Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2012ko martxoaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
1546

EBAZPENA, 2012ko martxoaren 28koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, merkataritza banaketaren sektorean berrikuntza eta bikaintasuna garatzera bideratutako 2012ko ekitaldirako diru-laguntzen deialdia iragartzen duena

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduak (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 2011ko abuztuaren 16koa) Merkataritza Banaketaren sektorean Berrikuntza eta Bikaintasuna garatzera bideratutako laguntza-programa arautzen du.

Diru-laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira; 2012ko ekitaldiari dagokionez, abenduaren 23ko 6/2011 Legean dago ezarrita hori arautzeko modua (EHAA, 246. zk., 2011ko abenduaren 30ekoa).

Aipatutako aginduaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak 2012ko ekitaldian emateko deialdia egitea, eta horretarako eman beharreko arauak ematea.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea honako hau da: Merkataritza Banaketaren sektorean Berrikuntza eta Bikaintasuna garatzera bideratutako laguntza-programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2012ko ekitaldirako deialdia egitea.

Helburu hori betetzeko, 1.500.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2012ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Legean arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da kreditu hori:

a) Kalitate-ziurtagiriak diruz laguntzeko:

– UNE 175.001 Araua ezartzeko: 396.000 euro.

– Merkataritza Bikaineko Programako prestakuntza, ebaluaketa eta zertifikazio jardunak diruz laguntzeko; 804.000 euro. Diru-kopuru horretatik 704.480 euro Antolakunde Bidegileek antolatutako prestakuntza-ekintzak diruz laguntzeko izango dira eta 39.520 euro Kalitatea sustatzeko Fundazioek enpresei buruzko ebaluazioa egiteko. Gainera, Kalitatea sustatzeko Fundazioentzat 60.000 euroko kopurua jasoko dute gehienez ere, Programaren garapenerako dedikazio-orduak, ebaluatzaileen dietak eta aplikazio informatikoaren eguneratzearen kostea ordaintzeko.

b) Enpresa-erakundeek antolatutako hedapen-jarduetarako: 300.000 euro.

Zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta betiere laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen Ebazpenaren bidez emango da zirkunstantzia horren berri.

2. artikulua.– Baldintzak.

Eskabidea egin nahi dutenek, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduan iragarritako diru-laguntzetakoren bat eskuratu ahal izateko, agindu horretako 5. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabidea egiteko eredua Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-ordezkaritzetan jaso daiteke, eta interneteko helbide honetan ere bai: www.euskadi.net/comercio.

2.– Eskabideak eta gainerako dokumentazio osagarria Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Merkataritza Zuzendaritzara bideratu beharko dira eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Lurralde Historiko bakoitzean duen Lurralde Ordezkaritzan, Eusko Jaurlaritzak duen Herritarrari Arreta Eskaintzeko Zerbitzuan (Zuzenean) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako tokietan aurkeztu. Eskabide orria elektronikoki tramitatzeko aukera ere izango da.

3.– Eskabideak aurkezteko epeak honako hauek izango dira:

a) Hedapen jarduerak egiteko: hilabete, deialdi hau EHAAn argitaratzen den eta hurrengo egunetik hasita.

b) UNE 175001 arauaren ezarpenerako eta Merkataritza Bikaina Programaren garapenerako: 2012ko ekainaren 29 arte.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 28a.

Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,

MARÍA PILAR ZORRILLA CALVO.


Azterketa dokumentala