Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2012ko martxoaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
1547

AGINDUA, 2012ko martxoaren 19koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, 2012ko martxoaren 7ko Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez, jakinarazi egiten da aurrekontuan zenbateko diru-hornidura dagoen lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) ataletan aurreikusitako diruz lagungarriak diren jardueretarako.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planak, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko uztailaren 3ko bilkuran onetsitakoak, lana eta familia bateragarri egiteko zenbait neurri abian jarri zituen, aita edo ama izateak enpleguan eragiten dituen oztopoak kentzeko eta lanak familian sorrarazten dituen mugak urritzeko asmoz. Ekimen horren bidez, bi eremuak bateragarri egin nahi dira, azken batean, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna bultzatuz, bai lana eskuratzeko eta lanean irauteko arloan, bai seme-alabak zaintzeko buru belarri aritzeko dituzten posibilitateen arloan. Aipagarriak dira, besteak beste, bi neurri hauek: hiru urtetik beherako ikastetxeen sarea garatzearen aldeko apustua, eta, Langileen Estatutua betez, seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituztenentzako diru-laguntzak.

I. Planaren esparruan, lehenengo, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua onartu zen, eta gero, enplegua sustatzeko laguntzak arautzeko abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua onartu zen. 329/2003 Dekretuaren VI. Kapituluan berriro antolatzen ziren lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.

Esperientzia on horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, familia babesteko sistema garatzeko eta hobetzeko asmo sendoa duenez, bere bateragarritasun-politika indartu nahi izan zuen. Hori dela eta, Familiei Laguntzeko Erakunde arteko II. Planak, 2006ko irailaren 26an onetsitakoak, lerro estrategikotzat jo zuen. Lerro horren helburu dira, hain zuzen, emakumeei lan munduan sartzen eta beren lanbide-karrera garatzen laguntzea, emakume eta gizonen arteko etxeko ardura-banaketa sustatzea, eta familia– eta lan-ardurak bateragarri egiteko erraztasunak ematea.

Helburu horiek lortzen lagundu nahirik, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak neurtzeko uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua onartu zen, eta gero, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua onartu zen, gaur egun indarrean dagoena.

EAEko Familiei Laguntzeko III. Erakundearteko Planak –Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko abenduaren 27ko bileran onartutakoak–, zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko familia-politika bultzatzea du helburu nagusi. Plan horren helburuetako bat da familien garapen-aukeretan aurrera egitea, laguntza-eskaintza baten bitartez. Eskaintza horren bitartez, eragotzi egingo da bizitza familiarra, pertsonala eta lanekoa erantzukidetasunez uztartu ezin dituzten familiak ordezkatzea, zeregin horretarako hirugarrenak eskuordetzea edo famili horiek zeregin horretan amore ematea.

Ikuspegi horretatik, EAEko Familiei Laguntzeko III. Erakundearteko Planak bere neurrien artean sartzen du familia- eta lan-bizitza bateragarri egiteko laguntza-programa mantentzea, aipatutako 177/2010 Dekretuan ezarritako moduan.

Herri Administrazioaren printzipioetako bat da diru-laguntzei publizitatea eman behar zaiela. Hori dela eta, 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan aurreikusten da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sailburuaren Agindu bidez urtero jakinaraziko duela aurrekontuko zenbateko hornidura dagoen dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, hornidura horren egunerapenaren ondoriozko diru-kopurua finantzatzeko.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua EHAAn argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Horren ondorioz, eta 2012ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea onartu ondoren, agindu hau EHAAn argitaratzen da, onuradun posibleen alde diruz lagundu daitezkeen programak ezagutaraztea bermatuz.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluan eta ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) ataletan aurreikusitako diru-laguntza lerroetara, 2012an, 30.043.417 euro bideratuko dira, honela banakaturik:

– 29.270.820 euro, seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzen duten langileen laguntzetarako.

– 416.082 euro, mendetasun egoeran edo oso larri dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzen duten langileen laguntzetarako.

– 356.515 euro, hiru urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzetarako.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Hasierako aurrekontu-horniduran eguneraketarik geratzen bada, horren berri Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bidez emango da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 19a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

maría GEMMA aránzazu ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala