotzeko baldintzak:

1.– Laguntza jasoko duen proiektuak bi baldintza hauetako bat bete beharko du:

a) III-XII eranskinean zerrendatzen diren jaialdietan parte hartzea (zerrenda horretatik kanpoko jaialdietan parte hartzeko proposamenak ere aztertuko dira).

b) Eusko Jaurlaritzak zuzenki edo zeharka babestutako honako erakustaldi-plataforma hauetako batean parte hartu izanaren ondorioz sortutakoa izatea: Leioako Antzerki Azoka, Donostiako Antzerki Azoka, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, Tarregako Antzerki Azokako Euskal Teatroa espazioa, Valladolideko Antzerki eta Kale Artearen Nazioarteko Jaialdiko Kaleartean programa, Valentziako Contaria Azoka edo Lleidako Txotxongiloen Azoka.

V. KAPITULUA
LITERATURA

23. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da literaturasortzaileak (idazleak, literatur ilustratzaileak eta literatur itzultzaileak) euskararen eremu geografikotik kanpo sustatu eta ezagutzera ematea eta elkarlana bultzatzea.

24. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Modalitate honetarako gehienezko zuzkidura hamar mila (10.000) eurokoa izango da.

– Lehen eperako sei mila (6.000) euro.

– Bigarren eperako lau mila (4.000 euro).

2.– Eskatzaile bakoitzak gehienez jaso dezakeen laguntzaren zenbatekoa mila eta bostehun (1.500) eurokoa izango da.

3.– Distantziaren arabera, honakoa izango da literatura-jarduera bakoitzerako jaso ahal izango duen gehienezko zenbatekoa:

– 1.200 km arteko tokietarako: bostehun (500) euro.

– 1.200 eta 5.000 km arteko tokietarako: zortziehun (800) euro.

– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: mila (1.000) euro.

4.– Jarduera bakoitzerako pertsona baten gastuak lagunduko dira. Hizkuntza arazo den kasuetan interpretearen gastuak ere onartuko dira.

5.– Jarduera bakoitzerako eskabide bakarra onartuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa aldatu egin ahal izango da, baldin eta EEIren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da.

Bigarrena.– Aurrekontua amaitzen baldin bada ebazpen honen ondorioetarako, EEIko zuzendariak, amaitutzat joko du eskabideak aurkezteko epea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena argitaratzearen bidez, horretarako izendaturiko diru-funtsak agortu direla arrazoituta.

Hirugarrena.– Ebazpen honetako laguntzak Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako «minimis» arauaren mende daude. Araudi hori Ituneko 87. eta 88. artikuluak minimis –L 379/5, 28.12.2006– laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (egun Europar Batasunaren Funtzionamendu Itunaren 107 eta 108 artikuluak). Arau horiei jarraiki, enpresa jakin bati emandako laguntza osoak ezin du izan berrehun mila (200.000) eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko Auki-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia-San Sebastián, 2012ko martxoaren 7a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARíA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala