Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2012ko martxoaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
1550

AGINDUA, 2012ko martxoaren 27koa, Kulturako sailburuarena, «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako aurtengo deialdia egiteko dena.

Euskadiko gazteen artean elkartasuna indartzeko eta kontuan hartuta Euskadiko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek azken urteotan hegoaldeko herriak garatzen laguntzeko bultzatu dituzten lankidetza-jarduerak, egokitzat jo da 1993. urtean eratutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari jarraipena ematea.

Euskadiko gazteak garapenerako elkarlanean sentsibilizatzea da aipatutako programaren helburua. Aurtengo ekitaldi honetan ere, Euskadiko gazteak lankidetza kontzeptura hurbil daitezen lortu nahian jarraitzen dugu, era berean, ekintza horiek nola burutzen diren bertatik ezagutzeko aukera emanez. Horretaz gainera, esperientzia hori informazio eta orientazio jardunaldi batzuen bidez zabaldu eta osatuko da.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUt:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honen bitartez 2012ko ekitaldian Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako dei egiten da, bai eta bertan parte hartzeko modua arautu ere. Programaren xedea da, 2012ko Euskadiko Gazteak Ekinean programarako proiektuak aurkezteko garapen-lankidetzarako erakundeei dei egiten dien Kulturako sailburuaren 2011ko abenduaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz hautatutako herrialde eta lankidetza-proiektu jakinetara 20 eta 30 urte bitarteko 100 pertsona gehienez joateko erraztasunak ematea.

2.– Programa honen laguntza gauzatan mamituko da, ez dirutan. Alegia, pertsona onuradunak ez du zuzenean jasoko aurreko puntuan adierazitako gastuen diru-kopurua, Gazteria Zuzendaritzak kudeatuko baititu laguntzari dagozkion bidaia-txartelak eta gainerako prestazioak.

2. artikulua.– Zuzkidura.

Bidaia-gastuetarako eta, hala badagokio, hautatutako pertsonak destinoko herrialdean sartzeko bisaren gastuetarako programa honek 2012ko ekitaldirako guztira duen gehieneko zenbatekoa 155.000 eurokoa da. Zenbateko hori handitu egin ahalko da agindu honen Xedapen Gehigarrian zehaztutakoaren arabera.

3. artikulua.– Bete beharreko baldintzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta, hala badagokio, ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

2.– Gainera, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eta I. eranskinean ezartzen den moduan egiaztatu:

a) 2012ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izatea edo, bestela, euskal izaera politikoa izatea, Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoa betez.

b) 2012ko urtarrilaren 1ean 20 urtetik gorako adina izatea eta 2012ko abenduaren 31ra arte 31 urtetik beherakoa izatea.

c) Jarduera egingo den herrialdean hitz egiten duten nazioarteko hizkuntza jakitea.

d) Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenaren indarrez (II. eranskina).

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen den egunetik kontatzen hasita.

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak bi modutara egin daitezke: bai on line, bai deialdi honen I. eranskinean txertatzen den inprimaki ofiziala aurkeztuta.

1.a.– Eskabidea on line eginez gero, www.gazteaukera.euskadi.net atari gaztean aurki daitekeen formulario elektronikoa bete beharko da. Eskabide elektronikoak KZgunea zentroen saretik ere igorri ahal izango dira.

Edozein kasutan ere, formularioa elektronikoki bete eta bidali ondoren, eskatzaileak bere izenemate eskabidea (PDF) inprimatu beharko du, aurrehautatua izanez gero, sinatuta aurkeztu beharko baitu.

1. b.– I. eranskinean txertatuta dagoen inprimaki ofiziala aurkeztea erabakiz gero, inprimaki ofizial hori Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan aurkeztuko da (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia, 85, Bilbao; Andia kalea, 13, Donostia-San Sebastián) zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena), beti ere Gazteriako zuzendariari zuzenduta.

2.– Aurrez hautatutako pertsonak, hautaketa aldiko biltzarra hasi baino lehen, eskabide orrian adierazitako merituak agirien bidez egiaztatu beharko ditu. Halaber, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik ez duela, eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere ez duela dioen adierazpena aurkeztu beharko du (II. eranskina).

Hori egin ezean, eskabidea ezetsitzat joko da.

6. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

7. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Parte-hartzaileak aurrez proposatzeko eta, ondoren, azken hautaketa-proposamena egiteko, Hautaketa Batzordea eratuko da. Hautaketa Batzordeko kideak hauek izango dira:

– Kultura Saileko Gazteria Zuzendaritzako burua, Batzordeburua izango da eta, kalitate botoa izanik, azken hitza izango du boto berdinketa gertatuz gero.

– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako teknikari bat, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak izendatua.

– Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkari bat, Kontseiluak proposatua eta Kultura Saileko Gazteriako zuzendariak izendatua.

– Garapenerako lankidetza-programetan diharduten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeetako hamar ordezkari, gehienez, Kultura Sailak proposatuak eta Gazteriako zuzendariak izendatuak.

– Gazteria Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari gisa, Gazteriako zuzendariak izendatua; hitza izango du baina ez, ordea, botorik.

Hautaketa Batzordeak, egoki iritziz gero, arlo horretako beste aditu batzuei ere eska diezazkieke aholkuak eta laguntza. Laguntzaile horiek, ordea, hitza bai baina ez dute boto eskubiderik izango.

2.– Batzordekideak abstenitu egingo dira edo errefusatu egin daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

3.– Hautaketa Batzordearen osaera Gazteriako zuzendariaren berariazko ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

8. artikulua.– Hautaketa prozedura.

1.– Hautaketa prozedurak hiru fase ditu: aurrehautaketa, hautaketa eta informazio eta orientazio aldia.

Batzordeak, aurrehautaketa fasean, gehienez 170 parte-hartzaile proposatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko Euskadiko Gazteak Ekinean programarako proiektuak aurkezteko garapen-lankidetzarako erakundeei dei egiten dien Kulturako sailburuaren 2011ko abenduaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz hautatu diren proiektuei gehien egokitzen zaizkien profilak dituztenak, alegia. Hautatutako pertsona horiek bigarren fasean parte hartuko dute. Batzordeak honako ezaugarri hauek balioetsiko ditu:

a) Eskatzaileen titulazio akademikoetatik, lanbide kualifikazioetatik eta bestelako ikasketetatik, hautatutako lankidetza-proiektuei gehien egokitzen zaizkienak, % 30 gehienez.

Nahiz eta lanbide bat edo bestea izatea baztertzailea ez den, hauek dira lankideek parte hartuko duten garapen proiektuetarako pertsona egokienak:

– Informatikariak

– Ekonomilariak

– Kontableak

– Medikuak

– Farmazialariak

– Erizainak

– Osasun-laguntzaileak

– Pedagogoak

– Begiraleak/gizarte-hezitzaileak

– Sistema-ingeniariak

– Industria ingeniariak

– Agronomoak

– Psikologoak

– Elebitasunean adituak diren hezitzaileak

– Albaitariak

– Tornero mekanikoak

– Elektrizistak

– Arotzak

– Iturginak

– Gizarte-langileak

– Diseinugile industrialak

– Nutrizionistak

b) Garapen-lankidetzarekin lotutako prestakuntza: gehienez ere, % 20.

c) Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bateko borondatezko kide izatea, % 20 gehienez.

d) Gazte-elkarte batekoa zein helburu soziala duen beste erakunde bateko borondatezko kide izatea, % 30 gehienez.

Batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketa pertsonala egin diezaieke hautagaiei aipatutako gai horiei buruz eta bakoitzak aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

2.– Prozeduraren bigarren fasea edo hautaketa fasea aurrez aukeratutakoekin egin beharreko batzar-egonaldia da, barnetegi batean hiru egunez nahitaez egin beharrekoa, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan. Egonaldi horretan Batzordeak 100 lagun aukeratuko ditu gehienez, hirugarren fasera pasa daitezen, eta horretarako honakoak baloratuko ditu:

a) Aurrez hautatutako pertsonen egokitasuna, batzarrean egindako elkarrizketaren emaitza aintzat hartuta: % 50 gehienez.

b) Aurrez hautatutako pertsonaren profila zenbateraino egokitzen zaien Kulturako sailburuaren 2011ko abenduaren 13ko Aginduaren itzalean hautatutako lankidetza-proiektuen ezaugarriei, barne hartuta ekintzotan integratzeko duten astia ere: % 50 gehienez.

3.– Hautaketaren hirugarren fasean (informazio eta orientazio aldian) beren proiektuetan gazteak hartuko dituzten gobernuz kanpoko erakundeek hiru formazio-jardunaldi eskainiko diete aukeratutako gazteei, Gazteria Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan, eta aukeratutako gazteek nahitaez parte hartu beharko dute formazio-jardunaldi horietan. Bertan, lankide boluntario moduan burutuko dituzten lankidetza-proiektuen gaineko informazioa eta orientazioa emango zaie hautatutako pertsonei.

4.– Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu batzar-egonaldi horietan sor litezkeen ostatu eta mantenu gastuak; aitzitik, ez ditu ordainduko batzar-egonaldietara joateko eskaintzen dituen garraiobide eta ibilbideak erabiltzen ez dituzten pertsonen garraio-gastuak.

9. artikulua.– Aurrehautaketa fasearen ebazpena.

1.– Batzordeak egindako aurrehautaketarako proposamena ikusita, Kultura Saileko Gazteriako zuzendariak Ebazpena emango du zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak dagokion aurrehautaketarako proposamenaren berri ematen dionetik hasita. Ebazpen horretan, hautaketa faserako aurreaukeratutako partaideen zerrenda emateaz batera, fase hori non eta noiz egingo den zehaztuko da.

2.– Aurrehautatutako pertsonei banan-banan eta berariaz horren berri jakinarazteaz gainera, hautatutakoen zerrenda Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan jarriko da ikusgai, Ebazpena emateko jarritako epea bukatzen denetik aurrera; www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atarian ere argitaratuko da, interesdunek horretarako baimena idatziz emanez gero.

3.– Aurrehautaketa honetan onartu ez diren eskabideak ezetsitzat joko dira.

10. artikulua.– Hautaketa prozeduraren ebazpena.

1.– Hautaketa prozeduraren bigarren fasean aurreikusitako egonaldia (aurreaukeratutako pertsona guztiei zuzendua) bukatu eta zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak beraren iritziz egokienak diren gazteak proposatuko dizkio Gazteriako zuzendariari. Gehienez, 100 gazte aukeratuko dira, 8.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Batzordearen proposamena jaso eta zazpi eguneko epean, Gazteriako zuzendariak ebazpen arrazoitua emango du, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako lankidetza-ekintzetan parte hartzeko aukeratutako gazteen zerrenda adierazteko. Ebazpen horretan aukeratu ez diren gazteen zerrenda ere agertuko da.

2.– Lankidetza jarduera, ahal dela, uztailetik aurrera egingo da eta hiru bat hilabeteko iraupena izango du, salbu eta aparteko kasuetan, jardueraren tutore den garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bakoitzarekin adostutako baldintzen arabera.

3.– Interesdunei, banan-banan, Gazteriako zuzendariaren Ebazpenaren berri emango zaie. Horretaz gainera, 10.1 artikuluan Ebazpena emateko zehaztutako epea bukatzen denetik aurrera, aukeratutakoen zerrenda EHAAn argitaratuko da, baita www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atarian ere, interesdunek baimena idatziz emanez gero. Halaber, Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan ikusgai jarriko da.

4.– Deialdia HAEEn argitaratu eta lau hilera, Kultura Saileko Gazteriako zuzendariak ez badu berariazko ebazpenik eman, eskaerak ezetsitzat jo ahal izango dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoari dagokionez.

11. artikulua.– Lankidearen konpromisoak.

Garapen lankidetzako jardueran parte hartzeko aukeratutako gazte bakoitzak, aldez aurretik, Gazteria Zuzendaritzan aurkeztuko duen dokumentuan, honako hauek beteko dituela hitz emango du:

a) Hegoaldeko herrietan esperientzia hasi aurretik, garapenerako gobernuz kanpoko erakunde tutoreak antolatutako prestakuntza fasean parte hartuko du.

b) Bete beharreko jarduerak eskatzen duen bizimodura moldatuko da.

c) Jarduera egin behar den herrialdean egongo da, esperientzia-aldia bukatu arte.

d) Osasunari dagokionez emandako aholku guztiak beteko ditu.

e) Esperientzia-aldia bukatu ondoren, balorazio txostena aurkeztuko du; bertan, bizi izandako jarduera nolakoa izan den eta nola burutu den azalduko du eta, aurrerantzean antolatzen diren beste proiektu batzuetarako, akatsak eta hutsuneak nola konpon daitezkeen zehaztuko du.

f) Aurtengo egitasmoa amaitu ondoren, esperientzia bakoitzaren eta programaren garapenaren ebaluazio-jardunaldietan parte hartuko du.

g) Urte betez, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek nahiz Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria Zuzendaritzak antolatutako sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko prest egongo da.

h) Gutxienez 30 ordu eskaintzea garapenerako gobernuz kanpoko erakunde tutoreari, bueltan iritsi eta biharamunetik kontatzen hasita 30 eguneko epearen barruan.

12. artikulua.– Aprobetxamendu-ziurtagiria.

Hartutako konpromisoak egokiro betetzen dituzten boluntarioei aprobetxamendu-ziurtagiria emango diete Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak.

13. artikulua.– Ordainduko diren gastuak.

Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu jarduera egin behar den herrialdeko garapenerako gobernuz kanpoko erakundearekin elkartu arteko bidaia-gastuak (joan-etorrikoak), herrialde horretara joateko behar den bisa barne. Halaber, Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu hautatutako parte-hartzaileetako bakoitzarentzako aseguruak: erantzukizun zibilari eta istripuei aurre egiteko asegurua eta bidaiako laguntzako asegurua.

14. artikulua.– Partaidetza-kuota ordaintzea.

Egitasmoan parte hartuko dutenek 90 euroko kuota ordaindu beharko diote hartuko dituen GKEari, egun natural bateko epean, destinora heldu eta biharamunetik kontatzen hasita. Ordainketa egin izanaren egiaztagiria Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzari helarazi beharko zaio, esperientzia amaitu eta gero eta programaren garapena eta esperientzietako bakoitza ebaluatzeko jardunaldietan [11. artikulua, f) hizkia] parte hartu aurretik.

15. artikulua.– Arauak onartzea.

Esperientzia honetan parte hartzeak berari dagozkion arau guztiak onartzea dakar. Boluntarioaren partaidetza, batez ere, berari egokitutako proiektuan garatzen diren zereginetan gauzatuko da, baita itzulitakoan ere, zeren eta 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek nahiz Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gazteria Zuzendaritzak antolatzen dituzten ekintzetan parte hartuko baitute.

16. artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta eskubideak galtzea.

Hautatutako pertsonetako batek agindu honetan ezarritako baldintzak errespetatu ezean, bete gabetzat joko da Agindua eta galdu egingo du zehaztutako onurak jasotzeko eskubidea. Halaber, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dio bidaia– eta aseguru-gastuei dagokien diru-kopurua, baita horri dagozkion interes legalak ere, aldez aurretik azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, adierazitako prozedurari jarraituz.

17. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako bestelako diru-laguntzekin, baldin eta gainfinantzaketarik eragiten ez badu. Hona gainfinantzaketatzat zer ulertzen den: aurreikusitako gastuak gainditzen dituzten aurreikusitako diru-sarrerak (eskatutako diru-laguntza guztiak barne). Gainfinantzaketa gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzatik murriztu egingo da dagokion kopurua, gehienezko mugara iritsi arte.

18. artikulua.– Kudeaketa.

Agindu honen bidez deitutako Programa kudeatzeko lanak Gazteria Zuzendaritzari dagozkio.

19. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Kultura Saileko Gazteria Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Gazteria Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

2.– Hautaketa faseen ondoren, aurrez hautatutako edo betiko hautatutako pertsonen izen-abizenak argitaratuko ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria Zuzendaritzak www.gazteaukera.euskadi.net webgunean, beti ere interesdunek horretarako baimena eman eta gero.

3.– Edozein modutan, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako izena ematen dutenek baimena ematen diote Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria Zuzendaritzari hautaketa prozesuaren emaitzak ezagutzera emateko EHAAn argitaratuko diren hautatuen edo hautatu ez dituztenen zerrendetan beren izen-abizenak sartzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bigarren artikuluan ezarritako zenbateko globala aldatu ahal izango da, baldin eta hasieran aurreikusitako diru-kopurua gainditzen bada pertsona lankide boluntarioak hautatzearen ondorioz joan-etorriko txartela –eta, hala badagokio, herrialdean sartzeko bisa– erosteaz arduratzen den enpresa esleitzean. Zenbateko hori aldatu ahal izango da, halaber, Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Gazteriako zuzendariaren ebazpen baten bitartez jakinaraziko da hori.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Agindu honek EHAAn argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 27a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala